Gaixo daudenentzako adore eta laguntza
Erraza da larriki gaixotuta daudenak kezkatuta egotea eta, ospitalean laguntza jaso behar badute, estutasuna are larriagoa izaten da sarritan. Beraz, osasun-laguntzan aritzen diren profesionalentzako aldizkari batek azaldu zuenez, «pazienteen behar emozional eta espiritualak asetzeak hauen osasunean eragin handia duela erakusten dute ikerketek». a
Behar horiek asetzeko, Jehobaren lekukoek Biblian oinarritutako kontsolamendua eta laguntza praktikoa luzatzen diete ospitalean dauden fedekideei. Arduradunek beraien kongregazioan gaixo daudenak bisitatzeko ekimena bultzatzen dute. Baina zer gertatzen da Lekukoa den pazienteak tratamendua etxetik urrun dagoen ospitale batean hartzen badu? Mundu osoko hiri nagusietan, Jehobaren lekukoek Gaixoak bisitatzeko taldeak eratu dituzte. Talde hauen parte diren arduradunek maiz bisitatzen dituzte ospitaleak beste toki batzuetatik edo beste herrialde batzuetatik ere mediku-tratamendua jasotzera etorritako Lekukoei eta euren familiei laguntzeko. Sei kontinenteetan 28.000 boluntario baino gehiago dago 1.900 taldeetan banaturik. b
Zer laguntza espiritual ematen dute Gaixoak bisitatzeko taldeek?
Gaixoak bisitatzeko talde baten parte den William izeneko anaia batek zera dio: «Lekukoak eta Lekuko ez diren euren senideak kontsolatzeko aukera izan dut hitz egin eta entzuteko prest hor egote hutsarekin. Jehobak beraien egoera ezagutzen duela eta beraietaz kezkatzen dela ziurtatzen diet. Pazienteek eta euren senideek beraien alde egindako otoitzak eskertzen dituzte».
Askok talde hauen bisitei esker jasotako animoagatik esker ona adierazi dute. Ondoren, Estatu Batuetako adibide batzuk daude. Herrialde horretan Gaixoak bisitatzeko taldeetako 7.000 kide daude.
Priscillak dio: «Mila esker nire aita garun-isuriaren ondoren ospitalean bisitatzeagatik. Zuen bisitek asko hunkitu zuten! Harrituta zegoen horrelako antolaketa zegoela ikustean. Nire ustez zuen bisitek lehenago osatzen lagundu zioten».
Ophiliak, hil zen paziente baten alabak, honakoa esan zion Gaixoak bisitatzeko taldeko ordezkari bati: «Zuen bisitak oso garrantzitsuak ziren amatxorentzat! Bazekien Jehobak bidali zintuztela. Eskerrik asko maitasunez zaintzeagatik».
Paziente bat lur jota eta oso kezkatuta zegoen bizitzeko egun batzuk besterik ez zitzaizkiola geratzen jakitean. Jamesek, Gaixoak bisitatzeko taldeko kideak, berarekin denbora pasa zuen eta Filipoarrei 4:6, 7ko kontsolamendua partekatu zion. Jamesek dio: «Hurrengo egunean bisita egin nionean, jarrera aldaketa izugarria ikusi nion. Pronostiko hori izan arren, baikor zegoen Jehobaren laguntzaz eta, egia esan, berak animatu ninduen ni!».
Zer laguntza praktiko eskaintzen dute Gaixoak bisitatzeko taldeek?
Paulini senarra etxetik urrun zegoen ospitale batean hil zitzaion. Honakoa idatzi zuen berak: «Mila esker gure familiak bizi izan duen garai estresagarrienean laguntzeagatik. Hurrengo egunean lanera joan behar bazenuten ere, gauerdian ospitalean gurekin egongo zinetela jakitea kontsolagarria zen. Eskerrik asko gu hamaikontzako lotarako tokia bilatzeagatik eta urrats bakoitzean gurekin harremanetan egoteagatik. Eskerrak ematen dizkiot Jehoba eta bere erakundeari gu kontsolatzeko horrelako laguntza emateagatik».
Nicki, Gayle eta Robinek auto-istripua izan zuten etxetik 300 kilometro ingurura. Carlosek, Gaixoak bisitatzeko talde bateko kide batek, abisua jaso eta beraiekin elkartu zen ospitalean iritsi zirenean. Carlosek dio: «Behar zuten edozein laguntza emateko eskaini nuen neure burua eta Nickiren txakurtxoa heltzen bukatu nuen bera barrura sartu eta medikuen laguntza jasotzeko». Ondoren Curtis, taldeko beste kide bat, bere emaztearekin iritsi zen. Ospitalean egon ziren, gaixoen senideak zenbait ordu geroago iritsi ziren arte. Guztia ikusi zuen gizon batek esan zuen: «Hirurak adoretu zituen jasotako laguntzak. Baina Robin, Lekukoa ez den Nickiren ahizpa, Gaixoak bisitatzeko taldeko kide guztiek emandako laguntzarekin guztiz harriturik geratu zen».
a «Pazienteen behar emozional eta espiritualei arreta ematen» (Addressing Patients’ Emotional and Spiritual Needs) The Joint Commission Journal on Quality and Patient Safety aldizkariak argitaratua (2003ko abendua, 29. lbk., 12. zb, 661or.).
b Jehobaren lekukoen arteko arduradun guztiek egiten duten bezala, Gaixoak bisitatzeko taldeetan lan egiten dutenek beraien kongregazioetan ere laguntzen dute artzain espiritual, irakasle eta berri-emaile lanetan. Ez dute beraien lanagatik dirurik jasotzen, baina gogo onez eta irrika handiz zerbitzatzen dute (1 Pedro 5:2).