Zer egiten du bilera-aretoak zure komunitatearen alde?
Duela mende bat baino gehiago Jehobaren lekukoak beraien biltzeko lekuak diseinatzen eta eraikitzen hasi ziren. Ba al dago hauetako gurtza-areto edo bilera-aretoren bat zure inguruan? Zer onura ekarri diezaioke bilera-areto batek zure komunitateari?
«Komunitatearentzat opari atsegina»
Bilera-aretoak auzunea edertzeko diseinatuak daude. «Gure helburua bilera-areto bakoitza inguruko eraikin duin eta erakargarrienetako bat izatea da» dio Jason-ek, Estatu Batuetan bilera-aretoen eraikuntzak koordinatzen laguntzen duenak. Diseinu taldean lan egiten duen eta arkitektoa den Lekuko batek honakoa dio: «Eraikina komunitatearentzat opari atsegina eta inguruko jabegoentzat eragin ona izatea nahi dugu».
Bilera-aretoen eraikuntzako langileak kalitate handiko eraikinak egiteko gogotsu dauden Jehobaren lekukoak dira. Euren iaiotasuna agerian gelditzen da. Adibidez, Richmonden (Texas, AEB) egin berri den proiektu batean, bertako eraikuntza-inspektoreak bilera-aretoko teilatua inoiz ikusi zuen lanik hoberena zela esan zuen. Jamaika irlan eraikuntza-inspektore batek inspektore berrien talde bat bilera-areto baten proiektua ikustera eraman zuen eta honakoa esan zien: «Ez duzue inoiz jende honetaz kezkatu beharrik. Jehobaren lekukoek jarraibideak zehatz-mehatz segitzen dituzte. Are gehiago, eskatzen direnak baino eraikuntza-arau gehiago betetzen dituzte». Floridako (AEB) hiri bateko eraikuntza-inspektore batek hau esan zuen: «Ospitaleak eta gobernuaren proiektu asko aztertu ditut, baina ez dut inoiz honetan aurkitu dudan antolakuntza onik ikusi. Oso lan ona egiten duzue».
Eragin bikaina auzunean
Bilera-aretoetan egiten diren bilerek eragin bikaina sortzen dute entzutera joaten direnen bizitzan. Aita, ama eta seme-alaba hobeak izaten laguntzen diete. Rodek bilera-aretoen diseinu-taldean egiten du lan eta honakoa esaten du: «Bilera-areto bakoitza arau moral ezin hobeak irakasten dituen hezkuntza-gunea da. Arau hauek komunitate guztietan dute eragin ona». Honakoa ere dio: «Bertan bizitzako zailtasunei aurre egiteko laguntza aurkitu dezakezu. Kontsolamendua behar duenari eta Jainkoari buruz gehiago jakin nahi duenari lagundu diezaiokeen giro atsegin eta maitekorra dago bertan».
Bilera-aretoetan biltzen direnak bizilagunez arduratzen dira eta lehenbailehen laguntzen dute hondamendiak gertatzen direnean. Adibidez, 2016 urtean Matthew urakanak Bahamak jo zituenean, Jehobaren lekukoek 254 etxebizitza konpondu zituzten. Auzune batean, Violet izeneko 80 urteko bizilagun bati urez bete zitzaion etxea. Laguntza-lanak egiten ari zen Lekuko-talde bati gerturatu eta dirua eskaini zien laguntzaren truke. Nahiz eta ez zuten dirurik onartu, Violeten etxebizitzako teilatuan falta ziren teilak jarri zituzten ur-jarioa eteteko. Ondoren eskaiolazko sabai berria bukatu zuten egongelan. Amaitzean, Violetek taldeko guztiak besarkatu zituen, behin eta berriz eskerrak emanez eta «Zuek Jainkoaren herria zarete benetan!» esanez.
Pozik gaude bilera-aretoa gure auzunean edukitzeaz
Bilera-aretoak egoera bikainean mantentzeko, Jehobaren lekukoek kongregazioetako anai-arrebak trebatzen dituzten programa jarraitzen dute. Honek ondorio onak izan ditu. Adibidez, Arizonako auzune txiki batean emakume batek bilera batera joateko gonbidapena onartu zuen. Aretoa oso ondo zegoela zaindua adierazi zuen eta txunditurik gelditu zen mantenu-programari buruz entzutean, hau da, egoera onean zegoen eraikin bat hobetzeko egiten ziren lan guztiei buruz jakitean. Andre hau herriko egunkariaren idazlea zen eta geroago bilera-aretoaren mantenu onari buruzko erreportaia argitaratu zen egunkarian. Artikuluak honela amaitzen zuen: «Pozik gaude [...] bilera-aretoa gure auzunean edukitzeaz».
Mundu osoan zehar aurkitu ditzakezu bilera-aretoak. Bihotz-bihotzez zaude gonbidatua etortzera. Egon zaitez ziur ongietorri beroa emango zaizula.