Jehobaren lekukoek laguntza ematen diete Italiako bizilagunei
2016ko azaroaren amaieran, Italia iparraldean izandako euri ugariengatik Moncalieri hegoaldeko herrixka batzuk urez estaliak gelditu ziren. Leku batzuetan ura metro erdira baino gehiago iristen zen. «Urak ez zuen aurrean zuen ezer ezta inor ere barkatu», azaldu zuen egunkari batek. 1.500 bat bizilagun atera zituzten berehala bertako autoritateek eta erreskatatze taldeen azkartasunari esker ez zen inor hil. Hala ere, familia askok ondasun materialak galdu zituzten.
Talde-lanak asko laguntzen du
Bertako Jehobaren lekukoak berehala joan ziren lanera. Laguntza behar zuten familiei beraien etxeetatik lokatza eta hondakinak palaz kentzen eta altzariak nahiz ondasun pertsonalak berreskuratzen lagundu zieten. Beharrezko tresnak eta elikagai beroak zituen talde batek itxita zegoen bide batekin topo egitean, autoritateek pasatzen uzten zieten beharra zuten familiei laguntza emateko. Bolondresek bai Lekukoei baita beste erlijio batzuetako bizilagunei ere eskua eman zieten.
Adibidez, apartamendu bateko sotoa urez estalia gelditu zen. Erreskatatze zerbitzuek ura atera zutenean, Lekukoen talde handi batek Antonio izeneko anaia bati eta bere familiari etxetik hondakinak kanporatzen lagundu zieten. Gero, bolondresek eraikin bereko beste bizilagun batzuei laguntzera jo zuten. Giza katea sortuz, ordu gutxi batzuetan soto guztiak hustu zituzten. Guztiek sakonki eskertu zuten laguntza. Bizilagunetako bat, Viviana, Antonioren emaztearengana gerturatu eta honakoa esan zion begietan malkoak zituelarik: «Mesedez, eskertu zure anai-arrebei gure partez. Benetan zoragarriak zarete!».
Uholdeak ondorio larriak eragin zituen herrixka batean, hondamendiak eragindakoen alde Lekukoek egindako laguntza-lana ikusi zuten bizilagunek. Ikusitakoak bultzatuta, bizilagun hauetariko batzuk laguntzaileei elkartu ziren bolondres gisa eta pozik ibili ziren taldeko nagusiak emandako argibideak jarraitzen.
«Ordainezinezko lana» estimatzen dute
Gizon baten etxebizitzak kalte ugari izan zituen eta garajea lokatzez estalia gelditu zen. Harriturik gelditu zen zortzi lekuko lau orduz gelditu gabe lanean ikustean garajeko hondakinak kentzen. Esker ona azaldu nahian, langileetako batzuk besarkatu eta komunikabideetan mezu bat idatzi zuen langileen «ordainezinezko lana» estimatuz.
Lekuko batek honakoa azaltzen du: «Lekukoak ez diren bizilagun askori lagundu genien. Hauetako askok 80 urte inguru dituzte. Batzuei begiak malkoz betetzen zitzaizkien jaso zuten laguntza eskertzean». Bertako eliza katolikora asko joaten den bizilagun batek Lekuko bati beraien laguntza asko eskertzen zuela adierazi eta esan zuen: «Zoragarria zen elkarri emandako laguntza ikustea, nahiz eta sinesmen ezberdinak eduki». Beste gizon batek erantsi zuen: «Pena da igande goizetan ate joka ibiltzeagatik ezagunak izatea eta ez egiten duzuen laguntza-lanagatik».