Zer sinesten dute Jehobaren lekukoek?
Jehobaren lekukook Jesusek erakutsi zuen eta bere apostoluek praktikatu zuten kristautasunari eusten saiatzen gara. Artikulu honek gure oinarrizko sinesmenak laburbiltzen ditu.
Jainkoa. Egiazko Jainko bakarra, Ahalguztiduna eta Sortzailea adoratzen dugu. Bere izena Jehoba da (Irteera 3:15, oharra; Apokalipsia 4:11). Bera da Abraham, Moises eta Jesusen Jainkoa (Irteera 3:6; 32:11; Joan 20:17).
Biblia. Bibliak gizakiontzako Jainkoak inspiratutako mezua duela sinesten dugu (Joan 17:17; 2 Timoteori 3:16). Gure sinesmenak Bibliako 66 liburuetan oinarritzen dira, bai «Testamentu Zaharrean», baita «Testamentu Berrian» ere. Jason D. BeDuhn erlijio irakasleak horixe bera esan zuen Jehobaren lekukooi buruz honakoa idatzi zuenean: «Beraien sinesmenak eta jarduerak Bibliako oinarrietatik ateratzen dituzte, Bibliak zer erakutsi behar lukeenari buruz aurreiritzirik izan gabe». a
Egia da Bibliak esaten duen guztia onartzen dugula, baina ez gara fundamentalistak. Bibliako zenbait atal irudi eta sinboloak erabiliz idatzi zirenez, ez direla hitzez hitz ulertu behar uste dugu.
Jesus. Jesu Kristoren eredua eta irakaspenak jarraitzen ditugu. Jainkoaren Semea eta gure Salbatzailea denez, ohore ematen diogu (Mateo 20:28; Eginak 5:31). Beraz, kristauak gara (Eginak 11:26). Hala ere, Jesus Jainko Ahalguztiduna ez dela eta Trinitatean sinesteko oinarririk ez dagoela ikasi dugu Bibliaren bidez (Joan 14:28).
Jainkoaren Erreinua. Zeruan dagoen benetako gobernua da hau; ez da kristauok bihotzean daramagun zerbait. Giza gobernuak ordezkatu eta Jainkoak lurrarentzat duen asmoa beteko du (1 Korintoarrei 15:24; Mateo 6:9, 10). Laster esku hartuko du, Bibliako profeziek «azken egunetan» bizi garela frogatzen baitute (2 Timoteori 3:1-5; Mateo 24:3-14).
Jesus Jainkoaren Erreinuaren erregea da zeruan. Bere agintea 1914. urtean hasi zen (Apokalipsia 11:15).
Salbamena. Jesusen erreskateari esker bekatu eta heriotzatik aska gaitezke (Mateo 20:28; Eginak 4:12). Jesusen eskaintzak dakartzan onurak izateko, jendeak Jesusengan fedea izateaz gain, bizimodua aldatu eta bataiatu egin behar du (Mateo 28:19, 20; Joan 3:16; Eginak 3:19, 20). Norberaren ekintzek erakusten dute fedea bizirik dagoen ala ez (Santiago 2:24, 26). Hala ere, salbamena ezin du inork irabazi, Jainkoaren merezi gabeko «onginahia» baita hau lortzeko bide bakarra (Galaziarrei 2:16, 21).
Zerua. Jehoba, Jesu Kristo eta aingeru leialak eremu espiritualean bizi dira b (103. Salmoa 19-21; Eginak 7:55). Talde txiki bat, 144.000 lagunekoa, zeruan berpiztua izango da Jesusekin batera Jainkoaren Erreinuan agintzeko (Daniel 7:27; 2 Timoteori 2:12; Apokalipsia 5:9, 10; 14:1, 3).
Lurra. Jainkoak lurra gizakion etxea izateko sortu zuen (78. Salmoa 69; 104. Salmoa 5; 115. Salmoa 16). Paradisuan osasun osoa eta betiko bizia izatearekin bedeinkatuko ditu bere esanekoak direnak (37. Salmoa 11, 34).
Gaiztakeria eta sufrimendua. Hauek Jainkoaren aingeruetariko bat matxinatu zenean hasi ziren (Joan 8:44). Matxinatu ondoren «Satanas» eta «Deabru» hitzekin ezaguna egin zen aingeru honek, lehenengo giza bikotea bere alde jarrarazi zuen. Honek zoritxarreko emaitza ekarri zien beraien ondorengoei (Hasiera 3:1-6; Erromatarrei 5:12). Satanasek sorrarazi zituen zalantza moralak argitzeko, Jainkoak gaiztakeria eta sufrimendua izaten utzi du, baina ez betiko.
Heriotza. Hildakoek existitzeari uzten diote (146. Salmoa 4; Kohelet 9:5, 10). Ez daude infernu beldurgarri batean sufritzen.
Jainkoak milioika hildako berpiztuko ditu (Eginak 24:15). Hala ere, berpiztuak izan ondoren Jainkoaren bidea zein den ikasi nahi ez dutenak betiko suntsituak izango dira, berriz berpiztuak izateko itxaropenik gabe (Apokalipsia 20:14, 15).
Familia. Jainkoak hasiera batean ezarri zuen bezala, ezkontza emakume eta gizon baten arteko elkartea da. Dibortziorako arrazoi bakarra, berriz, moralgabekeria sexuala da (Mateo 19:4-9, NW). Erabat ziur gaude Biblian dagoen jakinduriak familiei arrakasta izaten laguntzen diela (Efesoarrei 5:22–6:1).
Gurtza. Ez dugu gurtzen ez irudirik, ezta gurutzerik ere (Deuteronomioa 4:15-19; 1 Korintoarrei 10:14). Gure gurtzaren ezaugarri nagusiak hauek dira:
Jainkoari egiten diogu otoitz (Filipoarrei 4:6).
Biblia irakurri eta aztertzen dugu (1. Salmoa 1-3).
Biblia aztertzean ikasten duguna hausnartzen dugu (77. Salmoa 13 [77:12, beste biblia-itzulpen batzuetan]).
Otoitz egiteko, Biblia aztertzeko, abesteko, gure fedea azaltzeko eta elkar adoretzeko elkartzen gara (Kolosarrei 3:16; Hebrearrei 10:23-25).
Jainkoaren Erreinuaren berri onak zabaltzen ditugu (Mateo 24:14).
Beharrean daudenei laguntzen diegu (Santiago 2:14-17).
Mundu-mailan egiten dugun biblia-hezkuntza sendotzeko, bilera-aretoak eta beste eraikin batzuk eraiki nahiz mantentzen ditugu (127. Salmoa 1).
Laguntza-lanetan parte hartzen dugu (Eginak 11:27-30).
Gure erakundea. Kongregazioetan antolatuta gaude eta hauetariko bakoitza arduradun talde batek zaintzen du. Hala ere, arduradunak ez dira soldata jasotzen duten elizgizonak (Mateo 10:8; 23:8). Ez dugu hamarrenik eskatzen eta bileretan ez dugu kolektarik egiten (2 Korintoarrei 9:7). Gure jarduerak dohaintza anonimoen bidez mantentzen dira.
Zuzendari-batzordea esperientzia handiko kristauek osatzen duten talde txikia da. Egoitza nagusian zerbitzatzen dute mundu osoko Jehobaren lekukoei gida emanez (Mateo 24:45).
Elkartasuna. Mundu osoko Jehobaren lekukook sinesmen berberek batzen gaituzte (1 Korintoarrei 1:10). Gogor saiatzen gara arraza, klase sozial edo etniarengatik bereizketarik ez egiten (Eginak 10:34, 35; Santiago 2:4). Hala ere, gure elkartasunak norberari erabakiak egiten uzten dio. Lekuko bakoitzak Bibliaren bidez trebatutako kontzientzian oinarrituta hartzen ditu erabakiak (Erromatarrei 14:1-4; Hebrearrei 5:14).
Jokabidea. Gure jarduera guztietan benetako maitasuna azaltzen saiatzen gara (Joan 13:34, 35). Jainkoak gogoko ez dituen jarduerak baztertzen ditugu, odolaren erabilera okerra odol transfusioen bidez, esate baterako (Eginak 15:28, 29; Galaziarrei 5:19-21). Baketsuak gara eta, beraz, ez dugu gerretan parte hartzen (Mateo 5:9; Isaias 2:4). Jainkoaren legeen aurka jokatzea eskatzen ez diguten bitartean, bizi garen lekuko gobernuak eta legeak errespetatzen ditugu (Mateo 22:21; Eginak 5:29).
Besteekiko harremanak. Jesusek honakoa agindu zuen: «Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala». Honakoa ere esan zuen kristauei buruz hitz egitean: «Ez dira mundukoak» (Mateo 22:39; Joan 17:16). Beraz, «guztiei on» egiten saiatzen gara, baina kontu politikoetan ez dugu alderik hartzen eta ez gara beste erlijioekin elkartzen (Galaziarrei 6:10; 2 Korintoarrei 6:14). Hala ere, besteek gai hauetan hartzen dituzten erabakiak errespetatu egiten ditugu (Erromatarrei 14:12).
Jehobaren lekukoen sinesmenei buruz beste galderarik baduzu, irakurri gehiago guri buruz webgune honetan, jarri gure sukurtsaletariko batekin harremanetan, joan zure inguruko bilera-areto batera edo hitz egin Jehobaren lekukoren batekin.
a Ikusi Truth in Translation, 165. or.
b Aingeru gaiztoak zerutik jaurtiak izan ziren, nahiz eta eremu espiritualean existitzen jarraitzen duten (Apokalipsia 12:7-9).