Zer gertatu zitzaien Jehobaren lekukoei holokausto garaian?
Alemanian eta naziek okupaturiko herrialdeetan bizi ziren 35.000 bat Jehobaren lekukoetatik 1.500 bat hil ziren holokausto garaian. Ez dakigu heriotza guztiak nola izan ziren. Ikerketek aurrera jarraitzen dutenez, kopuruak eta beste xehetasun batzuk aldatu egin daitezke denborarekin.
Nola hil ziren?
Exekuzioak: 400 Lekuko inguru izan ziren exekutatuak Alemanian eta naziek okupaturiko herrialdeetan. Asko auzitegira eramaten zituzten eta, heriotza-zigorra ezarri ondoren, burua mozten zieten. Beste batzuk tirokatu edo urkan hiltzen zituzten auzitegira eraman gabe.
Atxilotze-egoera latzak: 1.000 Lekuko baino gehiago hil ziren nazien kontzentrazio-esparru eta kartzeletan. Egin behar zuten lan gogorra, torturak, gosea, hotza, gaixotasunak edo medikuntza-arreta eskasaren ondorioz hil ziren. Beste batzuk, Bigarren Mundu Gerra amaitzean, askatuak izan eta gutxira hil ziren jasotako tratu txarren ondorioz.
Beste heriotza-motak: Zenbait Lekuko gasezko ganbaratan hil zituzten eta beste batzuk medikuntza-esperimentuen edota injekzio hilgarrien ondorioz hil ziren.
Zergatik izan ziren pertsegituak?
Bibliako irakaspenak jarraitzen zituztelako izan zuten jazarpena Jehobaren lekukoek. Naziek Bibliak debekatzen duena egiteko agintzen zietenean, ez zuten betetzen. Bibliak esaten duena egitea erabaki zuten: «Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena» (Eginak 5:29). Aztertu dezagun nola egin zuten hau bi alderditan.
Kontu politikoetan neutraltasuna mantenduz. Gaur egun nazio guztietako Lekukoak neutralak diren bezala, nazien menpe bizi ziren Lekukoak ere neutralak ziren kontu politikoetan (Joan 18:36). Beraz, ondorengo ekintzetan parte hartzea saihestu zuten:
Soldadutza egitea edota gerrarekin erlazionaturiko edozein lanetan jardutea (Isaias 2:4; Mateo 26:52).
Hauteskundeetan botoa ematea edota nazien erakundeen parte izatea (Joan 17:16).
Esbastikari agurra egitea edota «Heil Hitler!» esatea (Mateo 23:10; 1 Korintoarrei 10:14).
Beraien sinesmena praktikan jarriz. Beraien sinesmenak jarraitzea debekatu arren, Jehobaren lekukoek ondorengo ekintzetan parte hartzen jarraitu zuten:
Otoitz egiteko eta Jehoba gurtzeko elkartzen (Hebrearrei 10:24, 25).
Bibliako mezua eta Biblian oinarrituriko argitalpenak zabaltzen (Mateo 28:19, 20).
Bizilagunekin, baita judutarrekin ere, jatorrak izanez (Markos 12:31).
Sinesmenei uko egingo ziela adierazten zuen agiria ez sinatuz beraien fedea mantentzen (Markos 12:30).
Robert Gerwarth irakasleak esan zuenez, Jehobaren lekukoak izan ziren «Hirugarren Reichean erlijio sinesmenengatik bakarrik pertsegituak izan ziren talde bakarra». a Kontzentrazio-esparruko presoek begirunea zieten Jehobaren lekukoei hauen jarrera tinkoagatik. Austriako preso batek honakoa esan zuen: «Ez dira gerrara joaten. Nahiago dute beraiek hil, beste inor hil baino».
Non hil ziren?
Kontzentrazio-esparruak: Jehobaren lekukoen gehiengoa kontzentrazio-esparruetan hil zen. Auschwitz, Buchenwald, Dachau, Flossenbürg, Mauthausen, Neuengamme, Niederhagen, Ravensbrück eta Sachsenhausen esparruetan egon ziren, besteak beste. Sachsenhausen esparruan bakarrik, 200 bat Jehobaren lekuko hil zirela egiaztatuta dago.
Kartzelak: Lekuko batzuk hil arte torturatu zituzten kartzelan. Galdeketetan sufritu zituzten lesioen ondorioz hil ziren beste batzuk.
Exekuzioak gertatu ziren lekuak: Jehobaren lekukoak bereziki Berlin-Plötzensee, Brandenburgo eta Halle/Saale-ko kartzeletan exekutatu zituzten. Gainera, Lekukoak exekutatuak izan ziren beste 70 leku agertzen dira agirietan.
Exekutatuak izan ziren batzuk
Izena: Helene Gotthold
Exekutatua izan zen lekua: Plötzensee (Berlin)
Helene, ezkondua eta bi haurren ama, hainbat aldiz atxilotu zuten. 1937an, galdeketa batean jasan zituen tratu txarren ondorioz, sabelean zeraman haurra galdu zuen. 1944ko abenduaren 8an burua moztu zioten gillotinan Plötzensee-ko kartzelan, Berlinen.
Izena: Gerhard Liebold
Exekutatua izan zen lekua: Brandenburgo
Gerhard 20 urterekin hil zuten burua moztuz 1943ko maiatzaren 6an. Bi urte lehenago bere aitari ere burua moztu zioten kartzela berdinean. Honakoa idatzi zien familia eta andregaiari: «Jaunaren indarrik gabe, ezin izango nuke bide hau egin».
Izena: Rudolf Auschner
Exekutatua izan zen lekua: Halle/Saale
Rudolfek 17 urte besterik ez zituen burua moztu ziotenean 1944ko irailaren 22an. Amari agur egiteko gutunean honakoa idatzi zuen: «Anai-arreba askok egin dute bide hau eta nik ere egingo dut».
a Hitler’s Hangman: The Life of Heydrich, 105. orrialdea.