Jehobaren lekukoek ospakizun nazionalistak errespetatu arren, zergatik ez dute hauetan parte hartzen?
Jehobaren lekukook gobernuak eta nazioen ikurrak errespetatzen ditugu. Gainera, besteek bandera agurtu edo himno nazionala abestu nahi izatea onartzen dugu.
Hala ere, Jehobaren lekukook ospakizun nazionalistetan parte ez hartzea erabakitzen dugu, hauek Bibliak esaten duenaren kontra daudela uste dugulako. Ondorioz, besteen erabakiak errespetatzen ditugun bezala, gure sinesmenak errespetatzea eskertzen dugu, nahiz eta hauek desberdinak izan.
Artikulu honetan, galdera hauek erantzungo ditugu:
Zer dio Bibliak honi buruz?
Aztertu ditzagun gure erabakian eragina duten bi Biblia printzipio:
Jainkoak bakarrik merezi du gure adorazioa. Bibliak dio: «Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu» (Lukas 4:8). Himno nazionaletan, askotan pertsonek bere herrialdea beste edozer gauza baino gehiago maitatuko dutela abesten dute. Horregatik, Jehobaren lekukooi kontzientziak ez digu horrelako ospakizunetan parte hartzen uzten.
Era berean, Jehobaren lekukook bandera agurtzea idolatria mota bat dela uste dugu, eta hori Bibliak debekatu egiten du (1 Korintoarrei 10:14). Historialari batzuek banderak, errealitatean, erlijio ikurrak direla onartzen dute. «Nazionalismoa erlijio bat bezalakoa da, eta bere gurtzarako ikur nagusiena bandera da», idatzi zuen Carlton J. H. Hayes historialariak. a Lehen kristauei buruz hitz eginez, Daniel P. Mannix idazleak honakoa esan zuen: «Kristauek ez zizkioten […] sakrifizioak egiten [Erromako] enperadoreari. Gaur egun, hori bandera ez agurtzearen antzekoa izango zen». b
Jehobaren lekukook ez dugu bandera agurtzen, ezta hau txikitzen, erretzen edo errespetu faltarekin tratatzen ere; eta berdin jokatzen dugu gainontzeko ikur nazionalistekin.
Jainkoaren aurrean, gizaki guztiak berdinak dira (Eginak 10:34, 35). Bibliak dio: «Gizon bakar batengandik sorrarazi zituen Jainkoak nazio guztiak» (Eginak 17:26). Horregatik, arraza edo herrialde bateko pertsonak besteak baino hobeto tratatzea gaizki dagoela uste dugu Jehobaren lekukook. Guztiak errespetatzen ditugu, nongoak diren edo non bizi diren axola gabe (1 Pedro 2:17).
Zer egiten dugu legeak parte hartzera behartzen bagaitu?
Jehobaren lekukook ez gaude gobernuaren aurka. Izan ere, Jainkoak gobernuak existitzea uzten duela sinesten dugu, hauek bere antolakuntzaren parte direlako (Erromatarrei 13:1-7). Baita ere, kristauok gobernuek esandakoa egin behar dugula uste dugu (Lukas 20:25).
Baina, zer gertatzen da gobernuko arauek Jainkoak debekatzen duen zerbait egitera behartzen bagaituzte? Batzuetan, eskaera legal baten bidez, gobernuari legea moldatzea eskatzeko aukera dago. c Ezin denean aldaketarik egin, Jehobaren lekukook errespetua erakutsiz, printzipio hau jarraitzen dugu: «Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena» (Eginak 5:29).
Bilatzen al ditugu aldaketak gai sozial eta politikoetan Jehobaren lekukook?
Ez. Jehobaren lekukook ez dugu gai sozial edo politikoetan parte hartzen. Bandera agurtzeari edo himno nazionala abesteari uko egiteak ez du esan nahi aktibista politikoak garenik. Bibliak ospakizun hauei buruz dioena obeditzen ari gara, besterik ez.