GURASOENTZAT
6. Diziplinaz irakatsi
ZER ESAN NAHI DU?
Diziplina hitzak ondorengo esanahia izan dezake: gida ematea edo irakastea eta, batzuetan, seme-alaben jokaera txarra zuzentzea. Baina askotan printzipio moralak irakastea esan nahi du. Horrela, seme-alabek euren kabuz erabaki onak hartu ditzakete.
ZERGATIK DA GARRANTZITSUA?
Azken urteotan, familia askotan diziplina ia desagertu egin da. Izan ere, gurasoak seme-alaben autoestimua kaltetuko ote den beldur dira. Hala ere, guraso zentzudunek euren seme-alabei arau arrazoitsuak jartzen dizkiete eta hauek obeditzen irakasten diete.
«Seme-alabek muga argiak behar dituzte heldu orekatsuak izan daitezen. Diziplinarik gabe, haurrak norabide-lemarik gabeko itsasontzi bat bezalakoak izango dira. Lehenago edo beranduago, bide onetik atera eta arazoetan sartuko dira» (Pamela).
ZER EGIN DEZAKEZU?
Esandakoa bete. Zure semeak edo alabak obeditzen ez badu, utzi bere ekintzen ondorioak jasaten. Bestalde, obeditzen duenean zoriondu.
«Gaur egun obedientzia ohikoa ez denez, nire seme-alabak esanekoak izateagatik askotan zoriontzen ditut. Horrela, diziplina behar dutenean, onartzea errazago egiten zaie» (Christine).
BIBLIA PRINTZIPIOA: «Bakoitzak zer erein, huraxe bilduko du» (Galaziarrei 6:7).
Arrazoitsua izan. Diziplinatzean, kontuan hartu zure seme edo alabaren adina, heldutasuna eta egin duenaren larritasuna. Ondorioek eragin handiagoa izango dute gaizki egindako horrekin loturik badaude. Adibidez, mugikorra erabiltzeko arauak obeditzen ez baditu, epe batez mugikorraren erabilera mugatu dezakezu. Aldi berean, ez bihurtu hutsegite txikiak akats larrietan.
«Nire semeak nahita desobeditu duen ala hutsegite bat izan den jakiten saiatzen naiz. Alde handia dago zuzendu beharreko jarrera txar baten eta hutsegite soil baten artean» (Wendell).
BIBLIA PRINTZIPIOA: «Gurasook, ez sumindu seme-alabak, bihozgabe ez daitezen» (Kolosarrei 3:21).
Maitekorra izan. Diziplina maitasunez ematen denean, seme-alabei askoz ere errazagoa egiten zaie hau onartzea eta jarraitzea.
«Gure semeak huts egiten zuenean, berak ordurarte hartutako erabaki on guztiez arro sentitzen ginela gogorarazten genion. Egindako akatsa zuzentzen saiatuz gero, bere izen ona mantenduko zuela azaltzen genion. Gainera, horretan lagunduko geniola argi uzten genion» (Daniel).
BIBLIA PRINTZIPIOA: «Maitasuna eraman onekoa eta bihozbera da» (1 Korintoarrei 13:4).