Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

ARAZOA KONPONDUKO DUEN GOBERNU BAT

Bakea «azkengabea» izango da

Bakea «azkengabea» izango da

Nazio Batuen Erakundea mundu mailako elkarlana, giza eskubideen errespetua eta ingurugiroaren babesa bultzatzen ari da. Zergatik? Erakunde honen aldizkari batean Maher Nasser-ek idatzi zuenaren arabera, «aldaketa klimatikoa, krimen antolatua, desberdinkeriaren handitzea, konpondu gabeko gatazkak, pertsona kopuru handien desplazamendua, mundu mailako terrorismoa, gaixotasun infekziosoak eta antzeko mehatxuak mundu guztiari» eragiten diotelako (UN Chronicle).

Beste batzuk haratago joan dira eta mundu mailako gobernu bat egotea defendatu dute, horien artean, Dante italiar filosofo, poeta eta politikaria (1265-1321), eta Albert Einstein fisikaria (1879-1955). Danteren arabera, politikak banatutako mundu batean bakeak ezingo luke iraun. Jesu Kristoren hitzak aipatuz, honakoa esan zuen: «Bere baitan zatiturik dagoen erreinua errauts bihurtuko da» (Lukas 11:17).

Bigarren Mundu Gerran bi bonba atomikoak jaurtiak izan eta gutxira, Albert Einsteinek Nazio Batuen Batzar Nagusiari gutun ireki bat idatzi zion, hurrengoa esanez: «Nazio Batuen Erakundeak lehenbailehen jokatu behar du. Nazioarteko segurtasuna bermatuko duen mundu mailako gobernu baten oinarriak ezartzeko egoera egokia sortu behar du».

Baina nola egon gaitezke ziur gobernu boteretsu horren politikariak ondo gobernatzeko gai izango direla, eta ez direla ustelak eta zapaltzaileak izango? Ez ote dira orain artekoak bezain txarrak izango? Galdera hauek Lord Acton historialari britainiarraren hitzak gogorarazten dizkigute: «Botereak usteltzeko joera du eta erabateko botereak erabat usteltzen du».

Gizadiak elkartuta egon behar du benetako bakeaz gozatzeko. Baina nola lortu daiteke hori? Helburu errealista al da? Bibliak baietz dio; lortu daiteke eta benetan gertatuko da. Nola? Ez politikari ustelez osatutako mundu mailako gobernu baten bidez behintzat, Jainkoak eratutako gobernu baten bidez baizik. Gobernu horrek argi utziko du Jainkoa dela bere sorkuntzaren gain agintzeko eskubidea duen bakarra. Bibliak gobernu horri «Jainkoaren erregetza» edo Jainkoaren Erreinua deitzen dio (Lukas 4:43).

«ETORRI DADILA ZURE ERREINUA»

Jesu Kristo Erreinu horri buruz ari zen aitagurea esan zuenean: «Etorri dadila zure Erreinua. Egin dadila zure nahia […] lurrean ere» (Mateo 6:9, 10). Hala da, Jainkoaren Erreinuak ez du botere-gose diren gizaki berekoien nahia egingo, Jainkoaren nahia baizik.

Jainkoaren Erreinuari «zeruko Erreinua» ere deitzen zaio (Mateo 5:3). Zergatik? Lurraren gain aginduko duen arren, ez duelako lurretik aginduko, zerutik baizik. Pentsatu horrek zer esan nahiko duen: Mundu mailako gobernu horrek ez du dirurik beharko, ezta eskatuko ere. A ze lasaitasuna bere giza hiritarrentzat!

«Erreinu» hitzak aditzera ematen duen bezala, Jainkoaren Erreinua errege-gobernu bat da. Erregea Jesu Kristo da eta Jainkoak eman dio agintzeko autoritatea. Jesusi buruz, Bibliak honakoa dio:

  • «Beroni ezarri zaio aginpidea […]. Gero eta zabalagoa izango da haren agintaritza, azkengabea bakea» (Isaias 9:5, 6 [9:6, 7, NWT]).

  • «Agintea, aintza eta erregetza eman zizkioten: herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeak zerbitzatzen zuen. “Haren aginteak beti iraungo du, ez du azkenik izango”» (Daniel 7:14).

  • «Gure Jaunari [Jainkoari] eta beronen Mesiasi dagokie orain munduaren erregetza» (Apokalipsia 11:15).

Jainkoaren Erreinuak Jainkoaren nahia lurrean erabat beteko du eta, horrela, aitagurearen hitzak beteko dira. Gizadiak lurra zaintzen ikasiko duenez, gure planetan biziak bor-bor egingo du etengabe.

Eta garrantzitsuena dena, Jainkoaren Erreinuak bere hiritarrei irakatsiko die eta guztiek ikasiko dituzte arau berberak. Ez da gatazkarik egongo, ezta banaketarik ere. Isaias 11:9​ak dio: «Ez du inork kalterik, ez hondamendirik egingo, Jaunaren ezagupenak beteko baitu lurralde osoa, urak itsasoa bezala».

Lurreko biztanleak batuta eta bakean biziko dira, Nazio Batuen Erakundeak lortu ezin izan duena. 37. Salmoa 11​ren arabera, «bake osoaz gozatuko dira». Denborarekin, delinkuentzia, kutsadura, pobrezia eta gerra bezalako hitzak ez ditugu gehiago erabiliko. Baina, noiz gertatuko da hori? Noiz hasiko da Jainkoaren Erreinua lurraren gain agintzen? Nola egingo du? Nola lagunduko dizu Erreinu horrek? Ikus dezagun.