Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

ALDATZEA LORTU ZUTEN

Ricardo eta Andres

Ricardo eta Andres

Biblian oinarritutako hezkuntzak bizitzak hobetzeko botere izugarria du. Aztertu ditzagun horren bi adibide: Ricardo eta Andres.

RICARDO: 15 urte besterik ez nituenean, gaizkile-talde batekin ibiltzen hasi nintzen. Nire lagun berriek eragin handia izan zuten nigan. Izan ere, espetxean hamar urte pasatzea nire helburu bihurtu zen. Honek tontakeria dirudi, baina nire auzoan espetxean urteak emandakoak oso errespetatuak eta mirestuak ziren, eta ni beraiek bezalakoa izan nahi nuen.

Bizimodu moralgabea neraman, drogak hartzen nituen eta pertsona biolentoa nintzen. Gau batean, tiroketa baten erdian aurkitu nintzen. Hilko nindutela uste nuen, baina onik atera nintzen, kalterik jaso gabe. Hau gertatu ondoren, nire bizitzari eta helburuei buruz serioski pentsatzen hasi nintzen eta aldatu nahi nuela erabaki nuen. Baina, nola? Non aurkituko nuen laguntza?

Nire senide gehienak ez ziren zoriontsuak eta arazo asko zituzten. Baina nire osabetako baten familia guztiz kontrakoa zen. Banekien pertsona onak zirela eta Biblia printzipioen arabera bizi zirela. Izan ere, behin, Jainkoaren izena Jehoba dela erakutsi zidaten. Beraz, tiroketa gertatu eta gutxira, Jehobari otoitz egin nion bere izena erabiliz laguntza eskatuz. Zur eta lur gelditu nintzen hurrengo egunean Jehobaren lekuko bat etxera etorri zenean. Ondoren, berarekin Biblia aztertzen hasi nintzen.

Laster, erronka handi bati aurre egin behar izan nion. Nire lehengo lagunek askotan deitzen zidaten telefonoz beraiekin denbora pasatzeko. Ezetz esatea erraza ez zen arren, hala egin nuen. Biblia aztertzen jarraitzea erabakita nuen eta pozik nago horrela egin izanaz. Nire bizitza erabat hobetu zen eta, orain, benetan zoriontsu naiz.

Lehen, hamar urtez kartzelan egoteko prest nengoen gaizkile-taldeko kide errespetatua izateko. Baina nire helburua beste bat zen orain. Horregatik, Jainkoari hamar urtez behintzat berari zerbitzatzen uzteko eskatu nion, nire denborarik gehiena besteei Bibliari buruz irakasten emanez. Jainkoak nire otoitza erantzun zuen eta 17 urtez egin ahal izan dut hori! Eta badakizue? Ez naiz inoiz kartzelan egon.

Nire lagunak izandako askok urteak daramatzate kartzelan. Beste batzuk hilda daude. Atzera begiratuta, eskerrak eman behar dizkiet Lekukoak diren nire senideei. Izan ere, desberdinak izateko prest egon ziren Bibliaren arabera biziz. Familiakide hauek gaizkile-taldea baino gehiago errespetatzera iritsi nintzen. Eta guztiaren gainetik, asko eskertzen diot Jainkoari nire bizitzarako biderik onena aurkitzen laguntzeagatik.

ANDRES: Drogak, indarkeria, hilketak eta prostituzioa ohikoak ziren auzo behartsu batean jaio eta hazi nintzen. Nire aita alkoholikoa zen eta kokainaren menpe zegoen. Nire gurasoak beti zebiltzan borrokan, bata bestea irainduz eta joz.

Gazte gaztetatik alkohola edaten eta drogak hartzen hasi nintzen. Denbora gehiena kalean pasatzen nuen, lapurtzen eta lapurtutakoa saltzen. Helduagoa izan nintzenean, aitak niregana gerturatzeko saiakera okerrean, kontrabandoan aritzen eta drogak eta beste merkantzia ilegal batzuk saltzen irakatsi zidan. Denbora gutxian diru asko egin nuen. Behin, polizia nire etxera etorri zen. Atxilotu egin ninduten eta norbait hiltzen saiatzeagatik bost urteko kartzela zigorra ezarri zidaten.

Goiz batean, preso guztiak Jehobaren lekukoek egingo zuten hitzaldi batera gonbidatu zituzten. Joatea erabaki nuen. Entzun nuenak zentzua zuen. Beraz, Lekukoekin Biblia aztertzen hasi nintzen. Haiek ez zuten Bibliak esaten duena leundu. Horren ordez, Jainkoaren arau moralak erakutsi zizkidaten.

Laster konturatu nintzen laguntza beharko nuela aldaketak egiteko. Gainera, egiten ari nintzena gustatzen ez zitzaien presoen mehatxuak jasotzen hasi nintzen. Beraz, Jehobari indarra eta jakinduria eskatu nizkion otoitzean eta berak lagundu egin zidan. Horri esker, mehatxuen aurrean amore eman beharrean, beste presoekin Bibliari buruz hitz egiten hasi nintzen.

Kartzelatik ateratzeko garaia iritsi zenean, oso urduri nengoen eta kartzelan gelditu nahi nuen. Kanpora nindoala, preso batzuek agur esaten zidaten eskuarekin, eta beste batzuek honakoa esaten zidaten goxotasunez: «Zoaz etxera, maisu txiki».

Ez dakit nolakoa izango litzatekeen nire bizitza Jainkoak irakatsi ez balit. Horretan pentsatzeak beldurra ematen dit. Oso-oso eskertuta nago Jainkoari ni maitatzeagatik eta galdutzat ez emateagatik. a

a Bibliak bizitzak aldatzeko duen boterea erakusten duten adibide gehiago aurkitzeko, jw.org webgunea bisitatu. Jo, LIBURUTEGIA atalera eta bilatu «Bibliak bizitzak aldatzen ditu» artikulu saila.