Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

3. IKASGAIA

Erresilientzia

Erresilientzia

ZER DA?

Pertsona erresilienteak, gauza txarrak gertatu arren, ez du amore ematen. Ezaugarri hau esperientziarekin lortzen da. Haur batek ezin du ibiltzen ikasi inoiz erori gabe. Era berean, ezingo dugu bizitzan arrakastarik izan noizbehinka arazorik ez badugu.

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA?

Haur batzuk desanimatu egiten dira zerbait lortzen ez dutenean, egoera zail bati aurre egin behar diotenean edo beste batek gaizki egin dutena esaten dienean. Beste batzuk, berriz, amore ematen dute. Baina hurrengo ideiak ulertzea oso garrantzitsua da:

  • Dena ongi egitea ezinezkoa da (Santiago 3:2).

  • Bizitzan zehar denok izango ditugu arazoak (Kohelet 9:11).

  • Zuzenketa ezinbestekoa da ikasteko (Esaera Zaharrak 9:9).

Egoera zailak amore eman gabe gainditzen ikasten badute, haurrek bizitzako arazoei aurre egiteko gai direla sentituko dute.

ERRESILIENTZIA IRAKASTEKO MODUA

Hanka sartzen duenean

BIBLIA PRINTZIPIOA: «Zazpi aldiz erori arren, jaikiko baita zintzoa» (Esaera Zaharrak 24:16).

Lagundu zure haurrari ikuspuntu orekatsua izaten. Adibidez, zer egingo luke eskolako azterketa bat gaindituko ez balu? Amore eman eta «Ez dut ezer ondo egiten!» esango al luke?

Erresilientea izaten irakasteko, lagundu zure haurrari hurrengoan hobetzeko zer egin dezakeen pentsatzen. Era horretan, arazoa konpontzen saiatuko da eta minduta ez sentitzen ikasiko du.

Aldi berean, ez konpondu zuk zure haurraren arazoa. Horren ordez, bere kabuz konpontzen lagundu. Honakoa galdetu ahal diozu: «Zer egin dezakezu eskolan irakasten ari direna hobeto ulertzeko?».

Gauza txarrak gertatzen direnean

BIBLIA PRINTZIPIOA: «Ez dakizue zuen bizitza bihar zer izango den» (Santiago 4:14).

Bizitzan gertatuko zaiguna jakitea ezinezkoa da. Gaur aberatsa den norbait, bihar agian behartsua da. Gaur osasuntsu dagoena, bihar gaixo egon daiteke. «Azkarrek ez dutela lasterketa beti irabazten, indartsuek ere ez dutela borroka beti irabazten», dio Bibliak, «guztiei iristen zaielako une txarren bat eta espero gabeko gertaeraren bat» (Kohelet 9:11NWT).

Ziurrenik zure haurra arriskuetatik babesteko ahal duzun guztia egiten duzu. Baina, egia esan, ezin duzu bizitzako gauza txar guztietatik babestu.

Noski, zure haurra gazteegia da lan edo diru arazoak sufritzeko. Baina izan ditzakeen beste arazoei aurre egiten lagundu ahal diozu, adibidez, lagun batekin haserretzen denean edo senide bat hiltzen denean. a

Zuzentzen dutenean

BIBLIA PRINTZIPIOA: «Aditu aholkua […] zuhur izatera irits zaitezen» (Esaera Zaharrak 19:20).

Zuzenketa ez da bullyinga, jarrera edo jokabide txarra zuzentzeko modua baizik.

Zure haurrari zuzenketa onartzen irakastea bion onerako izango da. John izeneko aita batek honakoa dio: «Haurrek egiten dituzten hanka sartze guztietatik ateratzen badituzu, ez dute inoiz ikasiko. Arazo batetik bestera ibiliko dira eta bizitza osoa beraien atzetik pasako duzu sortzen dituzten suteak itzaltzen. Honek bizitza oso zaila egiten du gurasoentzako, baita haurrarentzako ere».

Nola lagundu ahal diozu zure haurrari zuzenketatik probetxua ateratzen? Eskolan edo beste nonbaiten zuzentzen dutenean, eutsi zuzenketa injustua izan dela esateko nahiari. Horren ordez, honakoa galdetu ahal diozu:

  • «Zergatik uste duzu zuzendu zaituela?»

  • «Nola hobetu dezakezu zeure burua?»

  • «Zer egingo duzu egoera berdinean zauden hurrengo batean?»

Gogoratu, zuzenketak asko lagunduko dio zure haurrari, bai orain, baita heldua izaten denean ere.

a Ikusi La Atalaya (La Tour de Garde) aldizkariko 2008ko uztailaren 1eko aleko «Ayude a su hijo a sobrellevar el dolor» («Aidez votre enfant à surmonter son chagrin») artikulua.