HANKAZ GORA DAGO MUNDUA
4 | Ez galdu esperantza
ZERGATIK DA GARRANTZITSUA?
Munduko arazoek sortzen duten antsietateak jendearengan eragin fisiko eta emozionala izan dezake. Egoera larriei aurre egin behar izan dieten pertsona askok esperantza galdu dute. Nola erantzuten dute gertakari horien aurrean?
-
Batzuek ez dute etorkizunari buruz pentsatu ere egin nahi.
-
Beste batzuek alkohol gehiegi edan edo drogak hartzen dituzte euren arazoetan ez pentsatzeko.
-
Gutxi batzuek hiltzea bizitzea baino hobea dela uste dute. «Zergatik bizitzen jarraitu?», galdetzen diote euren buruari.
Ba al zenekien?
-
Zure arazoetako batzuk aldi batekoak izan daitezke eta, agian, espero gabe hobera egin dezakete.
-
Zure egoera aldatzen ez bada ere, badaude egoera horri aurre egiteko egin ditzakezun hainbat gauza.
-
Bibliak benetako esperantza ematen digu, gizadiaren arazo guztien konponbide iraunkorra.
Zer egin dezakezu?
Bibliak dioena: «Ez kezkatu inoiz biharko egunaz, biharkoak ere kezka berriak ekarriko ditu eta. Nahiko dira egun bakoitzeko buruhausteak» (Mateo 6:34).
Egunean egunekoaz arduratu. Ez utzi etorkizuneko kezkek gaurko betebeharrak egitea oztopatu zaitzaten.
Gertatu daitezkeen gauza txarrez kezkatzeak estresa areagotzea besterik ez du egingo. Gainera, etorkizunean gauzak hobera joango diren esperantza ahulduko du.
Bibliak benetako esperantza ematen digu
Antzinako salmogile batek Jainkoari otoitzean honakoa esan zion: «Nire pausoentzat kriseilu da zure hitza, nire biderako argi» (119. Salmoa 105). Nola egiten du bat Bibliak —Jainkoaren Hitzak— deskribapen horrekin?
Gau ilun batean kriseilu edo lanpara batek bide egokitik ibiltzen laguntzen digu. Era berean, Biblia jakinduria praktikoz beteta dago eta erabaki zailak hartu behar ditugunean gidatu gaitzake.
Lanpara batek bidea argitzen du eta, horrela, aurrerago dagoena ikusi dezakegu. Modu berean, Bibliak etorkizunerako dugun esperantza paregabea ikusten laguntzen digu.