Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIZIRAUNGO OTE DU GURE PLANETAK?

Ur geza

Ur geza

LURREAN bizia egotea ezinezkoa izango litzateke urik gabe, bereziki ur gezarik gabe. Izan ere, ura da bizidunek duten osagairik nagusiena. Lakuek, ibaiek, hezeguneek eta lur azpiko akuiferoek gizaki eta animaliei edateko ura ematen diete eta gure landak ureztatzea posible egiten dute.

Mehatxua

Gure planeta gehiena urez estalita dago. Hala ere, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, «Lurrean erabilgarri eta eskuragarri dugun ur geza planeta osoko ur guztiaren % 0,5​a besterik ez da». Kantitate hau txikia dirudien arren, nahikoa izan beharko litzateke lurreko bizidun guztiontzat. Baina ur gezaren zati handi bat kutsatzen ari da edo guztiz eskuraezin bihurtzen ari da gero eta behar handiagoa dagoelako, baita klima aldaketaren ondorioz ere. Adituen arabera, 30 urtetan bost mila milioi pertsonak ez du nahiko ur gezarik izango.

Gure planeta bizirauteko diseinatuta dago

Lurra, prozesu naturalen bitartez, beti nahiko ur izateko egina dago. Gainera, ureko bizidunak, lurzorua eta eguzki izpiak ere elkarlanean aritzen dira ura garbitzeko. Aztertu itzazu gure planeta bizirauteko diseinatuta dagoela erakusten duten ebidentzia batzuk:

  • Lurzorua ura gauza kutsakorretatik garbitzeko gai dela frogatu da. Hezeguneetan, landare batzuek nitrogenoa, fosforoa eta pestizidak ezabatzen dituztela ikusi da.

  • Zientzialariek ura hondakin organikoetatik garbitzen duten prozesu fisiko eta biologikoak identifikatu dituzte. Substantzia kutsakorrak ur korronteetan diluitzen dira eta, ondoren, mikroorganismoek deskonposatzen dituzte.

  • Ur gezako txirla eta muskuiluek kaltegarriak izan daitezkeen kimikoak atera ditzakete uretatik egun gutxi batzuetan. Gainera, ura garbitzeko instalazioak baino eraginkorragoak izan daitezke.

  • Uraren zikloari eta beste prozesu natural batzuei esker, ura ziklo etengabe batean gure planetan mantentzen da eta ez du espaziora ihes egiten.

Gizakia arazoa konpontzeko egiten ari dena

Olio-ihesak konpontzen eta toxikoak diren produktuak leku egokian botatzen baditugu, lurreko ur geza garbi mantentzen lagunduko dugu

Adituek ahal den neurrian ura aurreztea gomendatzen dute. Uraren kutsadura murrizteko, besteak beste, honakoa aholkatzen dute: kotxeen olio-ihesak konpontzea, komunetik medikamenturik ez botatzea eta toxikoak diren produktuak harraskatik ez isurtzea.

Ingeniariek itsasoko urari gatza kentzeko metodo berriak asmatu dituzte. Helburua edateko ur gehiago izatea da.

Baina itsasoko urari gatza kentzeak ez du konponbide ona ematen diru eta energia asko behar direlako. Beraz, zerbait gehiago behar da. Edateko ura babesteari buruzko Nazio Batuen Erakundearen 2021​eko txosten batek honakoa esan zuen: «Mundu mailan, orain arte lortu ditugun emaitzak bikoiztu behar ditugu».

Zer esperantza ematen digu Bibliak?

«[Jainkoak] biltzen ditu ur-tantak eta gero euri bihurtzen, eta hodeiek isurtzen dute zaparrada modura jende gainera» (Job 36:26-28).

Jainkoak ziklo naturalak sortu zituen lurreko ura babesteko (Kohelet 1:7).

Pentsatu honetan: Sortzaileak ura garbitzeko prozesuak diseinatu baditu, ez al da zentzuzkoa pentsatzea gizakiok sortu ditugun arazoak konpontzeko prest dagoela eta hori egiteko boterea duela? Ikusi «Jainkoak gure planetak biziraungo duela promesten du» artikulua 15. orrialdean.