Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Errespetua besteei

Errespetua besteei

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA BESTEEI ERRESPETUA ERAKUSTEA?

Besteei errespetua erakusteak tentsio handiko momentuak baretzen ditu eta egoera txar batek okerrera egitea saihesten du.

  • Bibliako esaera zahar batek honakoa dio: «Erantzun goxoak haserrea baretzen, hitz mingarriak amorrua areagotzen» (Esaera Zaharrak 15:1). Errespeturik gabeko hitz eta ekintzek gatazkaren sua handitzea besterik ez dute lortzen eta, askotan, emaitza tamalgarriak izaten dituzte.

  • Jesusek esan zuen: «Bihotzean gainezka dagoenaz hitz egiten du ahoak» (Mateo 12:34). Arraza, tribu, nazionalitate edo maila sozial desberdineko pertsonei errespeturik gabe hitz egiteak geure barnean arazo larriago bat dugula agerian utzi dezake. Intoleranteak garela eta gure ikuspuntua aldatu behar dugula esan nahi du agian.

    Duela gutxi, 32.000 pertsonari baino gehiagori inkesta bat egin zieten 28 herrialdetan. Inkestatuen % 65​ek inoiz ez dute ikusi pertsonen artean hainbesteko edukazio eta errespetu faltarik (2023 Edelman Trust Barometer).

EGIN DEZAKEZUNA

Bai eskolan, bai lanean, errespetatu pertsona guztiak, nahiz eta beraiek pentsatzen dutenarekin ados ez egon. Zer gaietan zaudete ados? Horiek aurkitzeak besteak ez kritikatzen eta epaitzen lagunduko dizu.

«Ez segi epaitzen, horrela ez zarete epaituak izango» (Mateo 7:1).

Tratatu besteak zu tratatua izatea nahiko zenukeen moduan. Besteak modu atseginean eta justuan tratatzen badituzu, ziurrenik besteek ere horrela tratatuko zaituzte.

«Besteek zuek tratatzea nahi duzuen bezalaxe, tratatu zuek ere besteak» (Lukas 6:31).

Barkatu besteei. Norbaitek mintzen bazaitu, ez pentsatu azkarregi intentzio txarrarekin egin duenik.

«Zentzudunak menderatu egiten du haserrea, ohoragarri zaio iraina kontuan ez hartzea» (Esaera Zaharrak 19:11).

JEHOBAREN LEKUKOOK EGITEN ARI GARENA

Jehobaren lekukook besteei errespetua erakustea bultzatzen dugu gure lanean eta egunerokoan.

Pertsona guztiei Biblia dohainik irakasten diegu. Ez ditugu besteak gure sinesmenak izatera edo guk bezala pentsatzera behartzen. Horren ordez, Bibliak dioen moduan, gure mezua «apaltasunez eta errespetuz» zabaltzen dugu (1 Pedro 3:15, 16; 2 Timoteori 2:24).

Ez dugu pertsonen artean bereizketarik egiten. Biblia ezagutu nahi duen edonori, bere jatorria zein den axola gabe, ongietorria ematen diogu gure bileretan. Toleranteak izaten eta Bibliako hurrengo hitzak praktikan jartzen ahalegintzen gara: «Errespetatu guztiak» (1 Pedro 2:17).

Gobernuak errespetatzen ditugu (Erromatarrei 13:1). Legeak obeditu eta zergak ordaintzen ditugu. Politika arloan neutralak mantentzen garen arren, besteek politika kontuetan euren erabakiak hartzeko eskubidea errespetatzen dugu.