Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

42. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Eutsi tinko egiari konbentzimendu osoz

Eutsi tinko egiari konbentzimendu osoz

«Gauza guztiez ziurtatu; eutsi tinko on denari» (1 TS 5:21NWT).

sjj 142. KANTA Eutsi aurrean dugun esperantzari

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zergatik dabil nahastuta jende asko?

GAUR EGUN milaka erlijiok esaten dute kristauak direla eta Jainkoa berak atsegin duen moduan adoratzen dutela. Ez da harritzekoa beraz, jende asko nahastuta ibiltzea! Honakoa galdetzen dute: «Egiazko erlijio bakarra dago ala erlijio guztiak atsegin ditu Jainkoak?». Eta gu? Ziur al gaude Jehobaren lekukook egia irakasten dugula eta Jehoba berak atsegin duen modu bakarrean adoratzen dugula? Posible al da ziurtasun hori izatea? Azter dezagun frogek zer dioten.

2. Zergatik zegoen Paulo konbentziturik sinesten zuena egia zela? (1 Tesalonikarrei 1:5)

2 Paulo apostolua guztiz konbentzitua zegoen egia zuela (Irakurri 1 Tesalonikarrei 1:5NWT *). Bere sinesmena ez zegoen emozioetan oinarrituta. Horren ordez, Paulok arreta handiz ikertu zuen Jainkoaren Hitza. «Liburu Santuetan idatzirik dagoen guztia Jainkoak inspiratua» dela sinesten zuen (2 Tm 3:16). Zer aurkitu zuen Idazkietan egin zuen ikerketaren ondorioz? Jesus promestutako Mesias zela erakusten zuten frogak. Erlijioburu juduek froga horiek baztertu zituzten eta Jainkoaren ordezkari zirela esan arren, beraien ekintzekin ukatu egiten zuten (Tt 1:16). Paulo ez zen gizon haiek bezalakoa. Ez zuen aukeratu Jainkoaren Hitzetik zer sinetsi nahi zuen eta zer ez. «Jainkoaren asmoa oso-osorik» irakasteko eta praktikan jartzeko prest zegoen (Eg 20:27).

3. Guztiz konbentziturik egoteko, galdera guztien erantzunak jakin behar al ditugu? (Ikusi « Jehobaren ekintza eta pentsamenduak “konta ahala baino gehiago dira”» taula ere).

3 Batzuen ustez benetako erlijioak galdera guztien erantzuna eman beharko luke, baita Bibliak zehazki aipatzen ez dituenak ere. Zentzuzkoa al da hori? Ikusi dezagun Pauloren eredua. Fedekideei esan zien: «Gauza guztiez ziurtatu». Baina, era berean, ulertzen ez zituen gauza asko bazeudela onartu zuen (1 Ts 5:21NWT). «Erdizkakoa baita orain gure ezaguera» idatzi zuen. Ondoren, metalezko ispiluan bezala erdizka ikusten zuela onartu zuen (1 Ko 13:9, 12). Paulok ez zuen den-dena ulertzen; ezta guk ere. Baina Jehobari buruzko oinarrizko egiak ulertzen zituen. Egia zuela guztiz konbentzituta egoteko nahikoa zekien!

 

4. Nola indartu dezakegu egia aurkitu dugun konbentzimendua eta zer aztertuko dugu benetako kristauei buruz?

4 Badakigu egia aurkitu dugula, baina nola indartu dezakegu konbentzimendu hori? Modu bat Jesusek adoratzeko jarri zuen eredua eta Jehobaren lekukoak gaur egun egiten ari direna konparatzea da. Artikulu honetan, benetako kristauek egiten dituzten lau gauza ikusiko ditugu: 1) idolatria baztertzea, 2) Jehobaren izena errespetatzea, 3) egia maitatzea eta 4) elkar bihotz-bihotzez maitatzea.

IDOLATRIA BAZTERTZEN DUGU

5. Zer ikasi dezakegu Jesusengandik Jainkoa adoratzeko modu egokiari buruz, eta nola aplikatu dezakegu?

5 Jainkoa maite duenez, Jesusek Jehoba bakarrik adoratu zuen, bai zeruan zegoenean, baita lurrean egon zenean ere (Lk 4:8). Bere ikasleei gauza bera egiten irakatsi zien. Jesusek eta bere ikasle leialek ez zuten adorazioan idolorik erabili. Jainkoa espiritu bat denez, inor ezin da Jehobaren aintza irudikatu dezakeen ezer egitera gerturatu ere! (Is 46:5). Batzuek «santu» deitutako pertsonen irudi edo imajinak egin eta hauei otoitz egiten diete. Zer esan dezakegu honi buruz? Jehobak emandako hamar aginduetako bigarrena hau zen: «Ez egin idolorik, ez irudirik, goian zeruan, behean lurrean nahiz lurpeko uretan dagoenetik. Ez ahuspeztu haien aurrean» (Ir 20:4, 5). Hitz hauek oso argiak dira Jainkoaren atsegineko izan nahi dutenentzat.

6. Zer eredu jarraitzen dugu Jehobaren lekukook gaur egun?

6 Historialarien arabera, lehenengo kristauek Jainkoa bakarrik adoratzen zuten. Kristau elizaren historiari buruzko liburu batek dioenez, lehenengo kristauek adorazio tokietan irudiak izatearen ideia hutsa «higuingarria izango zen» (History of the Christian Church). Gaur egun, Jehobaren lekukook lehen mendeko kristauen eredua jarraitzen dugu. Ez diegu santuen imajinei edo aingeruei otoitz egiten, ezta Jesusi ere. Eta ez dugu ikur nazionalak adoratzeko ekintzetan parte hartzen. Datorrena datorrela, Jesusen hitz hauek obeditzeko erabakia hartu dugu: «Adoratu Jauna [“Jehoba”, NWT], zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu» (Mt 4:10).

7. Zer zentzutan dira desberdinak Jehobaren lekukoak eta beste erlijioak?

7 Gaur egun, askok erlijioburu ospetsuei jarraitzen diete. Hainbeste miresten dituzte, non batzuetan ia-ia adoratzen dituzten. Beraien elizak betetzen dituzte, euren liburuak erosten dituzte eta beraientzat edo bultzatzen dituzten erakundeentzat dohaintza izugarriak egiten dituzte. Batzuek esaten duten guztia sinesten dute. Jesus bera agertuko balitz ere, ez lirateke hain pozik egongo! Jehobaren benetako adoratzaileek, aldiz, ez dute klerorik. Aurrea daramatenak errespetatzen ditugun arren, Jesusen hitz argi hauek onartzen ditugu: «Zuek denak senideak baitzarete» (Mt 23:8-10). Ez ditugu gizakiak idolatratzen, nahiz erlijioburu edo agintari politikoak izan. Eta ez diegu beraien helburuei babesa ematen. Horren ordez, neutral eta mundutik bananduta mantentzen gara. Arlo hauetan, kristauak direla esaten duten beste erlijioetatik asko desberdintzen gara (Jn 18:36).

JEHOBAREN IZENA ERRESPETATZEN DUGU

Benetako kristauak besteei Jehobari buruz hitz egiteaz harro daude (Ikusi 8-10 paragrafoak) *

8. Nola dakigu Jehobak bere izena gorestea eta mundu guztiak ezagutzea nahi duela?

8 Jesusek horrela egin zuen otoitz behin: «Aita, goratu egizu zure Izena». Jehobak zerutik erantzun zuen otoitz hori ahots ozenez, bere izena goratuko zuela promestuz (Jn 12:28, Ke). Bere zerbitzu osoan zehar Jesusek Aitaren «Izena» goraipatu zuen (Jn 17:26, Ke). Beraz, benetako kristauentzako ohore bat da Jainkoaren izena erabiltzea eta besteei ezagutzera ematea.

9.  Nola erakutsi zuten lehen mendeko kristauek Jainkoaren izena errespetatzen zutela?

9 Lehen mendean, kristau kongregazioa ezarri eta pixka batera, Jehobak «bere Izenarentzat herri bat aukeratu» zuen nazioetatik (Eg 15:14, Ke, ortografia egokituta). Kristau hauek Jainkoaren izena eramateaz eta besteei ezagutzera emateaz harro zeuden. Predikazioan eta Bibliako liburuak idaztean erabili zuten. * Jainkoaren izenarentzat herria zirela frogatu zuten (Eg 2:14, 21, oharra).

10. Zerk frogatzen du Jehobaren lekukoak Jehobaren izenarentzat herria direla?

10 Jehobaren izenarentzat herria al dira Jehobaren lekukoak? Ikus ditzagun frogak. Gaur egun, erlijioburu askok ahal duten guztia egin dute Jainkoak izen pertsonala duela ezkutatzeko. Beraien biblia-itzulpenetatik kendu dute eta batzuetan izen hori Elizan erabiltzea debekatu dute. Argi dago Jehobaren lekukoak direla Jainkoaren izenari merezi duen errespetua ematen dioten bakarrak. * Beste edozein erlijio taldek baino gehiago ematen ari gara ezagutzera Jainkoaren izen pertsonala. Arlo honetan, gure izenarekin bat bizitzeko ahal dugun guztia egiten ari gara. Jehobaren lekukoak gara! (Is 43:10-12). Traducción del Nuevo Mundo (Traduction du monde nouveau) itzulpenaren 240 milioi ale baino gehiago argitaratu ditugu. Itzulpen honek beste biblia-itzultzaileek kendutako tokian jartzen du Jehobaren izena. Gainera, Jehobaren izena erabiltzen duten Biblian oinarritutako argitalpenak argitaratzen ditugu 1.000 hizkuntza baino gehiagotan.

EGIA MAITE DUGU

11. Nola frogatu zuten lehen kristauek egia maite zutela?

11 Jesusek egia maite zuen, hau da, Jainkoa eta bere asmoari buruzko egia. Egia honekin bat bizi izan zen eta besteei ezagutzera eman zien (Jn 18:37). Jesusen benetako jarraitzaileek ere, bihotz-bihotzez maite zuten egia hori (Jn 4:23, 24). Izan ere, Pedro apostoluak kristautasunari «egiaren bidea» deitu zion (2 P 2:2, oharra). Egia bihotzez maite zutenez, lehenengo kristauek egiaren aurka zeuden erlijio ideia, tradizio eta iritzi pertsonalak baztertu zituzten (Kol 2:8). Gaur egun ere, benetako kristauak beraien sinesmen eta bizimodua Jainkoaren Hitzean oinarrituz «egiaren arabera bizi» dira (3 Jn 3, 4).

12. Zer egiten du Zuzendari-batzordeak gure ulermena argitu behar dela konturatzen denean eta zergatik?

12 Jehobaren lekukoek ez dute esaten egiaren ezagutza perfektua edo osoa dutenik. Batzuetan akatsak egin dituzte biblia-irakaspenak azaltzeko edo kongregazioa antolatzeko moduan. Honek ez gintuzke harritu behar. Bibliak argi uzten du ezagutza zehatza denborarekin handitzen doala (Kol 1:9, 10). Jehobak pixkanaka-pixkanaka erakusten du egia eta, hau argitu arte, pazientziaz itxaroteko prest egon behar genuke (Es 4:18). Zuzendari-batzordeak zerbait ulertu edo egiteko moduan aldaketak egin behar direla ikusten duenean, berehala egiten du. Eliza askok beraien irakaspenak aldatzen dituzte, jarraitzaileak pozik egoteko edo munduaren pentsaerarekin ados egoteko. Baina Jehobaren lekukoek Jainkoarengandik hurbilago egoteko eta Jainkoa Jesusek egin zuen bezala adoratzeko egiten dituzte aldaketak (St 4:4). Beraz, aldaketak egiten ditugunean, ez da munduko jendearen iritzia aldatu delako, baizik eta Biblia hobeto ulertu dugulako. Egia maite dugu! (1 Ts 2:3, 4).

BIHOTZ-BIHOTZEZ MAITE DUGU ELKAR

13. Zein da benetako kristauek erakusten duten ezaugarri garrantzitsuena eta nola erakusten dute Jehobaren lekukoek gaur egun?

13 Lehen kristauak ezaugarri on askorengatik ziren ezagunak, baina hauetan garrantzitsuena maitasuna zen. Jesusek esan zuen: «Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean» (Jn 13:34, 35). Gaur egun, mundu osoko Jehobaren lekukoek benetako maitasuna eta elkartasunaz gozatzen dute. Beste erlijio guztietatik desberdinak gara. Izan ere, herrialde eta kultura askotakoak izan arren, familia bat bezalakoak gara. Bileretan eta biltzarretan argi eta garbi ikusten da. Froga honek Jehoba berak nahi bezala adoratzen ari garela ziurtatzen digu.

14. Kolosarrei 3:12-14 pasartearen arabera, zein da elkar bihotz-bihotzez maitatzeko modu inportante bat?

14 Bibliak eskatzen digu: «Gorde ezazue bizi-bizi elkarrenganako maitasuna» (1 P 4:8). Maitasun hori erakusteko modu bat elkarri barkatzea eta bata bestearekin eraman oneko izatea da. Kongregazioko guztiekin, baita mindu gaituztenekin ere, eskuzabal izateko aukerak bilatzen ditugu (Irakurri Kolosarrei 3:12-14). Maitasun hori erakusten dugunean, benetako kristauak garela frogatzen dugu.

FEDE BAKARRA

15. Zein beste modutan jarraitzen dugu lehen mendeko kristauek jarritako eredua?

15 Lehen mendeko kristau kongregazioak jarritako eredua beste modu batzuetan ere jarraitzen dugu. Adibidez, kristau haien modura antolaturik gaude. Haiek bezala arduradun ibiltariak, adindunak eta kongregazioko laguntzaileak ditugu (Flp 1:1; Tt 1:5). Guk ere sexua eta ezkontzari buruzko Jehobaren legeak errespetatzen ditugu, baita Jainkoak odolaren erabilerari buruz esaten duena ere (Eg 15:28, 29; Heb 13:4). Gainera, damutu nahi ez duten bekatariengandik babestu nahi dugu kongregazioa (1 Ko 5:11-13; 6:9, 10).

16. Zer ikasten dugu Efesoarrei 4:4-6 pasartetik?

16 Jesusen arabera, askok bere jarraitzaile zirela esango zuten arren, guztiak ez ziren benetakoak izango (Mt 7:21-23). Bibliak ere azken egunetan «itxuraz erlijiozale» izango ziren asko agertuko zirela abisatu zuen (2 Tm 3:1, 5). Baina, hala ere, argi eta garbi dio Jainkoaren onespena duen sinesmen edo fede bakarra dagoela (Irakurri Efesoarrei 4:4-6).

17. Nortzuk ari dira gaur egun Jesus eta egiazko fede bakarra jarraitzen?

17 Nortzuk ari dira gaur egun egiazko fede bakarra jarraitzen? Frogak aztertu ditugu. Jesusek irakatsitako eta lehen mendeko kristauek praktikan jarritako eredua ikusi dugu. Eta erantzun bakarra dago: Jehobaren lekukook. Ohore paregabea daukagu! Jehobaren herriaren parte gara, Jehobari buruzko egia dakigu eta bere asmoak ezagutzen ditugu. Jarrai dezagun, beraz, egiari tinko eusten konbentzimendu osoz.

sjj 3. KANTA Gure indar, itxaropen eta konfiantza

^ § 5 Artikulu honetan egiazko adorazioan Jesusek jarritako eredua aztertu eta lehenengo kristauek nola jarraitu zuten ikusiko dugu. Gainera, gaur egun Jehobaren lekukoek eredu hori jarraitzen dutela frogatuko dugu.

^ § 2 1 Tesalonikarrei 1:5NWT: «Zeren eta guk zuei predikatutako berri onak ez baitziren zuengana hitzez bakarrik iritsi, baita indar, espiritu santu eta konbentzimendu osoz ere. Izan ere, badakizue zuen onerako zer-nolako gizonak bihurtu ginen zuen artean».

^ § 9 Ikusi aldizkari honen 2010⁠eko uztailak 1⁠eko alearen 6. orrialdeko «¿Empleaban los primeros cristianos el nombre de Dios?» (Les premiers chrétiens employaient-ils le nom divin ?) taula.

^ § 10 Adibidez, 2008⁠an Benedicto XVI aita santuak elizkizun, kanta eta otoitz katolikoetan Jainkoaren izena «ez erabiltzeko, ezta ahoskatzeko ere» esan zuen.

^ § 64 IRUDIAREN AZALPENA: Jehobaren erakundeak Traducción del Nuevo Mundo (Traduction du monde nouveau) 200 hizkuntza baino gehiagotan argitaratu du. Honi esker, jendeak Jainkoaren izena erabiltzen duen Biblia irakurri dezake bere ama hizkuntzan.