Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

24. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 24. KANTA Zatoz Jehobaren mendira

Jarraitu Jehobaren gonbidatua izaten betirako!

Jarraitu Jehobaren gonbidatua izaten betirako!

«O, Jehoba, nor izan daiteke gonbidatua zure dendan?» (SAL. 15:1, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Jehobaren lagunak izaten jarraitzeko zer egin behar dugun ulertzea, eta Jehobak guk bere lagunak nola tratatzea espero duen aztertzea.

1. Nola lagundu ahal digu 15. Salmoa 1-5 (NWT) pasarteak?

 AURREKO artikuluan honakoa ikasi genuen: Jehobari euren burua eskaini diotenak eta berarekin adiskidetasun estua izaten jarraitzen dutenak, bere denda sinbolikoan bere gonbidatuak izan daitezke. Baina zer egin dezakegu Jehobarekin harreman horretaz gozatzeko? 15. Salmoak honi buruz hitz egiten du (Irakurri 15. Salmoa 1-5, NWT a). Salmo honetan, Jehobaren lagun onak izateko zer egin behar dugun aipatzen da.

2. Zertan pentsatzen ariko zen ziurrenik Dabid Jehobaren denda aipatzean?

2 15. Salmoa, galdera hauek eginez hasten da: «O, Jehoba, nor izan daiteke gonbidatua zure dendan? Nor bizi daiteke zure mendi santuan?» (Sal. 15:1, NWT). Dabidek Jehobaren «denda» aipatu zuenean, Gabaon-en denbora batez egon zen tabernakuluan pentsatzen egongo zen ziurrenik. Gainera, Jainkoaren «mendi santua» ere aipatu zuen. Beharbada, Jerusalemeko Sion-i buruz ari zen. Dabidek, hantxe, Gabaon-etik hainbat kilometratara hegoalderantz, denda bat ezarri eta itun-kutxa bertan ipini zuen, tenplua eraiki zen arte (2 Sam. 6:17).

3. Zergatik aztertu nahi dugu 15. Salmoa? (Ikusi irudia ere)

3 Noski, israeldar gehienek ez zuten inoiz tabernakuluan zerbitzatu, eta gutxi batzuk bakarrik sartu ahal ziren itun-kutxa zegoen tokiraino. Hala ere, israeldar leial guztiak Jehobaren denda sinbolikoan bere gonbidatuak izan ahal ziren. Baina, horretarako, Jehobaren lagunak izaten jarraitu behar zuten. Guk ere hau lortu nahi dugu. Baina nola? 15. Salmoan adierazten da Jehobaren laguna izaten jarraitzeko zer egin behar dugun.

Dabiden garaiko israeldarrek erraz imajinatu ahal zuten zer esan nahi zuen Jehobaren dendan bere gonbidatua izateak (Ikusi 3. paragrafoa)


AKATSIK GABE IBILI ETA ZUZENA DENA EGIN

4. Nola dakigu bataiatzea ez dela Jehobak eskatzen digun gauza bakarra? (Isaias 48:1)

4 15. Salmoa 2 (NWT) bertsetaren arabera, Jainkoaren laguna «akatsik gabe ibiltzen» da, eta «zuzena dena egiten» du. «Ibiltzen» eta «egiten» terminoek amaitzen ez den ekintza adierazten dute, hau da, egiten jarraitu behar dugun zerbait. Baina benetan «akatsik gabe ibil[i]» al gaitezke? Bai. Guztiok inperfektuak izan arren, Jehobari obeditzeko ahal dugun guztia egiten badugu, berak «akatsik gabe ibiltzen» garela ikusiko du. Geure burua berari eskaintzea eta bataiatzea hasiera baino ez da. Antzina, norbait israeldarra izateak ez zuen esan nahi automatikoki Jehobaren gonbidatua zenik. Izan ere, batzuek berarengana jo zuten, «baina ez egiaz eta zintzotasunez» (Irakurri Isaias 48:1). Israeldarrek, benetan Jehobaren gonbidatuak izan nahi zutela erakusteko, bere baldintzak ezagutu eta jarraitu behar zituzten. Antzera, guk ere Jehobaren lagun onak izan nahi badugu, bataiatu edo kristau kongregazioarekin elkartu baino gehiago egin behar dugu. «Zuzena dena egiten» jarraitu behar dugu. Nola lortu dezakegu hau?

5. Zer esan nahi du Jehoba gauza guztietan obeditzeak?

5 Jehobarentzat, «akatsik gabe ibiltze[ak]» eta «zuzena dena egite[ak]» erregularki bileretara joatea baino gehiago esan nahi du (1 Sam. 15:22). Gure bizitzako arlo guztietan Jehobari obeditzen saiatu behar dugu, baita bakarrik gaudenean ere (Esa. 3:6; Ekl. [Koh.] 12:13, 14). Gauza txikietan ere, inportantea da Jehobari obeditzen saiatzea. Hala egiten dugunean, Jehoba benetan maite dugula erakusten dugu. Eta, ondorioz, Jehobak gehiago maitatzen gaitu (Joan 14:23; 1 Joan 5:3).

6. ​Hebrearrei 6:10-12​ aipuaren arabera, zer da iraganean egin genituen gauza onak baino inportanteagoa?

6 Jehobak asko estimatzen du iraganean bere alde egin genuena. Baina honek ez du esan nahi Jehobaren dendan bere gonbidatuak izaten jarraituko dugunik. Zergatik? Hebrearrei 6:10-12 aipuak argi azaltzen du ideia hau (Irakurri). Jehobak ez ditu iraganean egin genituen gauzak ahaztuko, baina «azkeneraino» bete-betean zerbitzatzen jarraitzea nahi du. Gainera, «etsitzen ez badugu», bere lagunak izango gara betiko. Hau oparia! (Gal. 6:9).

BIHOTZEAN EGIA HITZ EGIN

7. Zer esan nahi du bihotzean egia hitz egiteak?

7 Jehobaren dendan bere gonbidatua izan nahi duenak «bere bihotzean egia hitz egi[n]» behar du (Sal. 15:2, NWT). Honek gezurrik ez esatea baino gehiago esan nahi du. Jehobak esan eta egiten dugun guztian zintzoak izatea espero du (Heb. 13:18). Hau garrantzitsua da, Bibliak honakoa esaten baitu: «Gorroto dio Jaunak maltzurrari, baina bere konfiantza ematen zuzenari» (Esa. 3:32).

8. Zer jokabide saihestu behar dugu?

8 «Bihotzean egia hitz egiten» dutenek ez dute besteen aurrean itxuraz obedienteak direla erakusten eta, aldi berean, bakar-bakarrik daudenean Jainkoa desobeditzen (Is. 29:13). Gainera, ez dira azpijokoan ibiltzen. Azpijokoan ibiltzen dena, aldiz, Jehobaren arau batzuk ez direla onak pentsatzera iritsi daiteke (St. 1:5-8). Horretaz gain, berarentzat txikikeriak diren gauzatan Jehobari desobeditu ahal dio. Orduan, ekintza horiek ondoriorik ez dutela pentsatu dezake, eta oraindik okerragoak diren gauzak egiten hasi daiteke. Ondorioz, bere adorazioa faltsukeria hutsa izatera iritsi daiteke (Ekl. [Koh.] 8:11, NWT). Guk, berriz, gauza guztietan jokatu nahi dugu zintzotasunez.

9. Zer gertatu zen Jesusek Natanael ezagutu zuenean, eta zer ikasten dugu honetatik? (Ikusi irudia ere)

9 Bihotz zintzoa izatearen garrantzia ulertzeko, azter dezagun zer gertatu zen Jesusek Natanael ezagutu zuenean. Felipek bere lagun Natanael Jesusi aurkeztu zionean, Jesusek honakoa esan zuen berari buruz: «Hona benetako israeldar bat, faltsukeriarik gabea». Jesusen hitzek atentzioa deitzen dute, hori izan baitzen Natanael ikusi zuen lehen aldia (Joan 1:47). Jesusek bazekien bere dizipuluak zintzoak zirela, baina Natanael bereziki zintzoa zela ikusi zuen. Natanael, gu bezala, inperfektua izan arren, faltsukeriarik gabeko pertsona zen. Jesusek asko miresten zuen ezaugarri hau, eta horregatik goraipatu zuen Natanael. Zenbat gustatuko litzaigukeen Jesusek guri buruz gauza bera esatea!

Jesusek Natanael ezagutu zuenean, «faltsukeriarik gabea» zela esan zuen. Gauza bera esan al daiteke guri buruz? (Ikusi 9. paragrafoa)


10. Zergatik ibili behar dugu kontu handiz esaten dugunarekin? (Santiago 1:26)

10 15. Salmoan agertzen diren baldintza gehienak besteak tratatzeko moduarekin lotuta daude. Esaterako, 15. Salmoa 3 (NWT) bertsetaren arabera, Jehobaren dendan bere gonbidatua denak «ez du bere mingainarekin kalumniatzen, ez dio bere lagun hurkoari ezer txarrik egiten eta ez du bere lagunen izen ona zikintzen». Besteak kalumniatzen baditugu, besteei kalte handia eragiteaz gain, ezingo dugu Jehobaren dendan bere gonbidatuak izan (Irakurri Santiago 1:26).

11. Zer da kalumnia, eta zer neurri hartzen dira damutzen ez diren kalumniatzaileekin?

11 Salmogileak espreski aipatzen du kalumnia. Zer da kalumnia? Norbaiten izen ona zikindu dezakeen gezur bat. Damutzen ez diren kalumniatzaileak kongregaziotik kanporatuak dira (Jer. 17:10).

12, 13. Zein egoeratan egongo ginateke nahigabe anai-arreben izen ona zikintzen? (Ikusi irudia ere)

12 Gainera, 15. Salmoa 3 (NWT) bertsetak Jehobaren gonbidatuek ez diotela lagun hurkoari ezer txarrik egiten eta ez dutela euren lagunen izen ona zikintzen gogorarazten digu. Zer esan nahi du honek? Azter ditzagun adibide batzuk.

13 Norbaiti buruz informazio faltsua zabalduko bagenu, nahigabe beraren izen ona zikintzen ariko ginateke. Pentsatu egoera hauetan: 1) Arreba batek denbora osoko zerbitzua utzi du, 2) ezkondutako bikote batek jada ez du Betelen zerbitzatzen, edo 3) anaia batek adindun edo laguntzaile izateari utzi dio. Egokia izango al litzateke aldaketa hauen arrazoien inguruan espekulatzea eta besteei gure iritzia ematea? Aldaketa hauen atzean, guk ezagutzen ez ditugun arrazoiak egon daitezke. Hala da, Jehobaren dendan dagoenak «ez dio bere lagun hurkoari ezer txarrik egiten eta ez du bere lagunen izen ona zikintzen».

Besteei buruzko informazio faltsua erraz zabaldu daiteke, kalumnia izatera iritsiz (Ikusi 12 eta 13 paragrafoak)


JEHOBARI ERRESPETU HANDIA DIOTENAK OHORATU

14. Nola jakin dezakegu norbait mespretxagarria den ala ez?

14 15. Salmoa 4 (NWT) bertsetaren arabera, Jehobaren laguna denak «mespretxagarria den edonor baztertzen du». Nola jakin dezakegu norbait mespretxagarria den ala ez? Ezin dugu gure iritzi edo lehentasunetan oinarrituta hau jakin. Zergatik? Inperfektuak garelako. Ondorioz, eraman onekoak diren pertsonengana erakarrita sentitu gaitezke, baina kontrakoa sentitu dezakegu gure onetik ateratzen gaituztenei buruz. Horregatik, Jehobarentzat «mespretxagarria[k]» direnak bakarrik baztertu beharko genituzke (1 Ko. 5:11). Hauen artean, honakoak daude: gauza txarrak damutu gabe egiten dituztenak, gure fede eta sinesmenak errespetatzen ez dituztenak edo gure espiritualtasuna ahultzen saiatzen direnak (Esa. 13:20).

15. Zein da «Jehobari errespetu handia diotenak» ohoratzeko modu bat?

15 Ondoren, 15. Salmoa 4 (NWT) bertsetean, «Jehobari errespetu handia diotenak» ohoratu behar ditugula aipatzen da. Beraz, Jehobaren lagunekin atseginak izateko eta beraiek errespetatzeko moduak bilatzen ditugu (Erm. 12:10, NWT). Nola? Salmogileak, aipu berean, hau egiteko modu bat aipatzen du: Jehobaren dendan bere gonbidatua denak «promestutakoa betetzen du, nahiz eta bere kaltetan izan». Gure promesak hausten baditugu, besteak minduko ditugu (Mat. 5:37). Adibidez, Jehobak bere gonbidatuek beraien ezkon botoarekin bat egitea espero du. Bestalde, Jehoba asko pozten da gurasoek seme-alabei egin dieten promesak betetzeko ahal duten guztia egiten dutenean. Dudarik gabe, Jehoba eta lagun hurkoa maite ditugunez, gure esku dagoen guztia egingo dugu gure promesei eusteko.

16. Zein da Jehobaren lagunak ohoratzeko beste modu bat?

16 Jainkoaren lagunak ohoratzeko beste modu bat beraiekin ospitalarioak eta eskuzabalak izatea da (Erm. 12:13). Anai-arrebekin predikatu edo beraiekin bileretan egoteaz gain, elkarrekin denbora pasatzen dugunean, gure adiskidetasuna estutzen dugu eta Jehobarengana gehiago gerturatzen gara. Ez hori bakarrik; ospitalarioak garenean, Jehoba imitatzen dugu.

EZ IZAN DIRU GOSE

17. Zergatik hitz egiten du 15. Salmoak diruari buruz?

17 Bibliaren arabera, Jehobaren gonbidatua denak «ez du interesik kobratzen dirua maileguan uztean, eta ez du sobornorik onartzen errugabea kaltetzeko» (Sal. 15:5, NWT). Zergatik aipatzen du salmo honek dirua? Diruaren inguruan ikuspuntu orekatsua ez izateak, besteak kaltetzeaz gain, Jehobarekin dugun adiskidetasuna zapuztu ahal duelako (1 Tim. 6:10). Antzina, batzuk euren anai-arreba behartsuez aprobetxatzen ziren. Hauei interesak kobratzen zizkieten dirua maileguan uztean. Gainera, epaile batzuek sobornoak onartu eta biktima errugabeak modu injustuan epaitzen zituzten. Jehobak hauek bezalako praktikak gorroto ditu (Eze. 22:12).

18. Zer galderek lagundu ahal digute diruaren inguruan dugun ikuspuntua aztertzen? (Hebrearrei 13:5)

18 Ona da diruaren inguruan dugun ikuspuntua aztertzea. Honakoa galdetu ahal diozu zeure buruari: «Askotan pentsatzen al dut diruaren eta erosi ditzakedan gauzen inguruan? Dirua utzi badidate, kostatzen al zait itzultzea, dirua utzi didanak ez duela behar pentsatuz? Sentitzen al dut besteak baino inportanteagoa naizela dirua izateagatik? Zaila egiten al zait eskuzabala izatea? Anai-arrebak materialistak direla pentsatzen al dut dirua dutelako bakarrik? Aberatsak direnen laguna bakarrik izan nahi al dut?». Jehobaren gonbidatuak izateko jaso dugun aukera paregabea babestu nahi dugu. Hau lortzeko, ahal dugun guztia egin behar dugu dirua ez maitatzeko. Hala egiten badugu, Jehobak ez gaitu inoiz abandonatuko! (Irakurri Hebrearrei 13:5).

JEHOBAK BERE LAGUNAK MAITE DITU

19. Zergatik nahi du Jehobak guk 15. Salmoan agertzen diren baldintzak betetzea?

19 15. Salmoaren amaieran, promes hau azaltzen da: «Horrela jokatzen duenak ez du inoiz koloka egingo» (Sal. 15:5, NWT). Salmo honetan, Jehobak guk betetzea nahi duen baldintza batzuk aztertu ditugu. Salmogileak baldintza hauen arrazoi nagusia zein den azaltzen du: Jehobak gu zoriontsu izatea nahi du. Beraz, Jainkoaren gida jarraitzen dugunean, bizitza hobeaz eta bere babesaz gozatzen dugu (Is. 48:17).

20. Zer esperantza dute Jehobaren gonbidatuek?

20 Jehobaren gonbidatuek etorkizun zoragarria izateko esperantza dute. Gantzutu leialak zeruan biziko dira, Jesusek beraientzat prestatu duen tokian (Joan 14:2). Eta lurrean bizitzeko esperantza dutenek irrikaz espero dute Apokalipsia 21:3 (NWT) bertseteko promesa betetzea. Dudarik gabe, asko estimatzen dugu Jehobak bere lagunak izateko egin digun gonbidapena. Ohore handia da bere dendan bere gonbidatuak izatea betirako!

sjj 39. KANTA Jainkoaren aurrean izen ona

a 15. Salmoa 1-5, NWT : « O, Jehoba, nor izan daiteke gonbidatua zure dendan? Nor bizi daiteke zure mendi santuan? Akatsik gabe ibiltzen dena, zuzena dena egiten duena eta bere bihotzean egia hitz egiten duena. Ez du bere mingainarekin kalumniatzen, ez dio bere lagun hurkoari ezer txarrik egiten eta ez du bere lagunen izen ona zikintzen. Mespretxagarria den edonor baztertzen du, baina Jehobari errespetu handia diotenak ohoratzen ditu. Promestutakoa betetzen du, nahiz eta bere kaltetan izan. Ez du interesik kobratzen dirua maileguan uztean, eta ez du sobornorik onartzen errugabea kaltetzeko. Horrela jokatzen duenak ez du inoiz koloka egingo ».