BIOGRAFIA
Jehobak nire otoitzak entzun zituen
Gau batean, 10 urte besterik ez nituenean, zerura begiratu eta izarrak dir-dir egiten ikusi nituen. Segituan, belaunikatu eta otoitz egiten hasi nintzen. Jehoba duela gutxi ezagutu nuen. Hala ere, nire kezka guztiak kontatu nizkion. Momentu hartantxe hasi zen Jehobarekin, «otoitzak entzuten» dituen Jainkoarekin, dudan harreman estua (Sal. 65:3 [65:2, NWT]). Utzidazue kontatzen zergatik egin nion otoitz ezagutu berri nuen Jainkoari.
GURE BIZITZAK ALDATU ZITUEN BISITA BAT
1929ko abenduaren 22an jaio nintzen Noville-n, Bastogne herritik gertu, Belgikako Ardenetan. Garai hartan, gure herrian bederatzi baserri besterik ez zeuden. Txikia nintzenean baserrian nire gurasoekin egon nintzen garaiko oroitzapen politak ditut gordeta. Nire anaia gaztea Raymond-ek eta biok behiak eskuz jezten genituen egunero, eta uztak jasotzen ere laguntzen genuen. Gure herri txikian, denok elkarri laguntzeko ohitura genuen.
Nire gurasoak, Emile eta Alice, katoliko debotoak ziren. Igandero mezara joaten ziren. Baina 1939. urte inguruan, Ingalaterrako aitzindari batzuk gure herri txikira etorri ziren, eta nire aitari Consolation aldizkaria (gaur egun Esnatu! izena duena) erregularki jasotzeko aukera eskaini zioten. Nire aitak argi ikusi zuen aldizkariek esaten zutena egia zela. Beraz, Biblia irakurtzen hasi eta mezetara joateari utzi zion. Orduan, orain arte hain atseginak izan ziren gure auzokideak aurkari gogorrak bihurtu ziren. Nire aita presionatu zuten katolikoa izaten jarraitzeko eta eztabaida sutsu asko izan zituzten berarekin.
Oso triste jartzen nintzen nire aitak hainbesteko presioa sufritzen zuela ikusten nuenean. Artikulu honen hasieran esan bezala, egoera honek Jainkoari otoitzean laguntza eskatzera bultzatu ninduen. Harritzekoa bada ere, gure auzokideen oposizioa pixkanaka desagertzen joan zen, eta poz-pozik jarri nintzen honengatik. Jehobak «otoitzak entzuten» dituela argi ikusi nuen.
BIGARREN MUNDU GERRAKO BIZIPENAK
1940ko maiatzaren 10ean, Alemania naziak Belgika inbaditu zuen eta, ondorioz, jende askok herrialdetik ihes egin behar izan zuen. Guk ere Frantzia hegoaldera ihes egin genuen. Bidean arriskuan egon ginen askotan, zeren soldadu
frantsesak eta alemanak borrokan ari ziren tokietatik pasatzen ginen.Gure baserrira itzuli ginenean, gure gauza gehienak lapurtu zituztela konturatu ginen. Gure txakurra Bobbie bakarrik zegoen han guri ongietorria emateko. Horrelako esperientziak bizi ondoren, honakoa galdetzen nion neure buruari: «Zergatik existitzen da gerra eta sufrimendua?».
Garai hartan, adinduna eta aitzindaria zen Emile Schrantz a anaiaren bisitek asko animatu gintuzten. Biblia erabiliz, argi eta garbi azaldu zidan zergatik existitzen den sufrimendua, eta bizitzaren inguruan nituen beste galdera batzuk ere erantzun zizkidan. Honi esker, Jehobarekin nuen harremana sendotu egin zen, eta oraindik argiago ikusi nuen maitasunezko Jainko bat dela.
Gerra oraindik amaitu gabe egon arren, gure familiak anai-arrebekin harreman gehiago izan zuen. Adibidez, 1943ko abuztuan, José-Nicolas Minet anaiak gure baserria bisitatu zuen hitzaldi bat emateko. Berak galdetu zigun: «Nork izan nahi du bataiatua?». Aitak eskua altxatu zuen, eta baita nik ere. Beraz, baserri ondoan zegoen erreka txiki batean bataiatu ginen.
1944ko abenduan, Alemaniako armadak Bigarren Mundu Gerrako bataila garrantzitsuenetako bat hasi zuen: Bulgeko Guda. Gu bataila gertatu zen tokitik oso gertu bizi ginen, eta hilabete bat inguru egon behar izan ginen konfinatuta gure sotoan. Egun batean, animaliei jaten ematera atera nintzenean, bonbardaketa batek gure baserria jo zuen, eta garia gordetzen genuen biltegiaren teilatua suntsituta gelditu zen. Momentu hartan ukuiluan, edo kortan, zegoen soldadu amerikar batek oihukatu zidan: «Bota lurrera!». Korrika joan eta bere ondoan lurrera bota nintzen eta, berak, bere kaskoa nire buru gainean jarri zidan ni babesteko.
KRISTAU HELDU IZATERA IRISTEN NAIZ
Gerra amaitu ondoren, Liège-ko kongregazio bateko anai-arrebekin kontaktua izaten hasi ginen, gure etxetik iparraldera 90 km ingurura. Denborarekin, Bastogne-n talde txiki bat osatu ahal izan genuen. Zerga administrazioan lan
egiten hasi nintzen eta zuzenbidea ikasteko aukera izan nuen. Beranduago, notario baten idazkari izan nintzen. 1951n eskualde biltzar txiki bat antolatu genuen Bastogne-n eta ehun bat pertsona elkartu ginen bertan. Horien artean, Elly Reuter izeneko aitzindari oso sutsu bat zegoen. Berak 50 km egin zituen bizikletaz biltzarrera joateko. Laster, maitemindu eta ezkontzeko hitz eman genuen. Elly-k Galaadeko Eskolara joateko gonbidapena jaso zuen. Beraz, egoitza nagusira idatzi zuen gonbidapena zergatik ezin zuen onartu azaltzeko. Garai hartan, Knorr anaiak aurrea eramaten zuen Jehobaren herrian. Berak modu atseginean erantzun zion, agian egunen batean bere senarrarekin batera Galaadeko Eskolara joateko gonbidapena jasoko zuela esanez. Azkenean, 1953ko otsailean ezkondu ginen.Urte hartan bertan, Elly eta biok «La Sociedad del Nuevo Mundo» biltzarrera joan ginen, New York-eko Yankee Stadium-ean. Han geundela, anaia batek lan on bat eta Estatu Batuetan bizitzeko aukera eskaini zidan. Gai honi buruz Jehobarekin otoitzean hitz egin ondoren, Elly eta biok eskaintza ez onartzea erabaki genuen. Horren ordez, Belgikara itzuli ginen talde txiki bat laguntzera. Taldea Bastogne-n elkartzen zen eta hamar berriemailez osatuta zegoen. Hurrengo urtean, oso pozik jarri ginen gure haurtxo Serge jaio zenean. Tamalez, zazpi hilabete zituela, Serge gaixotu eta hil egin zen. Gure bihozminaz hitz egin genion Jehobari otoitzean, eta berpizkundearen esperantza ziurrak sendotu gintuen.
DENBORA OSOKO ZERBITZUA
1961eko urrian, aitzindari izaten utziko zidan denbora erdiko lan bat aurkitu nuen. Baina egun horretan bertan, Belgikako sukurtsaletik dei bat jaso nuen eskualde lanean zerbitzatu ahal nuen galdetuz. Eta nik erantzun nien: «Aitzindariak izan al gaitezke eginkizun hau onartu aurretik?». Baietz esan zidaten, eta zortzi hilabetez aitzindari bezala zerbitzatu ondoren, eskualde lanean hasi ginen, 1962ko irailean.
Bi urtez eskualde arduradun izan ondoren, Bruselako Betelen zerbitzatzeko gonbidapena jaso genuen eta, 1964ko urrian, bertan zerbitzatzen hasi ginen. Eginkizun berri hau bedeinkapenez beteta egon zen. 1965ean, Knorr anaiak Belgikako Betel bisitatu eta gutxira, sekulako sorpresa jaso nuen: sukurtsaleko zerbitzari izendatua izan nintzen. Beranduago, Elly eta biok Galaad Eskolako 41. klasera joateko gonbidapena jaso genuen. Azkenean, Knorr anaiak 13 urte lehenago esandakoa bete zen! Eskola amaitu ondoren, Belgikako Betelera itzuli ginen.
JEHOBAREN HERRIAREN ESKUBIDE LEGALAK DEFENDATZEN LAGUNTZEN DUT
Urteetan zehar, zuzenbidearekin lotutako ezaguerak erabili nituen Europan eta beste tokietan Jehobaren lekukoen erlijio askatasuna defendatzeko (Flp. 1:7, NWT). Ondorioz, gure predikatze lana mugatuta edo debekatuta egon den 55 herrialde baino gehiagoko funtzionarioekin kontaktuan egon naiz. Zuzenbidean nuen esperientzia azpimarratu beharrean, neure burua «Jainkoaren gizon bat» bezala aurkezten nuen. Honakoa onartu dut beti: «Erregearen [edo epailearen] bihotza ubidea da Jaunaren eskuetan: nahi duen alderantz zuzentzen du» (Esa. 21:1).
Oraindik gogoratzen dut Europako Parlamentuko kide batekin izan nuen elkarrizketa. Askotan saiatu nintzen berarekin hitz egiten, eta azkenean lortu nuen. «Bost minutu emango dizkizut, besterik ez», esan zidan. Orduan, nik burua makurtu eta otoitz egin nuen. Gizonak, urduri, zer egiten ari nintzen galdetu zidan. Nik burua altxatu eta esan nion: «Jainkoari eskerrak eman dizkiot zu bere zerbitzarietako bat zarelako». Berak zer esan nahi nuen galdetu zidanean, Erromatarrei 13:4 erakutsi nion. Gizona protestantea zen, beraz, Bibliako aipu honek arreta deitu zion. Zer gertatu zen gero? Ordu erdiz hitz egiten egon ginen eta oso elkarrizketa ona izan genuen. Gainera, Jehobaren lekukoen lana errespetatzen zuela esan zuen.
Urteetan zehar, Jehobaren herriak hurrengo gaiekin lotutako bataia legal askotan parte hartu du Europan: kristau neutraltasuna, haurren zaintza eta zergak, besteak beste. Ohore handia izan da niretzat hauetako askotan parte hartzea eta Jehobak garaipena nola eman digun ikustea. Jehobaren lekukook 140 auzi baino gehiago irabazi ditugu Giza Eskubideen Europako Auzitegian.
ASKATASUN GEHIAGO KUBAN
90eko hamarkadan, Kuban gure predikatze lana mugatuta zegoenez, anai-arrebek erlijio askatasun handiagoa izateko saiakerak egin ziren. Nik saiakera hauetan parte hartzeko aukera izan nuen, egoitza nagusiko Philip Brumley eta Italiako Valter Farneti anaiekin batera. Belgikan dagoen Kubako enbaxadara idatzi eta gure eskaera tramitatuko zuen funtzionarioarekin elkartu ginen. Gure lehen bileretan, Kuban gure lana mugatzera eraman zuten gaizkiulertuak argitzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu.
Jehobaren gida otoitzean eskatu ondoren, Kubara 5.000 Biblia bidaltzeko baimena eskatu genuen. Baimena jaso eta Bibliak bertako anai-arreben artean banatzea lortu genuen. Ondorioz, argi ikusi genuen Jehoba gure ahaleginak bedeinkatzen ari zela. Orduan, beste 27.500 Biblia bidaltzeko baimena eskatu eta lortu genuen! Oso pozik jarri nintzen Kubako anai-arreba maiteei euren Biblia propioa izaten laguntzeagatik.
Kuba hainbat alditan bisitatu izan dut gure predikatze lanaren egoera legala hobetzen laguntzeko. Prozesu horretan zehar, bertako gobernuko
funtzionario askorekin harreman ona izatea lortu nuen.RUANDAKO ANAI-ARREBAK LAGUNTZEN DITUGU
1994an Ruandan izandako tutsien aurkako genozidioaren ondorioz, 1.000.000 pertsona baino gehiago hil ziren. Zoritxarrez, gure anai-arreba batzuk ere hil egin zituzten. Denbora gutxian, anaia batzuek herrialderako laguntza humanitarioa prestatu zuten.
Gure taldea Kigali-ra, hiriburura, heldu zenean, itzulpen bulegoaren eta argitalpenen biltegiaren paretak bala zuloz josita zeudela ikusi genuen. Matxeteekin hil zituzten anai-arreben istorio beldurgarri asko entzun genituen. Baina, aldi berean, elkarri maitasuna erakutsi zioten anai-arreben bizipen asko ere kontatu zizkiguten. Adibidez, 28 egunez zulo batean ezkutatuta egon zen anaia tutsi bat ezagutu genuen. Denbora guzti horretan, hutu etniakoa zen Lekukoen familia batek babestu zuen anaia hau. Kigali-n izan genuen bilera batean, 900 anai-arreba baino gehiagori animoa eta kontsolamendua emateko aukera izan genuen.
Honen ondoren, Zaire-ra (gaur egun, Kongoko Errepublika Demokratikoa) joan ginen, Uganda-ko Lekuko askok Goma hiri inguruko errefuxiatu esparruetara ihes egin zutelako. Anai-arrebak bilatzen saiatu arren, ez genituen aurkitu. Beraz, otoitz egin genion Jehobari bere laguntza eskatuz. Orduan, pertsona bat guregana hurbiltzen ari zela ikusi genuen, eta Jehobaren lekukorik ezagutzen al zuen galdetu genion. «Bai, ni Lekukoa naiz», erantzun zigun. «Eta nahi baduzue larrialdietarako laguntza batzordearengana eramango zaituztet». Batzordearekin bilera animagarri bat izan ondoren, 1.600 errefuxiatu ingururekin elkartu ginen animoa eta kontsolamendua emateko. Honetaz gain, Zuzendari Batzordearen eskutitz bat ere irakurri genuen. Anai-arrebak erabat hunkitu ziren honakoa entzutean: «Zuen alde etengabe egiten dugu otoitz. Guztiz ziur gaude Jehobak ez zaituztela abandonatuko». Zuzendari Batzordearen hitz hauek benetan bete ziren. Gaur egun, 30.000 Lekuko baino gehiago daude Ruandan.
LEIAL MANTENTZEKO DETERMINAZIOA DUT
2011n, ia 58 urtez ezkonduta egon ondoren, nire Elly maitea hil egin zen. Jehobari nire bihozmina otoitzean adierazi nionean, bere kontsolamendua jaso nuen. Nire auzokoekin Erreinuaren berri onei buruz hitz egiteak ere lagundu dit.
90 urte inguru ditut orain, eta astero-astero predikatzen jarraitzen dut. Gainera, Belgikako sukurtsaleko departamentu legalean laguntzen dut. Horrela, nire esperientzia besteekin partekatzeaz gain, Betel familiako gazteak animatu ditzaket. Hau guztia egiteak asko pozten nau.
Duela 84 urte inguru, Jehobari nire lehen otoitza egin nion. Ordudanik, gero eta gehiago gerturatu naiz berarengana. Nire bizitzan zehar, Jehobak nire otoitzak entzun ditu, eta oso-oso eskertuta nago honengatik (Sal. 66:19). b