23. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 28. KANTA O, Jehoba, nor da zure laguna?
Jehobaren gonbidatuak izateko ohorea dugu
«Nire denda beraiekin egongo da; ni beraien Jainkoa izango naiz» (EZE. 37:27, NWT).
IDEIA NAGUSIA
Zer esan nahi du gu Jehobaren denda sinbolikoan bere gonbidatuak izateak? Eta zer-nolako Anfitrioia da Jehoba?
1, 2. Zer gonbidapen egiten die Jehobak bere zerbitzari leialei?
NORBAITEK galdetuko balizu: «Nor da Jehoba zuretzat?». Beharbada, erantzungo zenioke: «Jehoba nire Aita, Jainkoa eta Laguna da». Edo, agian, beste titulu batzuk ere etorri zaizkizu burura. Baina esango al zenuke Jehoba zure Anfitrioia dela?
2 Dabid erregeak Jehobak bere zerbitzari leialekin duen adiskidetasuna honekin konparatu zuen: anfitrioi batek bere gonbidatuekin duen harremanarekin. Honakoa esan zuen Dabidek: «O, Jehoba, nor izan daiteke gonbidatua zure dendan? Nor bizi daiteke zure mendi santuan?» (Sal. 15:1, NWT). Zer ikasten dugu hitz hauetatik? Gu Jehobaren gonbidatuak, hau da, bere lagunak izan gaitezkeela. Hau bai ohore paregabea!
JEHOBAK GU BERE GONBITATUAK IZATEA NAHI DU
3. Nor izan zen Jehobaren lehen gonbidatua, eta nola sentitu ziren bai Jehoba bai bere gonbidatua?
3 Jehoba, dena sortu aurretik, bakarrik zegoen. Baina, orduan, bere lehen Semea sortu zuen eta Jehobak, Anfitrioi moduan, bere denda sinbolikora gonbidatu zuen poz-pozik. Bibliak dioen moduan, Jesus bere «alaitasuna» zen. Eta Jesus, bere lehen gonbidatua zena, «[Jehobaren] aurrean pozik sentitzen [zen] beti» (Esa. 8:30, NWT).
4. Denborarekin, nor gehiago gonbidatu zuen Jehobak bere dendara?
4 Ondoren, Jehobak aingeruak sortu zituen, eta hauek ere bere dendara gonbidatu zituen. Aingeruei «Jaungoikoaren seme» deitzen zaie, eta oso pozik daude Jehobarekin egoteaz (Job 38:7, Ur; Dan. 7:10). Urte askotan zehar, Jainkoaren lagun bakarrak izaki espiritualak ziren, zeruan berarekin batera bizi zirenak. Beranduago, gizakiak sortu zituen, eta hauek ere bere dendara gonbidatu zituen. Hauetako batzuk Henok, Noe, Abraham eta Job izan ziren. Bibliak dioen moduan, Jainkoaren lagunak izan ziren, «egiazko Jainkoarekin» ibili zirelako (Has. 5:24, NWT; 6:9, NWT; Job 29:4, NWT; Is. 41:8).
5. Zer ikasi dezakegu Ezekiel 37:26, 27 (NWT) aipuko profeziatik?
5 Mendeetan zehar, Jehobak bere lagunak gonbidatzen jarraitu du (Irakurri Ezekiel 37:26, 27, NWT a). Adibidez, Ezekielen profezian, Jainkoak bere zerbitzari leialek berarekin adiskidetasun estua izatea nahi duela ikasten dugu. Bertan, Jehobak beraiekin «bake itun bat egingo» zuela promestu zuen. Zer garairi egiten dio erreferentzia profezia honek? Zeruan bizitzeko esperantza dutenak eta lurrean bizitzeko esperantza dutenak, Jehobaren dendan «artalde bakar» bat bezala elkartuta egongo diren garaiari (Joan 10:16). Eta garai hori orain da!
EDONON GAUDELA ERE, JAINKOAK ZAINTZEN GAITU
6. Nola iristen da norbait Jehobaren dendan bere gonbidatua izatera, eta non dago kokatuta denda hau?
6 Antzina, denda bat deskantsatzeko eta eguraldi txarretik babesteko leku bat zen. Anfitrioiak bere dendara gonbidatzen zuena zaindu behar zuen. Era berean, geure burua Jehobari eskaintzen diogunean, bere denda sinbolikoan bere gonbidatuak izatera iristen gara (Sal. 61:4, NWT). Bertan, janari espiritual ugariz gozatzen dugu, baita Jehobaren dendan gonbidatuak direnen adiskidetasunaz ere. Gainera, denda hau ez dago leku zehatz batean kokatuta. Beharbada, beste herrialde batera bidaiatu duzu, adibidez, biltzar berezi batera joateko. Eta, bertan, Jainkoaren dendan egoteaz gozatzen duten beste batzuk ezagutu dituzu. Beraz, Jehoba leialki zerbitzatzen badugu, bere dendan egon gaitezke, non gauden axola gabe (Ap. 21:3, NWT).
7. Zergatik esan dezakegu hil diren leialek Jehobaren dendan gonbidatuak izaten jarraitzen dutela oraindik? (Ikusi irudia ere)
7 Baina zer esan dezakegu hil diren leialei buruz? Jehobaren dendan bere gonbidatuak izaten jarraitzen al dute? Noski baietz! Zergatik esan dezakegu hau? Jehobaren oroitzapenean bizirik daudelako. Jesusek honela azaldu zuen: «Hildakoak berpiztuko direla Moisesek ere argi utzi zuen sasiaren pasartean, Jehobari “Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa” deitu zionean. Bera ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik, berarentzat denak bizirik daude eta» (Luk. 20:37, 38).
BEDEINKAPENAK ETA ARDURAK
8. Zer bedeinkapen jasotzen ditugu Jehobaren dendan egoteagatik?
8 Denda literal batek deskantsatzeko eta eguraldi txarretik babesteko balio du. Antzera, Jehobaren dendak ere babesa ematen die bere gonbidatuei. Zein modutan? Berarekin dugun adiskidetasuna kaltetu dezakeen gauzetatik babestuz eta etorkizunerako esperantza emanez. Gainera, Jehobarengandik gertu mantentzen bagara, Satanasek ezin izango du ezer egin gu betiko kaltetzeko (Sal. 31:24 [31:23, NWT]; 1 Joan 3:8). Horretaz gain, mundu berrian, Jehobak bere lagun leialak espiritualki babesten jarraituko du, baita heriotzatik ere (Ap. 21:4).
9. Zer espero du Jehobak bere gonbidatuengandik?
9 Zein ohore handia den Jehobaren dendan bere gonbidatuak izatea! Honi esker, Jehobarekin adiskidetasun estuaz gozatu dezakegu betiko. Zer egin beharko genuke bere gonbidatuak izaten jarraitu nahi badugu? Jar dezagun adibide bat. Norbaitek bere etxera gonbidatzen bazaitu, zuregandik zer espero duen jakin nahiko duzu, esaterako, sarreran zapatak kentzea. Eta ziur atsegin handiz egingo zenukeela. Era berean, Jehobaren dendan gonbidatuak izaten jarraitzeko, berak gugandik zer espero duen jakin nahi dugu. Eta bera maite dugunez, gure esku dagoena egingo dugu berak «atsegin duen guztia» egiteko (Kol. 1:10). Egia da Jehoba gure laguna dela, baina gure Jainkoa eta Aita ere bada. Beraz, gure errespetua merezi du (Sal. 25:14). Hau ez genuke inoiz ahaztu beharko. Gainera, Jehobari errespetu handia izateak bera ofendituko duen ezer ez egiten lagunduko digu. Dudarik gabe, gure nahia berarekin «modestiaz ibiltzea» da (Mik. 6:8, NWT).
JEHOBA INPARTZIALA IZAN ZEN ISRAELDARREKIN
10, 11. Nola tratatu zituen Jehobak israeldarrak Sinaiko basamortuan, eta nola frogatzen du honek Jehoba inpartziala dela?
10 Jehobak ez du bere gonbidatuekin bereizketarik egiten (Erm. 2:11). Nola jakin dezakegu Jehoba inpartziala dela? Aztertu dezagun Sinaiko basamortuan israeldarrak tratatu zituen modua.
11 Jehobak bere herria Egiptoko esklabotzatik askatu ondoren, apaizak izendatu zituen tabernakuluan zerbitzatzeko. Lebitarrak, adibidez, tabernakuluko hainbat zereginez arduratzen ziren. Besteak baino hobeto zaintzen al zituen Jehobak tabernakuluan zerbitzatzen zutenak edo honen gertu bizi zirenak? Ez! Jehobak ez du bereizketarik egiten.
12. Jehobak israeldarrak basamortuan tratatzeko modua aztertzean, nola ikusten dugu bera Anfitrioi inpartziala dela? (Irteera 40:38) (Ikusi irudia ere)
12 Kanpamenduko israeldar guztiek Jehobaren adiskidetasunaz gozatzeko aukera berbera zuten. Ez zuen inporta tabernakuluan eginkizun bereziren bat zuten edo tabernakulutik gertu bizi ziren ala ez. Esaterako, tabernakulu gainean zegoen laino-zutabea eta su-zutabea nazio osoak ikusteaz ziurtatu zen Jehoba (Irakurri Irteera 40:38). Lainoak norabide berri bat hartzen zuenean, tabernakulutik puntu urrutienean bizi zirenek ere ikusi ahal zuten. Horrela, euren gauza guztiak eta dendak jaso, eta herriarekin batera beste toki batera abiatzen ziren (Zen. 9:15-23, NWT). Horretaz gain, zilarrezko bi turutek kanpalekua tokiz aldatzeko seinalea ematen zutenean, guztiek argi eta garbi entzun ahal zuten (Zen. 10:2). Beraz, norbait tabernakulutik gertu bizi bazen, horrek ez zuen esan nahi Jehobarekin adiskidetasun estuagoa zuenik. Israeldar guztiak izan ahal ziren bere gonbidatuak, eta denek jaso zezaketen bere gida eta babesa. Gaur egun ere, non bizi garen axola gabe, guztiok gozatu dezakegu Jehobaren maitasunaz, zaintzaz eta babesaz.
JEHOBA INPARTZIALA DA GAUR EGUN ERE
13. Zein da Jehobak gaur egun ere inpartziala dela erakusten duen modu bat?
13 Anai-arreba batzuek Jehobaren lekukoen egoitza nagusian edo sukurtsal batean zerbitzatzen dute, eta beste batzuk hauetatik gertu bizi dira. Ondorioz, normala da anai-arreba hauek toki hauetako jarduera askotan parte hartzea edo aurrea hartzen duten anaiekin egotea. Beste batzuk ibiltari lanean edo denbora osoko zerbitzu berezian ari dira. Baina, hau zure kasua ez bada, ziur egon zaitezke honetaz: Zu Jehobaren gonbidatua zara, eta berak bere gonbidatu guztiak maite ditu. Gainera, oso ondo ezagutzen zaitu eta behar duzuna emango dizu (1 Ped. 5:7). Jehobak bere zerbitzari bakoitzari ematen dio janari espirituala, gida eta babesa.
14. Zein da gure Anfitrioi Jehobak inpartziala dela erakusten duen beste modu bat?
14 Zein da Jehobak, gure Anfitrioiak, inpartziala dela erakusten duen beste modu bat? Mundu osoko pertsonek Biblia eskuragarri izateaz ziurtatu da. Idazki Santuak, jatorriz, hiru hizkuntzatan idatzi ziren: hebreeraz, arameraz eta grekoz. Harreman estuagorik al dute Jehobarekin Biblia jatorrizko hizkuntzatan irakurri ahal dutenek? Noski ezetz! (Mat. 11:25).
15. Bibliarekin lotutako zer beste gauzak erakusten du Jehoba inpartziala dela? (Ikusi irudia ere)
15 Jehobak bere lagunak aukeratzen dituenean, ez du beraien hezkuntza maila edo ezagutzen dituzten hizkuntzak kontuan hartzen. Bere jakinduria goi mailako hezkuntza jaso dutenei bakarrik eman beharrean, mundu osoko pertsonei eskaintzen die. Izan ere, Biblia milaka hizkuntzatara itzuli da. Horrela, guztiek dute bere irakaspenei probetxua ateratzeko eta bere lagunak nola izan jakiteko aukera (2 Tim. 3:16, 17).
JARRAITU JEHOBAREN GONBIDATUA IZATEN
16. Eginak 10:34, 35 aipuaren arabera, zer egin behar dugu Jehobaren gonbidatuak izaten jarraitzeko?
16 Dudarik gabe, Jehobaren denda sinbolikoan bere gonbidatuak izatea ohore handia da! Bera, egon daitekeen Anfitrioi atsegin, maitekor eta ospitalarioena da. Gainera, inpartziala da; leku, jatorri, hezkuntza, arraza, tribu, sexu eta adin guztietako pertsonak gonbidatzen ditu bere dendara. Baina berari obeditzen diotenak bakarrik onartzen ditu bere gonbidatu bezala (Irakurri Eginak 10:34, 35).
17. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?
17 15. Salmoa 1ean irakurri daitekeen moduan, Dabidek honakoa galdetu zuen: «O, Jehoba, nor izan daiteke gonbidatua zure dendan? Nor bizi daiteke zure mendi santuan?». Beranduago, inspirazioz, bere galderen erantzuna jaso zuen. Hurrengo artikuluan, Jehoba pozteko eta bere laguna izaten jarraitzeko zer egin behar dugun aztertuko dugu.
sjj 32. KANTA Jehobaren alde jarri!
a Ezekiel 37:26, 27, NWT: «Eta bake itun bat egingo dut beraiekin; betiko itun bat izango da beraiekin. Ezarri eta ugaldu egingo ditut, eta nire santutegia beraien artean jarriko dut betiko. Nire denda beraiekin egongo da; ni beraien Jainkoa izango naiz eta beraiek nire herria».