BIOGRAFIA
Ez diot inoiz ikasteari utzi
JEHOBA nire «Maisu Bikaina» da (Is. 30:20, NWT). Zenbat eskertzen dudan ohore hori! Berak Biblia, kreazio txundigarria eta bere erakundea erabiltzen ditu bere zerbitzarioi irakasteko. Gainera, gure anai-arrebak erabiltzen ditu guri laguntzeko. Nahiz eta ia 100 urte izan, orain ere Jehobak irakasten didan guztiari probetxua ateratzen jarraitzen dut. Utzi kontatzen nola egiten dudan hori.
1927an jaio nintzen, Chicagotik (Illinois) gertu dagoen hiri txiki batean. Aita eta amak bost seme-alaba izan zituzten: Jetha, Don, ni, Karl eta Joy. Guztiok argi genuen Jehoba bihotz-bihotzez zerbitzatu nahi genuela. Jetha Galaadeko bigarren klasera joan zen, 1943an. Beste hirurak Brooklyn-en zegoen Betelera joan ziren; Don 1944an, Karl 1947an eta Joy 1951n. Beraien eta gurasoen eredu bikainak Jehobaren zerbitzuan gehiago egitera animatu ninduen.
FAMILIAK EGIA IKASI ZUEN
Gurasoek Biblia irakurtzen zuten eta, beraiek bezala, Jainkoa maitatzen irakatsi ziguten. Aita Lehen Mundu Gerran soldadu izan zen Europan, eta, ondorioz, elizei zien errespetua galdu zuen. Ama oso eskertuta zegoen aita gerra ondoren etxera bizirik itzuli zelako. Horregatik, honakoa esan zion: «Karl, goazen elizara lehen egiten genuen bezala». Aitak erantzun zion: «Zurekin joango naiz, baina ez naiz sartuko». Amak zergatik ez zen sartuko galdetzean, aitak esan zion: «Gerran, erlijio bereko erlijioburuek alderdi desberdinetan zeuden soldaduak bedeinkatu zituzten. Bi alderdien alde al zegoen Jainkoa?».
Beste egun batean, ama elizan zegoela, bi Jehobaren lekuko etxera joan ziren. Aitari bi liburukiz osaturiko argitalpen bat a eman zioten. Argitalpen horretan Apokalipsia liburua aztertzen zen. Aitak interesa zuenez, liburuak hartu zituen. Amak liburuak ikusi bezain pronto, irakurtzen hasi zen. Egun batean, argitalpen hori aztertzeko gonbidapen bat ikusi zuen egunkari batean, eta joatea erabaki zuen. Iristean, adineko emakume batek ireki zion atea. Liburuetako bat eskuan zuela, amak galdetu zion: «Hemen aztertzen al duzue liburu hau?». Eta emakumeak erantzun: «Bai, bihotza, sartu, sartu». Hurrengo astean amak berarekin eraman gintuen, eta horrez geroztik astero-astero joaten ginen.
Bilera batean, bilera zuzentzen ari zenak 144. Salmoa 15 irakurtzeko eskatu zidan. Bertan, Jehoba zerbitzatzen dutenak zoriontsuak direla dio. Aipu horrek atentzioa deitu zidan, baita beste bi aipu hauek ere: 1 Timoteori 1:11 aipuan, Jehoba «Jainko zoriontsua» dela dio; eta Efesoarrei 5:1 aipuan (NWT), honakoa dio: «Jainkoa imitatu». Nire Sortzailea pozik zerbitzatu behar nuela konturatu nintzen, baita hori egiteko ohorea eskertu behar niola ere. Hortik aurrera, nire bizitzan zehar bi gauza horiek betetzen saiatu naiz.
Gertuen zegoen kongregazioa Chicagotik 32 kilometrotara egon arren, joaten ginen, eta Biblia gehiago ezagutzen hasi nintzen. Gogoratzen dut, behin, bilera zuzentzen ari zenak Jethari komentatzeko eskatu ziola. Arrebari entzutean, pentsatu nuen: «Nik ere banekien hori. Eskua altxatu ahal nuen komentatzeko». Horrez geroztik, komentarioak prestatzen eta ematen hasi nintzen. Baina garrantzitsuagoa dena, nire anai-arrebekin batera espiritualki hazten joan nintzen, eta 1941ean bataiatu nintzen.
JEHOBAK BILTZARREN BIDEZ IRAKATSI ZIDAN
Bereziki gogoratzen dut 1942an Cleveland-en, Ohio-n, izandako biltzarra. Estatu Batuetako beste 50 hiri baino gehiagotan, anai-arrebek telefonoz entzun zuten biltzarra. Biltzarretik gertu, anaiek «karabana hiri» bat antolatu zuten, eta gure familia bertan geratu zen lotan kanpa dendetan. Bigarren Mundu Gerra gori-gori zegoen, eta Jehobaren lekukoen aurkako oposizioa areagotzen hasi zen. Gauez, anaien kotxeak ikusi nituen aparkatuta kanpalekutik kanpora begira. Kotxe bakoitzean anaia batek guardia egingo zuela erabaki zuten. Arazoren bat gertatzen bazen, anaiek bozina joko zuten eta kotxeko argiak piztuko zituzten erasotzaileak itsutzeko. Horrela, beste anaia batzuk laguntzera joan ahalko ziren ziztu bizian. Hurrengoa pentsatu nuen: «Jehobaren herria guztirako dago prestatuta!». Hori ikusita, salbu sentitu nintzen eta oso gustura egin nuen lo.
Urteak beranduago, biltzar horretan pentsatzean, nire amak momentu hartan ez zuela beldur arrastorik erakutsi konturatu nintzen. Jehoba eta bere erakundearengan konfiantza osoa jarri zuen. Ez dut bere eredu bikaina sekula ahaztuko.
Biltzar hura izan baino pixka bat lehenago, amak aitzindaritza erregularra hasi zuen. Berak arreta berezia jarri zuen aitzindaritzari buruz hitz egiten zuten biltzarreko hitzaldietan. Etxerako bidean, esan zigun: «Aitzindari izaten jarraitu nahi dut, baina ezin dut hori egin eta aldi berean familia ondo zaindu». Beraz, laguntza eskatu zigun eta guk baietz esan genion. Amak, gutako bakoitzari gosaldu aurretik gela bat, edo bi, txukuntzeko eskatu zigun. Gu eskolara joan ondoren, amak etxea behar bezala zegoela ziurtatzen zuen eta, gero, predikatzera joaten zen. Ama oso okupatuta zegoen, baina beti oso ondo zaindu gintuen. Bazkaltzera itzultzen ginenean eta eskola ondoren, hortxe zegoen beti. Batzuetan, eskolatik bueltan, predikatzera joaten ginen berarekin. Horrek aitzindari izateak zer esan nahi zuen ulertzen lagundu zidan.
DENBORA OSOKO ZERBITZUA HASI NUEN
16 urte nituenean, aitzindaritza hasi nuen. Aita oraindik ez zen Lekukoa, baina egiten ari nintzen lanari buruz galdetu zidan. Arrats batean, asko saiatu arren, ez nuela Biblia aztertu nahi zuen inor aurkitu kontatu nion. Etenalditxo baten
ondoren, galdetu nion: «Nirekin ikasteko prest egongo zinateke?». Bera une batez pentsatzen geratu, eta esan zidan: «Ez zait ezetz esateko arrazoirik okurritzen». Beraz, izan nuen lehen Biblia ikaslea aita izan zen. Hori bai opari ederra!«La verdad os hará libres» b izeneko liburua aztertu genuen elkarrekin. Denbora pasa ahala, aitak Biblia ikasle eta irakasle hobea izaten lagundu zidala konturatu nintzen. Gau batean, paragrafo bat irakurri ondoren, esan zidan: «Ulertzen dut liburuak dioena. Baina nola dakizu egia dela?». Ez nuen galdera hori espero. Beraz, esan nion: «Oraintxe bertan ezin dizut frogatu, baina hurrengoan erantzungo dizut». Eta halaxe egin nuen. Aztertzen ari ginen ideia frogatzen zuten aipuak aurkitu nituen. Hortik aurrera, hobeto prestatzen hasi nintzen, ikerketa nola egin ikasiz. Horrek aitari eta bioi espiritualki hazten lagundu zigun. Denborarekin, aitak ikasitakoa praktikan jarri, eta 1952an bataiatu zen.
BETELEN IKASTEN JARRAITU NUEN
17 urte nituen etxetik joan nintzenean. Jetha c misiolari izatera iritsi zen eta Don, berriz, Betelen zerbitzatzen hasi zen. Biek euren asignazioa maite zuten, eta horrek asko animatu ninduen. Beraz, Betelera eta Galaadera joateko eskaerak bete nituen, eta erabakia Jehobaren eskuetan utzi nuen. Orduan, zer gertatuko eta, 1946an, Betelera gonbidatu ninduten!
Urteetan zehar, Betelen hainbat lan egin ditudanez, gauza berri asko ikasi ahal izan ditut. Izan ere, 75 urte eman ditut Betelen, eta denbora horretan zehar liburuak egiten eta kontabilitatea eramaten ikasi dut. Inportazio eta esportazioarekin lotutakoa ere ikasi dut. Baina, guztiaren gainetik honakoaz gozatzen dut: Beteleko goizeko adorazioen eta hitzaldien bidez etengabe jasotzen dudan hezkuntza espiritualaz.
Nire anaia gazteenarengandik, Karl-engandik, ere asko ikasi nuen. Bera 1947an gonbidatu zuten Betelera. Karl Biblia ikasle eta irakasle bikaina zen. Behin, hitzaldi batekin lagundu zidan. Informazio asko bildu arren, nola erabili jakitea kostatzen ari zitzaidala azaldu nion. Berak konponbidea eman zidan, hurrengo galdera eginez: «Joel, zein da hitzaldiaren gaia?». Segituan harrapatu nuen esan nahi zuena. Gaia azaltzen lagunduko zidan informazioa bakarrik erabili behar nuen, besterik ez. Ez nuen irakaspen hori sekula ahaztu.
Betelen pozik egoteko, predikazioan ahal dugun guztia egin behar dugu. Hala egitean, bizipen animagarriak izan ditzakegu. Horietako bat
ondo baino hobeto gogoratzen dut. Arrats batean izan zen, New York hiriko Bronx-en. Anaia bat eta biok lehenago Talaia eta Esnatu! aldizkariak hartu zituen emakume bat bisitatu genuen. Hurrengoa esan genion: «Gaur, Bibliatik gauza animagarriak ikasten laguntzen ari gara jendeari». Eta emakumeak: «Bibliari buruz bada, aurrera». Jainkoaren Erreinuari eta mundu berriari buruzko hainbat aipu irakurri eta horien inguruan hitz egin genuen. Emakumea zur eta lur gelditu zen, eta hurrengo asterako lagun batzuk gonbidatu zituen. Denborarekin, bera eta bere senarra Jehobaren lekuko izatera iritsi ziren.NIRE EMAZTEARENGANDIK IKASI NUEN
Ezkondu nahi nuela erabaki eta 10 urte beranduago, arreba egokia aurkitu nuen. Horretarako, Jehobari otoitz egin eta honetan pentsatu nuen: «Zer egin nahi dut ezkondu ondoren?».
1953an Yankee Stadium-ean izandako biltzarraren ondoren, Mary Aniol ezagutu nuen. Bera eta Jetha Galaadeko bigarren klasean egon ziren, eta Mary nire arrebaren misiolari laguna zen. Maryk Karibean misiolari bezala izandako eginkizunei eta urteetan zehar zuzendu zituen Biblia ikastaroei buruz gogo biziz hitz egin zidan. Elkar ezagutzen gindoazen heinean, helburu espiritual berberak genituela konturatu ginen. Elkarri genion maitasuna hazi egin zen eta 1955ean ezkondu ginen. Mary Jehobaren opari bat eta eredu bat izan zen zentzu askotan. Zer eginkizun jasotzen zuen axola gabe, beti zegoen pozik. Gogor egiten zuen lan, besteez bihotzez arduratzen zen eta Erreinuaren interesei lehentasuna ematen zien beti (Mat. 6:33). Eskualde lanean hiru urtez zerbitzatu ondoren, 1958an Betelera gonbidatu gintuzten.
Maryk asko irakatsi zidan. Adibidez, ezkonberritan, Biblia elkarrekin irakurtzea erabaki genuen. Egunero, gutako batek 15 bertset inguru irakurri ondoren, bertset horiei buruz hitz egin eta praktikan nola jarri aztertzen genuen. Maryk Galaaden eta misiolari bezala ikasitako gauzak aipatzen zizkidan askotan. Zenbat lagundu zidaten elkarrizketa horiek! Horiei esker, nire hitzaldiak hobetzen eta arrebak nola animatu ikasi nuen (Esa. 25:11).
Nire Mary kuttuna 2013an hil zen. Mundu berrian bera berriro ikusteko desiratzen nago! Bitartean, ikasten jarraitzeko eta Jehobarengan bihotz osoz konfiantza izateko determinazioa dut (Esa. 3:5, 6). Jehobaren herriak mundu berrian egingo dituen gauzetan pentsatzeak kontsolatu eta poztu egiten nau. Horien artean, Maisu Bikainarengandik eta Berari buruz gauza berriak ikasiko ditugu. Zenbat eskertzen diodan Jehobari orain arte irakatsi didana eta bere merezigabeko eskuzabaltasuna!
a Light argitalpena.
b « La vérité vous affranchira ».
c Ikusi Jetha Sunal-en biografia, aldizkari honetako 2003 martxoaren 1eko alean, 23-29 orr..