50. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 135. KANTA «Izan zuhur» seme-alabok
Gurasook, lagundu seme-alabei beraien fedea sendotzen
«Zeuen kabuz frogatu ahal izango duzue zein den Jainkoaren borondate ona, atsegina eta perfektua» (ERM. 12:2).
IDEIA NAGUSIA
Artikulu honetan, gurasoek beraien seme-alabekin komunikazio ona nola mantendu dezaketen ikusiko dugu, baita Jainkoarengan eta Biblian euren fedea sendotzen nola lagundu ahal dieten ere.
1, 2. Nola erantzun beharko genuke gure seme edo alabak Biblian oinarritutako sinesmenei buruz galdetzen badigu?
GURASO izateak lan handia eskatzen du. Seme-alaba gaztetxoak badituzu, dudarik gabe gogor lan egiten ariko zara beraien fedea sendotzeko. Ziur Jehoba oso pozik dagoela egiten ari zaren lanagatik! (Deu. 6:6, 7). Zure seme-alabak hazten doazen heinean, baliteke Biblian oinarritutako sinesmenei edo Bibliako arau moralei buruz galderak egiten hastea.
2 Hasiera batean, zure seme-alabek egiten dituzten galderengatik kezkatuta sentitu zaitezke. Beharbada, beraien fedean atzerapauso bat egon dela pentsatu dezakezu. Baina hazten doazen heinean, euren fedea sendotzeko, galderak egin behar dituzte (1 Ko. 13:11). Beraz, ez duzu beldurrik sentitu behar. Zure seme-alabek egiten dituzten galderek aukera bikaina eman ahal dizute beraien pentsatzeko gaitasuna garatzen laguntzeko.
3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
3 Artikulu honetan, gurasoek euren seme-alabei hurrengoa egiten nola lagundu ahal dieten aztertuko dugu: 1) Jainkoarengan eta Biblian fede sendoa izaten, 2) Bibliako arau moralak estimatzen, eta 3) beraien sinesmenak defendatzen. Gainera, haurrentzat galderak egitea zergatik den ona ikusiko dugu. Eta azkenik, gurasoei beraien sinesmenei buruz euren seme-alabekin hitz egiten lagundu ahal dieten jarduera batzuk ikusiko ditugu.
LAGUNDU SEME-ALABEI JAINKOARENGAN ETA BIBLIAN FEDE SENDOA IZATEN
4. Zer galdera egin ditzakete zure seme-alabek, eta zergatik?
4 Guraso kristauek badakite fedea ez dela herentzian jasotzen den zerbait. Zu ez zinen Jehobarengan fedea izanez jaio, eta zure seme-alaben kasuan ere hala da. Horregatik, denborarekin, zure seme-alabek beharbada hurrengo galderak egin ditzakete: «Nola jakin dezaket Jainkoa existitzen dela? Benetan sinetsi al dezaket Bibliak dioena?». Bibliak «arrazoitzeko gaitasuna» erabiltzera eta «gauza guztiez ziurta[tzera]» animatzen gaitu (Erm. 12:1; 1 Tes. 5:21, NWT). Baina nola lagundu ahal diezu zure seme-alabei euren fedea sendotzen?
5. Nola lagundu ahal diete gurasoek euren seme-alabei Biblian fedea izaten? (Erromatarrei 12:2)
5 Animatu seme-alabak Bibliak dioena egia dela ziurtatzera (Irakurri Erromatarrei 12:2). Zure seme edo alabak galderak egiten dituenean, aprobetxatu aukera hori erantzunak bilaketa tresnetan nola aurkitu ditzakeen erakusteko. JW.ORG webguneko artikulu eta bideoetan, Biblia «Jainkoaren hitz[a]» dela, eta ez gizakiek idatzitako liburu bat besterik ez, sinesteko arrazoiak bilatzera animatu dezakezu (1 Tes. 2:13). Esaterako, «Bibliako irakaspenak» ataleko «Historia eta Biblia» azpiatalean, Ninive hiri asiriarrari buruzko informazioa bilatu dezake. Iraganean, Biblia aditu batzuek Ninive hiria ez zela inoiz existitu esan ohi zuten. Baina 1850. urte inguruan, hiri horren hondakinak aurkitu ziren, Bibliako pasartea zehatza dela frogatuz (Sof. 2:13-15). Bestalde, Ninive hiriko suntsipenak Bibliako profeziak nola bete zituen jakiteko, aldizkari honetako 2021eko azaroko alean, «Ba al zenekien?» artikulua bilatu dezake. Animatu zure seme-alabak gure argitalpenek diotena beste iturri fidagarrirekin konparatzera. Hori egiteak Bibliak dioena egia dela ziurtatzen lagunduko die eta, ondorioz, beraien fedea sendotuko da.
6. Nola lagundu ahal diete gurasoek euren seme-alabei pentsatzeko gaitasuna garatzen? Jarri adibide bat. (Ikusi irudia ere)
6 Lagundu seme-alabei beraien pentsatzeko gaitasuna garatzen. Bilatu seme-alabekin Bibliari eta Jainkoarengan fedea izateari buruz hitz egiteko aukerak. Museo, lorategi edo Beteleko erakusketa bat bisitatzean, gauza horiei buruz hitz egiteko aukera izan dezakezu. Museo bat bisitatzean, aurrez aurre edo modu birtualean, gertakari historiko edo antzinako objektu batek Bibliarekin zer lotura duen erakutsi ahal diezu. Horrela, Biblia zehatza dela ikusiko dute. Adibidez, ba al daki zure seme edo alabak 3.000 urte dituen Moabdar Harrian Jainkoaren izena agertzen dela? Jatorrizko Moabdar Harria Louvre Museoan ikusi daiteke. Gainera, Moabdar Harriaren erreplika bat Jehobaren lekukoen egoitza nagusian —Warwick, New York— dagoen «La Biblia y el nombre divino» a izeneko erakusketan dago. Moabdar Harrian Moabeko Mexa erregea Israelen aurka errebelatu zela agertzen da. Horrek bat egiten du Bibliak dioenarekin (2 Err. 3:4, 5). Zure seme-alabek Bibliak dioena egia eta zehatza dela ikustean, euren fedea sendotuko da (Konparatu 2 Kronikak 9:6).
7, 8. a) Zer ikasi dezakegu naturan dauden diseinu ederretatik? Jarri adibide bat (Ikusi irudia ere) b) Zer galderek lagundu ahal diote zure seme edo alabari Sortzaile bat dagoela sinisten?
7 Animatu seme-alabak naturan pentsatzera. Seme-alabekin parke batera edo baratzean lan egitera bazoaz, naturan behin eta berriz errepikatzen diren formei buruz hitz egin dezakezue. Lagundu iezaiezu oso adimentsua den norbaitek diseinatu behar izan dituela ulertzen. Esaterako, urte askotan zehar, zientzialariek naturako espiral itxura duten formak aztertu dituzte. Nicola Fameli biofisikariak azaltzen duen arabera, naturan agertzen diren espiral batzuen zenbakiak kontatzean, zenbakien patroi bera ikusi daiteke. Horri Fibonacciren segida, edo seriea, deitzen zaio. Natura espiral itxura duten formez beteta dago, esaterako, galaxia batzuen forma, nautilus moluskuaren oskola, landareen hostoek beraien artean osatzen duten forma, edota ekiloreen burua. b
8 Eskolan, zure seme-alabek naturan aurkitu daitezkeen beste forma batzuei buruz ikasiko dute. Adibidez, elur maluta bakoitza forma geometriko batez osatuta dago. Forma geometriko horiei fraktal deitzen zaie. Forma horiek naturako beste gauza batzuetan ere aurkitu daitezke. Baina nor dago naturan ikusten ditugun diseinu eder horien atzean? Zure seme edo alabak Jehobak sortu dituen gauza harrigarrietan sakonki pentsatzen badu, bere fedea sendotu ahalko du (Heb. 3:4). Bestalde, zure seme edo alaba hazten doan heinean, Jainkoaren arauak obeditzea zergatik den garrantzitsua ulertzen lagundu beharko diozu. Horretarako, honakoa galdetu ahal diozu: «Jainkoak sortu bagaitu, ez al da arrazoitsua gu zoriontsu izateko jarraibideak eman dizkigula pentsatzea?». Momentu hori aprobetxatu dezakezu gida baliotsu hori Biblian dagoela azaltzeko.
LAGUNDU SEME-ALABEI BIBLIAKO ARAU MORALAK ESTIMATZEN
9. Zergatik egin ditzakete zure seme-alabek Bibliako arau moralei buruzko galderak?
9 Zure seme edo alabak Bibliako arau moralak zalantzan jartzen baditu, saiatu galdera horiek zergatik egiten dituen ulertzen. Zein da zalantza egitearen benetako arrazoia? Agian ez dago Bibliako arau moralekin ados. Edo, beharbada, besteekin hitz egitean, ez daki bere sinesmenak nola defendatu, besterik ez. Kasua edozein dela ere, Bibliako arau moralak estimatzen lagundu ahal diozu Gozatu bizitzaz betirako! liburua aztertuz. c
10. Nola lagundu ahal diezu zure seme-alabei Jehobarekin duten harremana estimatzen?
10 Lagundu seme-alabei Jehobarekin duten harremana estimatzen. Beraiekin Biblia aztertzen duzun bitartean, nola pentsatzen duten jakiteko, erabili Gozatu bizitzaz betirako! liburuko galderak eta irudiak (Esa. 20:5). Adibidez, 8. ikasgaian, Jehoba lagun on batekin konparatzen da. Lagun on batek egiten duen bezala, Jehobak babesten gaituzten eta gure onerako diren aholkuak ematen dizkigu. 1 Joan 5:3 aztertu ondoren, hurrengo galdera egin dezakezu: «Jehoba hain Lagun ona dela jakinda, nola sentitu beharko ginateke zer egin behar dugun esaten digunean?». Galderak erraza dirudien arren, Jehobak arauak maite gaituelako jartzen dizkigula ulertzen lagunduko die (Is. 48:17, 18).
11. Nola lagundu ahal diezu zure seme-alabei Biblia printzipioak obeditzea zein ona den ulertzen? (Esaera Zaharrak 2:10, 11, NWT)
11 Aztertu nola laguntzen digun Biblia printzipioak praktikan jartzeak. Biblia edo eguneko aipua elkarrekin irakurtzean, aztertu Biblia printzipioek nola lagundu dioten familia osoari. Adibidez, ikusten al dituzte zure seme-alabek langilea eta zintzoa izatearen abantailak? (Heb. 13:18). Bestalde, Biblia printzipioak praktikan jartzeak fisikoki eta emozionalki nola babesten gaituen azpimarratu dezakezu (Esa. 14:29, 30). Zure seme-alabek Biblia printzipioak obeditzea zein ona den ulertzen badute, oraindik gehiago estimatuko dituzte (Irakurri Esaera Zaharrak 2:10, 11, NWT d).
12. Zer egiten dute guraso batzuek bere semeari Biblia printzipioak praktikoak direla ikusten laguntzeko?
12 Steve eta bere emaztea, Frantziako guraso batzuk, bere semeari Jehobaren arauen atzean bere maitasuna dagoela ikusten laguntzen ari dira. Nola egiten dute hori? Steve-k dio: «Honako galderak egiten dizkiogu gure seme Ethan-i: “Zergatik nahi du Jehobak guk printzipio hau obeditzea? Nola erakusten du horrek maite gaituela? Zer gertatuko litzateke printzipio hori praktikan jarriko ez bazenu?”». Horiek bezalako elkarrizketek Jehobaren arauak zuzenak direla sinesten lagundu diote Ethan-i. Steve-k honakoa ere dio: «Gure helburua Ethan-i Bibliaren jakinduria giza jakinduria baino askoz ere hobea dela ikusten laguntzea da».
13. Nola trebatu ahal dituzte gurasoek euren seme-alabak Biblia printzipioak praktikan jarri ditzaten? Jarri adibide bat.
13 Trebatu seme-alabak Biblia printzipioak praktikan jarri ditzaten. Adibidez, zure seme edo alabari eskolan liburu bat irakurtzeko eskatu ahal diote. Liburuan azaltzen diren pertsonaiak, beharbada, moralgabeak edo biolentoak dira. Eta, baliteke, liburua idatzita dagoen moduagatik, gauza horiek gaizki ez daudela ematea. Biblia printzipioak erabiliz, pertsonaia horien ekintzetan pentsatzera animatu dezakezu zure seme edo alaba (Esa. 22:24, 25; 1 Ko. 15:33; Flp. 4:8). Horrela, irakasleak edo gelakideek liburuaren inguruan zer iritzi duen galdetzen badiote, bere sinesmenei buruz hitz egiteko gai izango da.
LAGUNDU SEME-ALABEI BERAIEN SINESMENAK DEFENDATZEN
14. Zer gairekin sentitu daiteke urduri gaztetxo bat, eta zergatik?
14 Batzuetan, gaztetxoek konfiantza falta izan dezakete euren sinesmenak defendatzerako orduan. Adibidez, klasean eboluzioaren teoria aipatzen denean, urduri sentitu daitezke. Zergatik? Batzuetan, irakasleek eboluzioa egia bat bezala irakasten dutelako. Guraso bazara, nola lagundu ahal diozu zure seme edo alabari bere sinesmenetan konfiantza osoa izaten?
15. Zerk lagundu ahal die zure seme-alabei beraien sinesmenetan duten konfiantza sendotzen?
15 Lagundu seme-alabei beraien sinesmenetan duten konfiantza sendotzen. Zure seme-alabek ez dute kreazioan sinesteagatik lotsatu beharrik (2 Tim. 1:8). Zientzialari askok bizia ez dela ustekabean sortua izan ulertu dute. Zientzialari horiek biziaren konplexutasuna ikustean, adimentsua den norbaitek diseinatu behar izan zuela ondorioztatu dute. Horregatik, ez dute eskola askotan irakasten den eboluzioaren teoria onartzen. Bestalde, beste anai-arreba batzuek kreazioan zergatik sinesten duten jakiteak zure seme-alaben fedea sendotu dezake. e
16. Nola lagundu ahal diete gurasoek seme-alabei Sortzaile batengan zergatik sinesten duten azaltzen? (1 Pedro 3:15, 16) (Ikusi irudia ere)
16 Lagundu seme-alabei Sortzaile batengan zergatik sinesten duten azaltzeko gai izaten (Irakurri 1 Pedro 3:15, 16). JW.ORG webguneko kreazioa eta eboluzioari buruzko artikuluak aztertu ditzakezue elkarrekin. Ondoren, zure seme edo alabak besteei Sortzaile bat dagoela azaltzen lagunduko dien arrazoiketaren bat aukeratu dezake. Eta gogorarazi ez duela gelakideekin eztabaidatu behar. Norbaitek horri buruzko elkarrizketa atsegin bat izan nahi badu, arrazoiketa sinple eta logikoak erabiltzera animatu. Esaterako, gelakide batek esan dezake: «Ikusten dudana bakarrik sinesten dut, eta ez dut inoiz Jainkoa ikusi». Gaztetxo kristau batek honela erantzun dezake: «Imajinatu giza arrastorik ez dagoen baso batetik ibiltzen ari zarela eta, bat-batean, etxe polit bat ikusten duzula. Zer pentsatuko zenuke? Etxe hori norbaitek egin behar izango zuen. Beraz, unibertsoa norbaitek sortu duela pentsatzeko arrazoi asko ditugu!».
17. Nola lagundu ahal diete gurasoek seme-alabei Bibliari buruz besteekin hitz egiteko aukerak bilatzen? Jarri adibide bat.
17 Animatu seme-alabak besteei Bibliari buruz hitz egiteko aukerak bilatzera (Erm. 10:10). Besteei Bibliari buruz irakastea musika instrumentu bat jotzearekin konparatu daiteke. Musika ikasten ari denak errazak diren abestiak praktikatzen ditu hasieran. Eta, denborarekin, musika jotzea errazagoa egiten zaio. Era berean, gurasoek euren seme edo alabari, hasiera batean arrazoiketa sinpleak erabiltzen irakatsi ahal diote besteei bere fedeari buruz hitz egitean. Adibidez, honakoa galdetu ahal dio gelakide bati: «Ba al zenekien ingeniariek askotan naturako diseinuak kopiatzen dituztela? Begira zer bideo interesgarria». Diseinatua izan al zen? saileko bideo bat erakutsi ondoren, honakoa esan dezake: «Zientzialari batek naturan dagoeneko existitzen den diseinua kopiatzeagatik meritua jasotzen badu, nork merezi du jatorrizko diseinuen meritua?». Horrelako arrazoiketa sinple baten bidez, gelakidearen interesa piztu eta Jehobari buruz gehiago irakasteko atea irekita utzi dezake.
JARRAITU SEME-ALABEI BERAIEN FEDEA SENDOTZEN LAGUNTZEN
18. Zer egin dezakete gurasoek seme-alaben fedea sendotzen laguntzeko?
18 Jehobarengan federik ez duten pertsonez inguratuta gaude (2 Ped. 3:3). Horregatik, gurasook, zuen seme-alabekin Biblia aztertzen duzuenean, Jehobaren Hitzari eta bere arau moralei dieten errespetua handituko duten gaiak ikertzera animatu. Bestalde, Jehobak sortutako gauza harrigarriak erabiliz, beraien pentsatzeko gaitasuna garatzen lagundu. Horretaz gain, dagoeneko bete diren Biblia profeziak ulertzen ere lagundu. Eta guztiaren gainetik, egin otoitz beraiekin eta beraien alde. Horrela, ziur egon zaitezkete Jehobak zuen seme-alabei euren fedea sendotzen laguntzeko egiten dituzuen ahaleginak sarituko dituela! (2 Kro. 15:7).
sjj 133. KANTA Zerbitzatu Jehoba gaztaroan
a «La Bible et le nom divin»
b Gehiago jakiteko, ikusi Las maravillas de la creación revelan la gloria de Dios: Patrones en la naturaleza (Les merveilles de la création révèlent la gloire de Dieu : Les formes) bideoa, jw.org webgunean.
c Zure seme edo alabak dagoeneko Gozatu bizitzaz betirako! liburua amaitu badu, 3 eta 4 ataletako ikasgai batzuk errepasatu ditzakezue. Bertan, Bibliako arau moralei buruz hitz egiten da.
d Esaera Zaharrak 2:10, 11, NWT: «Zuhurtzia zure bihotzean sartzean eta ezaguera zuretzat atsegina izatera iristean, pentsatzeko gaitasunak zainduko zaitu eta bereizmenak babestuko».
e Ikusi «Por qué creemos que hay un Creador» («Pourquoi nous croyons en un créateur») artikulua ¡Despertad! (Réveillez-vous !) aldizkarian, 2006ko iraileko alean; eta Biziaren jatorria: Aztertzea merezi duten bost galdera liburuxka. Informazio gehiagorako, ikusi Biziaren jatorriari buruzko ikuspuntuak bideo saila, jw.org webgunean.
f IRUDIAREN AZALPENA 18. orrialdea: Lekukoa den gaztetxo batek dronetan interesa duen gelakide bati Diseinatua izan al zen? bideo saileko bideo bat erakusten dio.