Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

49. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 147. KANTA Promestutako betiko bizia

Nola lortu dezakezu betirako bizia?

Nola lortu dezakezu betirako bizia?

«Semea onartu eta berarengan fedea erakusten duen edonork betirako bizia [izango du]» (JOAN 6:40).

IDEIA NAGUSIA

Bai gantzutuek, baita beste ardiek ere Jesu Kristoren sakrifizioari esker bedeinkapenak jasotzen dituzte. Nola?

1. Zergatik pentsatzen dute askok ez dela posible betirako bizitzea?

 PERTSONA asko ondo jaten eta kirola erregularki egiten saiatzen dira osasuntsu egoteko. Hala ere, ez dute betirako bizitzea espero. Izan ere, betirako bizitzea ezinezkoa iruditzen zaie. Jesusek, berriz, Joan 3:16 eta 5:24​an, «betirako bizia» posible dela esan zuen.

2. Zer esaten du Joan 6. kapituluak betirako biziari buruz? (Joan 6:39, 40)

2 Aurreko artikuluan aztertu genuen bezala, behin, Jesusek milaka pertsonari mirari baten bitartez ogiak eta arrainak eman zizkien jateko (Joan 6:5-35). Hori harrigarria izan zen, baina hurrengo egunean esan zuena oraindik harrigarriagoa izan zen. Jendetzak Kapernaumeraino jarraitu zion, Galileako kostaldetik gertu, Jesusek hildakoek berpiztu eta betirako biziaz gozatu ahal zutela esan zien (Irakurri Joan 6:39, 40). Pentsatu heriotzan galdu dituzun lagun eta familiakideengan. Jesusen hitzen arabera, hildako asko berpiztuko dira eta, bai zuk, baita maite dituzunek ere betirako biziaz gozatzeko aukera izango duzue. Hala ere, Jesusek Joan 6. kapituluko hurrengo bertsetetan esan zituen hitzak ulertzeko zailak dira askorentzat. Azter dezagun esan zuena.

3.Joan 6:51​ren arabera, zer azaldu zuen Jesusek bere buruari buruz?

3 Jendetzak Jesusen mirariko ogien eta Jehobak euren arbasoei emandako manaren artean lotura bat ikusi zuen. Izan ere, Biblian manari «zeruko ogi» deitzen zaio (Sal. 105:40; Joan 6:31). Jesusek manari buruz zekitena kontuan hartu zuen garrantzitsua zen zerbait irakasteko. Mana Jainkoak mirariz emandako elikagaia izan arren, jan zutenak denborarekin hil egin ziren (Joan 6:49). Kontrara, Jesusek bera «zeruko benetako ogia», «Jainkoaren ogia» eta «biziaren ogia» zela esan zuen (Joan 6:32, 33, 35). Baina, horretaz gain, bera eta manaren arteko desberdintasun garrantzitsu bat zegoela adierazi zuen: «Ni naiz zerutik jaitsi den ogi bizia. Norbaitek ogi honetatik jaten badu, betirako biziko da» (Irakurri Joan 6:51). Judu haiek nahastuta zeuden. Nola esan zezakeen Jesusek bera zerutik jaitsitako «ogia» zela eta Jainkoak euren arbasoei emandako mana baino hobea zela? Jesusek pista interesgarri bat eman zien ondorengoa esatean: «Emango dudan ogia nire haragia da». Zer esan nahi izan zuen hitz horiekin? Horren esanahia ulertzea oso garrantzitsua da guretzat. Izan ere, guk eta maite ditugunek betirako bizitzeko aukera izan dezakegula erakusten digu. Ikusi dezagun zer esan nahi izan zuen Jesusek.

«OGI BIZIA» ETA «NIRE HARAGIA»

4. Zergatik geratu ziren batzuk aho zabalik Jesusek esan zuenagatik?

4 Jesusek «mundua bizi dadin emango dudan ogia nire haragia da» esan zuenean, batzuk aho zabalik geratu ziren. Pentsatu al zuten Jesusek bere haragia literalki jateko emango ziela? (Joan 6:52). Jesusek ondoren esan zuenak oraindik gehiago harritu zituen: «Gizonaren Semearen haragia jaten ez baduzue eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue zuengan bizirik» (Joan 6:53).

5. Zergatik egon gaitezke ziur Jesusek ez ziola jendeari bere odol literala edateko eskatu?

5 Noeren garaian, Jainkoak gizakiei odola jatea debekatu zien (Has. 9:3, 4). Beranduago, Jehobak Moisesen Legean arau hori errepikatu zuen: odola jaten zuen edonork heriotza zigorra jasoko zuen (Leb. 7:27, NWT). Eta Jesusek lege hori betetzen jarraitu zuen (Mat. 5:17-19). Beraz, ez lieke juduei bere haragi fisikoa jateko edo odol literala edateko inoiz eskatuko. Hitz harrigarri horiekin, Jesus jendeari «betirako bizia» nola lortu irakasten ari zen (Joan 6:54).

6. Nola dakigu Joan 6:53 pasartean Jesus ez zela literalki hitz egiten ari?

6 Orduan, zer esan nahi izan zuen Jesusek? Argi dago konparaketa bat erabili zuela. Lehenago, Samariako emakume batekin hitz egitean ere konparaketa bat erabili zuen: «Baina nik ematen diodan uretik edaten duena, ez da sekula egarri izango; zeren nik emango diodan ura betirako bizia ematen duen iturri bihurtuko da bere barruan» (Joan 4:7, 14). a Jesusek ez zuen esan nahi Samariako emakumeak betirako bizia lortuko zuenik ur literal zehatz batetik edatean. Era berean, Jesusek Kapernaumen zeuden pertsona guzti horiei ez zien esan nahi bere haragi fisikoa janez eta bere odol literala edanez betirako biziko zirenik.

LOTURARIK AL DUTE JESUSEN HITZEK JAUNAREN AFARIAREKIN?

7. Zer diote batzuek Joan 6:53 aipuko Jesusen hitzei buruz?

7 Batzuen arabera, Joan 6:53​an Jesus Jaunaren Afaria oroitzeko egin beharrekoari buruz hitz egiten ari zen. Zergatik pentsatzen dute horrela? Afari horretan, Jesusek antzeko hitzak erabili zituelako (Mat. 26:26-28). Beraien ustez, Jaunaren Afarira doazen guztiek ogia jan eta ardoa edan beharko lukete. Baina zuzena al da ideia hori? Erantzuna aurkitzea garrantzitsua da, urtero ekitaldi horretarako mundu osoko milioika pertsona gurekin elkartzen direlako. Beraz, azter ditzagun Joan 6:53 pasartearen eta Jesusek Jaunaren Afarian esandako hitzen arteko desberdintasun batzuk.

8. Zeintzuk dira Joan 6:53 aipuko eta Jesusek Jaunaren Afarian esandako hitzen arteko desberdintasun batzuk? (Ikusi irudiak ere)

8 Lehenik, non eta noiz aipatu zituen Jesusek Joan 6:53-56 pasartean aurkitzen diren hitzak? Galilean aipatu zituen judu askoren aurrean, K.o. 32. urtean. Jaunaren Afaria, berriz, gutxi gorabehera urtebete beranduago ezarri zuen Jerusalemen. Bigarrenik, nori zuzendu zizkion Jesusek bere hitzak? Jesus entzun zuten Galileako pertsona gehienek euren behar fisikoak asetzeari, eta ez behar espiritualak asetzeari, lehentasuna ematen zioten (Joan 6:26). Izan ere, pertsona horiek Jesusek esan zuen zerbait ulertu ez zutenean, berari jarraitzeari utzi zioten. Bere gertuko dizipulu batzuek ere horixe bera egin zuten (Joan 6:14, 36, 42, 60, 64, 66). Konparatu dezagun gertakari hori Jesusek K.o. 33​an ezarritako Jaunaren Afariarekin. Azken honetan, 11 apostolu leialek Jesusekin jarraitu zuten, nahiz eta bera irakasten ari zitzaiena guztiz ez ulertu. Galileako entzuleak ez bezala, apostoluak ziur zeuden Jesus zerutik jaitsitako Jainkoaren Semea zela (Mat. 16:16). Eta Jesusek honela zoriondu zituen: «Zuek izan zarete nire probetan nire alboan egon zaretenak» (Luk. 22:28). Beraz, bi desberdintasun horiek nahikoak dira Joan 6:53​ko hitzek ez dutela Jaunaren Afariarekin loturarik esateko. Baina desberdintasun gehiago daude.

Joan 6. kapituluan, Jesusek Galilean zegoen jendetzari hitz egiten dio (ezkerrean). Urtebete ondoren, 11 apostolu leialei hitz egiten die Jerusalemen (eskuinean) (Ikusi 8. paragrafoa)


ZER ZERIKUSI DUTE JESUSEN HITZEK GUREKIN?

9. Zer talderi zuzendu zizkion Jesusek bere hitzak Jaunaren Afarian?

9 Jaunaren Afarian Jesusek bere apostoluei legamiarik gabeko ogia eskaini zien, eta bere gorputza irudikatzen zuela aipatu zuen. Ondoren, ardoa pasa zien, eta honek «itunaren odola» irudikatzen zuela esan zuen (Mar. 14:22-25; Luk. 22:20; 1 Ko. 11:24). Hori oso esanguratsua da. Izan ere, itun berria «Jainkoaren Erreinuan» egongo zen «Israel [espiritualarekin]» egin zen, eta ez gizakiekin orokorrean. Apostoluek une horretan ez zuten hori guztiz ulertu (Heb. 8:6, 10; 9:15). Baina, laster, espiritu santuz gantzutuak izango ziren eta Jesusekin batera zeruan egoteko itun berriaren parte izango ziren (Joan 14:2, 3).

10. Zein da Jesusek Jaunaren Afarian eta Galilean esandakoaren arteko beste desberdintasun bat? (Ikusi irudia ere)

10 Jaunaren Afarian, Jesusek esandakoa «artalde txikia[ri]» zuzendu zion. Jesusekin gela hartan zeuden apostolu leialak talde txiki horren lehenengoak izan ziren (Luk. 12:32). Gau hartan, Jesusek ogia jateko eta ardoa edateko eskatu zien apostoluei. Beranduago, talde horren parte izango zirenek Jaunaren Afaria oroitzean, ogia jan eta ardoa edan beharko zuten ere. Talde hori Jesusekin batera zeruan egongo da. Beraz, hauxe da Jaunaren Afarian eta Galilean esandakoaren arteko beste desberdintasun bat: Jesusek Jaunaren Afarian esandakoa talde txiki bati zuzendu zion; Galilean esan zuena, berriz, zehaztu gabeko jendetza bati.

Ogia jan eta ardoa edaten dutenek talde mugatu bat osatzen dute. Baina Jesusengan fedea erakusten duen «edonork» betirako bizia lortu dezake (Ikusi 10. paragrafoa)


11. Nola erakutsi zuen Jesusek Galilean ez zela talde mugatu bati buruz hitz egiten ari?

11 Jesus K.o. 32. urtean Galilean zegoenean, ogi fisikoa nahi zuten juduei hitz egin zien bereziki. Jesusek honako hau ulertzen lagundu nahi zien: janari fisikoa baino garrantzitsuagoa zen zerbait zegoela eta, horri esker, betirako bizia lortu zezaketela. Gainera, hildakoak azken egunean berpiztuko zirela eta betirako biziko zirela esan zien. Momentu hartan, ez zen talde mugatu bati zuzentzen ari, beranduago Jaunaren Afarian egin zuen bezalaxe. Beraz, pertsona guztientzat eskuragarri egongo zen bedeinkapen batean zentratu zen. Izan ere, honakoa esan zuen: «Norbaitek ogi honetatik jaten badu, betirako biziko da. Mundua bizi dadin emango dudan ogia nire haragia da» (Joan 6:51). b

12. Zer egin behar da betirako bizia lortzeko?

12 Esan nahi al zuen Jesusek betirako bizia existitu diren pertsona guztientzat dela? Ez. «Ogi honetatik jaten» dutenentzat bakarrik da, hau da, Jesusengan fedea erakusten dutenentzat. Kristauak direla esaten duten askoren ustez, salbamena lortzeko «[Jesusengan] sinets[i]» behar da, besterik ez. Gainera, Jesus beraien salbatzaile bezala ikusten dute (Joan 6:29, Du). Baina hori baino gehiago behar da. Galilean zeuden askok, hasieran, Jesusengan sinetsi zuten arren, beranduago berari jarraitzeari utzi zioten. Zergatik?

13. Jesusek irakatsi zuenaren arabera, zer egin behar da bere benetako dizipuluak izateko?

13 Pertsona gehienek Jesus pozik jarraitzen zuten berarengandik nahi zutena jasotzen zuten bitartean. Mirariz egindako sendaketak, doako janaria eta beraien gustukoak ziren irakaspenak entzutea interesatzen zitzaizkien, besterik ez. Baina Jesus ez zen lurrera etorri jendearen behar fisikoak asetzera soilik. Benetako dizipuluak izateko zerbait gehiago egin behar zutela irakatsi zien: «nigana etorri» gonbidapenari erantzun behar zioten, berak irakatsitako guztia onartuz eta obedituz (Joan 5:40; 6:44).

14. Zer egin behar dugu Jesusen haragi eta odolari esker bedeinkapenak jasotzeko?

14 Jesusek ondorengoa irakatsi zuen: bere haragia eta odola sakrifikatuz, betirako bizitzeko aukera izango zutela. Egia horretan fedea izan behar zuten; eta baita guk ere (Joan 6:40). Hala da, Joan 6:53​ak esaten duenaren arabera, erreskatean fedea erakutsi behar dugu Jesusen haragi eta odolari esker bedeinkapenak jasotzeko. Eta aukera hori jendetza handi batentzat dago eskuragarri (Efe. 1:7).

15, 16. Zer ideia garrantzitsu ikasi ditugu Joan 6. kapituluari esker?

15 Joan 6. kapituluko pasartea oso baliotsua da guretzat, baita maite ditugunontzat ere. Jesus jendeaz asko arduratzen dela erakusten digu. Galilean egon zen bitartean, gaixoak sendatu, Erreinuari buruz hitz egin eta jendearen oinarrizko behar fisikoak asetu zituen (Luk. 9:11; Joan 6:2, 11, 12). Are gehiago, «biziaren ogia» bera dela irakatsi zuen (Joan 6:35, 48).

16 «Beste ardi[en]» taldearen parte direnek Jaunaren Afarian ez lukete ogia jan, ezta ardoa edan behar ere (Joan 10:16). Hala ere, Jesu Kristoren haragia eta odolari esker, bedeinkapenak jasotzen dituzte erreskatean fedea erakusten dutelako (Joan 6:53). Bestalde, ogia jaten eta ardoa edaten dutenak itun berriaren partaide dira eta Jainkoaren Erreinuan errege izango dira. Beraz, gantzutuen edo beste ardien taldearen parte garen axola gabe, Joan 6. kapituluko pasartea oso esanguratsua da guztiontzat. Izan ere, betirako bizia lortu dezagun, erreskatean fede sendoa izan behar dugula irakasten digu.

sjj 150. KANTA Jehoba da gure salbatzailea

a Jesusek aipatu zuen urak betirako bizia lortu dezagun Jehobak egin duena, eta egiten ari dena, irudikatzen du.

b Joan 6. kapituluak erabiltzen dituen «edonork» eta «norbaitek» hitzak betirako bizia lortu dezakeenari buruz hitz egiteko erabiltzen dira (Joan 6:35, 40, 47, 54, 56-58).