48. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 97. KANTA Jainkoaren Hitzak bizia dakar
Zer ikasten dugu ogien miraritik?
«Ni naiz biziaren ogia. Nigana etortzen dena ez da sekula berriro gose izango» (JOAN 6:35).
IDEIA NAGUSIA
Joan 6. kapituluan, milaka pertsonari jaten emateko, Jesusek ogi eta arrain gutxi batzuk biderkatu zituela irakurtzen dugu. Zer ikasi dezakegu pasarte horretatik?
1. Zenbateko garrantzia zuen ogiak Biblia garaian?
OGIA, askorentzat, oinarrizko elikagaia zen Biblia garaian (Has. 14:18; Luk. 4:4). Izan ere, hain garrantzitsua zenez, Biblian orokorrean janariari buruz hitz egiteko «ogia» hitza erabiltzen da (Mat. 6:11; Eg. 20:7 a). Gainera, ogia Jesusen bi mirari ezagunetako elementu nagusia izan zen (Mat. 16:9, 10). Mirari horietako bat Joan 6. kapituluan aurkitu dezakegu. Gaur egun praktikan jarri ditzakegun zer ikasgai topatu ditzakegu pasarte horretan?
2. Zein egoeratan behar izan zuten janaria milaka pertsonek?
2 Jesusen apostoluak predikatzen aritu ondoren, Jesusek Galileako Itsasoan zehar txalupaz eraman zituen atseden hartu zezaten (Mar. 6:7, 30-32; Luk. 9:10). Betsaidako toki bakarti batera iritsi ziren. Baina, bertara iritsi zirenerako, milaka pertsona dagoeneko hantxe zeuden, eta inguratu egin zituzten. Jesusek, pertsona horiek ignoratu beharrean, Erreinuari buruz irakasteko eta gaixoak sendatzeko denbora hartu zuen. Berandu egiten ari zenez, dizipuluak jende guzti horrek jango zuenagatik kezkatuta zeuden. Agian batzuek janari pixka bat izango zuten, baina gehienek herrietara joan beharko zuten janaria erostera (Mat. 14:15; Joan 6:4, 5). Hori ikusita, zer egingo ote zuen Jesusek?
OGIEN MIRARIA
3. Zer eskatu zien Jesusek bere apostoluei egiteko jendearen alde? (Ikusi irudia ere)
3 Jesusek honakoa esan zien bere apostoluei: «Ez dute joan beharrik. Eman zuek jateko zerbait» (Mat. 14:16). Baina horrek ezinezkoa zirudien, 5.000 gizon inguru zeudelako. Are gehiago, emakumeak eta haurrak zenbatuz, guztira 15.000 pertsona inguru egongo ziren (Mat. 14:21). Andresek esan zuen: «Badago hemen mutikotxo bat bost garagar ogi eta bi arrain txiki dituena. Baina zer da hori horrenbeste jenderentzat?» (Joan 6:9). Garagar ogia ohiko janaria zen, eta arrain txikiak, beharbada, lehortutako arrain gazituak izango ziren. Hala ere, mutikotxoak zuen janaria ez zen nahikoa izango horrenbeste jenderentzat.
4. Zer ikasi dezakegu Joan 6:11-13 pasartetik? (Ikusi irudiak ere)
4 Jesusek jendetzari hospitalitatea erakutsi nahian, belarrean taldeka esertzeko eskatu zien (Mar. 6:39, 40; irakurri Joan 6:11-13). Ondoren, Jesusek ogiengatik eta arrainengatik bere Aitari eskerrak eman zizkion. Hori egitea guztiz egokia zen, Jainkoa baita janari guztiaren iturria. Zer gogorarazten digu horrek? Jesusen eredua jarraituz, otorduen aurretik otoitz egin behar dugula, bakarrik edo jendearekin gauden axola gabe. Bestalde, janaria banatu ondoren, jendeak bapo eginda gelditu arte jan zuen. Jesusek soberan geratutakoa ziren zatiak biltzeko eskatu zuen, janaria alferrik ez galtzeko eta, agian, beranduago erabiltzeko. Horrela, Jesusek gure baliabideak zentzuz erabiltzeko eredua jarri zigun. Aita edo ama bazara, zergatik ez duzu pasarte hori zure seme-alabekin berrikusten? Otoitza, hospitalitatea eta eskuzabaltasunari buruz ikasi daitekeena aztertu dezakezue.
5. Nola erantzun zion jendeak Jesusek egindakoari, eta zer egin zuen Jesusek?
5 Jendea harrituta zegoen Jesusen irakasteko moduagatik eta egin zituen mirariengatik. Beraiek bazekiten, Moisesek promestu zuenaren arabera, Jainkoak profeta berezi bat izendatuko zuela. Beraz, pentsatu zezaketen: «Jesus izango ote da profeta hori?» (Deu. 18:15-18). Hala izango balitz, aparteko agintaria izango litzateke, herri osoari janaria emateko gai izango zena! Horregatik, jendetzak Jesus «indarrez eramateko eta errege izendatzeko» asmoa zuen (Joan 6:14, 15). Jesusek hori gertatzen utzi izan balu, erromatarren agindupean zegoen judutarren politikan parte hartzen ariko zen. Baina ez zuen hori egin. Horren ordez, Jesusek «mendira alde egin zuen». Beraz, besteen presioa jasan arren, ez zen politika kontuetan nahastu. A zer eredua guretzat!
6. Nola imitatu dezakegu Jesusen eredua? (Ikusi irudia ere)
6 Noski, besteek ez digute eskatuko mirarien bitartez ogia biderkatzea, gaixoak sendatzea edota euren errege izatea. Baina politikan parte hartzeko presionatu gaitzakete, beraien ustez gauzak hobetu ditzakeen norbaiti botoa emateko edota pertsona horren alde jartzeko esanez. Hala ere, Jesusen eredutik ateratzen dugun irakaspena argia da. Berak politika kontuetan nahasteari uko egin zion eta, beranduago, ondorengoa esan zuen: «Nire Erreinua ez da mundu honen parte» (Joan 17:14; 18:36). Gaur egun, kristauok Jesusen pentsaera eta jokabidea imitatu behar ditugu. Jesusen antzera, Erreinuaren alde jartzen gara, predikatuz eta otoitzean Erreinu hori etortzeko eskatuz (Mat. 6:10). Itzuli gaitezen Jesusen mirarira eta azter dezagun zer gehiago ikasi dezakegun.
«OGIEN MIRARIAREN ESANAHIA»
7. Zer egin zuen Jesusek, nola erantzun zuten apostoluek, baina zer ez zuten ulertu? (Joan 6:16-20)
7 Jendetzari jaten eman ondoren, Jesus mendirantz joan zen errege egin nahi zuten pertsonengandik urruntzeko. Apostoluak, berriz, txalupaz Kapernaumerantz abiatu ziren (Irakurri Joan 6:16-20). Itsasoan zeudela, ekaitz bortitza altxatu zen, haize gogor eta olatu zakarrekin. Orduan, Jesus apostoluengana hurbildu zen itsaso gainean ibiltzen, eta Pedrori ere itsaso gainean ibiltzeko esan zion (Mat. 14:22-31). Jesus txalupara igo zenean, haizea baretu egin zen. Harriturik, dizipuluek esan zioten: «Jainkoaren Semea zara benetan» (Mat. 14:33). b Hala ere, ez zuten mirari horren eta ogiaren mirariaren arteko lotura ulertu. Markosek beste hau ere esan zuen: «[Apostoluak] zeharo txundituta geratu ziren, ez baitzuten oraindik ogien mirariaren esanahia harrapatu, eta bihotza itxita zutenez, ez ziren ulertzeko gai» (Mar. 6:50-52). Hala da, ez zuten ulertu Jehobak Jesusi mirariak egiteko eman zion boterea noraino iritsi zitekeen. Handik gutxira, Jesusek ogiaren mirariari buruz berriz hitz egin zuen eta beste zerbait irakatsi zigun.
8, 9. Zergatik joan zen jendetza Jesusen atzetik? (Joan 6:26, 27)
8 Jesusek elikatu zuen jendetza bere behar eta desio fisikoetan zentratuta zegoen. Zergatik diogu hori? Hurrengo egunean, Jesus eta apostoluak joan egin zirela ikusi zuten. Orduan, Tiberiadesetik zetozen txalupa batzuetara igo eta Kapernaumerantz abiatu ziren Jesus bilatzeko asmoz (Joan 6:22-24). Erreinuari buruz gehiago ikasteko egin al zuten hori? Ez horixe! Euren behar fisikoan pentsatzen zuten bereziki. Nola dakigu hori?
9 Ikus dezagun zer gertatu zen jendetzak Jesus Kapernaumetik gertu topatu zuenean. Jesusek beraien lehentasuna behar fisikoa asetzea zela argi adierazi zuen. «Hondatzen den» janaritik, hau da, «ogietatik jan eta bapo eginda geratu» zirela esan zuen. Horregatik, Jesusek «irauten duen eta betirako bizira eramaten duen» janariarengatik ahalegintzera animatu zituen (Irakurri Joan 6:26, 27). Janari horri esker, betirako bizia jaso zezaketela ikastea harrigarria izango zen beraientzat. Baina zer janarik egin zezakeen hori, eta nola lortu zezaketen?
10. Zer egin behar zuen jendeak «betirako bizia» lortzeko?
10 Ematen duenez, juduek janari hori lortzeko zer egin behar zuten jakin nahi zuten. Agian, Moisesen Legeko «ekintz[etan]» pentsatzen arituko ziren. Edozein kasutan, Jesusek esan zien: «Hau da Jainkoak onartzen duen ekintza: berak bidali duenarengan zuek fedea erakustea» (Joan 6:28, 29). «Betirako bizia» lortzeko Jainkoaren ordezkariarengan fedea erakustea beharrezkoa da. Izan ere, Jesusek aurretik horri buruz hitz egin zuen (Joan 3:16-18, 36). Betirako bizia izateko moduari buruz geroago ere hitz egingo zuen (Joan 17:3).
11. Nola erakutsi zuten juduek beraien ardura bakarra ogiz asetzea zela? (Salmoak 78:24, 25)
11 Judu haiek ez zuten uste Jesusengan fedea erakutsi behar zutenik. Galdetu zioten: «Zer mirari egingo duzu guk ikusteko eta sinesteko?» (Joan 6:30). Orduan, judu haiek beraien arbasoek Moisesen garaian ogiaren antzekoa zen mana jaso zutela esan zioten Jesusi (Neh. 9:15; irakurri 78. Salmoa 24, 25). Argi dago beraien ardura bakarra ogi literalez asetzea zela. Jesusek «zeruko benetako ogia[ri]» buruz hitz egin zienean, ez zioten horri buruzko galderarik egin, nahiz eta ogi horrek, manak ez bezala, betirako bizitzeko aukera emango zien (Joan 6:32). Euren behar fisikoetan oso zentraturik zeudenez, Jesus beraiekin partekatzen saiatzen ari zen egia espiritualak baztertu zituzten. Zer ikasten dugu pasarte horretatik?
ZEIN IZAN BEHARKO LITZATEKE GURE LEHENTASUNA?
12. Nola erakutsi zuen Jesusek zer den garrantzitsuena?
12 Joan 6. kapituluan irakaspen garrantzitsu bat aurkitzen dugu: gure lehentasuna behar espirituala asetzea izan behar dela. Jesusek hori erakutsi zuen Satanasen tentaldia baztertzean (Mat. 4:3, 4). Mendiko Hitzaldian, gauza bera adierazi zuen behar espiritualaz konturatu behar garela esanez (Mat. 5:3). Ondorioz, ondorengoan hausnartu dezakegu: «Erakusten al dut nire bizimoduarekin behar espiritualak behar fisikoak baino garrantzitsuagoak direla?».
13. a) Zergatik ez dago gaizki janariaz disfrutatzea? b) Zertaz ohartarazi zigun Paulok? (1 Korintoarrei 10:6, 7, 11, NWT)
13 Behar fisikoengatik otoitz egitea egokia da, baita gauza horietaz disfrutatzea ere (Luk. 11:3). Izan ere, Bibliak «jatea, edatea eta […] lanaren fruituaz gozatzea» ona dela dio, gauza horiek «Jainkoaren eskutik dato[z]» eta (Ekl. [Koh.] 2:24; 8:15; St. 1:17). Baina adi egon behar dugu gauza materialei garrantzi gehiegirik ez emateko. Paulo apostoluak horretaz ohartarazi zien bere garaiko kristauei. Iraganeko Israelen bizipenak aipatu zituen, Sinai menditik gertu gertatutakoa barne, eta hurrengo abisua eman zien kristauei: «Gauza kaltegarririk desio ez dezagun, [israeldarrek] egin zuten bezala» (Irakurri 1 Korintoarrei 10:6, 7, 11, NWT c). Jehobak mirari baten bitartez israeldarrei janaria eman zien. Baina janariarengatik sentitzen zuten desioaren ondorioz, mirari hori «gauza kaltegarri» bihurtu zuten (Zen. 11:4-6, 31-34). Urrezko zekorra adoratzean, israeldarrek ondorengoa erakutsi zuten: janariari, edariari eta ondo pasatzeari, Jehoba obeditzeari baino garrantzi handiagoa ematen ziotela (Irt. 32:4-6). Paulok bizipen hori erabili zuen K.o. 70ean Jerusalem eta tenpluak suntsituak izango ziren garaiko kristauei ohartarazteko. Sistema horren amaieratik gertu gaudenez, Pauloren abisuari arreta jarri beharko genioke.
14. Zer dio Bibliak mundu berriko janariari buruz?
14 Jesusek «gaurko behar dugun ogia» aipatzean, Jainkoaren nahia «zeruan bezala, lurrean ere» egingo zen uneari buruz ari zen (Mat. 6:9-11). Zer etortzen zaizu burura garai horretan pentsatzean? Bibliaren arabera, Jainkoaren nahia janari ugari egotea ere da. Isaias 25:6-8 pasarteak dioenez, Jehobaren Erreinupean janari goxo ugariz disfrutatuko dugu. Gainera, 72. Salmoa 16ak aurresaten du: «Izan bedi gari ugari lurraldean, mendi gainetan kulunkan». Ba al duzu gari hori erabiltzeko gogorik? Adibidez, gehien gustatzen zaizun ogia prestatzeko edota errezeta berriak probatzeko? Horretaz gain, landatutako mahastien fruituez gozatu ahal izango duzu (Is. 65:21, 22). Eta gauza zoragarri horietaz besteekin batera gozatuko duzu.
15. Zer ikasi beharko dute berpiztuek? (Joan 6:35)
15 Irakurri Joan 6:35. Zer gertatuko da Jesusek emandako ogia eta arrainak jan zituztenekin? Nahiz eta horietako askok Jesusengan fedea ez erakutsi, agian, berpiztuko dira (Joan 5:28, 29). Pertsona horiek Jesusen ondorengo hitzen esanahia ikasi beharko dute: «Ni naiz biziaren ogia. Nigana etortzen dena ez da sekula berriro gose izango». Jesusen sakrifizioan fedea izan beharko dute, hau da, Jesusek beraien alde bizia eman zuela sinetsi beharko dute. Horretarako, garai horretan berpiztuko direnentzat eta bertan jaio ahal izango diren haurrentzat antolatutako hezkuntza espirituala prestatuko da. Zer pozgarria izango den hezkuntza programa horretan parte hartzea! Besteei Jehobaren lagunak izaten laguntzea ogi literala jatea baino askoz ere atseginagoa izango da.
16. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?
16 Artikulu honetan, Joan 6. kapituluko zati bat aztertu dugu. Baina Jesusek «betirako bizia[ri]» buruz oraindik gehiago zuen irakasteko. Jesusen garaiko juduek berari arreta handiz entzuteko beharra zuten bezala, guk ere arreta handiz entzun behar diogu. Hurrengo artikuluan, Joan 6. kapitulua aztertzen jarraituko dugu.
sjj 20. KANTA Seme maitea eman duzu
a Ikusi Traducción del Nuevo Mundo (Traduction du monde nouveau) itzulpeneko bertset horren ikasketarako oharra.
b Pasarte interesgarri horri buruz gehiago jakiteko, ikusi Jesús: el camino, la verdad y la vida (Jésus : le chemin, la vérité, la vie) liburua, 131. or.; eta Ejemplos de fe (Imitez leur foi) liburua, 185. or..
c 1 Korintoarrei 10:6, 7, 11, NWT: «Gertatu ziren gauza horiek gure ikasbiderako dira, gauza kaltegarririk desio ez dezagun, beraiek egin zuten bezala. Ez gaitezela ezta ere idolatrak bihurtu haietako batzuk bihurtu ziren bezala, idatzita dagoen bezalaxe: “Herria jateko eta edateko eseri zen, eta gero ondo pasatzeko altxatu ziren”. […] Gertatu zitzaizkien gauza horiek ikasbiderako dira, eta guretzat abisu bezala idatziak izan ziren, sistemen amaiera iritsi zaigunontzat».