Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

51. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 3. KANTA Gure indar, itxaropen eta konfiantza

Zure malkoak oso baliotsuak dira Jehobarentzat

Zure malkoak oso baliotsuak dira Jehobarentzat

«Bildu nire malkoak zure zahagian. Ez al daude zure liburuan idatzita?» (SAL. 56:8, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Zein zailtasun ditugun axola gabe, Jehobak badaki nola sentitzen garen. Gainera, behar dugun kontsolamendua ematen digu.

1, 2. Zergatik egiten dugu negar?

 GUZTIOK egin dugu negar noizbait. Batzuetan, pozik gaudenean edo zerbait garrantzitsua gertatu denean egiten dugu negar, adibidez, gure haurtxoa jaiotzean, oroitzapen polit bat gogoratzean edo urte askotan ikusi ez dugun lagun maite batekin berriro elkartzean.

2 Baina, tamalez, askotan triste gaudelako edo sufritzen ari garelako egiten dugu negar, esaterako, norbaitek dezepzionatu gaituenean, gaixotasun bat sufritzen ari garenean edo maite dugun norbait heriotzean galdu dugunean. Horrelako egoeratan, Jeremias profeta bezala sentitu gaitezke. Berak honakoa esan zuen Babiloniak Jerusalem suntsitu zuenean: «Malko-errekak darizkie nire begiei […]. Begien jarioa ez zait agortzen, ez baitugu atsedenik» (Neg. 3:48, 49).

3. Nola sentitzen da Jehoba bere zerbitzariak sufritzen ikustean? (Isaias 63:9, NWT)

3 Jehobak bizitzan sufritutako egoeren erruz bota ditugun malko guztiak ezagutzen ditu. Bibliak ziurtatzen digun moduan, gure sufrimendu guztiez konturatzen da, eta laguntza eske berarengana jotzen dugunean entzuten digu (Sal. 34:16 [34:15, NWT]). Baina Jehobak ikusi eta entzun baino gehiago egiten du. Aita maitekor baten antzera, bere haurtxoa negarrez ari dela ikustean, zeharo hunkitzen da eta laguntzeko irrikan dago (Irakurri Isaias 63:9, NWT a).

4. Zer Biblia eredu aztertuko ditugu, eta zer ikasiko dugu Jehobari buruz?

4 Bere Hitzean, Jehoba bere zerbitzariak negar egin zutenean nola sentitu zen azaltzen da, baita nola lagundu zituen ere. Artikulu honetan, Ana, Dabid eta Ezekias erregearen ereduak aztertuko ditugu. Zergatik egin zuten negar? Zer egin zuen Jehobak beraiei laguntzeko? Eta nola lagundu ahal digute beraien ereduak tristura, traizio edo etsipenarengatik malkoak isurtzen ditugunean?

TRISTURAREN ERAGINEZ ISURITAKO MALKOAK

5. Nola sentitu zen Ana?

5 Anak arazo asko izan zituenez, tristurak jota negar malko asko isuri zituen. Bere senarrak beste emazte bat zuen, Penina izenekoa. Emakume horrek Ana gorroto zuen. Hori gutxi balitz, Anak ez zituen seme-alabarik; Peninak, aldiz, hainbat (1 Sam. 1:1, 2). Horregatik, Peninak burla egiten zion Anari. Nola sentituko zinateke horrelako egoera batean? Ana oso-oso triste zegoen, «jan ere ez zuen egiten» eta «oso nahigabetu[ta]» sentitzera iritsi zen (1 Sam. 1:6, 7, 10).

6. Zer egin zuen Anak hobeto sentitzeko?

6 Zer egin zuen Anak hobeto sentitzeko? Lagundu zion gauzetako bat tabernakulura, egiazko adorazioaren erdigunera, joatea izan zen. Bertan, ziurrenik tabernakuluko atariko sarreratik gertu, «negar-malkotan otoitz egin zion Jaunari», ondorengoa erregutuz: «Begira zeure mirabe honen atsekabeari. Oroit zaitez nitaz» (1 Sam. 1:10b, 11). Anak bere bihotza zabaldu zion Jehobari otoitzean. Zein hunkituta sentituko zen Jehoba bere alaba kuttunaren negar malkoak ikustean!

7. Nola sentitu zen Ana Jehobari bere bihotza zabaldu ondoren?

7 Anak bere bihotza Jehobari zabaldu ondoren, Eli apaiz nagusiak Jehobak bere otoitza erantzungo ziola ziurtatu zion. Nola sentitu zen Ana horren ondoren? Pasarteak honela dio: «Joan zen emakumea bere bidetik, eta jan zuen; haren begitarteak ez zirudien lehengoa» (1 Sam. 1:17, 18). Egoera mingarri hori oraindik aldatu ez zen arren, Ana lasai geratu zen, bere zama emozionala Jehobaren gain utzi baitzuen. Jainkoak bere tristura ikusi, bere negarra entzun eta, beranduago, seme bat izateko ohorea eman zion (1 Sam. 1:19, 20; 2:21).

8, 9.Hebrearrei 10:24, 25 aipuaren arabera, zergatik ahalegindu beharko ginateke bileretara joaten? (Ikusi irudia ere)

8 Zer ikasten dugu? Egoera zail bat sufritzen ari al zara, eta sentitzen duzun tristurarengatik malko ugari isuri al dituzu? Beharbada, senide edo lagun maite bat galdu duzu heriotzan. Momentu horietan, normala da bakarrik egon nahi izatea. Anak kontsolamendua eta animoa tabernakulura joatean jaso zituen. Antzera, zuk ere, hain ondo ez sentitu arren, bileretara joatean kontsolamendua jaso dezakezu (Irakurri Hebrearrei 10:24, 25). Bileretan Bibliako pasarte kontsolagarriak entzuten ditugunean, Jehobak gure pentsamendu negatiboak positiboekin ordezkatzen lagundu ahal digu. Horrek gure emozioak kontrolatzen lagundu gaitzake, nahiz eta gure egoera segituan ez aldatu.

9 Bileretan, anai-arrebek kontsolamendua eta maitasuna erakusten digute. Beraiekin gaudenean hobeto sentitzen gara (1 Tes. 5:11, 14). Ikus dezagun heriotzan emaztea galdu zuen aitzindari berezi baten bizipena. Berak dio: «Oraindik negar malkoak botatzen ditut. Batzuetan, bazter batean eseri eta negarrari ematen diot. Baina bilerak oso kontsolagarriak izan dira niretzat. Anai-arreben hitz goxoek bihotzez animatu naute. Bileretara joan aurretik larrituta edo kezkatuta sentitu arren, bertan hobeto sentitzen naiz beti». Hala da, bileretan gaudenean, Jehobak anai-arrebak erabili ditzake guri laguntzeko.

Anai-arrebek kontsolatu gaitzakete (Ikusi 8 eta 9 paragrafoak)


10. Nola jarraitu dezakegu Anaren eredua lur jota gaudenean?

10 Anak, bere bihotza zabalduz, Jehobari nola sentitzen zen azaltzean, kontsolamendua jaso zuen. Zuk ere Jehobari zure «kezka guztiak» utzi ahal dizkiozu, eta ziur egon zaitezke berak entzungo dizula (1 Ped. 5:7). Ikus dezagun hori hala dela erakusten duen bizipen bat. Arreba baten senarra lapur batzuen esku hil egin zen. Arrebak dio: «Nire bihotza txiki-txiki eginda nuen eta ez nintzela berriro pozik sentituko uste nuen. Baina nire Aita maitekorrari otoitz egiten nion bakoitzean, kontsolamendua jasotzen nuen. Batzuetan, ezin nuen hitz egokirik topatu, baina berak ulertzen ninduen. Lur jota eta larrituta sentitzen nintzenean, otoitz egiten nion bakea eskatuz. Orduan, segituan lasaiago sentitzen nintzen eta aurrera jarraitu ahal izaten nuen». Zuk ere, Jehobari zure kezkak kontatzen dizkiozunean, tristurarengatik isurtzen dituzun malkoek erabat hunkitzen dute. Gainera, bihotzean sentitzen duzun mina ulertzen du. Eta zure arazoak hortxe jarraitu arren, Jehobak zu kontsolatu eta lasaiago sentitzen lagundu ahal dizu (Sal. 94:19, NWT; Flp. 4:6, 7). Gainera, ez ahaztu irauteagatik sarituko zaituela (Heb. 11:6).

TRAIZIOAREN ERAGINEZ ISURITAKO MALKOAK

11. Nola sentitu zen Dabid bizitako egoera zail askoren aurrean?

11 Dabidek bizitzan zehar izan zituen egoera zailek momentu askotan negar egitera eraman zuten. Askok Dabid gorrotatzen zuten. Hori gutxi balitz, senide eta lagunen traizioa ere sufritu zuen (1 Sam. 19:10, 11; 2 Sam. 15:10-14, 30). Egoera zail baten aurrean, hurrengoa idatzi zuen: «Hasperenka aritzearen eraginez leher eginda nago; gau osoa malkoz bustitzen dut ohea; nire negarrak blai eginda uzten du etzalekua». Zergatik sentitu zen Dabid horrela? Berak esan zuen moduan, «erasotzen nauenen erruz» (Sal. 6:6, 7, NWT). Besteen ekintza mingarriek izugarrizko mina eragin zioten eta, ondorioz, ezin izan zion negarrari eutsi.

12. 56. Salmoa 8 (NWT) aipuaren arabera, zertaz zegoen ziur Dabid?

12 Egoera zailak sufritu arren, Dabid ziur zegoen Jehobak maite zuela. Honakoa idatzi zuen: «Entzun baitu Jaunak nire zotina» (Sal. 6:9 [6:8, NWT]). Beste batean, 56. Salmoa 8 (NWT b) aipuan irakurtzen ditugun hitz poetikoak idatzi zituen (Irakurri). Hitz horiek argi uzten digute Jehobak asko maite gaituela eta nola sentitzen garen inporta zaiola. Dabid Jehoba bere malkoak zahagi batean biltzen edo horiei buruz liburu batean idazten ariko balitz bezala sentitzen zen. Ziur zegoen Jehoba bere arazoez konturatzeaz gain, horien erruz nola sentitzen zen ere ikusten zuela.

13. Zer ez dugu inoiz ahaztu behar norbaitek dezepzionatu edo traizionatu bagaitu? (Ikusi irudia ere)

13 Zer ikasten dugu? Bihotza hautsita al duzu maite duzun norbaitek dezepzionatu edo traizionatu zaituelako? Beharbada zure ezkongai edo ezkontideak bat-batean utzi zaitu, edo maite duzun norbaitek Jehoba zerbitzatzeari utzi dio. Ikus dezagun anaia baten bizipena. Emazteak adulterio egin eta bera abandonatu zuen. Anaiak dio: «Ezin nuen sinetsi, shock-ean geratu nintzen. Aldi berean baliogabe, triste eta haserre sentitzen nintzen». Traizionatuta edo dezepzionatuta sentitzen bazara, gogoan izan Jehobak ez zaituela sekula bertan behera utziko. Anaia horrek hurrengoa ere dio: «Honetaz konturatu nintzen: Giza harremanek huts egin ahal duten arren, Jehoba gure Harkaitza da. Zer gertatzen den axola gabe, bera beti hortxe egongo da gure alboan. Bere leialak ez ditu inoiz utziko» (Sal. 37:28). Gainera, gogoratu Jehobak beste inork baino gehiago maite gaituela. Egia da maite duzun norbaitek traizionatzen zaituenean min handia sentitzen duzula. Baina horrek ez du Jehobak zugandik sentitzen duena aldatzen. Berarentzat oso baliotsua zara (Erm. 8:38, 39). Beraz, ez ahaztu hurrengoa: Norbaitek zurekin nola jokatu duen axola gabe, zure zeruko Aitak asko maite zaitu.

Salmoek Jehoba bihotz hautsiengandik hurbil dagoela ziurtatzen digute (Ikusi 13. paragrafoa)


14. Zer ziurtatzen digu 34. Salmoa 19 (34:18, NWT) aipuak?

14 Norbaitek traizionatu bagaitu, 34. Salmoa 19 (34:18, NWT) aipuan aurkitzen ditugun Dabiden hitzak oso kontsolagarriak izan daitezke (Irakurri). Erreferentzia liburu baten arabera, «etsita» daudenak «ezer onik espero ez dutenak» bezala itzuli daiteke. c Nola laguntzen die Jehobak horrela sentitzen direnei? Aita maitekor batek larrituta sentitzen den bere haurtxoa besoetan hartu eta kontsolatzen duen bezalaxe, Jehoba guregandik «hurbil dago», gu kontsolatzeko eta laguntzeko beti prest. Bera bihotz hautsiak kontsolatzeko eta lasaitzeko irrikan dago. Gainera, gure zailtasunen aurrean irauteko behar ditugun laguntzak ematen dizkigu (Is. 65:17).

ETSIPENAREN ERAGINEZ ISURITAKO MALKOAK

15. Zergatik geratu zen lur jota Ezekias?

15 39 urterekin, Judako Ezekias erregeak gaixotasun terminal bat zuela jakin zuen. Isaias profetak Jehobaren mezua eman zion Ezekiasi, hilko zela esanez (2 Err. 20:1). Beraz, Ezekiasek itxaropenik ez zuela ematen zuen. Berri hori jaso ondoren, erregea lur jota geratu zen eta Jehobari laguntza erregutu zion (2 Err. 20:2, 3).

16. Zer egin zuen Jehobak Ezekiasen alde?

16 Ezekiasek malkotan egindako erreguak asko hunkitu zuen Jehoba, eta goxotasunez honakoa esan zion erregeari: «Aditu dut zure eskaria eta ikusi ditut zure malkoak. Sendatu egingo zaitut». Isaiasen bidez, Jehobak, errukia erakutsiz, bere bizia luzatuko zuela eta Jerusalem asiriarren eskuetatik salbatuko zuela promestu zion (2 Err. 20:4-6).

17. Nola eusten digu Jehobak gaixotasun larri bati aurre egiten ari garenean? (41. Salmoa 3, NWT) (Ikusi irudia ere)

17 Zer ikasten dugu? Zer egin dezakezu itxuran konponbiderik ez duen gaixotasun bat baduzu? Jehobarengana jo dezakezu otoitzean, malkotan bada ere. Bibliak dioen moduan, «Aita errukitsu eta kontsolamendu ororen iturri den Jainkoa[k]» gure zailtasun guztietan kontsolatuko gaitu (2 Ko. 1:3, 4). Noski, ez dugu Jehobak gure arazo guztiak orain ezabatzerik espero, baina berak eutsiko digun ziurtasuna izan dezakegu (Irakurri 41. Salmoa 3, NWT d). Bere espiritu santuaren bidez, Jehobak gure egoerari aurre egiteko indarra, jakinduria eta barne bakea emango dizkigu (Esa. 18:14; Flp. 4:13, NWT). Gainera, Jehobak etorkizunean gaixotasun guztiak kenduko dituela promestu digu. Promes horrek ere asko kontsolatzen gaitu (Is. 33:24, NWT).

Jehobak indarra, jakinduria eta barne bakea emanez erantzuten ditu gure otoitzak (Ikusi 17. paragrafoa)


 18. Zer aipuk kontsolatu zaitu oso egoera larri bat sufritzean? (Ikusi « Gure malkoak lehortzen dituzten hitz lasaigarriak» taula ere)

18 Ezekiasek Jehobaren kontsolamendua jaso zuen moduan, guk ere bere Hitzean kontsolamendua aurkitu dezakegu. Jehobak, egoera zailen aurrean animatu ahal gaituzten hitz lasaigarriak gorde ditu bertan (Erm. 15:4). Afrika Mendebaldeko arreba batek minbizia zuela jakin zuenean, sarritan egiten zuen negar. Berak dio: «Bereziki kontsolatzen nauen aipu bat Isaias 26:3 (NWT) da. Gutxitan izaten dugu gure arazoen kontrola. Baina aipu horrek Jehobak edozein zailtasunen aurrean lasai sentitzen eta irauten lagunduko digula promesten digu». Beharbada itxuran irtenbiderik gabeko oso egoera larria sufritzen ari zara. Ba al dago horrelako egoera batean bereziki lasaitzen zaituen aipuren bat?

19. Zer espero dugu irrikaz?

19 Sistema honen amaiera hurbiltzen doan heinean, badakigu mina eta negarra eragingo diguten zailtasun gehiago izango ditugula. Baina Ana, Dabid eta Ezekias erregearen ereduetatik ikasi dugun moduan, Jehobak gure malkoak ikusten ditu, eta sufritzen dugunean, berak ere sufritzen du. Gure negar malkoak oso baliotsuak dira berarentzat. Beraz, egoera zail baten aurrean gaudenean, Jehobari gure bihotza zabaldu nahi diogu otoitzean. Bestalde, ez dezagun geure burua anai-arreba maiteengandik isolatu. Eta jarrai dezagun Biblian agertzen diren hitz kontsolagarriak irakurtzen. Leialki irauten jarraitzen badugu, Jehobak sarituko gaitu; ez dago dudarik! Eta etorkizunean, tristura, traizio eta etsipenarengatik isuri ditugun malko guztiak lehortuko ditu (Ap. 21:4). Orduan, botako ditugun malko bakarrak poz malkoak izango dira. Hori bai promes paregabea!

sjj 4. KANTA Jehoba, nire artzaina

[Oharrak]

a Isaias 63:9, NWT: «Beraien larrialdi guztietan, berak ere larritasuna sentitu zuen. Eta bere mezulari pertsonalak salbatu zituen. Bere maitasun eta errukian berrerosi zituen, eta iraganeko garaiko egun guztietan altxatu eta sostengatu zituen».

b 56. Salmoa 8, NWT: «Ezagutzen duzu nire iheslari bizitza. Bildu nire malkoak zure zahagian. Ez al daude zure liburuan idatzita?».

c A Handbook on Psalms, Robert G. Bratcher eta William D. Reyburn.

d 41. Salmoa 3, NWT: «Ohean gaixorik egotean Jehobak eutsiko dio; bere gaixoaldian izarak erabat aldatuko dizkiozu».