Irakurleen galderak
Nortzuk dira 1 Timoteori 5:21ean aipatzen diren «aingeru hautatu[ak]»?
Paulo apostoluak honakoa idatzi zion Timoteori: «Arren eskatzen dizut Jainkoaren, Kristo Jesusen eta aingeru hautatuen aurrean, gorde ditzazula gauza hauek guztiak aurreiritzirik gabe, alderdikeriaz ezer ere ez egiteko» (1 Tim. 5:21).
Aingeru horiek nortzuk diren jakiteko, ikus dezagun lehenengo zeintzuk ezin diren izan. Argi dago ezin direla 144.000 gantzutuak izan. Izan ere, Paulok Timoteori idatzi zionean, ez zegoen kristau gantzuturik zeruan. Apostoluak eta beste gantzutuak ez ziren oraindik izaki espiritualak izatera iritsi. Beraz, «aingeru hautatu[ak]» ezin dira kristau gantzutuak izan (1 Ko. 15:50-54; 1 Tes. 4:13-17; 1 Joan 3:2).
Bestalde, «aingeru hautatu[ak]» ezin dira Uholdearen garaian desobedienteak izan ziren aingeruak izan. Zergatik? Aingeru horiek Satanasen alde jarri eta deabru bihurtu zirelako, Jesusen etsai bilakatuz (Has. 6:2; Luk. 8:30, 31; 2 Ped. 2:4). Etorkizunean, Jesusek leize batera botako ditu eta bertan egongo dira 1.000 urtez. Ondoren, Satanasekin batera suntsituak izango dira (Jud. 6; Ap. 20:1-3, 10).
Beraz, «aingeru hautatu[ak]» Jehobari eta Jesusi leialak diren aingeruak izan behar dira.
Milaka eta milaka aingeru leial daude (Heb. 12:22, 23). Baina dirudienez, Jehobak ez die aingeru guztiei lan berbera eman (Ap. 14:17, 18). Adibidez, Jehobak aingeru bakar bati eskatu zion 185.000 soldadu asiriar hiltzeko (2 Err. 19:35). Bestalde, aingeru batzuek «bekatura eramaten duten gauza guztiak eta legea hausten duten pertsonak, [Jesusen] Erreinutik atera[tzeko]» ardura jaso dute (Mat. 13:39-41). Beste batzuek «bere aukeratuak bilduko dituzte» zerura (Mat. 24:31). Eta beste batzuek gu «nonahi […] zaintzeko» ardura jaso dute (Sal. 91:11; Mat. 18:10; konparatu Mateo 4:11; Lukas 22:43).
1 Timoteori 5:21ean aipatzen diren «aingeru hautatu[ek]» seguruenik kongregazioak zaintzen laguntzeko ardura jaso dute. Testuinguruaren arabera, Paulok adindunei beraien ardurak betetzeko aholkuak eman zizkien eta kongregazioko anai-arrebei adindunak errespetatu behar zituztela esan zien. Adindunek «aurreiritzirik» eta «alderdikeria[rik]» gabe jokatu, eta erabaki bat hartu aurretik horretan sakonki hausnartu behar dute. Hori egiteko arrazoi garrantzitsu bat adindunek «Jainkoaren, Kristo Jesusen eta aingeru hautatuen aurrean» lan egiten dutela da. Beraz, argi dago aingeru batzuek kongregazioa laguntzeko eginkizuna jaso dutela. Adibidez, Jainkoaren zerbitzariak babesten dituzte, predikazioan laguntzen dute eta ikusten dutena Jehobari kontatzen diote (Mat. 18:10; Ap. 14:6).