Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

32. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 44. KANTA Apalaren otoitza

Jehobak denak damutzea nahi du

Jehobak denak damutzea nahi du

«[Jehobak] ez du […] inor suntsitua izaterik nahi; denak damutzera iristea nahi du» (2 PED. 3:9, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Zer egin behar du pertsona batek damutzeko? Zergatik damutu behar dugu guztiok? Eta nola lagundu die Jehobak pertsonei euren bekatuetatik damutzen?

1. Zer egin behar du damutzen den pertsona batek?

 ZERBAIT gaizki egiten dugunean, damutzea ezinbestekoa da. Bibliaren arabera, damutzen den pertsona batek honakoa egin behar du: jokabide zehatz bati buruz duen ikuspuntua aldatu, horrela jokatzeari utzi eta jokabide hori berriro ez errepikatzeko determinazioa izan (Ikusi Glosarioa, «damua» sarrera).

2. Zergatik aztertu behar dugu guztiok damutzearekin lotuta dagoena? (Nehemias 8:9-11)

2 Gizaki guztiok damutzearekin lotuta dagoena aztertu behar dugu. Zergatik? Guztiok egunero bekatu egiten dugulako. Izan ere, Adam eta Ebaren ondorengoak garenez, herentzian bekatua eta heriotza jaso ditugu (Erm. 3:23; 5:12). Inor ez da herentzia horretaz libratzen. Fede sendoa zuten pertsonek ere, Paulo apostoluak esaterako, bekatuaren aurka borrokatu behar izan zuten (Erm. 7:21-24). Baina horrek ez du esan nahi denbora guztian desanimatuta egon behar dugunik gure bekatuengatik. Jehoba errukitsua da eta gu zoriontsuak izatea nahi du. Azter dezagun Nehemiasen garaiko juduen adibidea (Irakurri Nehemias 8:9-11). Jehobak ez zuen judu haiek beraien iraganeko bekatuen erruz oso atsekabetuta sentitzerik nahi. Alderantziz, bera zoriontsu adoratu zezaten nahi zuen. Jehobak badaki damutzeak zoriontsu sentitzen laguntzen digula. Horregatik irakasten digu horri buruz. Gure bekatuez damutzen bagara, ziur egon gaitezke gure Aita errukitsuak barkatuko digula.

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Ikasi dezagun gehiago damutzeari buruz. Artikulu honetan hiru ideia aztertuko ditugu. Lehenik, Jehobak Israeli damutzeari buruz irakatsi ziona ikasiko dugu. Ondoren, Jehobak bekatariei damutzen nola lagundu zien aztertuko dugu. Azkenik, Jesusen dizipuluek damutzeari buruz ikasi zutena ikusiko dugu.

ZER IRAKATSI ZIEN JEHOBAK ISRAELDARREI DAMUTZEARI BURUZ?

4. Zer irakatsi zien Jehobak israeldarrei damutzeari buruz?

4 Jehobak israeldarrak bere herria izateko aukeratu zituenean, beraiekin itun, edo akordio formal bat, egin zuen. Bere arauak obeditzen bazituzten, Jehobak babestu eta bedeinkatuko zituen. Honakoa ziurtatu zien Jehobak arau horien inguruan: «Gaur nik ematen dizuedan agindua ez da zuen indarrez gaindikoa [edo zailegia, NWT], ezta eskuraezina ere» (Deu. 30:11, 16). Baina arau horiek desobeditzen bazituzten edo beste jainko batzuk adoratzea erabakitzen bazuten, Jehobak ez zituen babestuko eta ondorioak sufritu beharko zituzten. Hala ere, horrek ez zuen esan nahi Jehobak erabat abandonatuko zituenik. Beraiek Jehobarengana «itzuli […] eta beronen esana egin» ahal zuten (Deu. 30:1-3, 17-20). Beste hitzetan esanda, damutu ahal ziren. Hori egiten bazuten, Jehoba beraiengana gerturatuko zen eta berriz ere babestuko zituen.

5. Nola erakutsi zuen Jehobak ez zituela israeldarrak galdutzat eman? (2 Erregeak 17:13, 14)

5 Israeldarrak behin eta berriro errebelatu ziren Jehobaren aurka. Idoloak adoratu eta beste gauza zikin asko egin zituzten. Noski, israeldarrek ondorioak sufritu zituzten. Baina Jehobak ez zituen galdutzat eman. Israeldarrei damutzen eta berarengana itzultzen laguntzeko, behin eta berriro profetak bidali zituen (Irakurri 2 Erregeak 17:13, 14).

6. Nola erabili zituen Jehobak bere profetak israeldarrei damutzearen garrantzia azaltzeko? (Ikusi irudia ere)

6 Askotan, Jehobak profetak bidaltzen zituen bere herria ohartarazi eta zuzentzeko. Adibidez, Jainkoak honakoa esan zuen Jeremiasen bitartez: «Itzul niregana, Israel fedegabe hori! Ez dizut ipiniko aurpegi ilunik, errukibera [edo leiala, NWT] bainaiz; nire haserrea ez da betiko. […] Aitortu zeure errua, Jainko Jaunaren aurka jaiki baitzara» (Jer. 3:12, 13). Joelen bitartez ere, Jehobak hurrengoa esan zuen: «Itzul zaitezte niregana bihotz-bihotzez» (Joel 2:12, 13). Isaiasi honakoa esateko esan zion: «Garbi zaitezte, garbitu! Kendu nire begien aurretik egintza gaiztoak! Utzi gaiztakeria» (Is. 1:16-19). Eta Ezekielen bidez Jehobak galdetu zuen: «Atsegin dudala uste al duzue gaiztoa hiltzea eta ez jokabidez aldatu eta bizitzea? […] Nik ez dut atsegin inoren heriotza; itzuli, bada, eta bizi zaitezte!» (Eze. 18:23, 32). Jehobak pertsonak betirako bizitzea nahi duenez, oso pozik jartzen da beraien bekatuez damutzen direnean! Beraz, Jehobak ez du bekataria damutu arte besterik gabe itxaroten, eta ondoren bakarrik laguntza eskaintzen. Ikus ditzagun adibide gehiago.

Jehobak askotan bere profetak erabili zituen bere herriari damutzen laguntzeko (Ikusi 6 eta 7 paragrafoak)


7. Zer irakatsi nahi izan zuen Jehobak Oseas profeta eta bere emaztearen ereduarekin?

7 Jehobak Oseas profetaren eta bere emazte Gomer-en eredua erabili zuen bere herriari ideia garrantzitsu bat irakasteko. Adulterio egin ondoren, Gomer-ek Oseas abandonatu zuen, eta beste gizon batzuekin joan zen. Galdutzat eman al zuen Jehobak Gomer? Jehobak honakoa egiteko esan zion Oseasi: «Joan zaitez berriz ere, maitatu beste gizon batek maite duen eta adulterio egiten ari den emakumea, Jehobak Israelgo herria maite duen bezala, haiek beste jainko batzuei jarraitzen dieten bitartean» (Os. 3:1, NWT; Esa. 16:2, NWT). Ez dugu ahaztu behar Oseasen emaztea oraindik bekatu larri bat egiten ari zela. Hala ere, Jehobak Oseasi bere emaztearengana joan, barkamena eskaini eta bakeak egiteko esan zion. a Antzera, Jehobak ez zituen israeldarrak galdutzat eman. Nahiz eta beraiek bekatu larriak egiten jarraitu, Jehobak oraindik maite zituen. Horregatik, profetak bidaltzen jarraitu zuen israeldarrei damutzen eta beraien jokabidea aldatzen laguntzeko. Zer irakasten digu adibide horrek? Jehobak gutako bakoitza erabat ezagutzen duela eta saiatu egingo dela bekatu larri bat egiten ari denari damutzen laguntzeko (Esa. 17:3, NWT). Ikus dezagun nola egiten duen hori Jehobak.

NOLA LAGUNTZEN DIE JEHOBAK BEKATARIEI DAMUTZEN?

8. Zer egin zuen Jehobak Kaini damutzen laguntzeko? (Hasiera 4:3-7) (Ikusi irudia ere)

8 Kain Adam eta Ebaren lehen semea izan zen, eta bere gurasoengandik bekatu egiteko joera jaso zuen herentzian. Gainera, Bibliak honakoa dio berari buruz: «Beraren egintzak gaiztoak zire[n]» (1 Joan 3:12). Beharbada, horregatik Jehobak ez zuen Kain eta bere oparia begi onez ikusi. Bere jarrera aldatu ordez, «Kain biziki haserretu zen, eta kopetilun zebilen». Zer egin zuen orduan Jehobak? Berarekin hitz egin (Irakurri Hasiera 4:3-7). Jehobak goxotasunez arrazoitu zuen Kainekin, eta ondo zegoena egiten bazuen bedeinkatuko zuela esan zion. Horretaz gain, ondorengo abisua ere eman zion: bere haserreak gaizki zegoen zerbait egitera eraman ahal zuela. Tamalez, Kainek ez zuen kasurik egin. Jehoba berari laguntzen saiatu arren, Kainek ez zuen bere laguntza onartu. Orduan, hori gertatu ondoren, bekatariei damutzen laguntzeari utziko al zion Jehobak? Inolaz ere!

Jehobak Kainekin goxotasunez arrazoitu zuen, esperantza eskainiz eta bekatu egitearen arriskuaz ohartaraziz (Ikusi 8. paragrafoa)


9. Nola lagundu zion Jehobak Dabidi damutzen?

9 Jehobak Dabid erregea bihotzez maite zuen. Bere «bihotzaren atsegineko» zela ere esan zuen (Eg. 13:22). Baina Dabidek bekatu larriak egin zituen, esaterako, adulterioa eta hilketa. Moisesen Legearen arabera, Dabidek heriotza zigorra merezi zuen (Leb. 20:10; Zen. 35:31). Hala ere, Jehobak Dabidi damutzen lagundu nahi zion. b Horregatik, Natan profeta bidali zuen bera laguntzeko, nahiz eta Dabidek oraindik ez zuen damu izpirik ere erakutsi. Natanek konparaketa bat erabili zuen Dabidi bere bekatuak zein larriak ziren ulertzen laguntzeko. Orduan, erabat hunkituta, Dabid damutu egin zen (2 Sam. 12:1-14). Egin zuenarengatik zein damututa zegoen erakusten duen salmo bat idatzi zuen (Sal. 51:1-2 [51, sarrera, NWT]). Salmo horrek bekatari asko kontsolatu eta damutzera motibatu ditu. Zein pozik gauden Jehobak maitasunez Dabidi damutzen laguntzeaz!

10. Nola sentitzen zara Jehobaren pazientzian eta barkamenean hausnartzean?

10 Jehobak mota guztietako bekatuak gorroto ditu (Sal. 5:5, 6 [5:4, 5, NWT]). Baina aldi berean, badaki gizaki guztiak bekatariak garela. Eta, maite gaituenez, guri bekatuaren aurka borrokatzen laguntzea erabaki du. Horregatik, bekatu oso larriak egin dituztenei ere damutzen eta berarengana gerturatzen lagundu nahi die. Zein kontsolagarria den hori jakitea! Jehobaren pazientzian eta barkamenean hausnartzeak berari leial mantentzera eta bekatu egin ondoren segituan damutzera bultzatzen gaitu. Azter dezagun orain zer irakatsi zien Jesusek bere dizipuluei damutzeari buruz.

ZER IKASI ZUTEN JESUSEN DIZIPULUEK DAMUTZEARI BURUZ?

11, 12. Zer konparaketa erabili zuen Jesusek Jehoba guri barkatzeko irrikan dagoela erakusteko? (Ikusi irudia)

11 Lehen mendean, Mesias iristeko garaia heldu zen. Aurreko artikuluan esan bezala, Jehobak Joan Bataiatzailea eta Jesu Kristo erabili zituen jendeari damutzea zein garrantzitsua den irakasteko (Mat. 3:1, 2; 4:17).

12 Jesus lurrean egon zenean, bere Aita bekatariei barkatzeko prest dagoela irakatsi zion jendeari. Ideia hori hobeto azaltzeko, Jesusek seme galduaren konparaketa erabili zuen. Konparaketako gizon gazteak etxetik alde egitea eta bizimodu moralgabea eramatea erabaki zuen. Baina «zentzua berreskuratu zuenean», etxera bueltatu nahi izan zuen. Zer egin zuen aitak bere semea ikusi zuenean? Jesusek honakoa esan zuen: «Oraindik urruti zegoela, aitak semea ikusi zuen, eta zeharo hunkitu zen. Orduan, korrika joan, besarkatu eta goxo-goxo eman zion muxu». Semeak ez zuen barkamena jasotzerik espero. Beraz, aitari bere etxean zerbitzari bezala lan egiteko aukera izatea eskatu nahi zion. Baina aita semeari barkatzeko irrikan zegoen! «Nire seme» deitu eta berriro familian onartu zuen. Eta honakoa ere esan zuen: «Nire seme hau hilda zegoen eta bizira itzuli da» (Luk. 15:11-32). Jesus lurrera etorri aurretik, seguruenik askotan ikusi zuen bere Aita bekatariei errukia erakusten eta barkatzen. Dudarik gabe, Jesusen konparaketa hori oso kontsolagarria da eta gure zeruko Aita Jehoba zein errukitsua den erakusten digu.

Seme galduaren konparaketako aitak bere semea besarkatzen du etxera itzultzean (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak)


13, 14. Zer ikasi zuen Pedro apostoluak damutzeari buruz, eta zer irakatsi zien besteei horri buruz? (Ikusi irudia ere)

13 Pedro apostoluak asko ikasi zuen Jesusengandik damutzeari eta barkamenari buruz. Izan ere, Pedrok akats asko egin zituen, eta Jesus beti egon zen berari barkatzeko prest. Adibidez, Jesus hiru aldiz ukatu ondoren, Pedro lur jota gelditu zen egindakoagatik (Mat. 26:34, 35, 69-75). Baina Jesus berpiztu ondoren, Pedrori agertu zitzaion. Ematen duenez, bakarrik zegoela aprobetxatu zuen Pedrorekin hitz egiteko (Luk. 24:33, 34; 1 Ko. 15:3-5). Jesusek bazekien Pedro damututa zegoela. Horregatik, ziur aukera hori Pedro kontsolatzeko eta barkatu ziola ziurtatzeko aprobetxatu zuela (Mar. 16:7 c).

14 Pedrok lehen pertsonan bizi izan zuenari esker, besteei damutzeari eta barkamenari buruz irakatsi ahal izan zien. Pentekostearen ondoren, Pedrok judu talde baten aurrean hitzaldi bat eman zuen. Hitzaldi horretan, Mesias hil zutela azaldu zien. Baina, aldi berean, ondorengoa egiteko eskatu zien maitasunez: «Beraz, damutu zaitezte eta eman buelta erdia zuen bekatuak ezabatuak izan daitezen. Horrela, Jehobak indarberritzeko garaia ekarriko du» (Eg. 3:14, 15, 17, 19). Beraz, Pedrok irakatsi zuen bezala, bekatari batek buelta erdia ematean damutu egin dela erakusten du. Buelta erdia emateak honakoa esan nahi du: jarreraz aldatzea, gaizki dagoena egiteari uztea eta Jainkoa pozten duten gauzak egiten hastea. Juduek gauza horiek eginez gero, Jehobak beraien bekatuak ezabatuko zituen, hau da, erabat desagerraraziko zituen. Urteak beranduago, Pedrok honakoa ziurtatu zien kristauei: Jehobak «zuekin pazientzia dauka ez duelako inor suntsitua izaterik nahi; denak damutzera iristea nahi du» (2 Ped. 3:9, NWT). Zein kontsolagarria den jakitea, bekatu larriak egiten baditugu ere, damutuz gero Jehobak barkatuko digula!

Jesusek maitasunez barkatu zion damutu zen apostoluari. Gainera, lasaitu egin zuen (Ikusi 13 eta 14 paragrafoak)


15, 16. a) Nola ikasi zuen Paulok barkamenari buruz? (1 Timoteo 1:12-15) b) Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

15 Tarsoko Saulok gauza txar asko egin zituen. Bera kristauen pertsegitzaile amorratua izan zen. Horregatik, ziurrenik, kristau gehienek Saulo damutzea ezinezkoa zela uste zuten. Baina Jesusek bazekien Saulo aldatu eta damutu ahal zela. Berak eta bere Aitak Sauloren ezaugarri onak ikusi zituzten. Horregatik, Jesusek honakoa esan zuen Saulori buruz: «Gizon hau aukeratu dut» (Eg. 9:15). Mirari bat ere erabili zuen Saulo damutzen laguntzeko (Eg. 7:58-8:3; 9:1-9, 17-20). Saulo, beranduago Paulo apostolua izango zena, damutu eta kristau bihurtu zen. Denborarekin, Paulok askotan azaldu zuen zein eskertuta zegoen Jehobak eta Jesusek erakutsi zizkioten maitasun eta errukiarengatik (Irakurri 1 Timoteori 1:12-15). Zeharo eskertuta, honakoa idatzi zuen: «Jainkoa, bere eskuzabaltasunean, zu damutzera eramaten saiatzen ari da» (Erm. 2:4, NWT).

16 Behin, Paulok gizon moralgabe batek Korintoko kongregazioan jarraitzen zuela jakin zuen. Zer egin zuen Paulok egoera hori konpontzeko? Berak egindakoak asko irakasten digu Jehobaren maitasuna eta diziplinari buruz, baita errukia erakustearen garrantziari buruz ere. Hurrengo artikuluan, Korintoko kongregazioan gertatu zena sakonki aztertuko dugu.

sjj 33. KANTA Bota zure zama Jehobari

a Kasu hori berezia izan zen. Gaur egun, Jehobak ez du eskatzen adulterioaren biktima errugabea adulterio egin duenarekin ezkonduta egoten jarraitzea. Izan ere, Jehobak bere Semearen bidez honakoa azaldu zuen: adulterioaren biktima errugabeak dibortziatuko den ala ez erabaki dezakeela (Mat. 5:32; 19:9).

b Ikusi «¿Qué significa para usted el perdón de Jehová?» edo «Que signifie le pardon de Jéhovah pour vous ?» artikulua, aldizkari honetako 2012​ko azaroaren 15​eko alean, 21-23 orr., 3-10 para..

c Ikusi Traducción del Nuevo Mundo (Traduction du monde nouveau) itzulpeneko bertset horren «y a Pedro» («et à Pierre») ikasketarako oharra.