34. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 107. KANTA Jehoba, maitasunaren eredua
Nola erakusten diote adindunek maitasuna eta errukia bekatu larri bat egin duenari?
«Jainkoa, bere eskuzabaltasunean, zu damutzera eramaten saiatzen ari da» (ERM. 2:4, NWT).
IDEIA NAGUSIA
Nola saiatzen dira adindunak bekatu larri bat egin duenari laguntzen?
1. Norbaitek bekatu larri bat egitean, zer lortu daiteke batzuetan?
AURREKO artikuluan ikusi genuen bezala, Korintoko gizon batek bekatu larri bat egin ondoren, Paulo apostoluak kongregazioari zer egin behar zuen azaldu zion. Bekataria damutu ez zenez, kongregaziotik atera behar izan zuten. Hala ere, artikulu honetako aipu nagusiak dioen bezala, bekatu larri bat egin duena damutzera eraman daiteke (Erm. 2:4, NWT). Nola lagundu ahal diete adindunek damutzen?
2, 3. Zer egin beharko genuke anaia edo arreba batek bekatu larri bat egin duela jakin badugu, eta zergatik?
2 Adindunek laguntza eman aurretik, egoera ondo ezagutu behar dute. Beraz, hori kontuan izanda, zer egin beharko genuke anaia edo arreba batek bekatu larri bat egin duela jakin badugu? Adindunekin hitz egitera eta beraiei laguntza eskatzera animatu beharko genuke (Is. 1:18; Eg. 20:28; 1 Ped. 5:2).
3 Baina zer egin beharko genuke bekatu larria egin duenak ez badu adindunekin hitz egin nahi? Anaia edo arrebak behar duen laguntza jasotzen duela ziurtatu nahi dugunez, guk geuk hitz egingo genuke adindunekin. Horrela jokatzea maitekorra da, ez dugulako gure anaia edo arreba galdu nahi. Bekatu larria egin duenak jokabidez aldatzen ez badu, Jehobarekin duen adiskidetasuna are gehiago kaltetuko du eta kongregazioaren izen ona zikindu dezake. Horregatik, batzuetan zaila izan daitekeen arren, adindunengana joko dugu ausardiaz, Jehoba eta anaia edo arreba hori maite dugula erakutsiz (Sal. 27:14).
NOLA LAGUNTZEN DIOTE ADINDUNEK BEKATU LARRI BAT EGIN DUENARI?
4. Zein da adindun batzordearen helburua bekatu larri bat egin duen norbaitekin elkartzen denean?
4 Kongregazioan norbaitek bekatu larri bat egin duenean, adindun taldeak hiru adindun aukeratzen ditu adindun batzorde a bat osatzeko. Anaia horiek euren mugak onartu eta apalak izan behar dute. Bekatu egin duenari damutzen laguntzen saiatu arren, ezin dutela inor aldatzera behartu onartzen dute (Deu. 30:19). Gainera, badakite denak ez direla Dabid erregea bezala izango; guztiak ez dira damutuko (2 Sam. 12:13). Bekatu larri bat egin duten batzuek Jehobaren aholkua ez entzutea erabakitzen dute (Has. 4:6-8). Edonola ere, adindunen helburua bekatu egin duenari ahal den heinean damutzera eramatea da. Orduan, zer printzipio izan behar ditu gogoan adindun batzordeak bekatu egin duenarekin elkartzen denean?
5. Zer jarrera izan behar dute adindunek bekatu egin duenarekin elkartzean? (2 Timoteori 2:24-26, NWT) (Ikusi irudia ere)
5 Adindunek bekatu egin duena galdu den ardi baliotsu bat bezala ikusten dute (Luk. 15:4, 6). Beraz, berarekin elkartzen direnean, adindunen hizkera eta jarrera ez da zakarra, eta ez dira gogorrak. Bestalde, adindunek ez dute uste beraiek egin behar duten gauza bakarra galderak egitea eta gertatutakoa argitzea denik. Alderantziz, 2 Timoteori 2:24-26 (NWT b) pasartean azaltzen diren ezaugarriak erakusten dituzte (Irakurri). Horregatik, adindunek beti modu lasai, goxo eta atseginean jokatzen dute, bekatu egin duenaren bihotzera iritsi nahi dute eta.
6. Nola bilatzen dute adindunek Jehobaren gida bekatu egin duenarekin elkartu aurretik? (Erromatarrei 2:4, NWT)
6 Adindunek denbora hartzen dute Jehobaren gida bilatzeko. Jehobak bekatu egin dutenekin jokatzen duen modua imitatzen saiatzen dira, Pauloren ondorengo hitzak gogoratuz: «Jainkoa, bere eskuzabaltasunean, zu damutzera eramaten saiatzen ari da» (Irakurri Erromatarrei 2:4, NWT c). Bestalde, adindunek, guztiaren gainetik, honakoa gogoratu behar dute: Jesu Kristoren gida eta eredua jarraitu behar duten artzainak direla (Is. 11:3, 4; Mat. 18:18-20). Bekatu egin duenarekin elkartu aurretik, adindun batzordeak otoitz egiten dio Jehobari euren helburua gogoan izateko: bekatu egin duena damutzera eramatea. Horretarako, Biblian eta gure argitalpenetan ikerketa egiten dute, eta otoitzean bereizmena eskatzen dute pertsona hori eta bere egoera ulertzeko. Gainera, pertsona horren jarreran, pentsaeran eta jokabidean eragina izan ditzaketen faktoreei buruz jakin behar dutena aztertzen dute (Esa. 20:5).
7, 8. Nola imitatu dezakete adindunek Jehobaren pazientzia bekatu egin duenarekin elkartzean?
7 Adindunek Jehobaren pazientzia imitatzen dute. Gogoan dute Jehobak nola jokatu zuen bekatu egin zutenekin iraganean. Adibidez, Jehobak pazientzia izan zuen Kainekin. Obeditzen bazuen bedeinkatua izango zela azaldu zion, baita jokabidez aldatzen ez bazuen zer gertatuko zitzaion ere (Has. 4:6, 7). Bestalde, Jehobak Natan profeta bidali zuen Dabidi aholku emateko, eta Natanek konparaketa bat erabili zuen Dabiden bihotza ukitzeko (2 Sam. 12:1-7). Israelgo nazio errebeldeari ere «etengabe» profetak bidali zizkion, «bata bestearen ondoren» (Jer. 7:24, 25). Beraz, Jehobak ez zuen bere herria damutu arte itxaron beraiei laguntzeko. Alderantziz, aurrea hartu zuen bere herriari damutzeko eskatuz.
8 Adindunek Jehobaren eredua jarraitzen dute bekatu larri bat egin duen norbaiti laguntzen saiatzen direnean. Horrela, 2 Timoteori 4:2ak (NWT) dioen bezala, bekatu egin duenarekin «pazientzia handiz» jokatzen dute. Beraz, pertsona horri ondo dagoena egitera motibatzeko, adindunek lasai mantendu eta pazientziaz jokatu behar dute beti. Adindunak haserretu edo frustratzen badira, bekatu egin duenak agian ez du aholkua entzungo edo ez du damutu nahiko.
9, 10. Zer egin dezakete adindunek anaia edo arreba horri egin duenaren inguruan arrazoitzen laguntzeko?
9 Adindunak pertsona hori bekatu egitera eraman duten erabakiak aztertzen saiatzen dira. Adibidez, zerk ahuldu du Jehobarekin zuen harremana? Erregularki Biblia aztertzeari edo predikatzeari utzi al dio? Erregularki otoitz egiteari utzi al dio? Azalekoak al dira bere otoitzak? Desio txarrei aurre egiteari utzi al dio? Erabaki txarrak hartu al ditu lagunak edo entretenimendua aukeratzerako orduan? Zer eragin izan dute erabaki horiek bere pentsaera eta desioetan? Ulertzen al du bere ekintzek zer eragin izan duten bere Aita Jehobarengan?
10 Adindunek ondo pentsatutako galderak egingo dizkiote anaia edo arrebari, baina ez dizkiote jakin behar ez dituzten detailerik eskatuko. Hori modu atseginean egitean, pertsona horri askatasunez hitz egiten eta bekatu egitera zerk eraman duen ulertzen lagunduko diote (Esa. 20:5). Gainera, Natanek Dabidekin egin zuen bezala, adindunek konparaketak erabili ahal dituzte pertsonari egindakoa zergatik dagoen gaizki konturatzen laguntzeko. Ondorioz, baliteke pertsona horrekin lehenengo aldiz elkartzen direnean, bere erabaki eta pentsaerarengatik gaizki sentitzen hastea. Agian damutu ere egiten da.
11. Nola jokatu zuen Jesusek bekatariekin?
11 Adindunak Jesus imitatzen saiatzen dira. Adibidez, Jesusek ondorengo galdera egin zion Tarsoko Saulori: «Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu?». Jesusen galderari esker, Saulo honetaz konturatu zen: egiten ari zena gaizki zegoela (Eg. 9:3-6). Eta «Jezabel horr[en]» kasuan ere, Jesusek esan zuen: «Astia eman diot damu dadin» (Ap. 2:20, 21).
12, 13. Zer egin dezakete adindunek bekatu egin duenari damutzeko denbora emateko? (Ikusi irudia ere)
12 Nola imitatzen dute adindunek Jesus? Bekatu egin duena damutuko ez dela segituan ez pentsatuz. Batzuk, agian, adindunekin elkartzen diren lehenengo bileran damutzen dira. Beste batzuek, aldiz, baliteke denbora gehiago behar izatea. Horregatik, adindunek bekatu egin duenarekin behin baino gehiagotan elkartzea erabaki dezakete. Beharbada, berarekin izandako lehenengo bilera ondoren, pertsona hori serioski pentsatzen hasi daiteke esan diotenaren inguruan. Gainera, baliteke Jehobari apalki otoitz egitea barkamena eskatuz (Sal. 32:5; 38:19 [38:18, NWT]). Ondorioz, berarekin elkartzen diren hurrengo bileran, bekatu egin duena beharbada jarreraz zeharo aldatuko da.
13 Bekatu egin duenari damutzen laguntzeko, adindunek enpatia erakutsi eta atseginak izan behar dute. Gainera, Jehobari otoitz egiten diote euren ahaleginak bedeinkatzeko eskatuz. Aldi berean, adindunek pertsona horrek zentzua berreskuratzea eta damutzea espero dute (2 Tim. 2:25, 26, NWT).
14. Bekatu egin duen norbait damutzen denean, norena da meritua? Eta zergatik?
14 Zein pozik jartzen garen bekatu egin duen norbait damutzen denean! (Luk. 15:7, 10). Baina norena da meritua? Adindunena al da? Ikus dezagun Paulok bekatu egin dutenei buruz idatzi zuena: «Agian Jainkoak damutzen utziko die» (2 Tim. 2:25, NWT). Beraz, pentsaeraz eta jarreraz aldatzearen meritua ez da gizakiena, Jehobarena baizik. Paulok damutzeak zer emaitza on ekartzen dituen azaldu zuen: bekataria egia modu zehatzago batean ezagutzera eramaten du, bere zentzu ona berreskuratzen laguntzen dio eta Satanasen tranpetatik askatzeko aukera ematen dio (2 Tim. 2:26, NWT).
15. Nola jarraitu dezakete adindunek damutu egin denari laguntzen?
15 Kristau bat damutu egiten denean, adindunek berari sendotze bisitak egiten jarraituko dute. Horrela, kristau horri bere fedea sendotzen, Satanasen tentazioei aurre egiten eta ondo dagoena egiten lagunduko diote (Heb. 12:12, 13). Noski, adindunek ez diote inori anaia edo arreba horren jokabideari buruzko xehetasunik kontatuko. Hala ere, batzuetan, kongregazioak gauza batzuen berri izan behar du. Zeintzuk izan daitezke gauza horiek?
«ZENTSURATU ITZAZU GUZTIEN AURREAN»
16. 1 Timoteori 5:20 (NWT) aipuaren arabera, Paulok «guztien aurrean» esamoldea erabili zuenean, nori buruz ari zen?
16 Irakurri 1 Timoteori 5:20, NWT d. Hitz hauen bitartez, Paulok Timoteori, adinduna ere zenari, «bekatua praktikatzen» zutenekin nola jokatu behar zen azaldu zion. Baina esan nahi al zuen Paulok bekatu egin zuena beti kongregazio osoaren aurrean zentsuratua izan behar zela? Ez. «Guztien aurrean» esatean, Paulo dagoeneko bekatu horren berri ziren guztiei buruz ari zen. Agian gertatutakoaren lekuko izan ziren, edo bekatu egin zuenak gertatutakoa kontatu zien. Beraz, adindunek pertsona horiei bakarrik esango diete bekatu egin duenak zuzenketa jaso duela.
17. Kongregazioko askok norbaitek bekatu larri bat egin duela badakite, edo jakingo badute ziurrenik, zer iragarki emango da, eta zertarako?
17 Batzuetan, kongregazioko askok norbaitek bekatu larri bat egin duela dakite, edo ziurrenik jakingo dute. Kasu horretan, «guztien aurrean» esamoldeak kongregazio osoari egingo lioke erreferentzia. Beraz, adindun batek bekatu egin duen anaia edo arreba zentsuratua izan den iragarkia emango du kongregazioan. Zertarako? Paulok esan bezala, «gainerakoentzat abisua izateko» eta, ondorioz, bekatu larri bat ez egiteko.
18. Zer egiten dute adindunek bataiatuta dagoen adin txikiko batek bekatu larri bat egiten duenean? (Ikusi irudia ere)
18 Eta zer gertatzen da bekatu larri bat egin duena bataiatuta dagoen adin txikikoa bada, hau da, 18 urte baino gutxiago baditu? Adindun taldeak antolaketak egingo ditu bi adindun adin txikikoarekin eta bere guraso kristauekin elkartzeko. e Adindunek gurasoek euren seme edo alabari damutzen laguntzeko dagoeneko zer pauso eman dituzten aztertuko dute. Adin txikikoak jarrera ona badu eta bere gurasoen gida jarraitzen badu, bi adindunek ezer gehiago ez egitea erabaki dezakete. Azken finean, Jehobak gurasoei eman die euren seme-alabak maitasunez zuzentzeko ardura (Deu. 6:6, 7; Esa. 6:20; 22:6; Efe. 6:2-4). Ondoren, adindunek gurasoekin noizbehinka hitz egingo dute adin txikikoak laguntza gehiago behar duen ala ez ziurtatzeko. Baina zer gertatzen da bataiatutako adin txikikoa damutzen ez bada eta gaizki jokatzen jarraitzen badu? Kasu horretan, adindun batzorde bat berarekin eta bere guraso kristauekin elkartuko da.
«JEHOBA OSO MAITEKORRA ETA ERRUKITSUA» DA
19. Nola saiatzen dira adindunak Jehoba imitatzen bekatu egin duen norbaitekin elkartzean?
19 Jehobak adindunei kongregazioa garbi mantentzeko ardura eman die (1 Ko. 5:7). Baina, aldi berean, adindunek ahal duten guztia egin nahi dute bekatu egin duen pertsonari laguntzeko. Horregatik, jarrera positiboa eta damutuko den esperantza izaten jarraitzen dute. Zergatik? Jehoba imitatu nahi dutelako. Bera «oso maitekorra eta errukitsua» da (St. 5:11, NWT). Joan apostoluak jarrera hori erakutsi zuen. Jarri dezagun arreta Joan nagusia zenean idatzi zituen hurrengo hitz maitekorretan: «Seme-alabatxook, bekaturik egin ez dezazuen idazten dizuet hau. Baina, norbaitek bekatu egiten badu, badugu Laguntzailea Aitaren aurrean: zuzena den Jesu Kristo» (1 Joan 2:1).
20. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?
20 Tamalez, batzuetan, bekatu egin duen kristau batek ez du damutu nahi. Hori gertatzen bada, anaia edo arreba hori kongregaziotik aterea izan behar da. Kasu horietan, zer egiten dute adindunek? Erantzuna hurrengo artikuluan aztertuko dugu.
sjj 103. KANTA Artzainak Jehobaren opariak dira
a Iraganean, talde horiei epaiketa batzorde deitzen genien. Baina epaitzea adindunen lanetako bat bakarrik denez, ez dugu esamolde hori gehiago erabiliko. Hemendik aurrera, talde horri adindun batzorde deituko diegu.
b 2 Timoteori 2:24-26, NWT: «Jaunaren morroiak ez du borroka egiteko beharrik, baizik eta guztiekin atsegina izan behar du, irakasteko gai izan behar du, gaizki tratatzen dutenean bere burua kontrolatu behar du, eta jarrera ona ez dutenei lasaitasunez irakatsi behar die. Agian Jainkoak damutzen utziko die, egiaren ezaguera zehatza izan dezaten eta, horrela, zentzua berreskuratu eta Deabruaren tranpatik ihes egin dezaten, Deabruak bere borondatea egiteko bizirik harrapatu dituela ikusita».
c Erromatarrei 2:4, NWT: «Edo Jainkoaren eskuzabaltasunaren, tolerantziaren eta pazientziaren aberastasunak mespretxatzen ari al zara? Jainkoa, bere eskuzabaltasunean, zu damutzera eramaten saiatzen ari da. Ez al zara horretaz konturatzen?».
d 1 Timoteori 5:20, NWT: «Zentsuratu itzazu guztien aurrean bekatua praktikatzen dutenak, gainerakoentzat abisua izateko».
e Gurasoei buruz esaten dena tutore legalentzat edo adin txikikoaren gain guraso-erantzukizuna dutenentzat ere da aplikagarria.