31. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 12. KANTA Gorena zara Jehoba
Zer egin du Jehobak gizakiak bekatutik eta heriotzatik salbatzeko?
«Jainkoak hainbeste maite izan zuenez mundua, bere Seme bakarra eman zuen, berarengan fedea erakusten duena suntsitua izan ez dadin, baizik eta betirako bizia izan dezan» (JOAN 3:16).
IDEIA NAGUSIA
Artikulu honetan, Jehobak guri bekatuaren aurka borrokatzen laguntzeko eta bekaturik gabe betiko bizi ahal izateko zer egin duen ikusiko dugu.
1, 2. a) Zer da bekatua, eta nola garaitu dezakegu? (Ikusi «Zer esan nahi du?» ere) b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan eta ale honetako beste artikuluetan? (Ikusi ale honetako «Irakurleentzako oharra» ere.)
GUSTATUKO al litzaizuke Jehobak zenbat maite zaituen jakitea? Hori jakiteko modu bat bekatu eta heriotzatik zu salbatzeko egin duena aztertzea da. Bekatua a etsai ikaragarria da; ezin dugu gure kabuz garaitu. Gizaki guzti-guztiok egiten dugu bekatu egunero eta bekatuaren erruz hiltzen gara (Erm. 5:12). Baina berri onak daude: Jehobaren laguntzarekin bekatua garaitu dezakegu. Izan ere, gure garaipena erabat ziurra da!
2 Gutxi gorabehera 6.000 urtez, Jehobak gizakiei bekatuaren kontra borrokatzen lagundu die. Zergatik? Maite gaituelako. Jainkoak hasiera-hasieratik maite izan ditu gizakiak eta ahalegin handiak egin ditu guri bekatuaren aurkako borrokan laguntzeko. Gainera, Jehobak badaki bekatuak heriotza dakarrela, eta ez du inor hiltzerik nahi. Kontrara, gu betirako bizitzea nahi du (Erm. 6:23). Eta horixe da zuretzat ere nahi duena! Artikulu honetan hiru galdera erantzungo ditugu: 1) Zer esperantza eman zien Jehobak gizaki bekatariei? 2) Zer egin zuten Biblia garaiko gizaki inperfektuek Jehoba pozteko? 3) Zer egin zuen Jesusek gizakiak bekatutik eta heriotzatik salbatzeko?
ZER ESPERANTZA EMAN ZIEN JEHOBAK GIZAKI BEKATARIEI?
3. Nola bihurtu ziren Adam eta Eba bekatari?
3 Jehobak lehen gizona eta emakumea sortu zituenean, zoriontsuak izatea nahi zuen. Horregatik, bizitzeko toki eder bat eta ezkontza harremanaren oparia eman zien. Gainera, lan zirraragarri bat ere jaso zuten: Edengo lorategia lur osora zabaltzea eta beraien ondorengoez betetzea. Jainkoak debeku bakar bat soilik jarri zien, eta desobeditzea erabakitzen bazuten, hilko zirela esan zien. Eta badakigu zer gertatu zen. Aingeru gaizto batek Adam eta Eba Jainkoa desobeditzera eraman zituen. Aingeru horrek ez zituen ez Jehoba, ez gizakiak maite. Baina, hala ere, Adam eta Ebak aingeru horri kasu egin zioten. Ez zuten bere Aita maitekorrarengan konfiantzarik izan, eta bekatu egin zuten. Hori dela eta, handik aurrera Jehobak aipatu zizkien ondorioak sufritu behar izan zituzten: zahartzen hasi eta, azkenik, hil egin ziren (Has. 1:28, 29; 2:8, 9, 16-18; 3:1-6, 17-19, 24; 5:5).
4. Zergatik gorroto du Jehobak bekatua, eta zergatik laguntzen digu bekatuaren aurka borrokatzen? (Erromatarrei 8:20, 21)
4 Jehobak pasarte triste hori Biblian idatzita utzi du guk gauza garrantzitsu bat ulertu dezagun: zergatik gorroto duen hainbeste bekatua. Izan ere, bekatuak gure Aitarengandik aldendu eta heriotzara eramaten gaitu (Is. 59:2). Satanasek, aldiz, Jehoba eta gizakiak gorroto ditu. Horrexegatik eraman zituen Adam eta Eba bekatu egitera. Eta gaur egun ere, gauza bera egiten du gizakiekin. Beraz, Adam eta Ebak bekatu egin zutenean, Satanasek, ziurrenik, Jehobak gizakiontzat zuen helburua zapuztu zuela pentsatu zuen. Baina ez zuen ulertzen zein maitekorra den Jehoba. Jainkoak ez zuen Adam eta Ebaren ondorengoentzat zuen helburua inoiz aldatu. Gizakiak asko maite dituenez, segituan esperantza eman zien (Irakurri Erromatarrei 8:20, 21). Jehobak bazekien gizaki batzuek bera maiteko zutela eta bekatuaren aurka borrokatzeko bere laguntza bilatuko zutela. Beraz, berarengana gerturatzeko, eta bekatu eta heriotzatik salbatzeko aukera eman zien. Nola lortuko zuen hori Jehobak?
5. Noiz eta nola eman zien Jehobak esperantza izpi bat gizaki inperfektuei? Azaldu. (Hasiera 3:15)
5 Irakurri Hasiera 3:15. Segituan, Jehobak Satanas suntsituko zuela esan zuen, gizaki guztiei lehen esperantza izpia emanez. Jainkoak «ondorengotza» batek gizakiak salbatuko zituela aurresan zuen. Ondorengotza horrek denborarekin Satanas zapaldu eta Edenen sortutako arazo guztiak konponduko zituen (1 Joan 3:8). Baina lehenik, Satanasek ondorengotza horri «helduko» zion, hau da, ondorengotza hori zaurituko zuen, hiltzera arte eramanez. Horrek Jehoba izugarri minduko zuen. Hala ere, bera sufritzeko prest zegoen, horri esker gizakiak bekatu eta heriotzatik salbatu ahal izango zirelako.
BIBLIA GARAIAN, ZER EGIN ZUTEN GIZAKI INPERFEKTUEK JEHOBA POZTEKO?
6. Zer egin zuten Abel, Noe eta beste gizaki leial batzuek Jehobarengana gerturatzeko?
6 Nola gerturatu ahalko ziren gizaki inperfektuak Jehobarengana? Mendeetan zehar, Jehoba pixkanaka-pixkanaka galdera hori argitzen joan zen. Edenen gertatutakoaren ondoren, Jehobarengan fedea jarri zuen lehen gizakia Adam eta Ebaren bigarren semea izan zen: Abel. Berak Jehoba maite zuen eta berarengana gerturatu nahi zuen. Horregatik, sakrifizio bat eskaini zuen. Artzaina zenez, Jehobari «artaldeko lehen bildotsak» eskaini zizkion. Zer iruditu zitzaion Jehobari sakrifizio hura? Bibliak Abel eta bere sakrifizioa onartu zituela dio (Has. 4:4). Jehobak bera maite eta berarengan konfiantza zutenen sakrifizioak ere onartu zituen, esaterako, Noe (Has. 8:20, 21). Zer erakutsi zuen Jehobak sakrifizio horiek onartzean? Gizaki inperfektuek bera poztu dezaketela eta berarengana gerturatu daitezkeela. b
7. Abraham bere semea sakrifizio moduan eskaintzeko prest egon zen. Zer ikasten dugu eredu horretatik?
7 Abrahamek ere Jehobarengan fede sendoa zuen. Jehobak oso zaila zen gauza bat egiteko eskatu zion Abrahami: bere seme Isaak sakrifizio bezala eskaintzea. Ez zegoen Abrahamentzat hori baino agindu mingarriagorik. Hala ere, Jehobari obeditzeko prest egon zen. Baina Abraham bere semea hiltzear zegoela, Jainkoak geldiarazi egin zuen. Eredu horrek gauza garrantzitsu bat irakasten digu: Jehoba bere Seme maitea gizakion alde sakrifizio moduan eskaintzeko prest egongo zela. Zenbat maite gaituen Jehobak! (Has. 22:1-18).
8. Zer erakutsi zuten Moisesen Legearen arabera eskainitako sakrifizioek? (Lebitarrena 4:27-29; 17:11)
8 Mendeak beranduago, Jehobak israeldarrei Moisesen Legea eman zien. Horren arabera, beraien bekatuak barkatuak izateko, animalien sakrifizioak eskaini behar zituzten (Irakurri Lebitarrena 4:27-29; 17:11). Sakrifizio horiek Jehobak etorkizunean sakrifizio hobe bat eskainiko zuela erakusten zuten. Horri esker, gizaki guztiak bekatutik erabat askatuak izango ziren. Bestalde, Jainkoak promestutako ondorengotzari buruz idazteko esan zien bere profetei. Ondorengotza horrek, Jainkoaren Seme berezi bat izango zenak, sufritu eta hil egin beharko zuen. Ardi baten antzera, sakrifikatua izango zen (Is. 53:1-12). Imajinatu: Jehobak bere Seme kuttuna eskainiko zuen gizaki guztiak, zu barne, bekatu eta heriotzatik libratzeko!
ZER EGIN ZUEN JESUSEK GIZAKIAK SALBATZEKO?
9. Zer esan zuen Joan Bataiatzaileak Jesusi buruz? (Hebrearrei 9:22; 10:1-4, 12)
9 Kristo ondorengo 29. urtean, Joan Bataiatzaileak Nazareteko Jesus ikusi zuenean, honakoa esan zuen: «Begira, Jainkoaren Bildotsa, munduaren bekatua kentzen duena!» (Joan 1:29). Hitz horiek Jesus promestutako ondorengotza zela erakutsi zuten. Jesusek bere bizia sakrifizio moduan eskainiko zuen gure alde. Azkenik, gizaki bekatariek esperantza sendoa zuten: bekatutik erabat salbatuko zituen ondorengotza iritsi zen (Irakurri Hebrearrei 9:22; 10:1-4, 12).
10. Nola erakutsi zuen Jesusek bekatariei «deitzera etorri» zela?
10 Jesus beraien bekatuengatik gaizki sentitzen ziren pertsonei bereziki laguntzen saiatu zen, eta bere dizipuluak izatera gonbidatu zituen. Izan ere, Jesusek bazekien gizakien sufrimenduen benetako arrazoia bekatua zela. Konparaketa bat erabiliz, honakoa azaldu zuen: «Osasuntsu daudenek ez dute medikurik behar, baina gaixo daudenek bai». Gainera, esan zuen: «Ez naiz zuzenei deitzera etorri, bekatariei baizik» (Mat. 9:12, 13). Eta horixe izan zen Jesusek egin zuena. Adibidez, emakume batek bere malkoekin Jesusen oinak garbitu zituenean, Jesusek goxo-goxo hitz egin zion, eta bere bekatuak barkatu zizkion (Luk. 7:37-50). Bestalde, Jesusek bazekien putzu ondoan topatu zuen emakume samariarrak bizitza moralgabea eramaten zuela. Hala eta guztiz ere, egia garrantzitsuak irakatsi zizkion (Joan 4:7, 17-19, 25, 26). Gainera, Jehobak Jesusi gizon, emakume eta haurrak berpizteko indarra eman zion. Horrela, Jesusek bekatu guztien ondorioak ezabatzeko boterea zuela erakutsi zuen (Mat. 11:5).
11. Zergatik sentitzen ziren bekatariak eroso Jesusekin?
11 Ez da harritzekoa bekatu larriak egin zituztenak ere Jesusen ondoan eroso sentitzea. Izan ere, Jesusek nola sentitzen ziren ulertzen zuen, eta atsegina zen beraiekin (Luk. 15:1, 2). Gainera, berarengan fedea jarri zutenak zoriondu eta saritu zituen (Luk. 19:1-10). Jesusek bere Aitaren errukia modu apartan imitatu zuen (Joan 14:9). Jesusen hitz eta ekintzetatik, Jehoba errukitsua dela eta, bekatariak izan arren, maite gaituela ikasten dugu, baita bekatuaren aurka borrokatzen lagundu nahi digula ere. Jesusek pertsona bekatariei beraien bizimodua aldatzeko eta bere jarraitzaileak izateko desira izaten lagundu zien (Luk. 5:27, 28).
12. Zer irakatsi zuen Jesusek bere heriotzari buruz?
12 Jesusek bazekien bere bizia sakrifizioan eskaini beharko zuela. Behin baino gehiagotan, bere dizipuluei traizionatua eta zutoin batean exekutatua izango zela esan zien (Mat. 17:22; 20:18, 19). Bazekien ere bere sakrifizioak munduaren bekatua kenduko zuela, Joan Bataiatzaileak eta profetek esan zuten bezalaxe. Gainera, Jesusek hil ondoren «mota guztietako pertsonak erakarriko» zituela irakatsi zuen (Joan 12:32). Jesusengan fedea jartzen eta bera imitatzen zutenek Jehoba poztuko zuten. Hala egiten bazuten, azkenik «bekatutik libre geratu[ko]» ziren (Erm. 6:14, 18, 22; Joan 8:32). Beraz, Jesus ausarta izan zen eta gu salbatzeko heriotza mingarri bat sufritzeko prest egon zen (Joan 10:17, 18).
13. Nolakoa izan zen Jesusen heriotza, eta zer irakasten digu Jehobari buruz? (Ikusi irudia ere)
13 Jesusen lagun minetako batek bera traizionatu zuen. Gero, bere aurkariek atxilotu, iraindu eta kalumniatu zuten. Ondoren, Jesus hiltzera kondenatu eta torturatu zuten. Azkenik, soldaduek Jesus exekutatu zuten, zutoinean iltzatuz. Sufrimendu guzti horren aurrean leial iraun zuen bitartean, bazegoen oraindik gehiago sufritu zuen norbait: Jehoba. Jehobak Jesusen sufrimendua geldiarazteko boterea eta gaitasuna zuen, baina ezer ez egitea erabaki zuen. Zergatik? Hitz batean esanda: maitasunarengatik. Jesusek esan zuen: «Jainkoak hainbeste maite izan zuenez mundua, bere Seme bakarra eman zuen, berarengan fedea erakusten duena suntsitua izan ez dadin, baizik eta betirako bizia izan dezan» (Joan 3:16).
14. Zer irakasten dizu Jesusen sakrifizioak?
14 Jesusen sakrifizioari esker, erabat ziur gaude Jehobak Adam eta Ebaren ondorengo guztiak maite dituela. Bai, Jehobak zu asko maite zaitu. Bere Seme maitea sakrifikatzeko eta min izugarria sufritzeko prest egon zen zu bekatu eta heriotzatik salbatzeko (1 Joan 4:9, 10). Horregatik, gutako bakoitzari bekatuaren aurka borrokatzen eta bekatua garaitzen lagundu nahi digu!
15. Zer egin behar dugu Jesusen sakrifizioari probetxua ateratzeko?
15 Jehobak opari galanta eman digu: bere Semearen bizia erreskate moduan. Horri esker, gure bekatuen barkamena lortu dezakegu. Baina hori lortzeko, guk zerbait egin behar dugu. Zer? Joan Bataiatzaileak eta, beranduago, Jesusek berak erantzuna eman zuten: «Damutu zaitezte, zeruko Erreinua hurbildu baita» (Mat. 3:1, 2; 4:17). Beraz, bekatuaren aurka borrokatu eta Jehobarengandik gertu mantentzeko, damutzea ezinbestekoa da. Baina zer esan nahi du damutzeak? Eta nola laguntzen digu bekatuaren aurka borrokatzen? Galdera horiek hurrengo artikuluan erantzungo ditugu.
sjj 18. KANTA Eskaintzarengatik esker ona
a ZER ESAN NAHI DU?: Biblian, «bekatu» hitza gaizki dagoen zerbait egin dugula edo ondo dagoen zerbait egin ez dugula adierazteko erabili daiteke. Baina beste batzuetan, «bekatu» hitza gizaki guztiok Adamengandik jaso dugun inperfekzioari buruz hitz egiteko erabiltzen da. Gizaki guztiok herentzian jaso dugun bekatu horren ondorioz hiltzen gara.