Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIOGRAFIA

Jainkoaren indarra nire ahulezietan nabarmendu da

Jainkoaren indarra nire ahulezietan nabarmendu da

1985. URTEAN, emaztea eta biok Kolonbiara iritsi ginenean, herrialdea inoiz ez bezalako biolentzia sufritzen ari zen. Garai hartan, botere handiko droga kartelak zeuden hirietan eta gerrilla soldaduak mendietan. Gobernua hauen guztien aurka borrokatzen ari zen. Medellín hiria, beranduago zerbitzatzera joan ginen tokia, gazteen banda armatuez beteta zegoen. Gazte horiek droga saldu eta jendea txantajeatzen zuten eta, gainera, soldatapeko hiltzaileak ziren. Ondorioz, ez zuten bizirik luze irauten. Zeharo desberdina zen mundu batean geundela sentitu genuen.

Finlandiako, hain iparraldean dagoen herrialde bateko, bi pertsona arrunt izanda, nola amaitu genuen Hego Amerikan? Eta zer ikasi dut urteetan zehar?

NIRE GAZTAROA FINLANDIAN

1955. urtean jaio nintzen. Familian hiru anaia gara eta ni gazteena naiz. Finlandia hegoaldean hazi ginen, kostatik hurbil, orain Vantaa izena duen hirian.

Ni jaio baino urte batzuk lehenago ama Jehobaren lekuko izateko bataiatu zen. Hala ere, aitak, egiaren kontra zegoenez, ez zion amari gurekin Biblia aztertzen uzten eta ezin genuen bileretara joan. Horregatik, amak aita etxean ez zegoen momentuak aprobetxatzen zituen guri egiari buruz irakasteko.

Zazpi urterekin Jehobaren alde jartzea erabaki nuen

Txikitatik Jehobaren alde jartzeko erabakia hartu nuen. Adibidez, behin, zazpi urte nituela, irakaslea sutan jarri zen ez nuelako verilättyjä (odolez eginiko opil finlandiarra) jan nahi izan. Orduan, irakasleak esku batekin nire masailak estutu zituen ahoa ireki nezan, eta bestearekin, sardeska bat erabiliz, opil zati bat nire ahoan sartzen saiatu zen. Baina sardeska bere eskutik kentzea lortu nuen.

12 urte nituenean, aita hil egin zen. Horren ondoren, bileretara joan ahal nintzen. Kongregazioko anaiak oso atseginak izan ziren nirekin, eta horrek espiritualki aurrera egiten lagundu zidan. Gainera, Biblia egunero irakurtzen eta gure argitalpenak arretaz aztertzen hasi nintzen. Ikasketa ohitura on hauei esker, 14 urterekin bataiatu nintzen, 1969​ko abuztuaren 8​an.

Ikasketak amaitu eta gutxira, aitzindaritza erregularra hasi nuen. Aste batzuk beranduago, behar handiagoa zegoen toki batera joan nintzen zerbitzatzera, Pielavesi-ra, Finlandia erdialdetik gertu.

Pielavesi-n nire emazte kuttuna ezagutu nuen, Sirkka. Asko gustatu zitzaidan bere izaera apala eta zenbat maite zuen Jehoba. Ez zuen mundu honetan izen ona izatea bilatzen, ezta eroso bizitzea ere. Biok Jehobaren zerbitzuan ahal genuen guztia egin nahi genuen eta edozein lan egiteko prest geunden. 1974​ko martxoaren 23​an ezkondu ginen. Eztei bidaian joan beharrean, behar handiagoa zegoen toki batera joan ginen zerbitzatzera, Karttula-ra.

Alokairuan hartutako etxea Karttula-n (Finlandia)

JEHOBAK ZAINDU GINTUEN

Anaiak emandako kotxea

Ezkonberriak ginenetik, Erreinuari lehentasuna ematen badiogu, Jehobak zainduko digula erakutsi digu (Mat. 6:33). Adibidez, Karttula-n ez genuen kotxerik eta, hasiera batean, bizikletaz bidaiatzen genuen. Baina neguan zero azpiko tenperaturak izaten genituen. Gainera, predikatzeko eremua oso zabala zen. Hau arazo bat zen guretzat, ez genuelako kotxe bat erosteko dirurik.

Orduan, guk espero gabe, nire anaietako bat bisitan etorri zen, eta bere kotxea eskaini zigun. Gainera, auto asegurua dagoeneko ordainduta zuen. Guk gasolinaz besterik ez genuen arduratu behar. Orain, gure lana betetzeko ibilgailu bat genuen.

Jehobak gure behar materialez arduratu zela erakutsi zigun. Gure ardura Erreinuari lehentasuna ematea baino ez zen.

GALAADEKO ESKOLA

Aitzindari eskolan, 1978​an

1978​an aitzindari eskola izan genuen. Eskolan geundela, gure irakasleetako batek, Raimo Kuokkanen-ek a, Galaadeko Eskolara joateko eskaera betetzera animatu gintuen. Beraz, eskolara joan ahal izateko, ingelesa ikasten hasi ginen. Hala ere, eskaera bete ahal izan aurretik, 1980​an Finlandiako sukurtsalean zerbitzatzeko gonbidapena jaso genuen. Garai hartan, Betelen zerbitzatzen zutenek ezin zuten Galaadera joateko eskaera bete. Baina Jehobak nahi zuen tokian zerbitzatu nahi genuen, eta ez guk nahi genuen tokian. Beraz, gonbidapena onartu genuen. Hala ere, Galaadera joateko aukera inoiz suertatzen baldin bazen, ingelesa ikasten jarraitu genuen.

Urte gutxi batzuk beranduago, Betelen zerbitzatzen zutenei ere Galaadera joateko aukera eman zitzaien. Segituan bete genuen eskaera. Baina, noski, ez zen Betelen pozik ez egoteagatik! Alderantziz, geure burua behar handiagoa zegoen toki batean zerbitzatzeko eskaini nahi genuen, besterik ez. Orduan, Galaadera joateko gonbidapena jaso genuen. Gurea 79. klasea izan zen. 1985​eko irailean graduatu ginen eta Kolonbiara joateko eginkizuna jaso genuen.

GURE LEHEN EGINKIZUNA MISIOLARI BEZALA

Kolonbian jaso genuen lehen eginkizuna sukurtsal bulegoan lan egitea izan zen. Ahal nuen guztia egiten saiatu nintzen. Baina handik urtebetera, aldaketa bat behar genuela sentitu nuen. Beraz, eginkizunez aldatzea eskatu nuen. Eskaera hura nire bizitzako lehena eta bakarra izan zen. Orduan, misiolari bezala Neiva hirian, Huila eskualdean, zerbitzatzeko eginkizuna jaso genuen.

Beti gozatu izan dut predikatzeaz. Finlandian aitzindari ezkongabea nintzenean, batzuetan goizean goiz hasten nintzen predikatzen eta berandu arte geratzen nintzen. Ezkonberritan ere, Sirkka eta biok egun osoa pasatzen genuen predikatzen. Gure etxetik urrun zeuden eremuetan predikatzen genuenean, batzuetan kotxean bertan egiten genuen lo. Horrela, bidaietan denbora aurrezten genuen eta, hurrengo egunean, goizean goiz hasi gintezkeen predikatzen.

Lehen genuen predikatzeko gogo bera sentitzen genuen orain misiolari bezala. Denborarekin, gure kongregazioa hazi egin zen. Kolonbiako anai-arrebek errespetua eta maitasuna erakusten zuten, eta oso esker onekoak ziren.

OTOITZAREN INDARRA

Neivatik ez oso urrun, Lekukorik ez zegoen herriak zeuden. Gainera, gerrilla arazoak zeudenez, toki horiek oso arriskutsuak ziren bertakoak ez zirenentzat. Nola zabalduko ote ziren berri onak herri horietan? Oso kezkatuta nengoen. Beraz, otoitz egin nuen herri horietako norbait Lekuko izatera iristeko erregutuz. Baina pertsona horrek egia ezagutu zezan, Neivan bizi beharko zuela pentsatzen nuen. Horregatik, honakoa ere eskatu nuen otoitzean: toki horietako norbaitek bataiatu ondoren espiritualki aurrera egitea, eta bere jaioterrira itzultzea, bertan predikatu ahal izateko. Baina Jehobak hobeagoa zen konponbide bat zuen.

Handik gutxira, Fernando González izeneko gazte batekin Biblia ikasten hasi nintzen. Bera Algecirasen bizi zen, Lekukorik ez zegoen herri batean. Fernandok lanera joateko 50 kilometro inguru egiten zituen Neivaraino. Oso ondo prestatzen zuen ikastaro saio bakoitza, eta segituan hasi zen bileretara joaten. Biblia aztertzen hasi zen lehenengo astetik, Fernandok herriko batzuk etxera gonbidatzen zituen eta Biblian ikasitakoa irakasten zien.

Fernandorekin, 1993​an

Fernando 1990​eko urtarrilean bataiatu zen, Biblia aztertzen hasi eta sei hilabetera. Ondoren, aitzindari erregular bezala zerbitzatzen hasi zen. Bera Algecirasen egonda, orain ez zen hain arriskutsua izango zonalde hartara aitzindari bereziak bidaltzea. 1992​ko otsailean, kongregazio bat sortu zen herri hartan.

Predikatu al zuen Fernandok bere jaioterrian bakarrik? Ez. Ezkondu ondoren, bera eta emaztea San Vicente del Caguán-era, Lekukorik ez zegoen beste herri batera, joan ziren. Bertan, kongregazio bat sortzen lagundu zuten. 2002​an, Fernando eskualde arduradun izendatua izan zen eta, bere emazte Olgarekin batera, ibiltari lanean jarraitzen du gaur arte.

Bizipen horretatik honakoa ikasi nuen: jasotzen ditugun eginkizunen inguruan otoitz zehatzak egitea oso inportantea dela. Guk ezin duguna, Jehobak egiten du. Azken finean, hau bere uzta da, ez gurea (Mat. 9:38).

JEHOBAK «BAI NAHI IZATEKO ETA BAI BURUTZEKO GAI» EGITEN GAITU

1990​ean, ibiltari lanean hasi ginen. Gure lehen eskualdea herrialdearen hiriburuan izan zen, Bogotá. Eginkizun horretan pentsatzean, bertigoa sentitu genuen. Emaztea eta biok pertsona arruntak ginen eta ez genituen abilezia berezirik. Gainera, Bogotá hiria ikaragarri handia zen eta ez geunden bizimodu horretara ohituta. Baina Jehobak Filipoarrei 2:13​ko promesa bete zuen: «Jainkoa da, izan ere, bai nahi izateko eta bai burutzeko gai egiten zaituztena, berak nahi bezala».

Beranduago, Medellín inguruko eremu batera joan ginen, hasieran aipatutako hirira. Bertako jendea oso ohituta zegoen kaleko biolentziara, eta ez zen horretaz kezkatzen. Adibidez, behin, etxe batean Biblia ikastaro bat zuzentzen ari nintzela, tiroketa bat hasi zen kanpoan. Neure burua babestu nahian, lurrera botatzear nengoen, baina Biblia ikastaroak paragrafoa irakurtzen jarraitu zuen larritu gabe. Amaitu zuenean, barkamena eskatu eta etxetik atera zen. Orduan, bi haur txikirekin itzuli eta lasai-lasai esan zuen: «Sentitzen dut, nire haurrak ekarri behar nituen».

Beste hainbatetan ere arriskuan egon ginen. Behin, atez ate predikatzen ari ginela, nire emaztea korrika etorri zen niregana, aurpegia txuri-txuri zuela. Norbaitek tiro egin ziola esan zidan. Zelako sustoa! Hala ere, beranduago, tiro egin zuen gizonak ez ziola Sirkkari eman nahi jakin genuen, bere ondoan zihoan beste gizon bati baizik.

Denborarekin, kaleko biolentziarekin batera bizitzen ikasi genuen. Bertako Lekukoek gure antzeko egoerak pasatzen zituzten, baita okerragoak ere. Beraiek erakusten zuten iraupenak izugarri animatzen gintuen. Honakoa ondorioztatu genuen: Jehobak beraiei laguntzen ari bazien, guri ere lagunduko zigula. Beraz, bertako adindunen aholkuei beti egin genien kasu, geure burua babesteko neurriak hartu genituen eta beste guztia Jehobaren eskuetan utzi genuen.

Noski, egoera batzuk ez ziren guk uste bezain arriskutsuak izan. Behin, etxe batean predikatzen ari nintzela, bi emakume elkarri irainak botatzen ariko balira bezala entzun nuen. Ez nuen eztabaida ikusteko interesik, baina etxeko jabeak bere patiora sartzeko esan zidan. Orduan konturatu nintzen eztabaida bizilagunak imitatzen ari ziren bi lororen artekoa zela!

EGINKIZUN ETA ZAILTASUN BERRIAK

1997​an, Izendatuentzako Entrenamendu Eskolako irakasle izendatua izan nintzen. b Beti gustatu zait eskola teokratikoetara joatea, baina ez nuen inoiz imajinatu eskola hauetako irakasle izango nintzenik.

Beranduago, lurralde arduradun bezala zerbitzatu nuen. Antolaketa hau amaitu zenean, eskualde lanera itzuli nintzen. Asko gozatu dut 30 urte baino gehiagoz eskola irakasle eta ibiltari arduradun bezala zerbitzatzeaz. Eginkizun hauei esker, bedeinkapen ugari jaso ditut. Hala ere, dena ez da arrosa kolorekoa izan.

Izaera sendoa izateak egoera zailei aurre egiten lagundu dit. Hala ere, batzuetan gogotsuegi saiatu naiz kongregazioko arazoak konpontzen. Behin, anai-arreba batzuei besteekin maitekorrak eta arrazoitsuak izan behar zutela aholkatu nien, ia behartzera iritsi arte. Ironikoa zen, momentu horietan nik erakutsi behar nituelako ezaugarri horiek (Erm. 7:21-23).

Nire akatsen erruz, batzuetan oso desanimatuta sentitu naiz (Erm. 7:24). Egun batean, hoberena misiolari lana uztea eta Finlandiara bueltatzea zela esan nion Jehobari otoitzean. Arrats hartan, bilerara joan nintzen. Bilera hartan entzun nuenak honetaz konbentzitu ninduen: nire eginkizunean jarraitzen eta nire inperfekzioak lantzen jarraitu behar nuela. Jehobak otoitz hura erantzun zuen moduan hausnartzean, hunkitu egiten naiz orain ere. Gainera, oso eskertuta nago modu maitekorrean nire ahuleziak gainditzen lagundu didalako.

ETORKIZUNA KONFIANTZAZ IKUSTEN DUGU

Sirkka eta biok ia gure bizitza osoan zehar Jehoba denbora osoz zerbitzatzeko oparia jaso dugu. Berarekin zorretan gaudela sentitzen dugu. Bestalde, oso eskertuta nago Jehobari urte guzti hauetan emazte maitekor eta leiala izan dudalako.

Hemendik gutxira 70 urte beteko ditut eta eskualde arduradun eta eskola irakasle izateari utziko diot. Baina honek ez nau tristatzen. Zergatik? Erabat konbentzituta nagoelako Jehoba gehien ohoratzen duena honakoa dela: bera modestiaz zerbitzatzea, eta maitasunez eta esker onez betetako bihotz batekin gorestea (Mik. 6:8, NWT; Mar. 12:32-34). Izan ere, Jehoba ohoratzeko ez dugu eginkizun garrantzitsu bat izan beharrik.

Atzera begira, honetaz konturatu naiz: gozatu ditudan eginkizunak ez nituela besteak baino hobea nintzelako jaso, ezta abilezia berezirik nuelako ere. Nahiz eta nire ahuleziak ezagutu, Jehobak bere merezigabeko eskuzabaltasunarengatik eman dizkit eginkizun hauek. Badakit Jehobaren laguntza ezinbestekoa izan dela eginkizun hauek betetzeko. Era honetara, Jainkoaren indarra nire ahulezietan nabarmendu da (2 Ko. 12:9).

a Raimo Kuokkanen-en biografia, «Mi determinación de servir a Jehová» («Déterminés à servir Jéhovah»), argitalpen honetako 2006​ko apirilaren 1​ean argitaratu zen.

b Eskola hau Erreinuaren Berriemaileen Eskolarekin ordezkatua izan da.