Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

39. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sn 21. KANTA «Zorionekoak errukitsu direnak»

Besteei emateak zoriontsu egingo zaitu

Besteei emateak zoriontsu egingo zaitu

«Zoriontsuago izango zara ematean, jasotzean baino» (EG. 20:35).

IDEIA NAGUSIA

Besteei emateko hainbat modu aztertzeaz gain, hori egiteak zergatik egiten gaituen zoriontsu ere ikusiko dugu.

1, 2. Zergatik sortu gintuen Jehobak besteei ematean zoriontasuna sentitzeko?

 BESTEEI ematean, jasotzean baino zoriontsuagoak gara. Izan ere, Jehobak horrela sortu gintuen (Eg. 20:35). Esan nahi al du horrek opari bat jasotzen dugunean ez garela pozik jartzen? Ez. Ilusio handia egiten digu. Baina oparia ematen duena gu garenean, oraindik zoriontsuagoak gara. Gainera, Jehobak gu modu horretara sortu izana gure onerako da. Zergatik?

2 Jehobak geure esku utzi du gu zoriontsuagoak izateko aukera. Zergatik diogu hau? Eskuzabalak izateko aukerak bilatzen baditugu, zoriontsuagoak izango garelako. Zein modu paregabean sortu gintuen Jehobak! (Sal. 139.14, NWT).

3. Zergatik da Jehoba «Jainko zoriontsua»?

3 Bibliak emateak zoriontasuna dakarrela ziurtatzen digu. Beraz, ez gaitu harritzen Jehoba «Jainko zoriontsua» dela jakiteak (1 Tim. 1:11). Bera da lehen Emailea eta gehien ematen duena. Paulo apostoluak esan zuen moduan, «berari esker bizi, mugitu eta existitzen gara» (Eg. 17:28). Alegia, «opari on eta dohain perfektu guztiak» Jehobarengandik datoz (St. 1:17, NWT).

4. Zerk lagunduko digu zoriontsuagoak izaten?

4 Guztioi gustatuko litzaiguke emateak dakarren zoriontasunaz gehiago gozatzea. Nola lortu dezakegu? Jehobaren eskuzabaltasuna imitatuz (Efe. 5:1). Artikulu honetan, bere eredua aztertuko dugu, baita zer egin dezakegun besteek beraien alde egindakoagatik esker ona adierazten ez badigute ere. Gauza horiek gogoratzeak besteei ematen jarraitzen eta, ondorioz, zoriontsuagoak izaten lagunduko digu.

IMITATU JEHOBAREN ESKUZABALTASUNA

5. Zer gauza material ematen dizkigu Jehobak?

5 Zein modutan erakusten du Jehobak bere eskuzabaltasuna? Azter ditzagun adibide batzuk. Jehobak gauza materialak ematen dizkigu. Beharbada, ez ditugu luxuzko gauzarik. Baina Jehobari esker, gutako gehienok beharrezkoak diren gauzak ditugu. Adibidez, bere laguntzarekin, janaria, arropa eta bizitzeko leku bat dugu (Sal. 4:9 [4:8, NWT]; Mat. 6:31-33; 1 Tim. 6:6-8). Baina ematen al dizkigu gauza horiek betebehar bat dela pentsatzen duelako bakarrik? Ez noski! Orduan, zergatik egiten du?

6. Zer ikasten dugu Mateo 6:25, 26 bertsetetatik?

6 Jehobak behar duguna maite gaituelako ematen digu. Azter ditzagun Mateo 6:25, 26 (Irakurri) bertsetetan azaltzen diren hitzak. Jesusek kreazioan ikusi daitezkeen adibideak erabili zituen. Esaterako, txorien inguruan, honakoa esan zuen: «Ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez biltegietan jasotzen». Hala ere, ikusi zer esan zuen ondoren: «Zuen Aitak jaten ematen die». Gero, Jesusek honakoa galdetu zuen: «Ez al duzue zuek beraiek baino gehiago balio?». Zer ikasten dugu? Jehobarentzat bere zerbitzariak animaliak baino askoz ere baliotsuagoak direla. Beraz, Jehoba animalien beharrez arduratzen bada, ziur egon gaitezke gutaz ere arduratuko dela! Aita maitekor baten antzera, Jehobak bere familia maite du eta, ondorioz, zaindu egiten du (Sal. 145:16; Mat. 6:32).

7. Zein da Jehobaren eskuzabaltasuna imitatzeko modu bat? (Ikusi irudia ere)

7 Jehobak bezala, maitasunak bultzatuta, guk ere besteei behar dutena eman ahal diegu. Adibidez, ezagutzen al duzu janaria edo arropa behar duen anaia edo arrebarik? Jehobak berari laguntzeko zu erabili ahal zaitu. Gainera, Jehobaren zerbitzariok hondamendi bat gertatzean elkarren artean laguntzeagatik gara ezagunak. Esaterako, COVID-19 pandemian zehar, anai-arrebek janaria, arropa eta beste gauza batzuk partekatu zituzten beharrean zeudenekin. Askok mundu mailako lanerako dohaintza eskuzabalak ere egin zituzten. Horrek asko lagundu zien mundu osoko anai-arrebei. Zerk bultzatu zituen anai-arreba horiek eskuzabaltasunez jokatzera? Hebrearrei 13:16​ko hurrengo hitzek: «Ez ahaztu on egiteaz eta elkarri laguntzeaz, horrelako opariak baititu Jainkoak atsegin».

Gutako guztiok Jehobaren eskuzabaltasuna imitatu dezakegu (Ikusi 7. paragrafoa)


8. Zein modutan laguntzen digu Jehobaren indarrak? (Filipoarrei 2:13, NWT)

8 Jehobak indarra ematen digu. Jehobak botere amaigabea du eta bere zerbitzari leialei pozik ematen die bere indarra (Irakurri Filipoarrei 2:13, NWT a). Eskatu al diozu inoiz otoitzean tentazio bati aurre egiteko edo zailtasun baten aurrean irauteko indarrik? Beharbada, egunez egun irauteko indarra eskatu diozu. Zure otoitzak erantzun dituela ikustean, ziur Paulo apostoluaren hitzekin bat egin duzula: «Gauza guztiak egiteko indarrak ditut, boterea ematen didan horri esker» (Flp. 4:13, NWT).

9. Nola imitatu dezakegu Jehoba gure indarra erabiltzean? (Ikusi irudia ere)

9 Jehobarekin konparatuta, gizaki inperfektuak oso desberdinak gara. Alde batetik, gure indarra ez da amaigabea eta, bestetik, ez dugu besteei indarra emateko gaitasunik. Hala ere, Jehoba imitatu dezakegu gure indarra besteen alde erabiliz. Adibidez, adineko edo gaixorik dagoen anai-arrebaren bati erosketak edo etxeko lanak egiten lagundu ahal diogu. Edo gure esku badago, bilera aretoaren garbiketan eta mantenimenduan parte hartu dezakegu. Gure indarra modu horietan erabiltzea oso mesedegarria izango da gure anai-arrebentzat.

Gure indarra besteen alde erabili dezakegu (Ikusi 9. paragrafoa)


10. Nola erabili dezakegu hitzek duten indarra besteei laguntzeko?

10 Ez ahaztu hitzek ere indar handia dutela. Etortzen al zaizu burura bihotzez zorionduz gero animatuta sentitu daitekeen norbait? Ezagutzen al duzu kontsolamendurik behar duen inor? Kasua edozein dela ere, zergatik ez duzu iniziatiba hartzen berataz arduratzen zarela erakusteko? Aurrez aurre bisitatu, telefonoz deitu edo, beharbada, gutun, email edo mezu bat bidali ahal diozu. Eta ez gehiegi kezkatu esango duzunaz. Hitz maitekor gutxi batzuk nahikoak izan daitezke anaia edo arreba bati leial mantentzen edo bere egoeraren aurrean positiboagoa izaten laguntzeko (Esa. 12:25; Efe. 4:29).

11. Nola erabiltzen du Jehobak bere jakinduria?

11 Jehobak jakinduria ematen digu. Santiago dizipuluak hauxe idatzi zuen: «Zuetakoren bati jakinduria falta bazaio, jarrai dezala Jainkoari eskatzen […] eskuzabaltasunez guztiei ematen baitie inori aurpegira bota gabe» (St. 1:5, NWT). Hitz horien arabera, Jehobak ez du bere jakinduria berarentzat gordetzen. Besteekin eskuzabaltasunez partekatzen du. Gainera, Jehobak jakinduria ematen duenean, «aurpegira bota gabe» egiten du. Ez du gu gaizki sentitzerik nahi bere gida behar dugula onartzeagatik. Alderantziz, horren bila aritzeko eskatzen digu (Esa. 2:1-6).

12. Zer aukera ditugu gure jakinduria besteekin partekatzeko?

12 Eta guk, imitatu al dezakegu Jehoba gure jakinduria partekatuz? (Sal. 32:8). Jehobaren zerbitzariok ikasi duguna besteekin partekatzeko aukera asko ditugu. Adibidez, askotan, berriemaile berriak predikazioan trebatzen ditugu. Bestalde, adindunek laguntzaileei eta bataiatutako anaiei pazientziaz laguntzen diete, kongregazioko eginkizunak nola bete irakatsiz. Eta eraikuntza eta mantentze lanetan esperientzia dutenek, esperientzia gutxiago dutenak trebatzen dituzte.

13. Besteak trebatzean, nola imitatu dezakegu Jehobak bere jakinduria partekatzen duen modua?

13 Trebakuntza ematen dutenek Jehobak bere jakinduria partekatzen duen modua imitatu dezakete. Gogoratu Jehobak eskuzabaltasunez ematen duela jakinduria. Era berean, gure ezagutza eta esperientzia eskuzabaltasunez partekatzen dugu ikasten ari direnekin. Ez diogu norbait trebatzeari utziko denborarekin pertsona horrek gu ordezkatu ahal gaituen beldur izateagatik. Hurrengoa ere ez genuke pentsatu beharko: «Inork ez ninduen ni trebatu! Ikasi dezala bere kabuz». Jehobaren zerbitzariok ez genuke horrelako jarrerarik izan beharko. Alderantziz, trebatzen ditugunekin geure ezaguerak pozik partekatzeaz gain, beraien alde «geure bizia ere» ematen dugu (1 Tes. 2:8). Aldi berean, beraiek «besteei erakusteko ere egokiak izan» daitezen espero dugu (2 Tim. 2:1, 2, Ur). Gutako guztiok gure jakinduria besteekin eskuzabaltasunez partekatzen badugu, bai guk, bai besteek jakinduria handiagoa izango dugu, eta zoriontsuagoak izango gara.

BESTEAK ESKER ONEKOAK EZ DIRELA DIRUDIENEAN

14. Nola erantzuten dute gehienek eskuzabalak garenean?

14 Eskuzabalak garenean, batez ere gure anai-arrebekin, askotan beraien esker ona jasotzen dugu bueltan. Notatxo bat bidali ahal digute edo beste modu batera eman ahal dizkigute eskerrak (Kol. 3:15). Zer poza sentitzen dugun besteek eskerrak ematen dizkigutenean!

15. Zer gogoratu dezakegu batzuek esker ona erakusten ez dutenean?

15 Hala ere, denek ez digute beraien alde egindakoa beti eskertuko. Batzuetan, gure denbora, energia edo dirua besteen alde erabili arren, beraiei laguntzeko egin dugun guztia ez zaiela inporta eman dezake. Horrelakorik gertatzen bada, zer egin dezakegu poztasuna ez galtzeko, edo ez dezepzionatzeko? Gogoratu ditzagun artikulu honetako aipu nagusiaren, hau da, Eginak 20:35​aren hitzak. Gure zoriontasuna ez da jendearen erantzunean oinarritzen. Pozik egotea aukeratu dezakegu besteek esker ona adierazten ez digutela dirudienean ere. Nola egin dezakegu hori? Azter ditzagun modu batzuk.

16. Zer gogoratu beharko genuke besteei ematean?

16 Gogoratu Jehoba imitatzen ari zarela. Berak gauza onak egiten ditu besteen alde, eskertuko duten ala ez axola gabe (Mat. 5:43-48) «Bueltan ezer espero gabe» ematen badugu, Jehobak «saria handia izango» dugula promesten digu (Luk. 6:35). Beraz, ez zaitez dezepzionatu besteek ez badizkizute beti eskerrak ematen. Gogoan izan Jehobak besteen alde egiten dituzun gauza onengatik eta alai emateagatik sarituko zaituela (Esa. 19:17; 2 Ko. 9:7).

17. Zein da besteei ematean Jehoba imitatzeko beste modu bat? (Lukas 14:12-14)

17 Besteei ematean Jehoba imitatzeko beste modu bat Lukas 14:12-14 (Irakurri) aipuan agertzen diren Jesusen hitzak praktikan jartzea da. Noski, ez dago gaizki ospitalarioak eta eskuzabalak izatea gurekin antzeko modu batean jokatu ahal dutenekin. Hala ere, beharbada, honetaz konturatu gara: askotan besteei ematen diegula, bueltan zerbait jasoko dugula espero dugulako. Horrela bada, Jesusek esandakoa egiten saiatu beharko ginateke, hau da, eskuzabalak izaten saiatu beharko ginateke hospitalitatea erakutsi ezin digun norbaitekin. Hau egiten badugu pozik egongo gara, Jehoba imitatzen ariko gara eta. Gainera, ez badugu bueltan ezer espero, besteei ematean beti pozik egongo gara, baita esker ona adierazten ez digutenean ere.

18. Zer ez genuke egin beharko, eta zergatik?

18 Ez jarri zalantzan besteen motibazioak (1 Ko. 13:7, NWT). Besteek ez badute esker onik adierazten, honakoa galdetu ahal diogu geure buruari: «Benetan al da esker onekoak ez direla? Edo, besterik gabe esker ona adieraztea ahaztu al zaie?». Agian guk beraien esker ona jasotzea espero genuen, baina arrazoiren batengatik ez dizkigute eskerrak eman. Bestalde, bihotzez eskertuta egon arren, batzuei zaila egiten zaie esker ona adieraztea. Beharbada, laguntza jasotzeak lotsa ematen die, bereziki iraganean besteei laguntzen zietenak beraiek baziren. Edonola ere, gure anai-arrebak bihotz-bihotzez maite baditugu, ez ditugu beraien motibazioak zalantzan jarriko eta pozik ematen jarraituko dugu (Efe. 4:2).

19, 20. Zer gehiagok lagundu ahal digu besteei ematean pozik egoten? (Ikusi irudia ere)

19 Izan pazientzia. Eskuzabalak izatearen inguruan, Salomon errege jakintsuak honakoa idatzi zuen: «Jaurti zeure ogia ur-azalera, handik luzarora aurkituko baituzu» (Ekl. [Koh.] 11:1, oharra). Hitz horiek adierazten duten bezala, batzuek denbora luze pasa eta gero, hau da, «handik luzarora» erakutsiko dute agian beraien esker ona. Azter dezagun hori frogatzen duen bizipen bat.

20 Duela urte asko, eskualde arduradun baten emazteak gutun animagarri bat idatzi zion bataiatu berri zen arreba bati. Bere gutunean, Jehobari leial mantentzea zein garrantzitsua den azpimarratu zuen. Zortzi urte inguru beranduago, gutuna jaso zuen arrebak erantzun egin zion: «Azken urteotan zenbat lagundu didazun jakin dezazun idazten dizut». Hurrengoa ere idatzi zuen: «[Zure gutuna] oso goxoa izan zen, baina nire bihotza bereziki ukitu zuena Biblia aipua izan zen. Ez dut sekula ahaztu». b Urteetan zehar izan zituen zailtasun batzuk aipatu ondoren, arrebak honakoa ere idatzi zion: «Batzuetan, dena bertan behera utzi nahi izan nuen. Egia, ardurak… den dena. Baina, orduan, idatzi zenidan aipua gogoratzen nuen, eta horrek amore ez ematen laguntzen zidan». Honakoa ere aipatu zion: «Azken zortzi urteotan, ezerk ez nau zuk idatzitakoak bezainbeste animatu». Imajinatu zein pozik sentituko zen eskualde arduradunaren emaztea «handik luzarora» arrebaren gutuna jaso zuenean! Guk ere, beharbada, norbaiten alde zerbait egin eta denbora luze pasa ondoren, bere esker ona jasoko dugu.

Norbaitek bere esker ona adierazi ahal digu guk bere alde zerbait egin baino askoz ere beranduago (Ikusi 20. paragrafoa) c


21. Zergatik dugu Jehobaren eskuzabaltasuna imitatzen jarraitzeko determinazioa?

21 Ikusi dugun moduan, ematean, jasotzean baino zoriontsuago izateko sortu gintuen Jehobak. Anai-arrebak lagundu ahal ditugunean oso ongi sentitzen gara, baita beraiek esker ona adierazten digutenean ere. Hala ere, besteek esker ona adierazten duten ala ez axola gabe, pozik egon gaitezke zuzen jokatu dugulako. Gainera, ez dugu ahaztu behar, asko eman arren, «Jaunak askoz gehiago eman» ahal digula (2 Kro. 25:9). Hala da, Jehobak guk inoiz eman ahal duguna baino gehiago emango digu beti. Eta ez dago Jehobaren saria baino ezer hoberik! Beraz, izan dezagun gure zeruko Aita eskuzabala imitatzen jarraitzeko determinazioa.

sjj 17. KANTA «Nahi dut»

a Filipoarrei 2:13, NWT: «Zeren Jainkoa da, berari atsegin zaion moduan, indarrez betetzen zaituztena, bai desira, bai jokatzeko indarrak emanez».

b Eskualde arduradunaren emazteak arrebari idatzitako aipua 2 Joan 8 izan zen. Bertan dio: «Ibil zaitezte kontuz, gure lanaren fruitua gal ez dezazuen, sari oparoa jaso dezazuen baizik».

c IRUDIAREN AZALPENA: Irudi hau antzezpen bat da. Eskualde arduradun baten emazteak gutun animagarri bat idatzi dio arreba bati. Urteak beranduago, arreba horrek bueltan idatzi dio eskerrak emanez.