Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

36. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 89. KANTA Entzun, obeditu eta bedeinkapenak jaso

Bete dezagun Jainkoaren Hitza

Bete dezagun Jainkoaren Hitza

«Bete ezazue mezua [edo hitza, NWT], eta ez entzun bakarrik» (ST. 1:22).

IDEIA NAGUSIA

Artikulu honek Jainkoaren Hitza egunero-egunero irakurtzeko desira sendotzen lagunduko digu, baita irakurtzen dugun horretan hausnartzen eta ikasitakoa praktikan jartzen ere.

1, 2. Zergatik gara Jehobaren zerbitzariok zoriontsuak? (Santiago 1:22-25)

 JEHOBAK eta bere Seme kuttunak gu zoriontsu izatea nahi dute. 119. Salmoa 2​aren idazleak honela adierazi zuen: «Zorionekoak, haren xedapenak [edo gogorarazpenak, NWT] betez, bihotz-bihotzez harengana jotzen dutenak». Jesusek hurrengoa ere promestu zuen: «Zoriontsuak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!» (Luk. 11:28).

2 Jehobaren zerbitzariok zoriontsuak gara. Zergatik? Arrazoi asko ditugu, baina arrazoi garrantzitsu bat hurrengoa da: Jainkoaren Hitza erregularki irakurtzen dugula eta ikasitakoa praktikan jartzen saiatzen garela (Irakurri Santiago 1:22-25).

3. Nola laguntzen digu Jainkoaren Hitza betetzeak?

3 Jainkoaren Hitza betetzeak hainbat modutan laguntzen digu. Hasteko, Jehoba pozten dugu, eta horrek zoriontsu egiten gaitu (Ekl. [Koh.] 12:13). Bestalde, Bibliako aholkuak jarraitzen ditugunean, familia eta anai-arrebekin ditugun harremanak sendotzen ditugu. Beharbada, zure bizitzan hori hala dela ikusi duzu dagoeneko. Gainera, Jehobaren arauak jarraitzen ez dituztenen arazo asko saihesten ditugu. Horregatik, Dabid erregeak kanta batean Jehobaren lege, agindu eta epaiak aipatu ondoren, hurrengoa esan zuen: «Benetan onuragarri haiek betetzea» (Sal. 19:8-12 [19:7-11, NWT]).

4. Zergatik da zaila batzuetan Jainkoaren Hitza betetzea?

4 Egia da ez dela beti erraza Jainkoaren Hitza betetzea. Horregatik, nahiz eta oso okupatuta egon, Biblia irakurri eta aztertzeko denbora hartu behar dugu. Horrela, Jehobak guk zer egitea nahi duen jakin dezakegu. Beraz, azter ditzagun Biblia erregularki irakurtzen lagunduko diguten aholku batzuk. Gainera, irakurritakoan hausnartzen eta ikasitakoa praktikan jartzen lagunduko diguten aholku batzuk ere ikusiko ditugu.

HARTU DENBORA JAINKOAREN HITZA IRAKURTZEKO

5. Zergatik gaude hain lanpetuta?

5 Jehobaren zerbitzari gehienok oso lanpetuta bizi gara. Bibliak hainbat gauza garrantzitsuz arduratu behar dugula esaten du. Adibidez, gutako gehienok gure familia mantentzeko lan egiten dugu (1 Tim. 5:8). Anai-arreba askok ere gaixorik dauden edo edadetuak diren senideak zaindu behar dituzte. Eta denok geure osasuna zaindu behar dugu. Gauza guzti hauek denbora eskatzen dute. Horretaz gain, kongregazioan ere ardurak ditugu. Horien artean, gogotsu predikatzea dago. Hainbeste betebehar izanda, nola atera dezakegu denbora Biblia erregularki irakurtzeko, horretan hausnartzeko eta ikasitakoa praktikan jartzeko?

6. Zer egin dezakezu Biblia irakurketak zure bizitzan lehentasuna izan dezan? (Ikusi irudia ere)

6 Kristauontzat, Biblia irakurtzea gauzarik garrantzitsuenetakoa da. Beraz, lehentasuna eman behar diogu (Flp. 1:10, NWT). 1. Salmoak honakoa dio zoriontsua den gizonari buruz: «Jaunaren hitza atsegin du […] eta hitz hori gau eta egun gogoan darabil» (Sal. 1:1, 2). Beraz, argi dago denbora pasa beharko genukeela Biblia irakurtzen. Baina noiz da hori egiteko momenturik onena? Gutako bakoitzaren erantzuna desberdina izan daiteke. Hala ere, Biblia erregularki irakurtzeko momenturen bat izan beharko genuke. Victor izeneko anaia batek dio: «Biblia goizez irakurtzea gustatzen zait. Goizean goiz altxatzea asko atsegin ez dudan arren, momentu horietan distrakzio gutxiago izaten ditut, argiago pentsatzen dut eta errazagoa da niretzat kontzentratuta egotea». Hala al da zure kasuan? Galdetu zeure buruari: «Noiz da niretzat Biblia irakurtzeko momenturik onena?».

Noiz da zuretzat Biblia erregularki irakurtzeko momenturik onena? (Ikusi 6. paragrafoa)


HAUSNARTU IRAKURTZEN DUZUN HORRETAN

7, 8. Zer izan daiteke irakurtzen dugunari probetxurik handiena ez ateratzeko oztopo bat? Jarri adibide bat.

7 Asko irakurtzeko ohitura izan arren, agian ez gara irakurtzen ari garen hori, nolabait esateko, xurgatzen ari. Gertatu al zaizu inoiz zerbait irakurri izana eta handik gutxira ia ezertaz ez gogoratzea? Guztioi gertatu izan zaigu noizbait. Tamalez, hori gure Biblia irakurketarekin ere gertatu ahal zaigu. Beharbada, egunero-egunero Biblia kapitulu kopuru zehatz bat irakurtzeko helburua jarri dugu; eta hori oso ondo dago. Izan ere, helburuak jarri eta horiek bete beharko genituzke (1 Ko. 9:26). Hala ere, Biblia irakurtzea hasiera da; hasiera on bat, baina hasiera besterik ez. Horregatik, Biblia irakurketari probetxurik handiena ateratzeko, hori baino gehiago egin beharko dugu.

8 Pentsatu hurrengo konparaketan. Ura ezinbestekoa da bizirako. Noski, euria egiten duenean, lurrak denbora behar du ur hori guztia xurgatzeko eta landareentzat probetxugarria izateko. Horregatik, denbora gutxian euri gehiegi egiten badu, lurrak ezingo du ur kantitate handi hori erabat xurgatu eta, ondorioz, lurrarentzat kaltegarria izan daiteke. Era berean, ez genuke Biblia korrika eta presaka irakurri beharko. Zergatik? Horrela irakurtzen badugu, ezingo dugulako irakurritakoa xurgatu, gogoratu eta erabili (St. 1:24).

Euriagatik lurrak ura xurgatzeko denbora behar duen bezala, guk ere denbora behar dugu Jainkoaren Hitzean irakurritakoan hausnartzeko eta praktikan jartzeko (Ikusi 8. paragrafoa)


9. Zer egin beharko genuke Biblia lasterka irakurtzeko ohitura badugu?

9 Konturatu al zara inoiz Biblia lasterka irakurtzen ari zinela? Hala bada, zer egin beharko zenuke? Abiadura moteldu. Saiatu irakurtzen duzun horretan pentsatzen. Beharbada, hasiera batean, hausnartzea zaila iruditu ahal zaizu. Baina ez larritu! Irakurri duzun horretan pentsatu baino ez duzu egin behar, besterik ez. Adibidez, ikasteko erabiltzen duzun denbora luzatu dezakezu, pentsatzeko, edo hausnartzeko, denbora izan dezazun. Edo bertset gutxiago irakurtzea erabaki dezakezu, eta geratzen zaizun denbora irakurri duzun horretan pentsatzeko erabili. «Ez dut asko irakurtzen, beharbada, kapitulu bat baino ez», dio lehen aipatutako Victorrek. «Goizez irakurtzen dudanez, egunean zehar irakurri dudan horretan hausnartu dezaket». Zuk erabaki dezakezu zenbat irakurri nahi duzun. Baina lasai-lasai irakurtzeko astia hartzea ezinbestekoa da. Horrela, irakurtzen ari zaren horretan pentsatu ahal izango duzu (Sal. 119:97; ikusi « Kontuan hartzeko galderak» taula ere).

10. Nola jarri dezakezu praktikan ikasitakoa? Jarri adibide bat. (1 Tesalonikarrei 5:17, 18, NWT)

10 Biblia noiz edo zenbat irakurtzen duzun inporta gabe, pentsatu irakurritakoa nola jarri dezakezun praktikan. Biblia irakurtzen ari zarenean, galdetu zeure buruari: «Nola jarri dezaket hau praktikan orain, edo etorkizunean?». Esaterako, imajinatu 1 Tesalonikarrei 5:17, 18 (NWT a) irakurri duzula (Irakurri). Bi bertset horiek irakurri ondoren, gelditu eta hausnartu honetan: «Zenbatero egiten dut otoitz? Zein sakonak dira nire otoitzak?». Horretaz gain, zergatik zauden eskertuta ere pentsatu dezakezu. Beharbada, Jehobari hiru gauza zehatzengatik eskerrak eman ahal dizkiozu. Bestalde, Bibliako irakaspenetan pentsatzeko minutu gutxi batzuk erabiltzeak Jainkoaren Hitza ulertzen eta ikasitakoa praktikan jartzen lagunduko dizu. Eta egunero-egunero Biblia pasarte berri batean irakurtzen duzuna praktikan jartzen baduzu, denborarekin, Jehobaren zerbitzari hobea izango zara. Baina, zer egin dezakezu hobetzeko gauza gehiegi dituzula ikusten baduzu?

IZAN ARRAZOITSUA HELBURUAK JARTZEAN

11. Zergatik sentitu zaitezke desanimatuta batzuetan? Jarri adibide bat.

11 Biblia irakurtzen ari zarenean, beharbada desanimatuta sentitu zaitezke hobetzeko gauza gehiegi dituzula sentitzen duzulako. Jarri dezagun adibide bat. Demagun gaur astelehena dela eta zure Biblia irakurketan bereizkeriarik ez egiteari buruz hitz egiten dela (St. 2:1-8). Besteak hobeto tratatu behar dituzula ikusi duzu eta, beraz, aldaketa batzuk egitea erabaki duzu. Zein ondo! Bejondeizula! Orduan, asteartean, zure hizkera kontrolatzearen garrantzia azpimarratzen duen pasarte bat irakurri duzu (St. 3:1-12). Batzuetan zure hizkera negatibo samarra izaten dela konturatu zarenez, positiboagoa eta animagarriagoa izateko helburua jarri duzu. Baina asteazkenean, munduaren lagunak izan behar ez dugula irakurri duzu (St. 4:4-12, NWT). Horregatik, zure entretenimendua hobeto aukeratu behar duzula ikusi duzu. Azkenean, ostegunerako, aldaketa guzti horiek egitea zailegia dela sentitu dezakezu.

12. Zergatik ez zinateke desanimatu beharko Biblia irakurtzean aldaketak egin behar dituzula ikusten baduzu? (Ikusi oharra ere)

12 Asko hobetu edo hainbat aldaketa egin behar dituzula ikusten baduzu, ez zaitez desanimatu. Horrela pentsatzeak apala zarela eta motibazio egokia duzula erakusten du. Apalak bagara, Biblia irakurtzen dugunean hobetzeko moduak bilatuko ditugu. b Gainera, gogoan izan denok jarraitu behar dugula «[izaera] berria» janzten (Kol. 3:10). Nola jarraitu dezakegu Jainkoaren Hitza praktikan jartzen?

13. Nola izan gaitezke arrazoitsuak helburuak jartzean? (Ikusi irudia ere)

13 Irakurri duzun guzti-guztia aldi berean praktikan jartzen saiatu beharrean, izan arrazoitsua helburuak jartzean (Esa. 11:2, NWT). Saiatu honakoa egiten: Hobetu nahi dituzun gauzen zerrenda bat egin eta, ondoren, landu nahi duzun gauza bat edo pare bat aukeratu. Zerrendan dituzun beste gauzak aurrerago lantzeko utzi ditzakezu. Baina nondik hasi zaitezke?

Biblian irakurri duzun guztia aldi berean praktikan jartzen saiatu beharrean, izan arrazoitsua helburuak jartzean. Agian helburu bat edo pare batean zentratu zaitezke (Ikusi 13 eta 14 paragrafoak)


14. Zer helburu betetzen hasi zaitezke?

14 Zuretzat betetzea erraza den helburu batekin hasi zaitezke. Edo bereziki hobetu behar duzun alderdiren bat lantzea erabaki dezakezu. Zure helburua zein den erabaki ondoren, egin ikerketa gure argitalpenetan, adibidez, Índice de las Publicaciones Watch Tower c edo Jehobaren lekukoen ikasketarako gida erabiliz. Horretaz gain, otoitz egin zure helburuaren inguruan, Jehobari «bai desira, bai jokatzeko indarrak» emateko eskatuz (Flp. 2:13, NWT). Ondoren, ikasi duzuna praktikan jarri. Aldaketa bat egitea edo ezaugarri bat lantzea lortu duzula ikusten duzunean, aldaketa gehiago egitera motibatuta sentituko zara; eta, aldi berean, ziurrenik errazagoa egingo zaizu beste aldaketa batzuk egitea.

UTZI JAINKOAREN HITZAK «LAN EDERRA» EGIN DEZAN ZUREGAN

15. Zergatik dira ezberdinak Jehobaren zerbitzariak eta Biblia irakurtzen duten beste asko? (1 Tesalonikarrei 2:13)

15 Pertsona batzuek makina bat aldiz irakurri dute Biblia. Baina benetan sinesten al dute Biblian? Irakurritakoa praktikan jarri al dute? Edo, beraien bizitzan eraginik izan al du? Zoritxarrez, askotan, ez. Jehobaren zerbitzariok, aldiz, kontrako jarrera erakusten dugu. Lehen mendeko kristauen antzera, Biblia «Jainkoaren Hitz bezala» onartzen dugu. Are gehiago, ahal dugun guztia egiten dugu Bibliaren aholkuak gure bizitzan praktikan jartzeko (Irakurri 1 Tesalonikarrei 2:13).

16. Zerk lagunduko digu Jainkoaren Hitza betetzen?

16 Ez da beti erraza Jainkoaren Hitza irakurri eta praktikan jartzea. Batzuetan, zaila egin ahal zaigu Biblia irakurtzeko denbora hartzea. Edo korrika eta presaka irakurtzeko joera izateagatik, ez gara irakurtzen ari garena xurgatzeko gai. Baliteke egin behar ditugun aldaketa guztiak ikusita, desanimatuta sentitzea. Baina zein zailtasun ditugun axola gabe, Jehobaren laguntzarekin, gainditu ditzakegu. Beraz, onartu dezagun bere laguntza, eta izan dezagun Jainkoaren Hitza betetzeko determinazioa. Ziur egon gaitezke Biblia zenbat eta gehiago irakurri eta praktikan jarri, orduan eta zoriontsuagoak izango garela! (St. 1:25).

sjj 94. KANTA Jainkoaren Hitzarengatik esker ona

a 1 Tesalonikarrei 5:17, 18, NWT: «Egin otoitz etengabe. Eman eskerrak guztiarengatik. Hau da Jainkoaren nahia Jesu Kristori jarraitzen diozuenontzat».

b Ikusi Beste gazteek esaten dutena | Biblia-irakurketa bideoa, jw.org webgunean.

c Index des Publications des Témoins de Jéhovah.