18. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 1. KANTA Jehobaren ezaugarriak
Izan konfiantza «lur osoko Epaile» errukitsuarengan!
«Lur osoko Epaileak ez ote du zuzena dena egingo?» (HAS. 18:25, NWT).
IDEIA NAGUSIA
Jehobaren errukia eta justiziak injustuen berpizkundean izango duen eragina hobeto ulertzea.
1. Zer irakaspen kontsolagarri aurkitzen dugu Jehobak Abrahami eman zion erantzunean?
ABRAHAMEK inoiz ahaztu ez zuen elkarrizketa bat izan zuen Jehobarekin. Aingeru baten bidez, Jainkoak honakoa esan zion: Sodoma eta Gomorrako hiriak suntsitu egingo zituela. Abrahamek, kezkatuta, galdetu zuen: «Benetan suntsituko ote dituzu pertsona justuak jende gaiztoarekin batera? […] Lur osoko Epaileak ez ote du zuzena dena egingo?». Jehobak bere lagun maiteari pazientziaz irakatsitakoak gu guztiok ere lagundu eta kontsolatzen gaitu: Jainkoak ez ditu inoiz justuak suntsituko (Has. 18:23-33, NWT).
2. Nola jakin dezakegu Jehobak jendea epaitzen duenean zuzen eta errukiz jokatzen duela beti?
2 Nola jakin dezakegu Jehobak jendea epaitzen duenean zuzen eta errukiz jokatzen duela beti? Jehobak pertsonen «bihotzari» begiratzen diola dakigulako (1 Sam. 16:7). Izan ere, berak «gizon-emakume guztien barrua» ezagutzen du (1 Err. 8:39; 1 Kro. 28:9). Hau jakiteak asko liluratzen gaitu. Jehobaren epaiak gure ulermenetik erabat kanpo daude. Paulo apostoluak ere honakoa esan zuen Jehobari buruz: «Bai aztergaitzak beraren erabakiak»! (Erm. 11:33).
3, 4. Zer galdera izan ditzakegu, eta zer aztertuko dugu artikulu honetan? (Joan 5:28, 29, NWT)
3 Hala ere, Abrahamek egin zituen antzeko galderak izan ditzakegu. Beharbada, honakoa ere pentsatu dugu: «Posible izango ote da Jehobak berriro bizitzeko aukera ematea suntsitu dituen pertsonei, esaterako Sodoma eta Gomorrako biztanleei? Posible izango ote da hauetakoren bat “injustuen” berpizkundearen parte izatea?» (Eg. 24:15).
4 Errepasatu dezagun zer den berpizkundeari buruz dakiguna. Duela gutxi, «bizirako» eta «epaituak izateko» berpiztuak izango direnen inguruan, ulermen berri bat jaso genuen a (Irakurri Joan 5:28, 29, NWT b). Ulermen berri honek beste aldaketa batzuk ere ekarri ditu. Aldaketa hauek artikulu honetan eta hurrengoan aztertuko ditugu. Baina, lehenik, azter dezagun Jehobaren epai justuen inguruan ez dakiguna. Eta, ondoren, badakiguna ikusiko dugu.
ZER DA EZ DAKIGUNA?
5. Zer esan izan da gure argitalpenetan Jehobak Sodoma eta Gomorran suntsitu zituenei buruz?
5 Iraganean, gure argitalpenetan, Jehobak suntsitu zituen pertsonak, esaterako, Sodoma eta Gomorrako biztanleak, ez direla berpiztuak izango esan izan dugu. Baina gai hau arretaz aztertu eta honi buruz otoitz egin ondoren, ezin dugu hau horrela denik ziurtatu. Zergatik ez?
6. Zeintzuk dira Jehobak injustuak suntsitu zituen adibide batzuk, eta zer da ez dakiguna?
6 Azter ditzagun gai honekin lotutako galdera batzuk. Biblian, Jehobak injustuak suntsitu zituen kasu asko aipatzen dira. Esaterako, Uholdean, garai hartako pertsonak suntsitu zituen. Bestalde, israeldarrak erabili zituen Promestutako lurraldean bizi ziren zazpi nazioetako biztanleak hiltzeko. Eta Jehobaren aingeru batek 185.000 asiriar soldadu akabatu zituen gau bakar batean (Has. 7:23; Deu. 7:1-3; Is. 37:36, 37). Kasu hauetan, erabaki al zuen Jehobak pertsona hauek betirako suntsituak izango zirela, berpiztuak izateko esperantzarik izan gabe? Ematen al du Bibliak nahiko informazio honen inguruan? Ez, ez du ematen. Zergatik esan dezakegu hau?
7. Zer ez dakigu Uholdean edo Kanaango konkistan suntsituak izan zirenei buruz? (Ikusi irudia)
7 Aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan, Jehobak pertsona hauek guztiak talde bezala suntsitu zituen arren, ez dakigu Jehobak nola ikusi zuen pertsona horietako bakoitza. Bestalde, beste hau ere ez dakigu: hil ziren pertsona horiek Jehoba ezagutu eta damutzeko aukera izan zuten ala ez. Adibidez, Uholde garaian, Bibliak Noe «justiziaren predikatzaile[a]» izan zela dio (2 Ped. 2:5, Ur). Baina Bibliak ez du esaten Noe arka eraikitzen aritu zen bitartean, lurreko pertsona bakoitzari predikatzen saiatu zenik. Era berean, ez dakigu Kanaango pertsona gaizto guztiek Jehoba ezagutu eta damutzeko aukera izan zuten ala ez.
8. Zer ez dakigu Sodoma eta Gomorrako biztanleei buruz?
8 Zer esan dezakegu Jehobak Sodoma eta Gomorran suntsitutako pertsonei buruz? Sodoman, gizon zintzo bat bizi izan zen, Lot. Baina ba al dakigu biztanle guztiei predikatu zien ala ez? Egia esan, ez. Bestalde, bertako biztanleak dudarik gabe gaiztoak ziren. Baina ba al zekien bertako pertsona bakoitzak ondo eta gaizki zegoena bereizten? Dirudienez ez. Izan ere, Bibliaren arabera, Sodomako gizon talde batek Loten gonbidatuak bortxatu nahi izan zituen. Gainera, talde honen artean «zahar eta gazteak» zeudela dio Bibliak. Hauetako batzuk mutil koskorrak baino ez ziren. Beraz, ziurrenik ez ziren beraien ekintzak zein gaizki zeuden ulertzeko gai izango (Has. 19:4; 2 Ped. 2:7). Ziurtatu al dezakegu Jainko errukitsuak ez duela hil zituen horietako inor berpiztuko? Ez, ezin dugu hori ziurtatu. Egia da Jehobak honakoa konfirmatu ziola Abrahami: hiri hartan ez zeudela ezta hamar gizon justu ere (Has. 18:32). Beraz, injustuak ziren. Horregatik, Jehobak justiziaz jokatu zuen beraien ekintzengatik suntsitu egin zituenean. Baina, orduan, esan al dezakegu ziurtasun osoz horietako inor ez dela «injustuen» berpizkundearen parte izango? Ez, ezin dugu horrelakorik ziurtatu.
9. Zer ez dakigu Salomoni buruz?
9 Bestalde, Biblian aipatzen diren pertsona justu batzuk denborarekin injustu izatera iritsi ziren. Salomon erregea hauetako bat izan zen. Hasiera batean, Jainkoaren gida jarraitu zuen eta, ondorioz, Jehobak modu askotan bedeinkatu zuen. Baina, beranduago, jainko faltsuak adoratzen hasi zen. Jehoba biziki haserretu zen eta, mendetan zehar, Israel nazioak asko sufritu zuen Salomonen bekatuengatik. Hala ere, Bibliak dioen moduan, egia da Salomon hil ondoren «bere arbasoekin lokartu» zela. Hauen artean, Dabid erregea bezalako gizon leialak zeuden (1 Err. 11:5-9; 1 Err. 11:43, Du; 2 Err. 23:13). Orduan, esan nahi al du Salomon hilobiratua izan zen moduak berpiztua izango denik? Bibliak ez du honi buruz ezer esaten. Bestalde, batzuek, agian, Salomon berpiztua izango dela uste dute Bibliak honakoa esaten duelako: «Norbait hilez gero, bekatutik libre gelditzen da» (Erm. 6:7). Hala ere, honek ez du esan nahi hil diren guztiak berpiztuak izango direnik. Pertsona bat hiltzen denean, ez du automatikoki berriro bizitzeko eskubiderik lortzen. Izan ere, berpizkundea gure Jainko maitekorrak ematen duen opari bat da. Jehobak bera betirako zerbitzatzeko aukera eman nahi dien pertsonak berpiztuko ditu (Job 14:13, 14; Joan 6:44). Jasoko al du Salomonek opari hau? Ez dakigu. Honakoa, aldiz, badakigu: Jehobak zuzena dena egingo duela.
ZER DA BADAKIGUNA?
10. Nola sentitzen da Jehoba pertsonak suntsitzearen inguruan? (Ezekiel 33:11) (Ikusi irudia ere)
10 Irakurri Ezekiel 33:11. Jehobak jendea epaitzeari buruz nola sentitzen den azaltzen digu. Ezekielen antzera, Pedro apostoluak Jehobak ez duela «inor galtzerik [edo suntsitzerik, NWT] nahi» esan zuen (2 Ped. 3:9). Hitz hauek oso kontsolagarriak dira. Badakigu Jehobak ez duela norbait suntsituko hori egiteko arrazoi on bat ez badu. Bera oso-oso errukitsua da eta ezaugarri hau ahal duen guztietan erakusten du.
11. Nortzuk ez dira berpiztuak izango, eta nola dakigu hau?
11 Zer dakigu berpiztuak izango ez diren pertsonei buruz? Bibliak adibide gutxi batzuk bakarrik aipatzen ditu. c Jesusek Judas Iskariote ez dela berpiztua izango esan zuen (Mar. 14:21; ikusi Joan 17:12 d ere). Judasek nahita jokatu zuen, Jehoba eta bere Semearen aurka ari zela jakinda (Ikusi Markos 3:29 e). Era berean, Jesusek bere aurka ibili ziren erlijioburu batzuek ez dutela berpizteko esperantzarik izango esan zuen (Mat. 23:33; ikusi Joan 19:11, NWT f). Eta damutzen ez diren apostatak ere ez direla berpiztuak izango ohartarazi zuen Paulo apostoluak (Heb. 6:4-8; 10:29).
12. Zer dakigu Jehobaren errukiari buruz? Jarri adibide batzuk.
12 Hala ere, zer dakigu Jehobaren errukiari buruz? Nola erakutsi du berak ez duela «inor galtzerik [edo suntsitzerik, NWT] nahi»? Azter dezagun nola erakutsi zien errukia bekatu larriak egin zituzten batzuei. Adibidez, Dabid erregeak bekatu larriak egin zituen; horien artean, adulterioa eta hilketa. Hala ere, Dabid damutu egin zen, eta Jehobak errukia erakutsi eta barkatu egin zion (2 Sam. 12:1-13). Bestalde, Manases erregea oso maltzurra izan zen ia bere bizitza osoan zehar. Muturreko egoera izan arren, Manases damutu zenez, Jehobak errukia erakutsi eta barkatu egin zion (2 Kro. 33:9-16). Zer irakasten digute adibide hauek? Jehobak errukia erakusten duela hau egiteko arrazoiak daudela ikusten duen bakoitzean. Beraz, hauek bezalako pertsonak berpiztuko ditu. Zergatik? Bekatu larriak egin zituztela ohartu eta hauetaz damutu zirelako.
13. a) Zergatik erakutsi zien Jehobak errukia ninivetarrei? b) Zer esan zuen beranduago Jesusek ninivetarrei buruz?
13 Jehobak ninivetarrei erakutsitako errukia ere ezagutzen dugu. Hasiera batean, Jainkoak honakoa esan zion Jonasi Niniveri buruz: «Bururaino […] nauka bere gaiztakeriaz». Baina euren bekatuez damutu zirenean, Jehobak gogotsu barkatu zien; Jonas, aldiz, haserretu egin zen. Ondorioz, Jehobak honakoa gogorarazi behar izan zion: ninivetarrak «ongia eta gaizkia bereizten ez dakiten» pertsonak zirela. Beraz, Jainkoa Jonas baino askoz ere errukitsuagoa izan zen (Jns. 1:1, 2; 3:10; 4:9-11). Beranduago, Jesusek adibide hau erabili zuen Jehobaren justizia eta errukiari buruz irakasteko. Damututako ninivetarrak «Epai Egunean altxatu» egingo zirela esan zuen berak (Mat. 12:41).
14. Zer aukera izango dute ninivetarrek «epaituak izateko» berpizkundean?
14 Zer «Epai Egunean altxatu[ko]» dira ninivetarrak? Jesusek pertsona batzuk etorkizunean «epaituak izateko [berpiztuko]» direla irakatsi zuen (Joan 5:29, NWT). Jesus Mila Urteko Erregetzaz hitz egiten ari zen. Garai hartan, «justu» eta «injustu[ak]» berpiztuko dira (Eg. 24:15). Injustuak epaituak izateko berpiztuko dira. Zer esan nahi du honek? Jehobak eta Jesusek honakoa ikusiko dutela: pertsona hauek ikasitakoa obeditu eta praktikan jartzen duten ala ez. Horrela, berpiztutako ninivetar batek Jehoba ez adoratzea erabakitzen badu, Berak ez dio bizitzen jarraitzen utziko (Is. 65:20, NWT). Baina Jehoba leialki adoratzea erabakitzen duten guztiek betirako bizitzeko aukera izango dute (Dan. 12:2).
15. a) Zergatik ez genuke esan beharko Sodoma eta Gomorrako inor ez dela berpiztua izango? b) Zer esan nahi dute Judas 7ko hitzek? (Ikusi « Zer esan nahi izan zuen Judasek?» taula)
15 Jesusek honakoa ere irakatsi zuen: «Epai Eguna» gogorragoa izango dela bera eta bere irakaspenak baztertu zituztenentzat, Sodoma eta Gomorrako biztanleentzat baino (Mat. 10:14, 15; 11:23, 24; Luk. 10:12). Zer esan nahi izan zuen Jesusek? Kasu honetan, hiperbole g bat erabiltzen ari zela eman dezake. Baina dirudienez, ez da horrela. Zergatik? Jesusek ninivetarrak «Epai Egunean altxatu[ak]» izango zirela esan zuenean, literalki hitz egiten ari zelako. Beraz, ematen duenez, Jesusek Sodoma eta Gomorrako biztanleei buruz esandakoa ere literalki beteko zela esan nahi zuen. Bi kasu hauetan, «Epai Egun» berberari buruz hitz egiten ari zen. Ninivetarrek bezala, Sodoma eta Gomorrako biztanleek gauza txarrak egin zituzten. Baina ninivetarrek damutzeko aukera izan zuten. Are gehiago, epaituak izateko berpiztuak izango diren pertsonen artean, «gauza txarrak egin zituztenak» ere egongo direla esan zuen Jesusek (Joan 5:29, NWT). Beraz, baliteke Sodoma eta Gomorrako gutxienez biztanle batzuk berpiztuak izatea. Horrela bada, beharbada, pertsona hauei Jehoba eta Jesu Kristori buruz irakasteko aukera izango dugu.
16. Zer hartuko du kontuan Jehobak norbait berpiztua izango den ala ez erabakitzeko? (Jeremias 17:10)
16 Irakurri Jeremias 17:10. Bertset honek ondo laburbiltzen du zer den dakiguna: Jehoba beti ari da «ikertzen eta aztertzen […] gizakiaren buru-bihotzak». Beraz, etorkizunean berpizkundea gertatzen denean, berak, beti bezala, «nori bere jokaeraren ordaina» emango dio. Jehobak beharrezkoa denean tinko jokatzen duen arren, ahal den guztietan errukia erakusten du. Hortaz, ez genuke pentsatu beharko norbait ez dela berpiztua izango, Bibliak ez badu hori esaten.
«LUR OSOKO EPAILEAK […] ZUZENA DENA EGINGO» DU
17. Zer gertatuko zaie hil diren pertsonei?
17 Satanasekin bat eginik, Adam eta Eba Jehobaren aurka matxinatu zirenetik, milioika eta milioika gizaki hil dira. Dudarik gabe, heriotza «etsai» ikaragarria da! (1 Ko. 15:26). Zer gertatuko zaie hil diren pertsona guzti horiei? Alde batetik, Jesu Kristoren jarraitzaile leial batzuek zeruan berpiztuak izateko eta bizitza hilezkorra jasotzeko itxaropena dute. Hauek 144.000 pertsonaz osaturiko talde mugatu baten parte dira (Ap. 14:1). Bestetik, Jehoba maite zuten gizon eta emakume leial asko «justuen» berpizkundearen parte izango dira. Hauek, Jesu Kristoren Mila Urteko Erregetzan zehar eta azken proban zehar leial mantentzen badira, betirako biziko dira lurrean (Dan. 12:13; Heb. 12:1). Bestalde, mila urteetan zehar, «injustue[k]» euren jokabidea aldatzeko eta Jehobaren zerbitzari leialak izateko aukera jasoko dute. Hauen artean, Jehoba inoiz zerbitzatu ez zutenak edota «gauza txarrak egin zituztenak» daude (Luk. 23:42, 43). Azkenik, badaude oso maltzurrak izan diren gizaki batzuk. Hauek Jehoba eta bere nahiaren aurka matxinatzeko determinazioa izan dute. Jehobak pertsona hauek ez berpizteko erabakia hartu du (Luk. 12:4, 5).
18, 19. a) Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak hil direnak modu justuan epaituko dituela? (Isaias 55:8, 9) b) Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?
18 Jehobak pertsonak epaitzen dituen bakoitzean, ziur egon al gaitezke berak beti erabaki zuzena hartzen duela? Bai. Abrahamek ulertu zuen moduan, Jehoba, «lur osoko Epailea», perfektua, erabat zuhurra eta errukitsua da. Gainera, bere Semea trebatu du, eta pertsona guztiak epaitzeko ardura eman dio (Joan 5:22). Bestalde, Jehobak eta Jesusek gizaki bakoitzaren bihotzean zer dagoen jakiteko gaitasuna dute (Mat. 9:4). Beraz, pertsona bakoitza epaitzean, «zuzena dena» egingo dute beti.
19 Izan dezagun Jehobarengan eta bere erabaki guztietan konfiantza izateko determinazioa. Honakoa onartzen dugu: guk ez dugu epaitzeko gaitasunik; baina Jehobak bai (Irakurri Isaias 55:8, 9). Horregatik, epai guztiak Jehoba eta Jesusen esku uzten ditugu konfiantza osoz. Gainera, badakigu gure Errege Jesusek modu perfektuan imitatzen dituela Jehobaren justizia eta errukia (Isaias 11:3, 4). Baina Jehobak eta Jesusek nola epaituko dituzte pertsonak larrialdi handian? Zer da honi buruz ez dakiguna? Eta zer da badakiguna? Galdera hauek hurrengo artikuluan erantzungo ditugu.
sjj 57. KANTA Guztiei predikatu
a Ikusi aldizkari honetako 2022ko iraileko alea, 14-19 orr..
b Joan 5:28, 29, NWT: «Ez harritu honekin, zeren eta badator ordua hilobietan dauden guztiek bere ahotsa entzun eta aterako direna, gauza onak egin zituztenak bizirako berpiztuko dira eta gauza txarrak egin zituztenak epaituak izateko».
c Adam, Eba eta Kain-i buruz gehiago jakiteko, ikusi aldizkari honetako 2013ko urtarrilaren 1eko alea, 12. or., oh..
d Ikusi Traducción del Nuevo Mundo (Traduction du monde nouveau) itzulpeneko bertset honen ikasketarako oharra.
e Ikusi Traducción del Nuevo Mundo (Traduction du monde nouveau) itzulpeneko bertset honen ikasketarako oharrak.
f Ikusi Traducción del Nuevo Mundo (Traduction du monde nouveau) itzulpeneko bertset honen «del hombre» («l’homme») ikasketarako oharra.
g Norbaitek hiperbole bat erabiltzen duenean, esaten duena esajeratu egiten du ideia bat azpimarratzeko. Hala ere, bere intentzioa ez da bere hitzak modu literalean ulertzea.