Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

12. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 77. KANTA Distira mundu ilunean

Iluntasuna saihestu eta argitan mantendu

Iluntasuna saihestu eta argitan mantendu

«Garai batean ilunpetan bizi zineten; orain, aldiz, argitan bizi zarete» (EFE. 5:8).

IDEIA NAGUSIA

Zer ikasi dezakegu Efesoarrei 5. kapituluan aipatzen den iluntasun eta argitasunaren arteko metaforatik?

1, 2. a) Zein zen Pauloren egoera efesoarrei idatzi zienean, eta zergatik idatzi zien? b) Zer galdera aztertuko ditugu?

 ERROMAN preso zegoela, Paulo apostoluak bere anai-arreba maiteak animatu nahi izan zituen. Ezin zenez aurrez aurre beraiekin egon, gutunak idatzi zizkien. Horietako bat efesoarrei idatzi zien, 60. edo 61. urte inguruan (Efe. 1:1; 4:1).

2 10 urte lehenago, Paulok denbora dexente pasa zuen Efeson, predikatzen eta berri onak irakasten (Eg. 19:1, 8-10; 20:20, 21). Anai-arrebak asko maite zituen eta Jehobari leial mantentzen lagundu nahi zien. Baina zergatik idatzi zien kristau gantzutuei iluntasuna eta argitasunari buruz? Eta zer ikasten dugu kristau guztiok Paulok emandako aholkutik? Azter ditzagun galdera hauen erantzunak.

ILUNPETIK ARGIRA

3. Zer metafora erabili zuen Paulok efesoarrei idatzitako gutunean?

3 Paulok honakoa idatzi zien Efesoko kristauei: «Garai batean ilunpetan bizi zineten; orain, aldiz, argitan bizi zarete» (Efe. 5:8). Hemen Paulok ilunpea eta argiaren arteko metafora erabiltzen du kontrakoak diren bi egoera azaltzeko. Hasteko, azter dezagun zergatik esan zien Paulok efesoarrei «garai batean ilunpetan» bizi izan zirela.

4. Zergatik esan dezakegu efesoarrek erlijio faltsuaren eragina jaso zutela?

4 Ilunpetan erlijio faltsuaren eraginez. Egia ezagutu eta kristau izatera iritsi aurretik, efesoarrek erlijio faltsuaren ideia eta superstizioetan sinesten zuten. Gainera, Efesoko hirian Artemis-en tenplu famatua zegoen. Askoren ustez, tenplu hau munduan zegoen garaiko eraikinik ederrenetako bat zen. Jendea bertara joaten zen idoloak adoratzera. Horregatik, Artemis jainkosaren eta bere tenpluaren idoloak egiten zituzten artisauek diru asko irabazten zuten (Eg. 19:23-27). Hori gutxi balitz, Efesoko hiritar askok magia praktikatzen zuten (Eg. 19:19).

5. Zergatik esan dezakegu efesoarrek moralgabekeriaren eragina jaso zutela?

5 Ilunpetan moralgabekeriaren eraginez. Efeso ezaguna zen bertan zegoen moralgabekeria eta jarrera lotsagabeagatik. Hiriko antzerki eta ospakizun erlijioso asko sexuarekin lotuta zeuden (Efe. 5:3). Hiritar askok euren «zentzu morala galdurik» zuten. «Zentzu morala galdu» esamoldeak literalki «mina sentitzeari utzi» esan nahi du (Efe. 4:17-19). Efesoarrek ondo eta gaizki zegoena bereizten ikasi aurretik, gaizki jokatzen zutenean euren kontzientziak ez zien minik egiten. Gainera, ez zuten uste Jehobaren aurrean inongo erantzukizunik zutenik. Horregatik, Paulok honela deskribatu zuen euren egoera: «Adimena ilundua dute; Jainkoaren bizitzatik urruti bizi dira».

6. Zergatik esan ahal izan zien Paulok efesoarrei orain «argitan bizi» zirela?

6 Hala ere, efesoar batzuk ez ziren ilunpetan geratu. Paulok honakoa idatzi zien: «Orain […] argitan bizi zarete Jaunarekin bat eginik» (Efe. 5:8). Orain, Jehobaren Hitzaren arabera bizi ziren. Honek argi baten antzera gidatzen zituen (Sal. 119:105). Efesoar hauek erlijio faltsuarekin lotutako ohiturak eta jarrera moralgabea baztertu zituzten. Jainkoa imitatzen hasi ziren, eta Jehoba adoratu eta pozteko euren onena eman zuten (Efe. 5:1, NWT).

7. Zein zentzutan da antzekoa gure eta Efesoko kristau askoren egoera?

7 Antzera, gu ere egia ezagutu aurretik ilunpetan bizi ginen, erlijio faltsua eta moralgabekeriaren menpe. Gutako batzuek erlijio faltsuarekin lotutako festak ospatzen genituen, eta beste batzuek bizimodu moralgabea eramaten genuen. Baina Jehobaren arabera ondo eta gaizki dagoena ikasi genuenean, aldaketak egin genituen; bere arau zuzenen arabera bizitzen hasi ginen. Ondorioz, bedeinkapen asko jaso ditugu eta hauetaz gozatzen dugu (Is. 48:17). Hala ere, zailtasunei aurre egiten jarraitu behar dugu. Beraz, atzean utzi dugun iluntasunetik urruti mantendu eta «argiaren seme-alaba» bezala jokatzen jarraitu behar dugu. Nola lortu dezakegu hau?

Image digitally reproduced with the permission of the Papyrology Collection, Graduate Library, University of Michigan, P.Mich.inv. 6238. Licensed under CC by 3.0

Gaur egun ere praktikan jarri dezakegu Paulok efesoarrei idatzitako aholku maitekorra (Ikusi 7. paragrafoa) c


ILUNTASUNA SAIHESTU

8.Efesoarrei 5:3-5 aipuaren arabera, zer saihestu behar zuten efesoarrek?

8 Irakurri Efesoarrei 5:3-5. Moralgabekeriaren iluntasunetik erabat aldentzeko, Efesoko kristauek honakoa egin behar zuten: Jehobak gustuko ez dituen jokabideak baztertzen jarraitu. Hauen barnean, jarrera moralgabeaz gain, hizkera lizuna ere bazegoen. Beraz, «Kristoren eta Jainkoaren erreinuko ondarean parte» hartu ahal izateko, gauza hauek guztiak saihestu behar zituztela gogorarazi zien Paulok efesoarrei.

9. Zergatik ibili behar dugu kontu handiz moralgabekerira eraman gaitzakeen edozer gauzarekin?

9 Guk ere kontuz ibili behar dugu «ilunpetan bizi direnen alferrikako egintzetan» ez erortzeko (Efe. 5:11). Bizipen askok honakoa frogatu dute: pertsona batek gauza zikin edo moralgabeak ikusi, entzun edo hauei buruz hitz egiten duenean, errazagoa izango zaiola gaizki dagoena egitea (Has. 3:6; St. 1:14, 15). Ikus dezagun honen adibide bat. Herrialde batean, anai-arreba talde handi baten artean sare sozial bateko txat talde bat sortu zen eta «lagunak» egin ziren. Hasiera batean, askok Jehobari eta egiari buruz hitz egiten zuten. Baina pixkanaka-pixkanaka Jehobari atsegin ez zaizkion gauzei buruz hitz egiten hasi ziren, gehienbat sexuari buruz. Denborarekin, anai-arreba askok hizkera zikin horrek sexu moralgabekerian erortzera eraman zituela onartu zuten.

10. Nola saiatzen da Satanas gu engainatzen? (Efesoarrei 5:6)

10 Satanasen mundua gu engainatzen saiatzen da honakoa sinetsi dezagun: Jehobarentzat moralgabea eta zikina dena ez dagoela guztiz gaizki (2 Ped. 2:19). Honek ez gaitu ustekabean harrapatzen! Deabrua pertsonak nahasten saiatu da beti. Jendea ondo eta gaizki dagoena bereizteko gai ez izatea nahi du (Is. 5:20; 2 Ko. 4:4). Beraz, ez gaitu harritzen pelikula, telebista programa eta webgune askok Jehobaren arau zuzenen kontrako ideiak bultzatzea. Satanasek guk honakoa pentsatzea nahi du: Mundu honetan ohikoak diren jarrera zikin eta bizimodu moralgabeak, gaizki ez egoteaz gain, dibertigarriak direla eta ez dutela kalterik egiten (Irakurri Efesoarrei 5:6).

11. Nola erakusten du Angelaren bizipenak Efesoarrei 5:7​ko aholkua praktikan jartzearen garrantzia? (Ikusi irudia ere)

11 Pertsona batzuek Jehobaren arauak obeditzea zaildu ahal digute. Satanasek guk horrelako lagunak izatea nahi du. Horregatik, Paulok honakoa ohartarazi zien efesoarrei: «Ez izan halakoen kide». Hauek Jainkoaren ikuspuntutik gaizki dagoena egiten dutenak dira (Efe. 5:7). Guk efesoarrek izan zuten baino kontu handiagoa izan behar dugu. Zergatik? Gaur egun, gure denbora besteekin aurrez aurre pasatzeaz gain, sare sozialen bidez ere pasa dezakegulako. Ikus dezagun honen adibide bat. Asian bizi den Angelak a sare sozialak zein arriskutsuak izan daitezkeen ikasi zuen. Berak honakoa onartzen du: «Tranpa bat izan daitezke; pixkanaka-pixkanaka zure pentsaera aldatu dezakete. Laster, Biblia printzipioak errespetatzen ez zituztenen lagun izateak ez ninduen molestatzen. Denborarekin, Jehobari atsegin ez zaion bizimodua izatea ondo zegoela pentsatzen hasi nintzen». Zorionez, adindun maitekorrek Angelari beharrezko aldaketak egiten lagundu zioten. Berak dio: «Orain arreta gauza espiritualetan jartzen dut, eta ez sare sozialetan».

Aukeratzen ditugun lagunek eragin handia izan dezakete Jehobaren arauak obeditzeko dugun erabakian (Ikusi 11. paragrafoa)


12. Zerk lagunduko digu Jehobaren arauak obeditzen jarraitzen?

12 Mundu honek jarrera moralgabea onargarria dela pentsatzen du. Guk, aldiz, hori gezurra dela dakigunez, ideia horren aurka borrokatu behar dugu (Efe. 4:19, 20). Galdetu zeure buruari: «Kontuz ibiltzen al naiz lankide, klasekide edo Jehobaren arau zuzenak errespetatzen ez dituztenekin, beraiekin beharrezkoa den denbora baino gehiago ez pasatuz? Defendatzen al ditut ausardiaz Jehobaren arauak, batzuek intolerantea naizela esaten badidate ere?». 2 Timoteori 2:20-22 aipuak dioen moduan, kongregazio barnean ere gure lagun minak kontuz aukeratu behar ditugu. Gogoan izan behar dugu batzuek beharbada ez digutela Jehobari leial izaten lagunduko.

«ARGIAREN SEME-ALABA» BEZALA JOKATU

13. Zer esan nahi du «argiaren seme-alaba» bezala jokatzeak? (Efesoarrei 5:7-9)

13 Paulok Efesoko kristauak iluntasuna baztertzera animatu zituen, baita honakoa egitera ere: «Jokatu […] argiaren seme-alaba zaretenez» (Irakurri Efesoarrei 5:7-9; lehen oharra). Zer esan nahi du horrek? Une oro egiazko kristau bezala jokatu behar dugula. Helburu hau lortzeko modu bat, Biblia eta Biblian oinarritutako argitalpenak erregularki irakurri eta ikastea da. Gainera, oso garrantzitsua da Jesusen eredua eta irakaspenak arretaz aztertzea, bera «munduarentzat argia» baita (Joan 8:12; Esa. 6:23).

14. Nola lagundu gaitzake espiritu santuak?

14 Bestalde, Jainkoaren espiritu santuaren laguntza behar dugu «argiaren seme-alaba» bezala jokatzen jarraitzeko. Zergatik? Ez delako batere erraza mundu moralgabe honetan garbi mantentzea (1 Tes. 4:3-5, 7, 8). Espiritu santuak munduaren pentsaerari aurre egiten lagundu gaitzake. Pentsaera honen barne, Jainkoaren pentsaeraren aurka doazen filosofiak eta ikuspuntuak daude. Gainera, espiritu santuak «mota guztietako ekintza onak eta justuak» burutzen lagundu ahal digu (Efe. 5:9).

15. Zein modutan jaso dezakegu espiritu santua? (Efesoarrei 5:19, 20)

15 Espiritu santua jasotzeko modu bat otoitzean eskatzea da. Jehobak «eskatzen diotenei espiritu santua» emango diela esan zuen Jesusek (Luk. 11:13, NWT). Bestalde, bileretan Jehoba elkarrekin goresten dugunean ere espiritu santua jasotzen dugu (Irakurri Efesoarrei 5:19, 20). Espiritu santuak guregan duen eragin onari esker, Jainkoa pozten duen moduan bizitzea lortu dezakegu.

16. Zerk lagunduko digu erabaki onak hartzen? (Efesoarrei 5:10, 17)

16 Erabaki inportanteak hartu behar ditugunean, «Jaunaren nahia zein den» bereizi eta honen arabera jokatu behar dugu (Irakurri Efesoarrei 5:10, 17). Hartu behar dugun erabakiarekin lotuta dauden Biblia printzipioak identifikatu behar ditugu. Era honetara, gai horren inguruan Jainkoak zer pentsatzen duen jakingo dugu. Bestalde, Biblia printzipioak praktikan jartzen baditugu, erabaki onak hartzeko aukera gehiago izango ditugu.

17. Nola erabili dezakegu gure denbora ahalik eta ondoen? (Efesoarrei 5:15, 16, NWT) (Ikusi irudia ere)

17 Paulok denbora ahalik eta ondoen erabiltzeko aholkatu zien Efesoko kristauei (Irakurri Efesoarrei 5:15, 16, NWT b). Gure etsai Satanasek gu mundu honetako gauzekin okupatuta egotea nahi du eta, ondorioz, Jehobarentzat denborarik ez izatea (1 Joan 5:19). Kristau batek bere arreta Jehobaren zerbitzuan jarri beharrean, diruari, ikasketei edo lanari garrantzi gehiegi eman ahal dio. Hala bada, mundu honen pentsaera berarengan eragina izaten ari den seinale izan daiteke. Noski, gauza hauek berez ez dira txarrak, baina ez genituzke inoiz gure bizitzan lehen postuan jarri beharko. «Argiaren seme-alaba» bezala jokatzeko gure «denbora ahalik eta ondoen aprobetxatu» behar dugu, benetan garrantzitsuak diren gauzetan arreta jarriz.

Kristau efesoarrek euren denbora ondo erabiltzeko aholkua jaso zuten (Ikusi 17. paragrafoa)


18. Zer egin zuen Donald-ek bere denbora hobeto erabiltzeko?

18 Adi-adi egon Jehoba gehiago zerbitzatzeko moduak topatzeko. Hau da Hegoafrikan bizi den Donald izeneko anaia batek egin zuena. Berak dio: «Nire bizimodua aztertu eta Jehobari predikazioan gehiago egiteko laguntza erregutu nion. Predikazioan denbora gehiago pasatzen utziko zidan lan bat topatu nahi nuen. Jehobari honen inguruan otoitz egin nion eta, bere laguntzarekin, lan egoki bat aurkitu nuen. Denborarekin, emaztea eta biok denbora osoko zerbitzuan hasi ginen».

19. Nola jarraitu dezakegu «argiaren seme-alaba» bezala jokatzen?

19 Paulok idatzitako gutunak Jehobari leial mantentzen lagundu zien ziurrenik efesoarrei. Eta guretzat ere oso lagungarria izan daiteke. Aztertu dugun moduan, gure entretenimendua eta lagunak ondo aukeratzen lagundu ahal digu. Bestalde, Biblia erregularki aztertzera motibatu gaitzake. Era horretara, egiaren argiak egiten ditugun gauza guztietan gidatuko gaitu. Gainera, espiritu santuaren garrantzia azpimarratzen du. Izan ere, espiritu santuak ezaugarri onak garatzen lagundu ahal digu. Paulok idatzitakoa praktikan jartzen badugu, erabaki onak, hau da, Jehobaren pentsaerarekin bat datozen erabakiak hartuko ditugu. Gauza hauek eginez gero, mundu honetako iluntasuna saihestu eta argitan egoten jarraitu ahal izango dugu!

ZER ERANTZUNGO ZENUKE?

  • Zeri egiten diote erreferentzia Efesoarrei 5:8​an azaltzen diren «ilunpe» eta «argi» hitzek?

  • Nola saihestu dezakegu iluntasuna?

  • Nola jarraitu dezakegu «argiaren seme-alaba» bezala jokatzen?

sjj 95. KANTA Argia zabaltzen ari da

a Izen batzuk aldatuak izan dira.

b Efesoarrei 5:15, 16, NWT: «Beraz, ibili arreta handiz ergelen moduan ez jokatzeko, zentzudunen antzera baizik, denbora ahalik eta ondoen aprobetxatuz, garai txarrak baitira».

c IRUDIAREN DESKRIBAPENA : Paulok efesoarrei idatzitako gutunaren antzinako kopia bat da hau.