Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

10. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sn 5. KANTA Jesu Kristo, gure eredua

Jesusi «jarraitzen segi» bataiatu ondoren

Jesusi «jarraitzen segi» bataiatu ondoren

«Norbaitek nire jarraitzaile izan nahi badu, bere burua ukatu, egunero-egunero bere tortura zutoina hartu eta niri jarraitzen segi dezala» (LUK. 9:23, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Artikulu honek Jehobari egindako eskaintzan hausnartzen lagunduko digu guztioi. Eta bereziki bataiatu berri direnei leial mantentzen lagunduko die.

1, 2. Zer bedeinkapen jasotzen ditu bataiatzen denak?

 OSO pozgarria da bataiatzea eta Jehobaren familiaren parte izatera iristea. Ohore horretaz gozatzen dutenak Dabid salmogileak esandako hurrengo hitzekin ados daude: «Zorionekoa zuk [Jehobak] aukeratu eta gonbidatzen duzuna zeure atarietan bizitzera» (Sal. 65:5; oharra [65:4, NWT]).

2 Zer pertsona mota erakartzen ditu Jehobak bere atarietara? Aurreko artikuluan aztertu genuen bezala, hauengana gerturatzen da Jehoba: berarekin adiskidetasun estua izan nahi dutela erakusten dutenengana (St. 4:8). Jehobari zeure burua eskaini eta bataiatzen zarenean, Jehobarengana modu berezi batean gerturatzen zara. Ziur egon zaitezke bataiatu ondoren berak «bedeinkazioa ugari isur[iko]» dizula, ezeren faltarik izan gabe (Mal. 3:10; Jer. 17:7, 8).

3. Zer ardura hartzen dute serioski Jehobari euren burua eskaini eta bataiatzen direnek? (Eklesiastes [Kohelet] 5:3, 4 [5:4, 5, NWT])

3 Bataioa, noski, hasiera baino ez da. Pauso hau eman ondoren, zure eskaintza botoaren arabera bizitzeko ahal duzun guztia egin nahiko duzu, nahiz eta tentazioak izan edo zure fedea probapean egon (Irakurri Eklesiastes [Kohelet] 5:3, 4 [5:4, 5, NWT]). Bestalde, Jesusen dizipulu bezala, bere eredua eta arauak ahalik eta hoberen jarraituko dituzu (Mat. 28:19, 20; 1 Ped. 2:21). Artikulu honek hau guztia lortzen lagunduko dizu.

JESUSI «JARRAITZEN SEGI» ZAILTASUNAK ETA TENTAZIOAK IZAN ARREN

4. Zer zentzutan eramaten dute Jesusen dizipuluek «tortura zutoina»? (Lukas 9:23, NWT)

4 Jesusek argi utzi zuen bere dizipuluek «tortura zutoin» bat eraman beharko zutela. Izan ere, «egunero-egunero» eraman beharko zuten. Beraz, bataiatu ondoren arazoak izaten jarraituko duzu (Irakurri Lukas 9:23, NWT a). Orduan, bere dizipuluak beti sufritzen egongo zirela esaten ari al zen Jesus? Inolaz ere. Jasoko zituzten bedeinkapenez gain, zailtasunak ere izango zituztela azpimarratzen ari zen. Gainera, hauetako erronka batzuk oso zailak izan ahal ziren (2 Tim. 3:12).

5. Zer bedeinkapen izango zituztela promestu zien Jesusek sakrifizioak egiten zituztenei?

5 Beharbada, familiaren oposizioari aurre egin diozu. Edo Erreinuari lehentasuna emateko diru edo gauza gehiago izatea baztertu duzu (Mat. 6:33). Hala bada, ziur egon zaitezke Jehobak bere alde egiten duzun guztia ikusten duela (Heb. 6:10). Seguruenik, Jesusen hurrengo hitzak egia direla bizitu duzu: «Ez dago inor etxea edo anaiak edo arrebak edo ama edo aita edo seme-alabak edo soroak niregatik eta berri onengatik utzi dituenik, garai honetan 100 aldiz gehiago jasoko ez duenik: etxeak, anaiak, arrebak, amak, seme-alabak eta soroak, pertsekuzioekin batera; eta datorren sisteman betirako bizia» (Mar. 10:29, 30). Dudarik gabe, jaso dituzun bedeinkapenak egin dituzun sakrifizioak baino askoz ere handiagoak dira (Sal. 37:4).

6. Zergatik jarraitu beharko duzu «grina txarr[en]» kontra borrokan bataiatu ondoren ere?

6 Bataiatu ondoren, «grina txarr[en]» kontra borrokatzen jarraitu beharko duzu (1 Joan 2:16). Azken finean, Adamen ondorengoa izanik, inperfektu izaten jarraitzen duzu. Baliteke batzuetan Paulo apostoluaren antzera sentitzea: «Neure barruan atsegin zait Jainkoaren legea; baina neure gorputzean beste lege bat ikusten dut, nire adimenaren legeari borroka egiten diona, eta niregan ari den bekatuaren lege horrek preso hartua nauka» (Erm. 7:22, 23). Ondorioz, normala da desanimatuta sentitzea zure desira txarren kontra borroka egin behar duzulako. Hala ere, Jehobari zeure burua eskaintzean egin zenion promesean pentsatzeak tentazioei aurre egiteko indarrak emango dizkizu. Izan ere, tentazioei aurre egiten badiezu, promes horrek zure bizia erraztuko du. Nola?

7. Nola lagunduko dizu leial izaten Jehobari egin diozun eskaintzak?

7 Jehobari geure burua eskaintzen diogunean, geure buruari uko egiten diogu. Eta zer esan nahi du geure buruari uko egiteak? Jehobak gustuko ez dituen desira eta helburu pertsonalak baztertzea (Mat. 16:24). Beraz, proba baten aurrean zaudenean, ez duzu zer egingo duzun erabakitzen denborarik pasako. Zergatik? Zer egingo duzun dagoeneko erabakita izango duzulako: Jehobari leial mantendu. Joben antzera, tinko eutsiko diozu Jehoba pozteko duzun determinazioari. Jobek proba latzak izan zituen arren, honako determinazioa izan zuen: «Ez diot uko egingo nire integritateari!» (Job 27:5).

8. Nola lagundu ahal dizu tentaldien aurrean irauten zeure eskaintza-otoitzean hausnartzeak?

8 Jehobari geure burua eskaintzean otoitz bat egin genion. Otoitz horretan hausnartzen baduzu, edozein tentaziori aurre egiteko indarrak jasoko dituzu. Adibidez, flirteatzen hasiko al zinateke norbaiten ezkontidearekin? Noski ezetz! Ez zenuela horrelakorik egingo promestu zenion Jehobari. Gainera, sentimendu negatiborik garatzen uzten ez baduzu, beranduago sentimendu hauek ezabatzeak dakarren sufrimenduaz libratuko zara. «Gaizkileen jokabidea» alde batera utziko duzu (Esa. 4:14, 15).

9. Nola lagundu ahal dizu Jehobaren adorazioari lehentasuna ematen jarraitzen zeure eskaintza-otoitzean hausnartzeak?

9 Zer egingo zenuke bileretara erregularki joaten utziko ez dizun lan bat eskaintzen badizute? Ez zenuke dudarik izango; jakingo zenuke zer egin. Lan eskaintza jaso aurretik dagoeneko horrelako lanik ez onartzea erabaki zenuen. Ez duzu lan eskaintza hori onartzeko tentaziorik izango, badakizulako, hau eginez gero, ezingo duzula Jehobari lehentasuna ematen jarraitu. Jesusen ereduan hausnartzeak lagundu ahal digu, berak bere Aita pozteko determinazioa baitzuen. Jesusen antzera, zuk ere Jehoba tristetuko duen edozer gauza azkar eta tinko baztertzeko determinazioa izango duzu (Mat. 4:10; Joan 8:29).

10. Bataiatu ondoren, nola lagunduko dizu Jehobak Jesusi «jarraitzen segi[tzen]»?

10 Probek eta tentaldiek Jesusi «jarraitzen segi» nahi dugula erakusteko aukera ematen digute. Ziur egon zaitezke Jehobak hau egiten lagunduko zaituela. Bibliak dio: «Leiala da Jainkoa, eta ez du utziko zeuen indarrez gaindiko [edo jasan ezin duzuen, NWT] tentaldirik izan dezazuen. Aitzitik, tentaldiarekin batera indarra ere emango dizue, tentaldia garaitu ahal izateko» (1 Ko. 10:13).

NOLA JARRAITU AHAL DIOZU JESUSI ETENGABE?

11. Zein da Jesusi etengabe jarraitzeko modurik onenetariko bat? (Ikusi irudia ere)

11 Jesusek Jehoba bihotz-bihotzez zerbitzatu zuen, eta otoitzaren bitartez berarengandik gertu mantendu zen (Luk. 6:12). Beraz, zein da bataiatu ondoren Jesusi etengabe jarraitzeko modurik onenetariko bat? Jehobarengana gehiago gerturatzen lagunduko zaituzten gauzak egiten jarraitzea. Bibliak dio: «Zenbat aurreratu dugun axola gabe, segi dezagun zuzen bide beretik ibiltzen» (Flp. 3:16, NWT). Jehobaren herria Bere alde gauza gehiago egiteko irrikan dago. Horregatik, noizbehinka, Jehobaren zerbitzuan gehiago egitea erabaki duten anai-arreben bizipenak entzungo dituzu. Beharbada, Erreinuaren Berri Emaileen Eskolan egon dira edo behar handiagoa dagoen toki batera joan dira bizitzera. Egoera aproposa baduzu, horrelako helbururen bat jarri dezakezu (Eg. 16:9). Baina, zer gertatzen da oraintxe bertan ezin baduzu gehiago egin? Ez pentsatu besteak baino gutxiago zarenik. Kristau lasterketan garrantzitsuena irautea da (Mat. 10:22). Ez ahaztu Jehoba oso zoriontsu egiten duzula zure abilezia eta egoeren arabera ahal duzuna egiten duzunean. Hau bataiatu ondoren Jesusi jarraitzen segi ahal izateko modu garrantzitsu bat da (Sal. 26:1).

Bataiatu ondoren, Jehobarengana gehiago gerturatuko zaituzten gauzak egiteko helburua izan (Ikusi 11. paragrafoa)


12, 13. Zer egin dezakezu zure gogo bizia itzaltzen hasten bada? (1 Korintoarrei 9:16, 17, NWT) (Ikusi « Lasterketan jarraitu» taula ere)

12 Zer egin beharko zenuke azkenaldian otoitzak modu mekanikoan egiten dituzula uste baduzu? Eta, predikazioaz eta Biblia irakurtzeaz lehen bezainbeste gozatzen ez duzula sentitzen baduzu? Bataiatu ondoren horrela sentitzen bazara, ez pentsatu Jehobaren espiritua galdu duzunik. Inperfektuak garenez, gure sentimenduak noizero-noizero aldatu daitezke. Zure gogo bizia itzaltzen hasten bada, hausnartu Paulo apostoluaren ereduan. Jesus imitatzen saiatu arren, bazekien ez zela beti bere eginbeharra betetzeko hain motibatuta sentituko (Irakurri 1 Korintoarrei 9:16, 17, NWT b). Berak esan zuen: «Baina nire nahiaren kontra egiten badut ere, dena dela, eman didaten erantzukizuna da». Beste hitz batzuetan: Momentuan nola sentitzen zen axola gabe, Paulok bere eginbeharra betetzeko determinazioa zuen.

13 Antzera, ez hartu erabakirik zure sentimenduetan bakarrik oinarrituz. Nahi ez duzunean ere, zuzena dena egiteko determinazioa izan. Hau egiten jarraitzen baduzu, denborarekin beharbada zure sentimenduak aldatu egingo dira. Bitartean, ohitura espiritual ona mantentzeak, bataiatu ondoren Jesusi etengabe jarraitzen lagunduko dizu. Jehobaren zerbitzuan iraupena erakusten baduzu, anai-arrebak animatuko dituzu (1 Tes. 5:11).

«JARRAITU ZEUEN BURUAK AZTERTZEN […] JARRAITU […] EGIAZTATZEN»

14. Zer aztertu beharko zenuke erregularki, eta zergatik? (2 Korintoarrei 13:5, NWT)

14 Bataiatu ondoren garrantzitsua da zeure burua erregularki aztertzea (Irakurri 2 Korintoarrei 13:5, NWT c). Noizbehinka, hartu denbora zure bizitza eta ohiturak arretaz aztertzeko. Biblia irakurtzen eta aztertzen, egunero otoitz egiten, bileretara joaten eta predikatzen ari zaren pentsatu. Zure adorazioko alderdi hauetaz gehiago gozatzeko eta probetxu handiagoa ateratzeko moduak bilatzen saiatu. Esaterako, honakoa galdetu ahal diozu zeure buruari: «Besteei azaltzeko gai al naiz Biblian dauden oinarrizko irakaspenak? Zerbait egin al dezaket predikazioaz gehiago gozatzeko? Espezifikoak al dira nire otoitzak? Erakusten al dute Jehobarengan konfiantza osoa dudala? Erregularki joaten al naiz bileretara? Zer egin dezaket bileretan kontzentratuago egoteko eta gehiago parte hartzeko?».

15, 16. Zer ikasten duzu tentazioak gainditzearen inguruan anaia baten bizipenetik?

15 Bestalde, garrantzitsua da zure ahuleziak zintzotasunez aztertzea. Robert izeneko anaia bati ideia hau zein garrantzitsua den frogatzen duen zerbait gertatu zitzaion. Berak dio: «20 urte inguru nituenean, egun erdiko lan bat nuen. Behin, lana amaitu ondoren, laneko neska batek bere etxera gonbidatu ninduen. Bakarrik egongo ginela eta ondo pasako genuela esan zidan. Hasieran, aitzaki-maitzaki ibili nintzen. Baina azkenean ezetz esan eta zergatia azaldu nion». Robertek tentazioa gainditu zuen, eta hori zoriontzekoa da. Hala ere, atzera begira, beste modu batera erreakzionatu ahal izan zuela onartu zuen beranduago. Berak dio: «Josek modu argi eta azkarrean ezetz esan zion Potifarren emazteari (Has. 39:7-9). Nik aldiz, ez nuen modu berean jokatu eta ezetz esateak zenbat kostatu zitzaidan harritu ninduen. Gertatutakoak Jehobarekin nuen adiskidetasuna sendotzeko beharra nuela ikusten lagundu zidan».

16 Robertek egin zuen moduan, oso lagungarria izan ahal zaizu zeure burua aztertzea. Beharbada, dagoeneko tentazioren bat gainditu duzu. Hala ere, galdetu zeure buruari: «Azkar ibili al nintzen ezetz esaterako orduan?». Hobetzeko beharra ikusten baduzu, ez desanimatu. Kontrara, pozik egon zaitezke ahulezia hori duzula dakizulako. Egin otoitz Jehobari zure ahuleziari buruz, eta pausoak eman Jehobaren arau moralen arabera bizitzeko duzun determinazioa indartzeko (Sal. 139:23, 24).

17. Zer zentzutan zegoen Jehobaren izen onarekin lotuta Roberti gertatutakoa?

17 Beste zerbait ere ikasten dugu Roberten bizipenetik. Berak dio: «Nire lankidearen gonbidapenari ezetz esan ondoren, berak, honakoa esan zidan: “Proba gainditu duzu!”. Orduan, “zer esan nahi duzu horrekin?” galdetu nion. Berak, Lekuko izan zeneko lagun bat zuela esan zidan. Lagun horrek, Lekuko ziren gazte guztiek aurpegi biko bizitza eramaten zutela eta, aukera izatekotan, gaizki dagoena egiten zutela esan zion. Beraz, nire lankideak hau egia ote zen ikusteko, nirekin proba bat egingo zuela esan zion lagunari. Hau entzun ondoren, oso pozik jarri nintzen Jehobaren izena ohoratu nuelako».

18. Zer egiteko determinazioa duzu bataiatu ondoren? (Ikusi « Irakurtzeaz gozatuko duzun bi artikulu» taula ere)

18 Jehobari zeure burua eskaintzen diozunean eta bataiatzen zarenean, edozer gauza gertatzen dela ere, bere izena santutu nahi duzula erakusten duzu. Gainera, ziur egon zaitezke Jehobak orain dituzun probak eta gainditu dituzun tentazioak ezagutzen dituela. Berak leial mantentzeko egiten dituzun esfortzuak bedeinkatuko ditu. Bere espiritu santuaren bidez, hau lortzeko indarrak izango dituzu (Luk. 11:11-13). Jehobaren laguntzari esker, Jesusi jarraitzen segi ahal izango diozu bataiatu ondoren ere.

ZER ERANTZUNGO ZENUKE?

  • Zer zentzutan eramaten dugu kristauok egunero-egunero gure «tortura zutoina»?

  • Zer egin dezakezu bataiatu ondoren Jesusi etengabe jarraitzeko?

  • Nola lagundu ahal dizu zure eskaintza-otoitzean hausnartzeak leial mantentzen?

sjj 89. KANTA Entzun, obeditu eta bedeinkapenak jaso

a Lukas 9:23, NWT: «Gero, denei esan zien: “Norbaitek nire jarraitzaile izan nahi badu, bere burua ukatu, egunero-egunero bere tortura zutoina hartu eta niri jarraitzen segi dezala”».

b 1 Korintoarrei 9:16, 17, NWT: «Baina berri onak predikatzen baditut, ez dut horretaz harrotzeko arrazoirik, hau nire betebeharra baita. Ai ene berri onak predikatuko ez banituzke! Hau gogo onez egiten badut, sari bat izango dut; baina nire nahiaren kontra egiten badut ere, dena dela, eman didaten erantzukizuna da».

c 2 Korintoarrei 13:5, NWT: «Jarraitu zeuen buruak aztertzen fedean zaudeten jakiteko. Jarraitu benetan zaretena egiaztatzen. Edo ez al zarete ohartzen Jesu Kristo zuekin dagoela? Noski, zuek ontzat hartuak ez izan ezean».