Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

13. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 127. KANTA Zer-nolakoa izan behar dut?

Nola egon gaitezke ziur Jehoba oso pozik dagoela gurekin?

Nola egon gaitezke ziur Jehoba oso pozik dagoela gurekin?

«Oso pozik nago zurekin» (LUK. 3:22, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Zer egin dezakegu Jehoba gurekin oso pozik dagoela zalantzan jartzen badugu?

1. Zer zalantza izan dezakete Jehobaren zerbitzari leial batzuek?

 ZEIN lasaigarria den Jehoba bere herriarekin oso pozik dagoela jakitea! Bibliak honakoa dio: «Jaunak bere herria maite» du (Sal. 149:4). Hala ere, batzuk, noizbehinka, desanimatuta sentitu daitezke, honakoa galdetuz: «Pozik egongo ote da Jehoba nirekin?». Hau zure kasua bada, ez zara bakarra. Iraganean, Jainkoaren zerbitzari askori zaila egin zitzaien Jehoba beraiekin oso pozik zegoela sinestea (1 Sam. 1:6-10; Job 29:2, 4; Sal. 51:11).

2. Norekin dago Jehoba oso pozik?

2 Bibliak argi erakusten du Jehoba oso pozik egon daitekeela gizaki inperfektuekin. Nola lortu dezakegu Jehoba gurekin oso pozik egotea? Jesusengan fedea erakutsiz eta bataiatuz (Joan 3:16). Honela, gure bekatuez damutu garela eta Jehobari bere nahia egitea promestu diogula erakusten dugu besteen aurrean (Eg. 2:38; 3:19). Jehoba asko pozten da bere lagunak izateko pauso hauek ematen ditugunean. Beraz, berari egin diogun promesa mantentzeko gure onena ematen badugu, Jehoba oso pozik egongo da gurekin eta bere lagun minak bezala ikusiko gaitu (Sal. 25:14).

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Hala ere, zergatik sentitu dezakete noizbehinka batzuek Jainkoa ez dagoela beraiekin pozik? Nola erakusten digu Jehobak gurekin oso pozik dagoela? Eta nola egon gaitezke ziur Jehoba gurekin oso pozik dagoela?

ZERGATIK SENTITU DEZAKETE BATZUEK JEHOBA EZ DAGOELA BERAIEKIN POZIK?

4, 5. Zertaz egon gaitezke ziur autoestimu baxua badugu?

4 Gutako askok, haurtzarotik, autoestimu baxuarekin borrokatu behar izan dugu (Sal. 88:16 [88:15, NWT]). Adrián izeneko anaia batek honakoa dio: «Ez dudala ezertarako balio sentitu izan dut beti. Gogoratzen dut, haur txiki bat nintzenean, otoitz egiten nuela nire familia paradisuan egon ahal izateko. Nik, aldiz, han egotea ez nuela merezi sentitzen nuen». Azter dezagun beste adibide bat. Tony Lekukoa ez zen familia batean hazi zen. Berak dio: «Nire gurasoek ez zidaten maite nindutela edo nitaz harro zeudela inoiz esan. Beraiek poztea ezinezkoa zela sentitzen nuen».

5 Noizbehinka ez dugula ezer balio sentitzen badugu, gogoratu dezagun Jehoba dela berarengana erakarri gaituena (Joan 6:44). Gure ezaugarri onak ikusten ditu, nahiz eta guk ez ikusi. Berak ondo baino hobeto ezagutzen gaitu, badaki nolakoak garen benetan (1 Sam. 16:7; 2 Kro. 6:30). Beraz, Jehobak baliotsuak garela esaten duenean, ziur egon gaitezke hala dela (1 Joan 3:19, 20, NWT).

6. Nola sentitzen zen Paulo apostolua iraganean egin zituen bekatuengatik?

6 Gutako asko, egia ezagutu aurretik egin genituen gauzengatik oraindik errudun sentitu gaitezke (1 Ped. 4:3). Jehoba leialki zerbitzatzen duten askok ere euren ahuleziekin borrokatu behar dute. Eta zuk? Sentitzen al duzu batzuetan Jehobak ezin dizula barkatu? Hala bada, ez zara bakarra. Jehobaren zerbitzari leial askok antzeko sentimenduei aurre egin behar izan zieten. Adibidez, Paulo apostolua zoritxarrekoa sentitzen zen bere inperfekzioetan pentsatzean (Erm. 7:24). Noski, Paulo bere bekatuez damutu eta bataiatu egin zen. Hala ere, horrela ikusten zuen bere burua: «Apostoluetan txikiena naiz ni» eta «inor ez ni baino bekatariagorik» (1 Ko. 15:9; 1 Tim. 1:15).

7. Zer gogoratu behar dugu iraganean egin genituen bekatuen inguruan?

7 Damutzen bagara, gure zeruko Aitak barkatuko digula promesten digu (Sal. 86:5). Beraz, egin ditugun bekatuez bihotz-bihotzez damutu bagara, guztiz ziur egon gaitezke Jehobak bere hitza bete duela: barkatu digu (Kol. 2:13).

8, 9. Jehoba pozteko egiten duguna ez dela inoiz nahikoa sentitzen badugu, zer egin dezakegu sentimendu hau gainditzeko?

8 Denok gure onena eman nahi dugu Jehobaren zerbitzuan. Hala ere, batzuek honakoa pentsatzen dute: egiten dutena ez dela inoiz nahikoa Jehoba pozteko. Amanda izeneko arreba batek dio: «Askotan pentsatzen dut Jehobari nire onena emateak etengabe gehiago egitea esan nahi duela. Ondorioz, egin dezakedana baino gehiago egiten saiatzen naiz askotan. Nire espektatibak ezin ditudanean bete, neure buruarekin oso dezepzionatuta sentitzen naiz, eta Jehoba nirekin berdin sentitzen dela pentsatzen dut».

9 Jehoba pozteko egiten duguna ez dela inoiz nahikoa sentitzen badugu, zer egin dezakegu sentimendu hau gainditzeko? Gogoratu Jehoba arrazoitsua dela eta inoiz ez digula eman dezakeguna baino gehiago eskatzen. Gure onena ematen dugun bitartean, bere alde egiten dugun guztia estimatzen du. Bestalde, Jehoba bihotz osoz zerbitzatu zuten Biblia ereduetan hausnartu. Adibidez, pentsatu Paulorengan. Berak urte askoz gogor egin zuen lan, milaka kilometro eginez eta kongregazio asko osatuz. Baina bere egoera aldatu zenean, ezin izan zuen predikazioan lehen bezainbeste egin. Jarraitu al zuen Jainkoak berarekin pozik egoten? Bai, noski! Paulok ahal zuena egiten jarraitu zuen eta Jehobak bedeinkatu egin zuen (Eg. 28:30, 31). Antzera, Jehobari eman ahal dioguna aldatu daiteke batzuetan. Baina berarentzat garrantzitsuena gure motibazioa da. Azter dezagun orain nola erakusten duen Jehobak gurekin oso pozik dagoela.

NOLA ERAKUSTEN DU JEHOBAK GUREKIN OSO POZIK DAGOELA?

10. Nola «entzun» ahal dugu Jehoba gurekin oso pozik dagoela esaten? (Joan 16:27)

10 Bibliaren bidez. Jehobak bere zerbitzariak maite dituela eta beraiekin oso pozik dagoela erakusteko moduak bilatzen ditu. Biblian bitan agertzen da Jehobak Jesusi honakoa esaten: «Hau da nire Seme kuttuna, oso pozik nago berarekin» (Mat. 3:17; 17:5). Gustatuko al litzaizuke Jehobak zuri gauza bera esatea? Noski, Jehobak ez digu zerutik zuzenean hitz egiten, baina bere Hitza erabiltzen du gurekin komunikatzeko. Adibidez, Ebanjelioetan Jesusek bere dizipuluei esandako hitz maitekorrak irakurtzean, Jehobaren ahotsa «entzun» dezakegu (Irakurri Joan 16:27). Jesusek modu perfektuan imitatu zuen bere Aitaren izaera. Beraz, Jesus inperfektuak ziren bere jarraitzaile leialekin oso pozik zegoela irakurtzen dugunean, Jehoba hitz hauek guri esaten imajinatu dezakegu (Joan 15:9, 15).

Jehobak modu askotan erakusten du gurekin oso pozik dagoela (Ikusi 10 paragrafoa)


11. Esan nahi al du zailtasunak izateak Jehoba gurekin pozik ez dagoenik, eta zergatik? (Santiago 1:12)

11 Bere ekintzen bidez. Jehoba gu laguntzeko irrikan dago. Adibidez, materialki behar duguna ematen digu. Hala ere, Joben kasuan bezala, Jehobak guk zailtasunak izaten uzten du batzuetan (Job 1:8-11). Noski, zailtasunak izateak ez du esan nahi Jainkoa gurekin pozik ez dagoenik. Alderantziz, zailtasunek Jehoba zenbat maite dugun eta berarengan zenbateko konfiantza dugun erakusteko aukera ematen digute (Irakurri Santiago 1:12). Gainera, zailtasunak ditugunean, Jehobak zenbat maite gaituen ikusiko dugu, baita irauten laguntzen gaituela ere.

12. Zer ikasi dezakegu Dmitrii-ren bizipenetik?

12 Azter dezagun Asian bizi den Dmitrii izeneko anaia baten bizipena. Berak lana galdu zuen eta hilabete asko pasa zituen lan berririk aurkitu gabe. Beraz, Jehobarengan konfiantza erakutsiz, gehiago predikatzea erabaki zuen. Baina hilabeteak aurrera zihoazen, eta oraindik lanik gabe jarraitzen zuen. Orduan, osasun arazoak izan zituen eta ezin zen ohetik atera ere egin. Aita eta senar on bat ez zela pentsatzen hasi zen, baita Jehoba berarekin pozik ez zegoela ere. Arrats batean, bere alabak orri bat eman zion. Bertan Isaias 30:15 (NWT) aipuko hitzak zeuden inprimatuta: «Zuen indarra lasai egotean eta konfiantza izatean dago». Alabak esan zion: «Aitatxo, gaizki sentitzen zarenean, aipu hau gogoratu dezakezu». Dmitrii honetaz konturatu zen: Jehobaren laguntzari esker, bere familiak behar zuen janaria eta arropa izaten jarraitzen zuela, baita bizitzeko toki bat ere. Berak dio: «Egin behar nuena lasai egotea eta nire Jainkoarengan konfiantza izaten jarraitzea zen». Zuk ere antzeko zailtasun bat baduzu, honetaz ziur egon zaitezke: Jehoba zutaz arduratzen da, eta irauten lagunduko zaitu.

Jehobak modu askotan erakusten du gurekin oso pozik dagoela (Ikusi 12. paragrafoa) b


13. Nor erabili dezake Jehobak gurekin oso pozik dagoela erakusteko? Eta nola egiten du hori?

13 Anai-arreben bidez. Jehobak gure anai-arrebak erabiltzen ditu gurekin pozik dagoela erakusteko. Adibidez, beharrean gaudenean, anai-arrebak gu animatzera motibatu ditzake. Asian bizi den arreba batek estres handia sufritu zuen garai batean, hau egia dela ikusi zuen. Lana galdu eta gaixotasun larri bat sufritu zuen. Orduan, senarra bekatu larri batean erori zen, eta adindun izateari utzi zion. Berak dio: «Ezin nuen ulertu zergatik gertatzen ari zitzaidan guzti hau. Zerbait gaizki egin nuela eta Jehoba nirekin pozik ez zegoela pentsatu nuen». Arrebak Jehobari berarekin pozik zegoela ziurtatzeko erregutu zion. Nola erantzun zion Jehobak? Berak dio: «Kongregazioko adindunek nirekin hitz egin zuten eta Jehobak maite nauela gogorarazi zidaten». Baina denboratxo bat pasa ondoren, Jehobari berriro laguntza eskatu zion. «Egun hartan bertan, kongregazioko anai-arreba batzuen gutun bat jaso nuen. Beraien hitz animagarriak irakurri ahala, Jehobak nire otoitzak entzun zituela sentitu nuen». Hala da, Jehobak askotan besteen hitz atseginen bidez erakusten du gurekin oso pozik dagoela (Sal. 10:17).

Jehobak modu askotan erakusten du gurekin oso pozik dagoela (Ikusi 13. paragrafoa) c


14. Zein da Jehobak gurekin oso pozik dagoela erakusteko erabiltzen duen beste modu bat?

14 Jehobak anai-arrebak ondorengo moduan ere erabiltzen ditu: guk behar ditugun aholkuak emateko. Hau gurekin oso pozik dagoela erakusteko beste modu bat da. Adibidez, lehen mendean, Jehobak Paulo apostolua erabili zuen anai-arrebei 14 gutun inspiratu idazteko. Gutun hauetan, Paulok modu maitekorrean aholku zuzenak eman zizkien anai-arrebei. Zergatik erabili zuen Jehobak Paulo aholku hauek emateko? Jehoba Aita on bat delako, eta bere seme-alabak asko maite dituenez, diziplinatu egiten dituelako (Esa. 3:11, 12). Beraz, Biblian oinarritutako aholku bat jasotzen badugu, Jainkoa gurekin oso pozik dagoen seinale da, eta ez alderantziz (Heb. 12:6). Jehobak gurekin oso pozik dagoela beste modu batzuetan ere erakusten digu. Zeintzuk dira modu hauek?

ZER BESTE MODUTAN ERAKUSTEN DU JEHOBAK GUREKIN OSO POZIK DAGOELA?

15. Nori ematen dio Jehobak bere espiritu santua? Eta zer ziurtatzen digu honek?

15 Jehobak bera pozten dutenei ematen die espiritu santua (Mat. 12:18). Beraz, hausnartu ondorengo galderetan: «Erakusten al ditut espirituaren fruituaren ezaugarriak? Orain Jehoba ezagutu aurretik baino pazientzia gehiago erakusten al dut?». Espirituaren fruituaren ezaugarriak garatzen goazen heinean, argiago izango dugu Jehoba gurekin oso pozik dagoela (Ikusi « Espirituaren fruitua» taula).

Nola jakin dezakezu Jehoba zurekin oso pozik dagoela? (Ikusi 15 paragrafoa)


16. Nor erabiltzen du Jehobak berri onak zabaltzeko? Eta nola sentitzen zara hau jakitean? (1 Tesalonikarrei 2:4)

16 Jehobak bera pozten dutenei eman die berri onak zabaltzeko ardura (Irakurri 1 Tesalonikarrei 2:4). Ikus dezagun Jocelyn izeneko arreba bati nola lagundu zion berri onak zabaltzeak. Egun batean, Jocelyn triste samar esnatu zen. Berak dio: «Ez nuen indarrik eta ez nuela ezertarako balio sentitu nuen. Baina aitzindaria nintzen eta egun hartan predikatzera ateratzeko planak nituen. Beraz, otoitz bat egin eta predikatzera atera nintzen». Goiz hartan, Jocelynek Mary ezagutu zuen eta emakume atsegin honek Biblia ikastaro bat onartu zuen. Maryk honakoa aipatu zuen hilabete batzuk beranduago: Jocelynek bere atea jo zuen momentuan, Jainkoari otoitz egiten ari zela. Zer ikasi zuen Jocelynek bizipen horretatik? Berak dio: «Jehobak “zurekin pozik nago” esango balidake bezala sentitu nuen». Noski, guztiek ez dute predikatzen dugun mezua entzungo. Baina ziur egon gaitezke Jehoba gurekin pozik dagoela berri onak zabaltzeko ahal dugun guztia egiten dugunean.

Nola jakin dezakezu Jehoba zurekin oso pozik dagoela? (Ikusi 16. paragrafoa) d


17. Zer ikasten dugu Vickyk erreskateari buruz esandako hitzetatik? (5. Salmoa 12, NWT)

17 Erreskatean oinarrituta, Jehobak bera pozten dutenei bekatuak barkatzen dizkie (1 Tim. 2:5, 6, NWT). Baina, nahiz eta erreskatean fedea izan eta bataiatuta egon, Jehoba gurekin pozik ez dagoela sentitu dezakegu batzuetan. Horrela bada, gogoan izan ezin garela beti gure sentimenduez fidatu, baina Jehobaz bai. Jehobak erreskatean fedea dutenak zuzentzat hartzen ditu eta bedeinkatuko dituela promesten die (Irakurri 5. Salmoa 12, NWT a; Erm. 3:25-26 [3:26, NWT]). Vicky izeneko arreba bati lagungarria izan zitzaion erreskatean hausnartzea. Behin, erreskatean hausnartu ondoren, honetaz konturatu zen: «Jehobak pazientzia erakutsi dit denbora luzez. […] Nik, aldiz, honakoa esaten ari nintzaion: “Zure maitasuna ez da nahikoa ni bezalako pertsona batentzat. Zure Semearen sakrifizioa ez da nahikoa nire bekatuak estaltzeko”». Baina erreskatearen oparian hausnartu ahala, Vicky Jehobak maite zuela sentitzen hasi zen. Guk ere erreskatean hausnartzen badugu, Jehobak maite gaituela eta gurekin oso pozik dagoela sentituko dugu.

Nola jakin dezakezu Jehoba zurekin oso pozik dagoela? (Ikusi 17. paragrafoa)


18. Zertaz egon gaitezke ziur gure zeruko Aita maitatzen jarraitzen badugu?

18 Artikulu honetan ikasitakoa praktikan jartzen saiatu arren, batzuetan desanimatuta sentitu gaitezke, eta Jehoba gurekin pozik ote dagoen pentsatu dezakegu. Hala bada, gogoratu Jehoba «bera maitatzen jarraitzen dutene[kin]» oso pozik dagoela (St. 1:12, NWT). Beraz, Jehobarengana hurbiltzen jarraitu, eta Jehobak zurekin oso pozik dagoela erakusten duen moduetan arreta jarri. Izan beti hau gogoan: Jehoba «ez dago gutako bakoitzarengandik urruti» (Eg. 17:27).

ZER ERANTZUNGO ZENUKE?

  • Zergatik sentitu dezakete batzuek Jehoba ez dagoela beraiekin pozik?

  • Zeintzuk dira Jehobak gurekin oso pozik dagoela erakusten dituen modu batzuk?

  • Zergatik egon gaitezke ziur Jehoba gurekin oso pozik dagoela?

sjj 88. KANTA Azaldu niri zure bideak

a5. Salmoa 12, NWT: «Zuk zuzenak bedeinkatuko dituzulako, o Jehoba; zure aprobazioaz inguratuko dituzu, ezkutu handi batez bezala».

b IRUDIAREN DESKRIBAPENA: Antzezpena

c IRUDIAREN DESKRIBAPENA: Antzezpena

d IRUDIAREN DESKRIBAPENA: Antzezpena