Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

9. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sn 10. KANTA Ni prest nauzu! Neu bidali!

Prest al zaude zeure burua Jehobari eskaintzeko?

Prest al zaude zeure burua Jehobari eskaintzeko?

«Nola ordainduko diot Jaunari egin didan on guztia?» (SAL. 116:12).

IDEIA NAGUSIA

Artikulu honek Jehobarekin harreman estua garatzen lagundu ahal dizu. Horrela, zeure burua berari eskaini eta bataiatu nahi izango duzu.

1, 2. Zer egin behar du pertsona batek bataiatu aurretik?

 AZKEN bost urteetan, milioi bat pertsona baino gehiago Jehobaren lekuko izateko bataiatu dira. Hauetako askok, lehen mendeko Timoteok bezala, «umetandik» ikasi zuten egia (2 Tim. 3:14, 15). Beste batzuek, aldiz, helduagoak zirenean ezagutu zuten Jehoba. Adibidez, duela urte batzuk, Jehobaren lekukoekin Biblia aztertu zuen emakume bat 97 urte zituela bataiatu zen!

2 Beharbada, Biblia ikaslea zara, edo zure gurasoak Lekukoak dira eta egian hazi zara. Hala bada, pentsatu al duzu inoiz bataioan? Oso helburu ona da hau! Hala ere, bataiatu aurretik Jehobari zeure burua eskaini beharko diozu. Artikulu honetan eskaintzak zer esan nahi duen ikasiko duzu. Gainera, Jehobari zeure burua eskaintzeko eta bataiorako prest bazaude, pauso hauek atzeratzeko arrazoirik ez dagoela ere ikusiko duzu.

ZER DA ESKAINTZA?

3. Jehobari euren burua eskaini ziotenen Bibliako adibide batzuk eman.

3 Biblian, eskaintzak honakoa esan nahi du: helburu berezi bat betetzeko separatua izatea. Adibidez, israeldarrek Jehobari eskainia izan zen nazio bat osatzen zuten. Baina Israelgo gizabanako batzuek Jehobari euren burua modu berezi batean eskaini zioten. Adibidez, Aaronek «eskaintzaren seinale santua» zeraman: urrezko xafla distiratsu bat buruzapiaren aurrean. Urrezko xafla honek Aaron eginkizun berezi bat burutzeko separatua izan zela erakusten zuen: Israelgo apaiz buru izatea (Leb. 8:9, NWT). Nazareoek ere modu berezi batean eskaini zioten Jehobari euren burua. «Nazareo» hitzak, nazir hitz hebrearretik datorrenak, «separatua izan dena» edo «bere burua eskaini duena» esan nahi du. Nazareoek Moisesen Legean azaltzen ziren arau berezi batzuk bete behar zituzten (Zen. 6:2-8).

4. a) Zeure burua Jehobari eskaintzean, zer helburu nagusi dituzu zure bizitzan? b) Zer esan nahi du zeure burua «uka[tzeak]»? (Ikusi irudia ere)

4 Zeure burua Jehobari eskaintzean, honako erabakia hartzen duzu: Jesu Kristoren dizipulu izatea eta Jainkoaren nahia egiteari lehentasuna ematea. Baina zer esan nahi du honek? Jesusek honakoa esan zuen: «Norbaitek nire jarraitzaile izan nahi badu, bere burua ukatu dezala» (Mat. 16:24). «Bere burua ukatu» bezala itzulitako esamolde grekoa «bere buruari ezetz esan behar izatea» bezala ere itzuli daiteke. Zeure burua Jehobari eskaini ondoren, bere nahiarekin bat ez datorren edozeri ezetz esan beharko diozu (2 Ko. 5:14, 15). Honen barne «giza grinetatik sortzen diren egintz[ei]» ezetz esatea dago, esaterako, sexu moralgabekeriari ezetz esatea (Gal. 5:19-21; 1 Ko. 6:18). Zailagoa izango ote da zure bizitza arau hauek obeditzen badituzu? Jehoba maite baduzu eta bere arauak zure onerako direla konbentzituta bazaude, ziur ezetz (Sal. 119:97; Is. 48:17, 18). Nicholas izeneko anaia batek honela azaltzen du: «Jehobaren arauak nahi duzuna egiten uzten ez dizuten kartzela bateko barroteak bezala edo lehoi batengandik babesten zaituzten barroteak bezala ikusi ditzakezu».

Nola ikusten dituzu Jehobaren arauak? Nahi duzuna egiten uzten ez dizuten kartzela bateko barroteak bezala ala lehoi batengandik babesten zaituzten barroteak bezala? (Ikusi 4. paragrafoa)


5. a) Nola eskaintzen diozu zeure burua Jehobari? b) Zein da eskaintzaren eta bataioaren arteko desberdintasuna? (Ikusi irudia ere)

5 Nola eskaintzen diozu zeure burua Jehobari? Bera bakarrik zerbitzatuko duzula eta bere nahiak zure bizitzan lehentasuna izango duela otoitzean promestuz. Jehobari «bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz» maitatzen jarraituko duzula promesten diozu (Mar. 12:30). Eskaintza modu pribatuan egiten da, zu eta Jehobaren artean. Bataioa, aldiz, modu publikoan egiten da, zeure burua Jehobari eskaini diozula besteen aurrean erakutsiz. Eskaintza promes sakratu bat da. Beraz, zure helburua egin duzun promesari eustea izan beharko litzakete. Izan ere, Jehobak zuk hala egitea espero du (Ekl. [Koh.] 5:3, 4 [5:4, 5, NWT]).

Eskaintza Jehobari modu pribatuan egiten den promes bat da. Bera bakarrik zerbitzatuko duzula eta bere nahiak zure bizitzan lehentasuna izango duela promesten diozu. (Ikusi 5. paragrafoa)


ZERGATIK ESKAINI BEHARKO ZENIOKE ZEURE BURUA JEHOBARI?

6. Zergatik erabakitzen du pertsona batek Jehobari bere burua eskaintzea?

6 Zeure burua Jehobari eskaintzearen arrazoi nagusia berari diozun maitasuna da. Maitasun hau ez da emozioetan oinarritzen. Horren ordez, «ezaguera zehatz[ean]» eta «ulermen espiritual[ean]» oinarritzen da, hau da, Jehoba gehiago maitatzera eraman zaituzten ikasitako gauzetan (Kol. 1:9, NWT). Biblia aztertzeak honetaz konbentzitu zaitu: 1) Jehoba erreala dela, 2) Biblia Jainkoaren Hitz inspiratua dela, eta 3) Jainkoak bere nahia betetzeko bere erakundea erabiltzen duela.

7. Zer egin beharko genuke Jainkoari geure burua eskaini aurretik?

7 Jehobari euren burua eskaintzen diotenek bere Hitzaren oinarrizko irakaspenak ezagutu beharko lituzkete eta honen arauen arabera bizi. Gainera, ahal duten guztia egiten dute euren fedeari buruz besteei hitz egiteko (Mat. 28:19, 20). Honetaz gain, Jehobari dioten maitasuna handitu egin da eta bihotzez desiratzen dute bera bakarrik adoratzea. Honela sentitzen al zara zu ere? Jehoba bihotz-bihotzez maite baduzu, ez duzu eskaintzaren eta bataioaren erabakia zure Biblia irakaslea edota gurasoak pozteko hartuko, ezta zure lagun guztiek erabaki hau hartu dutelako ere.

8. Nola laguntzen dizu esker onak Jehobari zeure burua eskaintzeko erabakia hartzen? (116. Salmoa 12-14)

8 Jehobak zure alde egin duen guztian pentsatzen duzunean, zeure esker ona erakutsi eta, ondorioz, zeure burua berari eskaini nahi izango diozu (Irakurri 116. Salmoa 12-14). Izan ere, Jehobak «opari on eta dohain perfektu guztiak» ematen dituela dio Bibliak (St. 1:17, NWT). Opari horien artean, handiena bere seme Jesusen sakrifizioa da. Pentsatu honetan: Erreskateari esker, Jehobarekin adiskidetasun estua izan dezakezu. Gainera, erreskateak betirako bizitzeko aukera ematen dizu (1 Joan 4:9, 10, 19). Ez da horrelako maitasun ekintzarik inoiz izan. Beraz, opari paregabe hau eta Jehobak emandako beste bedeinkapenak eskertzeko modu bat zeure burua eskaintzea da (Deu. 16:17; 2 Ko. 5:15). Esker on hau Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren 46. ikasgaiko 4. ideian azpimarratzen da. Bertan, Zer opari egin ahal diogu Jainkoari? izena duen 3 minutu inguruko bideoa aurkitu dezakegu.

PREST AL ZAUDE ESKAINTZA ETA BATAIORAKO?

9. Zergatik ez litzateke inor Jehobari bere burua eskaintzeko presionatuta sentitu beharko?

9 Beharbada, eskaintza eta bataiorako prest ez zaudela sentitzen duzu. Agian, Jehobaren arauen arabera bizitzeko aldaketak egin behar dituzu oraindik, edo zeure fedea sendotzeko denbora gehiago behar duzu (Kol. 2:6, 7). Egia esan, ikasle guztiek ez dute martxa berean aurrera egiten. Eta gazte guztiak ez daude adin berarekin eskaintza eta bataiorako prest. Beraz, ez ezazu zeure aurrerakuntza espirituala besteenarekin konparatu, zu egiteko gai zarenarekin baizik (Gal. 6:4, 5).

10. Zer egin dezakezu eskaintza eta bataiorako prest ez zaudela uste baduzu? (Ikusi « Egia txikitatik ezagutu dutenentzat» taula ere)

10 Jehobari zeure burua eskaintzeko prest ez zaudela uste baduzu, zergatik ez zara helburu hau lortzen saiatzen? Eskatu Jehobari otoitzean zeure bizitzan beharrezkoak diren aldaketak egiteko laguntza (Flp. 2:13; 3:16, NWT). Ziur egon zaitezke berak zure otoitzak entzun eta erantzungo dituela (1 Joan 5:14).

ZERGATIK EGITEN DUTE BATZUEK ZALANTZA?

11. Nola lagunduko digu Jehobak berari leial mantentzen?

11 Eskaintza eta bataiorako prest dauden batzuek zalantzak izan ditzakete. Beharbada, honakoa galdetzen diote euren buruari: «Eta bekatu larri batean erori eta kanporatua banaiz?». Beldur hori baduzu, ziur egon zaitezke Jehobak behar duzun guztia emango dizula berari «zor zaion bezala bizi[tzeko] […], atsegin duen guztia eginez» (Kol. 1:10). Zuzena dena egiteko indarrak ere emango dizkizu. Izan ere, beste askori hau lortzen lagundu die dagoeneko (1 Ko. 10:13). Hau da kongregazioetan hain kanporatu gutxi egotearen arrazoietako bat. Jehobak bere herriari leial mantentzeko laguntzak ematen dizkio.

12. Zer egin dezakegu bekatu larri batean ez erortzeko?

12 Gizaki guztiok inperfektuak garenez, gaizki dagoena egiteko joera dugu (St. 1:14). Hala ere, tentaldiaren aurrean egingo duzuna zure erabakia da. Izan ere, azken batean, zuk duzu zure bizitzaren kontrola. Eta batzuek kontrakoa esan arren, zure desira txarrak kontrolatzen ikasi ahal duzu. Beraz, tentaldi baten aurrean gaizki dagoena ez egitea erabaki dezakezu. Hori lortzeko, egin otoitz egunero, mantendu Biblia aztertzeko duzun ohitura, joan bileretara eta hitz egin besteei zure fedeari buruz. Gauza hauek erregularki egiten jarraitzen baduzu, zure eskaintzaren arabera bizitzeko behar dituzun indarrak izango dituzu. Eta ez ahaztu inoiz Jehobak hau lortzen lagunduko dizula (Gal. 5:16).

13. Zer eredu on jarri zigun Josek?

13 Tentazio baten aurrean zer egingo duzun aldez aurretik erabakitzen baduzu, errazagoa egingo zaizu zure eskaintzaren arabera bizitzea. Biblian, hau egin zuten hainbat gizaki inperfekturen adibideak azaltzen dira. Esaterako, Joseren eredua dugu. Potifarren emaztea bera behin eta berriro seduzitzen saiatu zenerako, Josek dagoeneko bazekien zer egingo zuen. Josek Potifarren emazteari «ezezkoa ema[teaz]» gain, honakoa ere esan zion: «Nolatan egin, bada, halako gaiztakeriarik? Nolatan egin bekatu Jainkoaren aurka?» (Has. 39:8-10). Argi dago tentaldi hura izan aurretik Josek bazekiela nola erantzungo zuen. Era horretara, errazagoa izan zen berarentzat tentaldiaren aurrean zuzen jokatzea.

14. Nola ikasi dezakegu tentazioak baztertzen?

14 Josek tentaldiaren aurrean zuzen jokatu zuen. Eta zuk? Nola jokatu dezakezu Josek bezala? Tentaldiaren aurrean zer egingo duzun orain erabakiz. Ikasi Jehobak gorroto dituen gauzak segituan baztertzen, eta ez ezazu gauza hauetan pentsatu ere egin (Sal. 97:10; 119:165). Horrela, tentazioaren aurrean ez duzu zalantzarik egingo, dagoeneko nola erantzungo duzun jakingo duzu eta.

15. Nola erakutsi dezake norbaitek Jehoba «gogotsu bilatzen» ari dela? (Hebrearrei 11:6, NWT)

15 Agian argi duzu egia aurkitu duzula eta Jehoba bihotz-bihotzez zerbitzatu nahi duzula. Hala ere, eskaintza eta bataiorako prest ez zaudela sentitu dezakezu. Hala bada, Dabid erregearen eredua jarraitu dezakezu, Jehobari honakoa erregutuz: «Oi Jainko, iker nazazu eta ezagutu nire bihotza, proba nazazu eta ezagutu nire ardurak. Ikusi galbidetik ote nabilen, gidatu ni zeure betiko bidetik» (Sal. 139:23, 24). Eskaintza eta bataioaren helburua lortzeko egiten dituzun ahaleginek Jehoba «gogotsu bilatzen» ari zarela erakusten dute, eta Jehobak hau egiten dutenak bedeinkatzen ditu (Irakurri Hebrearrei 11:6, NWT a).

JEHOBARENGANA GERTURATZEN JARRAITU

16, 17. Nola erakartzen ditu Jehobak egian hazi direnak? (Joan 6:44)

16 Jehobak pertsonak berarengana erakartzen dituela esan zuen Jesusek (Irakurri Joan 6:44). Pentsatu zein harrigarria den hau eta zer-nolako eragina izan dezakeen zuregan! Jehobak berarengana erakartzen duen pertsona bakoitzarengan ona den zerbait ikusten du. Berak gutako bakoitza «jabego berezi» edo «ondasun baliotsu» bat bezala ikusten du (Deu. 7:6, NWT; oharra). Hala da zure kasuan ere.

17 Egian hazi bazara, agian zaila egiten zaizu Jehobak zu erakarri zaituela sinestea. Zergatik? Beharbada, zu egian egotearen arrazoia zure gurasoak Lekukoak direla uste duzulako, eta ez Jehobak zu erakarri zaituelako. Hala ere, Jehobak ez zaitu pertsona multzo baten parte bezala ikusten. Gutako bakoitza erakartzen du indibidualki, baita egian hazi direnak ere. Gainera, Bibliak honakoa dio: «Hurbil zaitezte Jainkoarengana, eta hurbildu egingo zaizue» (St. 4:8; 1 Kro. 28:9). Beraz, Jehobarengana hurbiltzeko lehen pausoa zuk ematen duzunean, bera zuregana hurbilduko da, Santiago 4:8​ak azaltzen duen moduan (Konparatu 2 Tesalonikarrei 2:13, NWT).

18. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan? (40. Salmoa 9 [40:8, NWT])

18 Zeure burua Jehobari eskaintzean eta bataiatzean, Jesusen jarrera imitatzen duzu. Jesus bere Aitak eskatutako guztia egiteko prest egon zen (Irakurri 40. Salmoa 9 [40:8, NWT]; Heb. 10:7, NWT). Hurrengo artikuluan, bataiatu ondoren Jehoba leialki zerbitzatzen jarraitzen zerk lagunduko dizun aztertuko dugu.

ZER ERANTZUNGO ZENUKE?

  • Zer esan nahi du Jehobari zeure burua eskaintzeak?

  • Zergatik lagunduko dizu Jehobari diozun esker onak zeure burua eskaintzen?

  • Zerk lagunduko dizu bekatu larriak saihesten?

sjj 38. KANTA Jehobak sendotuko gaitu

a Hebrearrei 11:6, NWT: «Gainera, federik gabe ezinezkoa da Jainkoa poztea. Izan ere, Jainkoarengana hurbiltzen denak existitzen dela eta bera gogotsu bilatzen dutenak saritzen dituela sinetsi behar du».