Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIOGRAFIA

«Ez naiz inoiz bakarrik egon»

«Ez naiz inoiz bakarrik egon»

BIZITZAKO hainbat egoerek bakarrik sentitzera eraman gaitzakete: maite dugun norbaiten heriotza, toki berri batera bizitzera joatea eta isolatuta egotea. Nik denak bizi izan ditut. Baina orain, atzera begira, ez naizela inoiz benetan bakarrik egon konturatu naiz. Utzidazue azaltzen zerk eraman nauen horrela pentsatzera.

GURASOEN EREDUA

Aita eta ama, katolikoak zirenak, oso elizkoiak ziren. Baina Biblian Jainkoaren izena Jehoba dela esaten duela ikasi zutenean, biak Lekuko sutsuak izatera iritsi ziren. Aitak Jesusen irudiak egiteari utzi zion. Horren ordez, arotz bezala zituen trebetasunak gure etxeko beheko pisua bilera areto bihurtzeko erabili zituen. Areto hori San Juan del Monten egon zen lehena izan zen, Manilako auzo batean, Filipinetako hiriburuan.

Nire guraso eta familiarekin

Ni 1952. urtean jaio nintzen eta, denborarekin, gurasoek egia irakatsi zidaten, nire lau anaia eta hiru arreba nagusiekin egin zuten bezalaxe. Hazi ahala, aitak egunero Bibliako kapitulu bat irakurtzera animatu ninduen, eta argitalpen ezberdinak aztertu zituen nirekin. Batzuetan, nire gurasoek eskualde arduradunak eta Betelen zerbitzatzen zuten anaiak gonbidatzen zituzten etxera. Beraien bizipenak entzutea oso pozgarria eta animagarria izan zen familia osoarentzat. Gainera, bizipen horiek gure bizitzan predikazioari lehentasuna ematera motibatu gintuzten.

Nire gurasoak fede eredu paregabea izan ziren niretzat. Ama gaixotasun baten ondorioz hil ondoren, aitak eta biok aitzindaritza hasi genuen 1971​n. Baina orduan, 1973​an, 20 urte nituela, aita ere hil egin zen. Gurasoak hil zirenean, hutsik eta bakar-bakarrik sentitu nintzen. Baina Bibliako esperantza «tinko eta segurua[k]» jarrera positiboa mantentzen, eta emozionalki eta espiritualki egonkor jarraitzen lagundu zidan (Heb. 6:19). Aita hil eta gutxira, Colon uharte isolatuan, Palawan-eko probintzian, aitzindari berezi bezala zerbitzatzeko gonbidapena onartu nuen.

BAKARRIK EGON NINTZEN ASIGNAZIO ZAILETAN

21 urte nituen Coronera iritsi nintzenean. Kalekume bat izanda, asko harritu ninduen uhartean elektrizitate, ur, eta kotxe edo moto gutxi zeudela ikusteak. Uhartean anai-arreba gutxi batzuk zeuden arren, ez nuen aitzindaritza lagunik, eta batzuetan bakarrik predikatu behar nuen. Lehenengo hilabetean, familia eta lagunak ikaragarri bota nituen faltan. Gauetan, negar egiten nuen izarrez jositako zerura begira. Asignazioa utzi eta etxera bueltatu nahi nuen.

Bakardade momentu horietan, Jehobari nire bihotza zabaltzen nion. Gainera, Biblian eta gure argitalpenetan irakurritako ideia animagarriak gogoratzen nituen. Askotan, 19. Salmoa 14 (NWT) etortzen zitzaidan burura. Jehoba pozten duten gauzetan hausnartzen banuen —esaterako, berak egindako gauzetan eta bere ezaugarrietan—, bera «nire Harkaitz eta nire Salbatzaile[a]» izango zela konturatu nintzen. Bestalde, aldizkari honetako «Usted nunca está solo» a artikuluak ere asko lagundu zidan. Behin eta berriz irakurri nuen. Momentu horietan, nolabait esateko, Jehobarekin bakarrik nengoen. Ondorioz, otoiz egiteko, ikasteko eta hausnartzeko aukera bikainak izan nituen.

Coronera iritsi eta gutxira, adindun izendatua izan nintzen. Adindun bakarra nintzenez, astero-astero Predikatzeko Biblia Eskola, Jainkoa Zerbitzatzeko Prestakuntza, Kongregazioko Biblia ikasketa eta Talaiaren ikasketa zuzentzen hasi nintzen. Hitzaldi publikoa ere astero ematen nuen. Gauza bat argi zegoen: Jada ez nuen bakarrik sentitzeko denborarik!

Coronen, oso emaitza onak izan nituen predikazioan. Denborarekin, nire Biblia ikasleetako batzuk bataiatu egin ziren. Baina zailtasunak ere izan nituen. Batzuetan, sei ordu inguruz ibili behar nuen eremura iristeko, bertan non egingo nuen lo jakin gabe. Kongregazioko eremuan, txikiagoak ziren irla asko zeuden. Nahiz eta igeri egiten ez jakin, irla horietara iristeko, askotan ekaitzen erdian bidaiatzen nuen motorrezko txalupa batean. Zailtasun guzti horietan, Jehobak babestu eta lagundu ninduen. Denborarekin, Jehobak nire hurrengo asignazioan izango nituen zailtasun handiagoetarako ni prestatzen ari zela konturatu nintzen.

PAPUA GINEA BERRIA

1978​an, Papua Ginea Berrira joateko asignazioa jaso nuen, Australia iparraldean. Papua Ginea Berria herrialde menditsua da, ia Espainiaren tamainakoa. Zur eta lur geratu nintzen hiru milioi biztanle inguruko herrialde horretan, 800 hizkuntza baino gehiago hitz egiten zirela jakitean. Zorionez, jende gehienak melanesiar pidgin hizkuntza hitz egiten zuen, tok pisin bezala ere ezaguna dena.

Denbora batez, ingeles kongregazio batera joateko eginkizuna jaso nuen, Port Moresby-n. Baina, ondoren, tok pisin hizkuntzako kongregazio batera joan nintzen eta hizkuntza horretako klaseak jaso nituen. Klaseetan ikasitakoa predikazioan erabiltzen nuen eta, horri esker, hizkuntza azkarrago ikasi ahal izan nuen. Handik gutxira, hitzaldi publikoak emateko gai izan nintzen tok pisin hizkuntzan. Papua Ginea Berrira iritsi eta urte bete pasa aurretik, sekulako sorpresa hartu nuen: Tok pisin hizkuntzan eskualde arduradun izateko gonbidapena jaso nuen. Eskualde hori oso handiak ziren hainbat probintziaz osatuta zegoen.

Kongregazioen arteko distantziak luzeak zirenez, eskualde biltzar asko antolatu eta asko bidaiatu behar nuen. Hasiera batean, oso isolatuta sentitu nintzen dena berria zelako: herrialde berri bat, hizkuntza berri bat eta ohitura berriak. Gainera, lur menditsu eta aldapatsuengatik, ez zegoen errepideen arteko konexiorik. Beraz, kongregazio batetik bestera bidaiatzeko, hegazkinez bakarrik bidaiatu ahal nuen. Eta hori ia astero egiten nuen. Batzuetan, kili-kolo zebilen hegazkin txiki bateko bidaiari bakarra nintzen. Bidaia horietan, oso urduri sentitzen nintzen, itsasontziz bidaiatzen nuenean bezala!

Oso pertsona gutxik zuten telefonoa. Beraz, kongregazioekin gutun bitartez komunikatzen nintzen. Askotan, nire gutunak baino lehenago heltzen nintzen anai-arrebak bizi ziren tokietara, eta iristean bertakoei laguntza eskatu behar nien berriemaileak topatzeko. Hala ere, anai-arrebekin elkartzen nintzen bakoitzean, oso ongietorri beroa ematen zidaten. Horrek nire ahalegin guztien zergatia gogoratzen laguntzen zidan. Jehobaren laguntza modu askotan bizi izan nuen eta, horri esker, berarekin nuen harremana izugarri hazi zen.

Bougainville kostaldeko uhartean, joan nintzen lehenengo bileran, bikote batek irribarretsu nigana hurbildu eta honakoa galdetu zidan: «Gogoratzen al zara gutaz?». Orduan konturatu nintzen Port Moresby-ra iritsi nintzen lehenengo aldian, bikote horri predikatu niela. Beraiekin Biblia aztertzen hasi nintzen eta, beranduago, bertako anaia bati ikastaroa zuzentzen jarraitzeko eskatu nion. Orain biak bataiatuta zeuden! Papua Ginea Berrian eman nituen hiru urteetan bedeinkapen asko jaso nituen, eta hau bedeinkapen horietako bat besterik ez da.

GURE FAMILIA TXIKIA LANPETUTA EGON ZEN

Adelekin

1978​an, Coron utzi aurretik, Adel izeneko arreba xarmant eta sakrifikatu bat ezagutu nuen. Bera aitzindaria zen eta, aldi berean, bere bi seme-alabak, Samuel eta Shirley, hazi zituen. Gainera, bere ama, adinekoa zena, zaintzen zuen. 1981​eko maiatzean, Filipinetara itzuli nintzen Adelekin ezkontzeko. Ezkondu ondoren, elkarrekin aitzindaritza erregularra egin eta familia zaindu genuen.

Adel eta gure seme-alaba Samuel eta Shirley-rekin batera Palawan-en zerbitzatzen

Familia izanda ere, 1983​an, aitzindari berezia izateko izendapena jaso nuen Linapacan uhartean zerbitzatzeko, Palawan probintzian. Familia guztia joan ginen bertara bizitzera. Irla isolatu hartan, ez zegoen Lekukorik. Handik gutxi gorabehera urte betera, Adelen ama hil egin zen. Hala ere, predikazioari lehentasuna emateak doluan zehar irauten lagundu zigun. Bileretara joan nahi zuten Biblia ikastaro asko hasi genituenez, handik gutxira bilera areto txiki bat behar izan genuen. Beraz, gure kabuz bat eraiki genuen. Gu iritsi eta hiru urtetara, Oroitzapenera 110 lagun joan ziren. Zein pozgarria! Gainera, gu joan ondoren, horietako asko bataiatu egin ziren.

1986​an, Culion uhartera joateko eginkizuna jaso nuen. Bertan, lepra zuten pertsona asko zeuden. Denborarekin, Adelek ere aitzindari berezia izateko izendapena jaso zuen. Hasiera batean, lepra zuten pertsonei predikatzeak urduri jartzen gintuen. Baina bertako berriemaileek lepra zutenek tratamendua jaso zutela eta kutsatzeko arrisku txikia genuela ziurtatu ziguten. Gaixotasun hori zuten batzuk arreba baten etxera joaten ziren bileretara. Laster, egoera horretara egokitu ginen, eta zoragarria izan zen Jainkoarengandik eta besteengandik baztertuta sentitzen zirenei Bibliak ematen duen esperantzari buruz hitz egitea. Hain gaixo zeuden pertsonak oso pozik jartzen ziren etorkizunean osasun perfektuaz gozatuko zutela jakitean. Zein animagarria izan zen hori ikustea! (Luk. 5:12, 13).

Nola egokitu ziren gure seme-alabak Culion uharteko bizimodura? Adel eta biok Coron-go bi arreba gazte gonbidatu genituen gure seme-alabek lagun onak izan zitzaten. Samuel, Shirley eta bi arreba gazte horiek asko gozatu zuten predikazioaz. Beraiek Biblia hainbat haurrekin aztertzen zuten bitartean, Adelek eta biok haur horien gurasoekin ikasten genuen. Azkenean, 11 familiekin iritsi ginen Biblia aztertzera. Laster, aurrera jotzen ari ziren Biblia ikastaro asko genituenez, kongregazio berri bat sortu ahal izan genuen.

Hasiera batean, ni nintzen inguruko adindun bakarra. Beraz, sukurtsalak Culion-go zortzi berriemaileentzat bilerak astero zuzentzeko eskatu zidan. Eta, beranduago, gauza bera egiteko esan zidaten Marily izeneko herrixkako bederatzi berriemaileentzat. Bi herrixken artean txalupaz hiru orduko bidaia zegoen. Bileren ondoren, familia osoa mendietatik hainbat orduz ibiltzen ginen Halsey izeneko herrixka bateko pertsona batzuekin Biblia aztertzeko.

Denborarekin, Marily eta Halsey herrietan pertsona askok egia onartu zutenez, bi herri horietan bilera aretoak eraiki genituen. Linapacan-en gertatu zen bezala, tokiko anai-arrebek eta interesa erakutsi zutenek material gehiena eman zuten, eta lan handiena ere beraiek egin zuten. Marilyneko aretoan, 200 lagun sartzen ziren. Gainera, aretoa zabaldu ahal zenez, biltzarrak egin ahal ziren bertan.

DOLUA ETA BAKARDADEAREN OSTEAN POZA BERRESKURATU NUEN

1993​an, seme-alabak hazi zirenean, Adel eta biok eskualde lana hasi genuen Filipinetan. Gero, 2000. urtean, Izendatuentzako Entrenamendu Eskolara joan nintzen eskola horretako irakasle izateko trebakuntza jasotzeko. Ez nuen neure burua lan horretarako gai ikusten, baina Adelek beti animatu ninduen. Berak asignazio berri horretarako Jehobak indarrak emango zizkidala gogorarazi zidan (Flp. 4:13, NWT). Adelek ondo zekien hori horrela zela, osasun arazoak izan arren, bere asignazioa betetzen ari baitzen.

2006​an, eskola hartako irakaslea nintzen bitartean, Adeli parkinson gaixotasuna diagnostikatu zioten. Ezin genuen sinetsi. Bera zaintzeko gure asignazioa uztea proposatu nionean, Adelek honakoa erantzun zidan: «Goazen nire gaixotasunarekin lagunduko nauen mediku bat bilatzera, eta ziur Jehobak aurrera egiten lagunduko gaituela». Hurrengo sei urteetan, Adelek Jehoba zerbitzatzen jarraitu zuen kexatu gabe. Ibiltzeari utzi zionean, gurpil-aulki bat erabiltzen zuen predikatzeko. Ia hitz egin ezin zuenean, bileretan hitz bateko edo biko komentarioak ematen hasi zen. Adel 2013​an hil zen arte, bere iraupen ereduarengatik, askotan esker oneko mezuak jasotzen zituen. 30 urte baino gehiago pasa nituen Adelekin. Bera lagun leial eta maitekorra izan zen. Horregatik, hil zenean, triste eta bakarrik sentitzen hasi nintzen berriz ere.

Adelek nik nire asignazioan jarraitzea nahi izan zuenez, horixe egin nuen. Okupatuta mantendu nintzen, eta horrek bakardadeari aurre egiten lagundu zidan. 2014​tik 2017​ra, gure lana murriztuta zegoen herrialdeetan, tagalo hizkuntzako kongregazioak bisitatzeko asignazioa jaso nuen. Ondoren, tagalo hizkuntzako kongregazioak bisitatu nituen Taiwanen, Estatu Batuetan eta Kanadan. 2019​an, irakasle izan nintzen Indian eta Thailandian, ingelesez egindako Erreinuaren Berriemaileen Eskolan. Asko gozatu dut izan ditudan eginkizun guzti horiez. Askoz ere zoriontsuagoa naiz Jehobaren zerbitzuan murgilduta nagoenean.

EZ ZAIGU INOIZ LAGUNTZARIK FALTA IZAN

Asignazio berri bakoitzarekin ezagutu ditudan anai-arrebak maitatzera iritsi naiz. Horregatik, beraiek uztea oso zaila egiten zait beti. Momentu horietan, Jehobarengan konfiantza osoa izaten ikasi dut. Askotan ikusi dut lagundu egin didala, eta horrek datozen aldaketak onartzeko prest egoten lagundu dit. Orain, aitzindari berezia naiz Filipinetan. Oso eroso nago nire kongregazio berrian; ni laguntzen eta zaintzen nauen familia bat bezalakoa da. Gainera, Samuel eta Shirleyk euren amaren fedea imitatzen dutela ikusteak oso harro sentiarazten nau (3 Joan 4).

Kongregazioa nire familia izatera iritsi zen

Nire bizitzan zailtasun asko izan ditut. Horien artean, nire emazte maitea gaixotasun larri baten ondorioz sufritzen eta hiltzen ikustea egon da. Horretaz gain, hainbat egoera berritara egokitu behar izan dut. Hala ere, Jehoba «ez dago[ela] gutako bakoitzarengandik urruti» ikusi dut (Eg. 17:27). Jehobaren eskua «ez da, ez, laburregia» bere zerbitzariak lagundu eta sendotzeko, ezta hauek isolatutako tokietan daudenean ere (Is. 59:1). Jehoba, nire Harkaitza, beti egon da nirekin, eta horregatik eskerrak ematen dizkiot. Ez naiz inoiz bakarrik egon.

a Ikusi La Atalaya aldizkariko 1973​ko irailaren 15​eko alea, 41 orr.