Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

8. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 130. KANTA Barkatzeko prest egon

Nola imitatu dezakegu Jehobaren barkamena?

Nola imitatu dezakegu Jehobaren barkamena?

«Jehobak eskuzabaltasunez barkatu zizuen. Beraz, egin zuek ere gauza bera» (KOL. 3:13, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Artikulu honetan, norbaitek mintzen gaituenean zer egin dezakegun aztertuko dugu.

1, 2. a) Noiz izan daiteke bereziki zaila barkatzea? b) Nola erakutsi zuen Denisek barkamena?

 ZAILA egiten al zaizu besteei barkatzea? Gutako askori bai, bereziki norbaitek esan edo egindakoagatik min handia sentitzen dugunean. Hala ere, gure mina gainditu eta barkatu dezakegu. Azter dezagun Denise a izeneko arreba baten bizipena. Berak muturreko egoera batean barkatzea lortu zuen. 2017​an, Jehobaren lekukoen egoitza nagusia bisitatzera joan zen familiarekin batera. Etxerako bidean, beste gidari batek bere kotxearen kontrola galdu eta elkarrekin talka egin zuten. Denisek konortea galdu zuen. Esnatzean, bere seme-alabek zauri larriak zituztela eta bere senarra, Brian, hil egin zela jakin zuen. Momentu hartan, honela sentitu zela dio Denisek: «Hautsita eta nahastuta nengoen». Beranduago, istripua eragin zuen gidaria ez zegoela alkoholaren edo drogen menpe, eta istripua ez zela distrakzio batengatik izan jakin zuen. Beraz, Jehobari barne bakea eskatu zion otoitzean.

2 Gidaria Deniseren senarra nahigabe hiltzeagatik atxilotua izan zen. Erruduna zela erabakitzen bazen, kartzelara joan beharko zuen. Hala ere, Deniseri esan ziotenaren arabera, berak epaiketa egunean esango zuenak eragin handia izango zuen epailearen erabakian. «Norbaitek nire zauriak ireki eta bertan gatza bota izan balu bezala sentitu nintzen. Berriro ere nire bizitzako momenturik okerrena bizi behar izan nuen». Aste gutxi batzuk beranduago, Denise auzitegira joan zen, eta bere familiari hainbeste min eragin zion pertsonaren aurrean deklaratu behar izan zuen. Denisek gizonari errukia erakusteko eskatu zion epaileari. b Epailea, hau entzutean, negarrez hasi zen, honakoa esanez: «25 urte daramatzat epaile bezala, eta nire epaiketa geletan ez dut sekula horrelakorik entzun. Hau da biktimaren senide batek akusatuaren alde errukia eskatzen ikusten dudan lehen aldia. Ez dut inoiz hauek bezalako maitasun eta barkamenez beteriko hitzik entzun».

3. Zerk lagundu zion Deniseri barkatzen?

3 Zerk lagundu zion Deniseri barkatzen? Jehobaren barkamenean hausnartzeak (Mik. 7:18). Jehoba gurekin hain barkabera izatea estimatzen dugunean, besteei barkatzera motibatuta sentitzen gara.

4. Zer nahi du Jehobak guk egitea? (Efesoarrei 4:32, NWT)

4 Jehobak eskuzabaltasunez barkatzen digu, eta guk besteekin modu berean jokatzea nahi du (Irakurri Efesoarrei 4:32, NWT c). Jainkoak guk honakoa egitea espero du: mintzen gaituztenei barkatzeko prest egotea (Sal. 86:5; Luk. 17:4). Zerk lagunduko digu barkatzeko prest egoten? Artikulu honetan hiru ideia aztertuko ditugu.

EZ ITZAZU ZURE SENTIMENDUAK ALDE BATERA UTZI

5. ​Esaera Zaharrak 12:18​aren arabera, nola sentitu gaitezke norbaitek mintzen gaituenean?

5 Norbaitek esan edo egiten duenarengatik min handia sentitu dezakegu, bereziki lagun on bat edo senide bat bada (Sal. 55:13-15 [55:12-14, NWT]). Batzuetan, sentitzen dugun min emozionala labankada bat jasotzea bezala izan daiteke (Irakurri Esaera Zaharrak 12:18). Agian, sentitzen dugun mina alde batera uzten saiatzen gara. Baina hori egitea labankada bat jasotzea eta labana zaurian uztea bezala da. Era berean, ezin dugu gure mina alde batera utzi eta besterik gabe desagertzea espero.

6. Zein izan daiteke gure erreakzioa norbaitek mintzen gaituenean?

6 Norbaitek mintzen gaituenean, gure lehenengo erreakzioa haserretzea izan daiteke. Izan ere, Bibliak haserretzera iritsi gaitezkeela onartzen du. Hala ere, honako abisua ere ematen digu: ez dugula haserre egoten jarraitu behar (Sal. 4:4, NWT; Efe. 4:26). Zergatik? Askotan, gure emozioek ekintzetara eraman gaitzaketelako. Eta haserretzen garenean, zaila da gauzak ondo ateratzea (St. 1:19-20 [1:20, NWT]). Beraz, gogoan izan hurrengoa: haserretzea erreakzio bat da, baina haserre egoten jarraitzea gure erabakia da.

Haserretzea erreakzio bat da, baina haserre egoten jarraitzea gure erabakia da

7. Zer beste sentimendu izan ditzakegu norbaitek mintzen gaituenean?

7 Norbaitek gaizki tratatzen gaituenean, beste sentimendu mingarri batzuk ere izan ditzakegu. Esaterako, Ann izeneko arreba batek honakoa dio: «Txikia nintzenean, aitak ama utzi, eta ni zaintzen ninduen emakumearekin ezkondu zen. Abandonatuta sentitu nintzen; eta seme-alabak izan zituztenean, ordezkatuta. Ondorioz, nire haurtzaroan zehar, inork maite ez ninduela pentsatzera iritsi nintzen». Bestalde, Georgette izeneko arreba batek bere senarrak adulterio egitean nola sentitu zen azaltzen du: «Txikitatik izan ginen lagunak. Aitzindaritzan ere elkarrekin ibili ginen! Nire bihotza txiki-txiki eginda zegoen». Eta Naomi izeneko arreba batek honakoa dio: «Ez nuke inoiz imajinatuko nire senarrak minduko ninduenik. Ezkutuan pornografia ikusten aritu zela esan zidanean, engainatuta eta traizionatuta sentitu nintzen».

8. a) Zeintzuk dira besteei barkatzeko arrazoi batzuk? b) Nola laguntzen digu besteei barkatzeak? (Ikusi « Zer egin dezakegu norbaiten erruz traumaren bat badugu?» taula ere)

8 Ezin dugu besteek esan edo egiten dutena kontrolatu. Baina nola erantzungo dugun kontrolatzen saiatu gaitezke. Eta, askotan, erantzuteko modurik onena barkatzea da. Zergatik? Jehoba maite dugulako, eta berak guk besteei barkatzea nahi duelako. Haserre egoten jarraitzen badugu eta ez badugu barkatzen, zentzugabea den zerbait egin eta gure osasuna kaltetu dezakegu (Esa. 14:17, 29, 30). Ikus dezagun Christine izeneko arreba batek dioena: «Haserre edo minduta nagoenean, gehiago kostatzen zait irribarre egitea, eta osasuntsua ez den janaria jateko joera izaten dut. Gainera, ez dut nahiko lorik egiten eta zailagoa egiten zait nire emozioak kontrolatzea. Honek nire senarra eta besteak tratatzen ditudan moduan du eragina».

9. Zergatik utzi beharko genioke erresuminduta egoteari?

9 Mindu gaituen pertsonak barkamenik eskatzen ez badigu ere, eragin digun mina gutxitu dezakegu. Nola? Georgettek, lehen aipatutako arrebak, honakoa dio: «Denbora behar izan nuen, baina nire senar ohiarekin erresuminduta eta haserre egoteari utzi nion. Ondorioz, izugarrizko barne bakea sentitu nuen». Erresuminduta egoteari uzten badiogu, sentimendu negatibo horrek ez du besteak tratatzen ditugun moduan eraginik izango. Gainera, guretzat lagungarria izango den zerbait lortuko dugu: aurrera jarraitzea eta bizitzaz berriro gozatzea (Esa. 11:17). Baina, beharbada, zure sentimenduak onartu ondoren ere, oraindik ez zaude barkatzeko prest. Zer egin beharko zenuke horrelako egoera batean?

AURRE EGIN ZURE SENTIMENDUEI

10. Zergatik hartu beharko genuke emozionalki sendatzeko denbora? (Ikusi irudiak ere)

10 Nola egin ahal diegu aurre gure sentimenduei? Modu bat geure burua sendatzeko denbora hartzea da. Norbaitek zauri larriak izan baditu, tratamendu medikoa jaso ondoren, denbora beharko du fisikoki sendatzeko. Antzera, norbaiti bihotzez barkatzeko prest egon aurretik, agian, denbora beharko dugu emozionalki sendatzeko (Ekl. [Koh.] 3:3; 1 Ped. 1:22).

Zauri fisiko batek denbora behar du sendatzeko. Gauza bera gertatzen da zauri emozional batekin (Ikusi 10. paragrafoa)


11. Nola lagundu ahal dizu otoitzak besteei barkatzen?

11 Otoitz egin Jehobari, besteei barkatzeko laguntza eskatuz. d Lehen aipatutako Annek otoitzak nola lagundu zion azaltzen du: «Denok ondo ez zeuden gauzak egin genituenez, gutako bakoitzari barkatzeko eskatu nion Jehobari. Orduan, aitari eta orain bere emaztea denari gutun bat idatzi nien barkatzen niela esanez». Annek hau egitea ez zela erraza izan onartzen du. Baina honakoa ere dio: «Jainkoaren barkamena imitatzean, nire aita eta bere emazteak Jehobari buruz gehiago jakiteko desioa izatea espero dut».

12. Zergatik jarri beharko genuke geure konfiantza Jehobarengan, eta ez gure sentimenduetan? (Esaera Zaharrak 3:5, 6)

12 Jarri konfiantza Jehobarengan, ez zure sentimenduetan (Irakurri Esaera Zaharrak 3:5, 6). Jehobak beti daki guretzat onena zer den, eta ez digu inoiz kaltetuko gaituen ezer egiteko eskatuko (Is. 55:8, 9). Beraz, besteei barkatzera animatzen gaituenean, erabat ziur egon gaitezke hori egitea gure onerako izango dela (Sal. 40:5 [40:4, NWT]; Is. 48:17, 18, NWT). Bestalde, gure sentimenduetan konfiantza jartzen badugu, beharbada ez gara inoiz barkatzeko prest egongo (Esa. 14:12; Jer. 17:9). Lehen aipatutako Naomik honakoa dio: «Hasiera batean, nire senarrari pornografia ikusteagatik ez barkatzeko arrazoi onak nituela pentsatzen nuen. Berak berriro minduko ninduen edo eragindako min guztia ahaztuko zuen beldur nintzen. Orduan, Jehobak nire sentimenduak ulertzen zituela konturatu nintzen. Hala ere, nire sentimenduak ulertzeak ez du esan nahi hauekin ados dagoenik. Jehobak badaki nola sentitzen naizen, baita sendatzeko denbora behar dudala ere. Baina barkatzea ere nahi du». e

SORTU POSITIBOAK DIREN SENTIMENDUAK

13. ​Erromatarrei 12:18-21​ aipuaren arabera, zer egitea aukeratzen dugu?

13 Min handia eragin digun norbaiti barkatzen diogunean, gertatutakoari buruz hitz egiteari uztea baino zerbait gehiago egin nahi dugu. Gainera, mindu gaituena gure anaia edo arreba espirituala bada, gure helburua berarekin bakeak egitea izango da (Mat. 5:23, 24). Haserre egon beharrean, errukia erakustea eta barkatzea aukeratzen dugu (Irakurri Erromatarrei 12:18-21; 1 Ped. 3:9). Zerk lagundu ahal digu hori egiten?

14. Zer egiten saiatu beharko ginateke, eta zergatik?

14 Jehobak pertsonen ezaugarri onetan zentratzea erabakitzen du. Beraz, bera imitatzen saiatu beharko ginateke, mindu gaituztenen ezaugarri onetan arreta jarriz (2 Kro. 16:9; Sal. 130:3, NWT). Besteengan ezaugarri txarrak bilatu nahi baditugu, aurkituko ditugu. Alderantziz, besteen ezaugarri onetan zentratzen bagara, errazagoa egingo zaigu barkatzea. Honen inguruan, Jarrod izeneko anaia batek dio: «Norbaiten akatsetan pentsatu beharrean, bere gauza onetan zentratzen naizenean, errazagoa egiten zait barkatzea».

15. Zergatik izan daiteke lagungarria mindu zaituenari barkatu diozula esatea?

15 Mindu gaituenari barkatu diogula esaten ere saiatu beharko ginateke. Zergatik? Ikus dezagun zer dioen lehen aipatutako Naomik: «Nire senarrak “Barkatu al didazu?” galdetu zidanean, ez nintzen “Barkatu dizut” hitzak esateko gai izan. Orduan konturatu nintzen nire barren-barrenean ez niola oraindik barkatu. Baina, denborarekin, bi hitz boteretsu horiek esateko gai izan nintzen. Senarrari barkatu niola esan nionean, negar malkoak atera zitzaizkion. Zer-nolako askapena sentitu zuen berak! Ez nuen espero. Ni ere bakean nago orain. Berarengan nuen konfiantza berreskuratu dut eta, berriro ere, lagun minak izatea lortu dugu».

16. Zer ikasi duzu barkamenari buruz?

16 Jehobak guk besteei barkatzea nahi du (Kol. 3:13). Hala ere, hau egitea zaila izan daiteke batzuetan. Orduan, zer egin dezakegu? Alde batetik, ez ditzagun gure sentimenduak alde batera utzi; eta bestetik, saiatu gaitezen gure sentimenduei aurre egiten. Ondoren, sentimendu berri eta positiboak sortu ditzakegu (Ikusi « Besteei barkatzeko hiru pauso» taula ere).

ARRETA JARRI BESTEEI BARKATZEAK DAKARTZAN EMAITZA ONETAN

17. Zergatik barkatu beharko genieke besteei?

17 Besteei barkatzeko arrazoi asko ditugu. Aipatu ditzagun horietako batzuk. Lehenik, gure Aita errukitsua, Jehoba, imitatu eta pozten dugu (Luk. 6:36). Bigarrenik, Jehobaren barkamenarengatik eskertuta gaudela erakusten dugu (Mat. 6:12). Eta hirugarrenik, osasun hobeaz eta lagun onak izateaz gozatzen dugu.

18, 19. Zer emaitza on izan ditzakegu barkatzen dugunean?

18 Besteei barkatzeak espero gabeko emaitza onak ekarri ditzake. Ikusi, adibidez, aurretik aipatutako Deniseri gertatu zitzaiona. Denisek momentu hartan ez jakin arren, istripua eragin zuen gizonak epaiketaren ondoren suizidatzeko intentzioa zuen. Baina Deniseren barkamenak asko hunkitu zuenez, Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi zen.

19 Norbaiti barkatzea inoiz egin dezakegun gauzarik zailenetakoa dela pentsatu dezakegu. Baina, aldi berean, hartu dezakegun erabakirik onenetakoa ere izan daiteke (Mat. 5:7). Beraz, egin dezagun denok ahal dugun guztia Jehobaren barkamena imitatzeko.

sjj 125. KANTA «Zoriontsuak errukitsuak direnak»

a Izen batzuk aldatu egin dira.

b Horrelako egoera batean, kristau bakoitzak zer egin erabaki beharko du.

c Efesoarrei 4:32, NWT: «Izan zaitezte elkarrentzat on, erruki goxoa erakutsi eta eskuzabaltasunez barkatu elkarri, Jainkoak Kristoren bidez eskuzabaltasunez barkatu zizuen bezalaxe».

e Pornografia ikustea bekatua da, baita mingarria ere. Hala ere, ezkontide errugabeak ez du Biblian oinarritutako dibortzioa izateko oinarririk.