Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Nola izan naiteke lagun on bat?

Nola izan naiteke lagun on bat?

SENTITU al duzu inoiz zure arazoen aurrean bakar-bakarrik zaudela? «Une latz[etan]» bizi garenez, desanimatuta eta bakarrik sentitu gaitezke (2 Tim. 3:1). Baina arazoak izan arren, besteek lagundu ahal gaituzte. Izan ere, Bibliak dioen moduan, lagun onak «larrialdi» garaietan oso baliotsuak dira (Esa. 17:17).

NOLA LAGUNDU AHAL DIGUTE LAGUN ONEK?

Etxean atxilotuta egon arren, Paulo apostoluak kongregazioak animatzen jarraitu ahal izan zituen bere lagunen laguntza leiala jaso zuelako

Paulo apostoluak laguntza handia jaso zuen misiolari bidaietan berarekin batera joan zirenengandik (Kol. 4:7-11). Erroman preso egon zenean, Paulok ezin izan zituen gauza asko egin. Baina bere lagunek bere lanak burutzen lagundu zioten. Adibidez, Epafroditok Filipoko anai-arrebek bidalitako gauza batzuk eraman zizkion (Flp. 4:18). Bestalde, Tikikok Pauloren gutunak kongregazio ezberdinetara bidali zituen. Bere lagunen laguntzari esker, etxean atxilotuta eta beranduago kartzelan egon arren, Paulok kongregazioak animatu ahal izan zituen. Nola izan gaitezke lagun onak gu ere gaur egun?

Gaur egun ere, anai-arreba askoren ereduek lagun on bat zein baliotsua den erakusten digute. Espainiako Elisabet izeneko aitzindari erregular bati, arreba batek garai zailetan asko lagundu zion. Elisabeten amari minbizi terminal bat diagnostikatu ziotenean, arreba horrek Biblian oinarritutako mezutxoak bidaltzen zizkion. «Mezutxo horiek bakarrik ez sentitzen lagundu zidaten, eta egun bakoitzari aurre egiteko indarrak eman zizkidaten», dio Elisabetek (Esa. 18:24).

Bestalde, anai-arrebekin dugun harremana sendotu dezakegu beraiei kongregazioko jardueretan parte hartzen lagunduz. Adibidez, adineko anaia edo arreba bati bileretara edo predikatzera joaten lagundu ahal diogu. Hala egiten badugu, elkar animatzeko aukera izango dugu (Erm. 1:12). Hala ere, anai-arreba batzuek ezin dute etxetik atera. Nola izan gaitezke lagun onak beraientzat ere?

ETXETIK ATERA EZIN DUTENEN LAGUN ONA IZAN

Osasun arazo edo beste egoera batzuengatik anai-arreba batzuek ezin dute bileretara presentzialki joan. Azter dezagun minbizia izan zuen David izeneko anaia baten eredua. Sei hilabete baino gehiagoz kimioterapia jaso zuen. Tratamenduan zehar, Davidek eta bere emazte Lidiak ezin izan zuten bileretara presentzialki joan.

Nola lagundu zieten kongregazioko anai-arrebek? Bilera bakoitza amaitzean, bilera aretoan zeuden anai-arreba batzuk bideodeiez beraiekin hitz egiten saiatzen ziren. Gainera, David eta Lidiak bileran komentatzen zutenean, beranduago kongregaziokoen mezu animagarriak jasotzen zituzten. Horri esker, David eta Lidia ez ziren hain isolatuta sentitu.

Predikatzen denbora pasa etxetik atera ezin duten anai-arrebekin

Beharbada planak egin ahal ditugu etxetik atera ezin den anaia edo arreba batekin predikatzeko. Gure errutinan aldaketa txikiak eginez, ez garela berataz ahaztu erakutsi dezakegu (Esa. 3:27). Agian, berarekin gutunak idatzi edo telefonoz predikatu dezakegu. Bestalde, adindunek predikatzeko bilerak bideodeiez ere eskuragarri egotea erabaki dezakete. David eta Lidiak aukera hori izatea asko eskertu zuten. «Gure predikatzeko taldearekin batera predikatzeko bilera eta otoitza entzuteak pilak kargatzen zizkigun», dio Davidek. Gainera, Biblia ikastaro bat baduzu, etxetik atera ezin duen anaia edo arreba baten etxean egin dezakezu. Hala ere, ezer antolatu aurretik, galdetu anaia edo arrebari ea ondo iruditzen zaion.

Etxetik atera ezin duten anaia edo arrebekin denbora pasatzen baduzu, beraien ezaugarriak hobeto ezagutzeko aukera izango duzu eta beraiengana gehiago gerturatuko zara. Adibidez, beraiekin predikatzen duzunean, pertsonen bihotzera iristeko Biblia erabiltzen zein trebeak diren ikusiko duzu. Dudarik gabe, horrek oraindik gehiago gerturatuko zaitu beraiengana. Beraz, anai-arrebei jarduera espiritualetan parte hartzen laguntzen badiezu, lagun berriak egiteko aukera gehiago izango dituzu (2 Ko. 6:13).

Paulok zailtasunak izatean, bere lagun Tito alboan izateak asko kontsolatu zuen (2 Ko. 7:5-7). Beraz, ondo dago anai-arrebei hitz kontsolagarriak esatea. Baina Titoren ereduak honakoa ere irakasten digu: anai-arrebak kontsolatzeko beraiekin denbora pasa behar dugula eta laguntzen dieten gauzak egin behar ditugula (1 Joan 3:18).

IZAN LAGUN ON BAT PERTSEKUZIOA JASATEAN

Errusiako gure anai-arrebek eredu bikaina jarri dute batak bestea laguntzean. Azter dezagun Sergey eta bere emazte Tatyanaren eredua. Poliziak beraien etxean bilaketa egin ondoren, galdeketa egitera eraman zituzten. Gero, Tatyana askatu zuten eta etxera itzuli zen. Sergeyk dio: «[Tatyana] etxera iritsi bezain pronto, arreba ausart bat bera bisitatzera joan zen. Beranduago, anai-arreba gehiago etorri ziren eta etxea txukuntzen lagundu ziguten».

Sergeyk honakoa ere dio: «Beti gustatu izan zait Esaera Zaharrak 17:17 aipua: “Adiskideak beti zaitu maite, anaia larrialditarako jaioa da”. Pertsekuzio garaian, nire lagunen laguntza behar-beharrezkoa izan da. Ondorioz, Esaera Zaharrak 17:17​ko hitzak guztiz egia direla ikusi dut. Jehobak ausartak izan diren eta lagundu egin nauten lagunak eman dizkit». a

Garai zailei aurre egiteko, gure lagunen laguntza behar dugu. Eta larrialdi handian zehar, beraien behar handiagoa izango dugu. Beraz, saia gaitezen orain gu geu lagun onak izaten! (1 Ped. 4:7, 8).