Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

6. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 18. KANTA Eskaintzarengatik esker ona

Zergatik eskertzen dugu Jehobaren barkamena?

Zergatik eskertzen dugu Jehobaren barkamena?

«Jainkoak hainbeste maite izan zuenez mundua, bere Seme bakarra eman zuen» (JOAN 3:16).

IDEIA NAGUSIA

Jehobaren barkamenarengatik sentitzen dugun esker ona handitu nahi dugu. Hori lortzeko, Jehobak gure bekatuak barkatzeko zer egin zuen aztertuko dugu.

1, 2. Zein zentzutan da gizakion egoera lehenengo paragrafoan aipatutako mutil gaztearena bezalakoa?

 IMAJINATU hurrengo egoera: Mutil gazte bat diruduna den familia batean hazi da. Baina egun batean, bere gurasoak istripu batean hil egiten dira. Hau zorigaitza! Mutila lur jota dago. Hau gutxi balitz, gurasoek familiaren diru guztia alferrik gastatu zutela eta zorrez gainezka zeudela enteratu da. Beraz, gazteak herentzian, dirua ordez, zorrak baino ez ditu jaso. Gainera, zor horiek segituan ordaintzeko eskatu diote. Baina gazte honek ezin izango ditu zor guztiak sekula ordaindu.

2 Nolabait esateko, gure egoera mutil gaztearena bezalakoa da. Gure lehen gurasoak, Adam eta Eba, perfektuak ziren eta paradisu eder batean bizi ziren (Has. 1:27; 2:7-9). Gainera, betirako bizitza zoriontsu batez gozatzeko aukera zuten. Baina, orduan, dena hankaz gora jarri zen. Euren etxea —paradisua— eta betirako bizitzeko aukera galdu zuten. Eta zer jasoko zuten herentzian beraien seme-alabek? Bibliak honakoa dio: «Beraz, gizon baten [Adamen] bidez sartu zen bekatua munduan eta bekatuaren bidez heriotza, eta horrela zabaldu zen heriotza gizaki guztiengana, denek egin zutelako bekatu» (Erm. 5:12). Beraz, Adamengandik jaso dugun herentzia bekatua da eta, ondorioz, heriotza. Bekatua izugarrizko zor bat bezalakoa da, gutako inork sekula ordaindu ezingo duena (Sal. 49:9 [49:8, NWT]).

3. Zergatik dira gure bekatuak «zorrak» bezalakoak?

3 Jesusek bekatuak «zorrak» bezalakoak direla esan zuen (Mat. 6:12; Luk. 11:4). Bekatu egiten dugunean, nolabait esateko, Jehobarekin zorretan gaude. Beraz, Jehobak gure zorrak ordaintzea eskatu ahal digu. Eta gizakiok zor hori heriotzarekin bakarrik ordaindu ahalko genuke (Erm. 6:7, 23).

4. a) Laguntzarik gabe, zer gertatuko litzaiguke bekatari guztioi? (49. Salmoa 8-10 [49:7-9, NWT]) b) Zer esanahi du «bekatu» hitzak Biblian? (Ikusi « Bekatua» taula ere)

4 Berreskuratu al dezakegu Adam eta Ebak galdutakoa? Geure kabuz ez (Irakurri 49. Salmoa 8-10 [49:7-9, NWT]). Laguntzarik gabe, ez genuke betirako bizitzeko edo berpizteko esperantzarik izango. Animalien antzera hilko ginateke, berriro bizitzeko aukerarik izan gabe (Ekl. [Koh.] 3:19; 2 Ped. 2:12).

5. Zer egin du gure Aita maitekorrak herentzian jaso dugun bekatuaren zorrarekin? (Ikusi irudia ere)

5 Itzuli gaitezen hasieran aipatu dugun mutil gaztearen adibidera. Nola sentituko litzateke gazte hori gizon aberats batek bere zor guztiak ordaintzea eskainiko balio? Dudarik gabe, oso-oso eskertuta. Hori bai eskaintza eskuzabala! Era berean, Jehobak, gure Aita maitekorrak, opari bat egin digu. Opari horrek Adamengandik herentzian jasotako bekatuaren zorra ordaintzen du. Jesusek honela azaldu zuen: «Jainkoak hainbeste maite izan zuenez mundua, bere Seme bakarra eman zuen, berarengan fedea erakusten duena suntsitua izan ez dadin, baizik eta betirako bizia izan dezan» (Joan 3:16). Gainera, opari horri esker, Jehobarekin harreman ona izateko aukera ere dugu.

Jesusek erreskatean oinarritutako Jehobaren barkamenari buruzko berri onak predikatu zituen (Joan 3:16). Ondoren, erreskatea eskaintzeko, bere bizia gogo onez eman zuen (Ikusi 5. paragrafoa)


6. Biblian azaltzen diren zer termino aztertuko ditugu artikulu honetan, eta zergatik?

6 Aurretik esan bezala, gure bekatuen, edo «zorr[en]», barkamena lortzea opari paregabea da. Baina nola lagundu ahal digu opari horrek? Galdera horri erantzuteko, Biblian agertzen diren hurrengo terminoak, baita hauen esanahia ere, aztertuko ditugu: errekontziliazioa, espiazioa, erreskatea, erredentzioa eta Jehobak gu justutzat hartzea. Jehobak guri barkatzeko egin dituen gauzetan hausnartzen dugun heinean, berari diogun esker ona handituko da.

HELBURUA: ERREKONTZILIAZIOA

7. a) Zer galdu zuten Adam eta Ebak? b) Adam eta Ebaren ondorengoak garenez, zer da ezinbestean behar duguna? (Erromatarrei 5:10, 11)

7 Bekatu egitean, Adam eta Ebak betirako bizitzeko aukera galdu zuten. Baina, horretaz gain, euren Aita Jehobarekin zuten harreman baliotsua ere galdu zuten. Hasiera batean, Adam eta Eba Jainkoaren familiaren parte ziren (Luk. 3:38). Baina desobeditzean, Jehobak bere familiatik bota zituen. Hori Adam eta Ebak seme-alabak eduki aurretik gertatu zen (Has. 3:23, 24; 4:1). Beraz, gu beraien ondorengoak garenez, Jehobarekin errekontziliatu egin behar dugu (Irakurri Erromatarrei 5:10, 11). Beste modu batera esanda, berarekin harreman on bat izatera iritsi behar dugu. Erreferentzia-lan baten arabera, «errekontziliatu» bezala itzulitako hitz grekoak ondorengo esanahia izan dezake: «etsaia lagun bihurtu». a Harrigarria bada ere, Jehobak lehen pausoa eman zuen hori posible egiteko. Nola?

ANTOLAKETA: ESPIAZIOA

8. Zer da espiazioa?

8 Jehobak gizaki inperfektuek berarekin harreman ona izan dezaten nahi du. Espiazioa hori lortzeko egin duen antolaketa da. Adamek galdutakoa berreskuratzeko, Jehobak modu bat antolatu zuen, galdutakoaren balio bera zuen zerbait emanez. Idazki Grekoek ondorengoaz ere hitz egiten dute: Jehobak egin duenaz gizaki batek bere laguna izateko aukera izan dezan (Erm. 3:25, oharra).

9. Denbora bateko zer antolaketa egin zuen Jehobak israeldarrek euren bekatuen barkamena lortzeko?

9 Jehobak, israeldarren bekatuak barkatzeko, denbora bateko antolaketa bat ezarri zuen. Horrela, israeldarrek berarekin harreman on bat izan ahal zuten. Antolaketa hori israeldarrek urtero ospatzen zuten Espiazio Eguna zen. Egun hartan, apaiz nagusiak herriaren alde animalien sakrifizioak eskaintzen zituen. Noski, animalien sakrifizioek ezin zituzten inoren bekatuak erabat estali. Zergatik? Animalien biziak ez duelako gizakion biziaren balio bera. Baina damututako israeldarrek Jehobak eskatzen zituen sakrifizioak eskaintzen zituzten bitartean, bera euren bekatuak barkatzeko prest egon zen (Heb. 10:1-4). Gainera, bai Espiazio Egunean, bai beste momentu batzuetan eskainitako sakrifizioei esker, israeldarrak honetaz konturatu ziren: bekatariak zirela eta euren bekatuak erabat estaliak izateko konponbide iraunkor bat behar zutela.

10. Zer egin zuen Jehobak gizakion bekatuak erabat barkatu ahal izateko?

10 Zer egin zuen Jehobak gizakion bekatuak erabat barkatu ahal izateko? Bere Seme kuttunaren bizia eskaini zuen «behin bakarrik [...] askoren bekatuak gainean eramateko» (Heb. 9:28, NWT). Jesusek «jende askoren truke bere bizia erreskate moduan» eman zuen (Mat. 20:28). Baina zer esan nahi du erreskate hitzak?

PREZIOA: ERRESKATEA

11. a) Bibliaren arabera, zer da erreskate bat? b) Noren bidez bakarrik ordaindu ahal zen erreskatea?

11 Bibliaren arabera, erreskate bat espiazioa eta errekontziliazioa lortzeko ordaintzen den prezioa da. b Gizakiek Adamek galdutakoa berreskuratu zezaten, zein izan zen erreskatearen prezioa? Gogoan izan Adam eta Ebak, euren bizi perfektua galtzeaz gain, betirako bizitzeko aukera ere galdu zutela. Beraz, erreskatearen prezioak galdu zenaren balio bera izan behar zuen (1 Tim. 2:6). Horregatik, 1) perfektua zen, 2) lurrean betirako bizitzeko aukera zuen, eta 3) gure alde bere bizia sakrifikatzeko prest zegoen gizon heldu baten bidez bakarrik ordaindu ahal izango zen erreskatea. Horrela, pertsona horren biziak, galdu zen bizia ordezkatuko, edo espiatuko, zuen.

12. Zergatik ordaindu ahal izan zuen Jesusek erreskatearen prezioa?

12 Jesusek erreskatearen prezioa ordaindu ahal izan zuen. Zergatik? Azter ditzagun hiru arrazoi. 1) Bera perfektua zen; «ez zuen bekaturik egin» (1 Ped. 2:22). 2) Ondorioz, lurrean betirako bizitzeko aukera zuen. 3) Gure alde bizia emateko eta hiltzeko prest egon zen (Heb. 10:9, 10). Jesus gizon perfektua zen, Adam bekatu egin aurretik izan zen moduan (1 Ko. 15:45). Beraz, bere heriotzaren bidez, Jesusek Adamen bekatua espiatu ahal izan zuen, hau da, Adamek galdutakoa ordezkatu ahal izan zuen (Erm. 5:19). Horrela, Jesus «azkeneko Adam» bihurtu zen. Horrek ondorengoa esan nahi du: ez dela beharrezkoa beste pertsona perfektu batek Adamek galdutakoa ordaintzea, Jesus «behin betiko» hil baitzen (Heb. 7:27; 10:12).

13. Zer desberdintasun dago espiazioaren eta erreskatearen artean?

13 Orduan, zer desberdintasun dago espiazioaren eta erreskatearen artean? Espiazioa Jainkoak gizakiekin harreman ona berreskuratzeko burutu duen ekintza da. Erreskatea, aldiz, gizakien bekatuak espiatzeko ordaindu den prezioa da. Eta gure alde isuri zen Jesusen odol baliotsuak prezio hori irudikatzen du (Efe. 1:7, NWT; Heb. 9:14).

EMAITZAK: ERREDENTZIOA ETA JEHOBAK GU JUSTUTZAT HARTZEA

14. Zer aztertuko dugu orain, eta zergatik?

14 Nola laguntzen digu espiazioaren antolaketak? Galdera hori erantzuteko, Biblian agertzen diren bi terminoren esanahia aztertuko dugu. Hitz horien esanahia antzekoa den arren, hitz bakoitzak espiazioaren antolaketaren alderdi zehatz bat azpimarratzen du. Termino horiek aztertzean, Jehobaren barkamenak gutako bakoitzari nola laguntzen dion ikusiko dugu.

15, 16. a) Biblian, zeri egiten dio erreferentzia «erredentzio» hitzak? b) Zer eragin du erredentzioak guregan?

15 Biblian, erredentzio hitza erabiltzen denean, erreskate bat ordaintzearen ondorioz aske geratzeari, edo errua kentzeari, egiten zaio erreferentzia. Pedro apostoluak honela azaldu zuen: «Gogoratu zeuen aurrekoengandik hartutako biziera zentzugabetik askatuak [edo literalki «erreskatatuak»; «erredimituak», NWT, oharra] izan zaretela; eta askatuak, ez gauza ustelkorrez, urrez nahiz zilarrez, baizik eta bildots garbi eta akats gabe bezala zuen alde eskaini den Kristoren odol baliotsuaz» (1 Ped. 1:18, 19).

16 Erreskatearen sakrifizioak, hainbeste sufrimendu eragiten duten bekatu eta heriotzatik askatzeko aukera ematen digu (Erm. 5:21). Jesusen odol baliotsuaren, hau da, bere biziaren bidez, erredentzioa jasotzen dugu. Zein eskertuta gauden Jehobari eta Jesusi hori posible egiteagatik! (1 Ko. 15:22).

17, 18. a) Zer esan nahi du Jehobak gu justutzat hartzeak? b) Zer eragin du horrek guregan?

17 Bibliaren arabera, Jehobak bere zerbitzariak justutzat hartzen ditu. Zer esan nahi du horrek? Jehobak ez digula gure bekatuen prezioa ordaintzeko eskatzen. Horrela jokatzean, Jehobak ez ditu bere arauak hausten. Bestalde, ez gaitu gure meritu propioengatik justutzat hartzen eta ez ditu gure bekatuak ontzat hartzen. Baina espiazioaren antolaketan eta ordainduta dagoen erreskatearen prezioan fedea erakutsi dugunez, Jehoba gure zorrak barkatzeko prest dago (Erm. 3:24; Gal. 2:16).

18 Zer eragin du horrek guregan? Alde batetik, badaude Jesusekin batera zeruan agintzeko aukeratuak izan direnak. Hauek Jainkoaren seme-alaba bezala justutzat hartuak izan dira dagoeneko (Tit. 3:7, NWT; 1 Joan 3:1). Jainkoak beraien bekatuak barkatu ditu. Beraien bekatuak, aurrekari penalak izango balira bezala, erabat ezabatuak dira; beste modu batera esanda, inoiz existitu izan ez balira bezala da. Ondorioz, Erreinuan egon daitezke (Erm. 8:1, 2, 30). Bestetik, lurrean bizitzeko esperantza dutenak Jainkoaren lagun bezala zuzentzat hartuak izan dira eta, horien kasuan ere, Jehobak beraien bekatuak barkatu ditu (St. 2:21-23). Gainera, Harmagedonetik irtengo den gizatalde handiak inoiz ez hiltzeko aukera izango du (Joan 11:26). Horretaz gain, hil diren «justu[ak]» eta «injustu[ak]» berpiztuak izango dira (Eg. 24:15; Joan 5:28, 29). Eta, denborarekin, lurrean biziko diren Jehobaren zerbitzari leial guztiek «Jainkoaren seme-alaben askatasun bikaina» izango dute (Erm. 8:21). Zer-nolako bedeinkapenak ekarriko dituen espiazioaren antolaketak! Gure Aita Jehobarekin erabat errekontziliatu ahal izango gara.

19. Nola hobetu da gure egoera Jehobak eta Jesusek gure alde egin dutenari esker? (Ikusi « Jehobaren barkamena» taula ere)

19 Artikulu honen hasieran aipatutako mutil gazteak dena galdu zuen eta inoiz ordaindu ezingo zuen zor ikaragarri bat jaso zuen herentzian. Antzera, guk ere hasiera batean ez genuen esperantzarik. Baina, zorionez, Jehobaren laguntza jaso dugu. Espiazioaren antolaketari eta erreskatearen ordainketari esker, gure egoera aldatu egin da. Jesu Kristorengan fedea dugunez, gure bekatuetatik eta heriotzatik erredimituak, edo askatuak, izateko aukera dugu. Gainera, Jehobak gure bekatuak barkatzen dituenean, hauek inoiz gertatu izan ez balira bezala da. Eta gauza guztien gainetik, orain gure zeruko Aita maitekorrarekin harreman on bat izan dezakegu.

20. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

20 Jehobak eta Jesusek gure alde egin duten guztian hausnartzen dugunean, oso-oso eskertuta sentitzen gara (2 Ko. 5:15). Beraien laguntzarik gabe, ez genuke inolako esperantzarik izango. Baina zer eragin du Jehobaren barkamenak gutako bakoitzarengan? Hurrengo artikuluan, galdera honen erantzuna aztertuko dugu.

sjj 10. KANTA Goratu gure Jaungoikoa!

a The Concise Greek–English Lexicon of the New Testament, Frederick W. Danker.

b Hizkuntza batzuetan, «erreskate» terminoa literalki «biziaren prezioa» edo «egin den ordainketa» esan nahi duen esamolde bat erabiliz itzultzen da.