Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Zein da Jainkoaren izena?

Zein da Jainkoaren izena?

Norbait ezagutu nahi dugunean, normalean egiten dugun lehenengo gauza «Zein da zure izena?» galdetzea da. Jainkoari galdera hori egin ahalko bazenio, zer erantzungo luke?

«Yaube [Jehoba] naiz Ni; hau da nire izena» (Isaias 42:8, Ol).

Berria al da izen hori zuretzat? Agian bai. Izan ere, Biblia itzultzaile askok oso gutxitan erabiltzen dute edo ez dute inoiz erabiltzen. Sarritan, «JAUNA» tituluarekin ordezkatzen dute. Hala ere, Jainkoaren izena 7.000 aldiz baino gehiago agertzen da jatorrizko hizkuntzetako Bibliaren eskuizkribuetan. Izen hori lau hebrear kontsonantez osatuta dago: YHWH edo JHWH. Historian zehar euskaraz «Yaube» eta «Jehoba» formak erabili izan dira izen hori itzultzeko. a

Itsaso Hileko Salmoak liburuaren eskuizkribua, Kristo ondorengo I. mendea, HEBREERAZ

Tyndale-n itzulpena, 1530, INGELESEZ

Reina-Valera itzulpena, 1602, GAZTELERAZ

Union Version, 1919, TXINERAZ

Jainkoaren izena jatorrizko hebrear testuetan agertzen da eta Biblia itzulpen askotan aurkitzen da

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA JAINKOAREN IZENA?

Jainkoarentzat garrantzitsua da. Izen hori ez zion inork jarri, berak aukeratu zuen. Honakoa esan zuen Jehobak: «Horixe izango da nire izena betiko; hala deituko naute belaunez belaun» (Irteera 3:15). Biblian Jainkoaren izena bere tituluak —Ahalguztiduna, Aita, Jauna edo Jainkoa— baino gehiagotan agertzen da, baita beste edozein izen propio —Abraham, Moises, Dabid edo Jesus— baino gehiagotan ere. Are gehiago, Jehobaren nahia guztiok bere izena ezagutzea da. Bibliak dio: «Jakin bezate zu, zu bakarrik, zarela Jauna [“Jehoba” jatorrizko testuan], zu bakarrik lur guztiaren gain Goi-goikoa» (83. Salmoa 19 [83:18, NWT]).

Jesusentzat garrantzitsua da. Aitagurean Jesusek bere jarraitzaileei Jainkoari honakoa eskatzen irakatsi zien: «Santu izan dadila zure izena» (Mateo 6:9). Jesusek berak honakoa esan zion Jainkoari otoitzean: «Aita, aintza eman zure izenari» (Joan 12:28). Jesusentzat Jainkoaren izena gorestea lehentasuna izan zen bere bizitzan, eta horregatik esan ahal izan zuen otoitzean: «Zure izena ezagutzera eman diet eta ezagutzera ematen jarraituko dut» (Joan 17:26).

Jainkoa ezagutzen dutenentzat garrantzitsua da. Iraganeko Jainkoaren zerbitzariek bazekiten beraien babes eta salbamena Jainkoaren izen berezia ezagutu eta ohoratzearekin lotuta zegoela. Horietako batek honakoa onartu zuen: «Jaunaren [Jehobaren] izena, gotorleku sendo; bertara joan eta babesten da zintzoa» (Esaera Zaharrak 18:10). Beste batek esan zuen: «Jehobaren izenari dei egiten dion edonor salbatua izango da» (Eginak 2:21). Bibliaren arabera, Jainkoaren izenak bera zerbitzatzen dutenak identifikatuko zituen: «Atzerriak oro, norberaren jainkoaren izenpean dabiltza; gu, berriz, menderen-mendetan gure Jainko Yauberen izenpean goaz» (Mikeas 4:5, Ol; Eginak 15:14).

ZER UZTEN DU AGERIAN IZEN HORREK?

Jainkoa nor den eta zer egiteko gai den. Biblia aditu askoren arabera, Jehoba izenak «Berak izatea eragiten du» esan nahi du. Jehobak bere buruari buruz Moisesi esan zionak bere izenaren esanahia ulertzen laguntzen digu: «Izango naizena naiz» (Irteera 3:14). Jatorrizko hebrear adierazpen hori honela itzuli daiteke: «Nik izatea erabakitzen dudana izango naiz ni». Beraz, Jainkoaren izenak gauza guztien sortzailea dela baino gehiago erakusten digu. Bere helburua betetzeko bere burua edo bere sorkuntza beharrezkoa dena izatea eragiten duela erakusten digu. Bere tituluek Jainkoaren autoritatea edo boterea nabarmentzen duten bitartean, bere izenak soilik adierazten du bera den guztia eta izatera iritsi daitekeena.

Gugan duen interesa. Jainkoaren izenaren esanahiak bere sorkuntzaz beti arduratzen dela adierazten du, eta horren barne gu gaude. Are gehiago, Jainkoak bere izena ezagutzera emateak guk bera ezagutzea nahi duela erakusten digu. Azken finean, guk galdetu aurretik esan zigun zein den bere izena. Argi dago Jehobak ez duela Jainko misteriotsu edo hotza denik pentsatu dezagun nahi. Horren ordez, bera benetakoa dela eta berarengana hurbildu gaitezkeela jakin dezagun nahi du (73. Salmoa 28).

Izen hori erabiltzeak Jainkoarengatik dugun interesa uzten du agerian. Imajinatu zure laguna izatea nahi duzun norbaiti zure izena aipatzen diozula. Nola sentituko zinateke behin eta berriz ez badizu zure izenez deitzen? Denborarekin zure laguna izan nahi ote duen zalantzan jarriko zenuke agian. Gauza bera gertatzen da Jainkoarekin. Jehobak bere izena esan digu eta erabili dezagun nahi du. Hala egiten dugunean, Jehobari berarengandik gertu egon nahi dugula erakusten diogu. Eta Jehobak «bere izen santua bihotzean daukaten» pertsonak kontuan hartzen ditu (Malakias 3:16, Ur).

Jainkoaren izena zein den jakitea bera ezagutzen hasteko oinarrizko pausoa da. Baina hori ez da nahikoa. Izen horren atzean nor dagoen ezagutu behar dugu, hau da, nolakoa den.

ZEIN DA JAINKOAREN IZENA? Jainkoaren izena Jehoba da. Izen horrek Jainkoak bere helburua beteko duela ziurtatzen digu.

a Ikusi Elizen Arteko Bibliako Irteera 3:15​eko oharra.