Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Zer egin du Jainkoak?

Zer egin du Jainkoak?

Norbait hobeto ezagutu nahi baduzu, zer lortu duen eta zer erronkari aurre egin behar izan dion jakiteak lagunduko dizu. Era berean, Jainkoa hobeto ezagutu nahi baduzu, zer egin duen jakin behar duzu. Jainkoak egin duenak zenbat laguntzen digun gaur egun eta horrek gure etorkizunarekin duen zerikusia ezagutzeak txundituko zaitu.

JAINKOAK GAUZA GUZTIAK GURE ONERAKO SORTU ZITUEN

Jehoba Sortzaile bikaina da eta «bere ezaugarri ikusezinak […] argi eta garbi ikusten dira munduaren kreaziotik aurrera, sortutako gauzetan antzematen baitira» (Erromatarrei 1:20). Jehobak «bere ahalmenaz egin du lurra, bere jakinduriaz ezarri mundua, bere adimenaz zabaldu zerua» (Jeremias 10:12). Sorkuntzaren gauza zoragarriek Jainkoa gutaz arduratzen dela ere erakusten dute.

Pentsatu Jehobak nola aberastu zuen gure bizitza gizakiak «beraren irudira» sortuz (Hasiera 1:27). Horri esker, bere ezaugarri zoragarriak neurri batean imitatu ditzakegu. Gainera, espiritualtasuna eman zigun, hau da, bere ikuspuntu eta arauak ulertzeko gaitasuna. Horien arabera bizi garenean, zoriontsuagoak gara eta gure bizitzak zentzua du. Are gehiago, Jehobak bere lagunak izateko aukera ematen digu.

Gure planeta Jehobak maite gaituen froga da. Paulok esan zuen bezala, Jainkoak «nolakoa den erakutsi zizuen gauza onak eginez: zerutik euria eta uzta aberatsak emanez, janariz asez eta zuen bihotzak poztasunez betez» (Eginak 14:17). Jainkoak bizirauteko behar duguna baino gehiago eman zigun. Gauza desberdin asko sortu zituen bizitzaz disfrutatu dezagun. Baina etorkizunean Jehobak guregatik askoz ere gehiago egingo du.

Jehobak lurra gizakiak bertan betirako bizitzeko sortu zuen. Bibliak dio: «Lurra […] gizakien esku utzi du» eta «ez du hutsik egoteko sortu, bizileku izateko baizik» (115. Salmoa 16; Isaias 45:18). Baina zein motatako pertsonak biziko ziren bertan eta zenbat denboraz? «Justuak herentziaz hartuko dute lurra, eta bertan biziko dira beti» (36. Salmoa 29, Ur, [37:29, NWT]).

Bere helburua betetzeko, Jehobak lehen gizon-emakumeak sortu zituen, Adam eta Eba, eta lurreko paradisu batean jarri zituen «landu eta zain» zezaten (Hasiera 2:8, 15). Bi eginkizun zirraragarri eman zizkien: «Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi» (Hasiera 1:28). Beraz, Adamek eta Ebak lurrean betirako bizitzaz gozatzeko esperantza zuten. Tamalez, Jainkoa desobeditzea erabaki eta lurra herentziaz jasoko zuten justuen artean egoteko aukera galdu zuten. Hala ere, ikusiko dugun bezala, beraien ekintzek ez zuten Jehobak guretzat eta lurrarentzat zuen helburua aldatu. Baina lehenik, ikus dezagun Jainkoak egin duen beste gauza bat.

JAINKOAK BERE HITZA, BIBLIA, EMAN ZIGUN

Bibliari Jainkoaren Hitza deitzen zaio. Zergatik eman zigun Jehobak Biblia? Bereziki bera ezagutzeko (Esaera Zaharrak 2:1-5). Egia da, Bibliak ez ditu erantzuten Jainkoari buruz izan ditzakegun galdera guztiak, ezingo litzateke horrelako libururik egon (Eklesiastes [Kohelet] 3:11). Baina Bibliak esaten duen guztiak Jainkoa ezagutzen laguntzen digu. Nolakoa den jakin dezakegu gizakiak tratatzen dituen moduarengatik. Biblian zer-nolako pertsonak atsegin dituen ikusten dugu (15. Salmoa 1-5). Bestalde, zein adorazio mota onartzen duen, zeintzuk diren bere arau moralak eta gauza materialei buruzko bere ikuspuntua zein den ikasten dugu. Gainera, Bibliari esker Jehobaren izaera hobeto ezagutu dezakegu bere Semearen, Jesu Kristoren, hitzak eta ekintzak aztertuz (Joan 14:9).

Jehobak bere Hitza, Biblia, zentzua duen bizitza zoriontsua nola lortu jakiteko ere eman zigun. Biblian Jehobak familia zoriontsua izateko, pozik bizitzeko eta kezkei aurre egiteko zer egin behar dugun esaten digu. Gainera, aldizkari honetan aztertuko den moduan, bizitzako galdera garrantzitsuei erantzuna ematen die, esaterako, zergatik dagoen hainbeste sufrimendu eta zer ekarriko digun etorkizunak. Horretaz gain, Jainkoak hasieran zuen helburua betetzeko zer egin duen azaltzen du.

Biblia liburu berezia dela eta Jainkoarengandik datorrela erakusten duten beste xehetasun asko daude. Adibidez, nahiz eta 40 bat gizonek 1.600 urtetan zehar idatzi zuten, gai berdina jorratzen du Jainkoa delako bere autorea (2 Timoteori 3:16). Antzinako beste liburuekin gertatzen ez den bezala, bere mezua zehaztasunez mantendu da mendeetan zehar antzinako milaka Biblia eskuizkribuk frogatzen duten bezala. Are gehiago, Bibliaren itzulpena zabaltzea eta irakurketa gelditzen saiatu diren arren, liburu horrek biziraun du. Gaur egun gehien itzuli eta zabaldu den liburua da. Biblia guztion eskura izateak honakoa frogatzen du: «Jainkoaren hitzak […] betiko dirau» (Isaias 40:8).

JAINKOAK BERE HELBURUA BETEKO ZUELA ZIURTATU ZUEN

Jainkoak bere helburua beteko zela ziurtatzeko neurri zehatzak hartu zituen. Ikusi dugun bezala, Jainkoaren asmoa gizakiak lurrean betirako bizitzea zen. Baina Adamek Jainkoa desobeditzea erabaki zuenean, bekatu egin eta betirako bizitzeko aukera galdu zuen, eta ondorioz, bere ondorengoek ere galdu zuten. Bibliak dio: «Gizon baten bidez sartu zen bekatua munduan eta bekatuaren bidez heriotza, eta horrela zabaldu zen heriotza gizaki guztiengana, denek egin zutelako bekatu» (Erromatarrei 5:12). Gizakiaren desobedientziak Jainkoaren helburua betetzeko oztopoa zirudien. Orduan, zer egingo zuen Jehobak?

Jehobaren ekintzek bere izaerarekin bat egin zuten. Adam eta Eba beraien desobedientziarengatik zigortuz justizia erakutsi zuen. Baina maitasunak bultzatuta, beharrezko neurriak hartu zituen beraien ondorengoek etorkizun on bat izateko. Jehobak bere jakinduria erabili zuen egoerari aurre egiteko, eta berehala konponbidea adierazi zuen (Hasiera 3:15). Bere Semea, Jesu Kristo, erabiliko zuen gu bekatutik eta heriotzatik askatzeko. Zer esan nahiko zuen horrek?

Adamen matxinadak sortutako kalteak konpontzeko, Jehobak Jesus bidali zuen lurrera. Jendeari bizira daraman bidea irakastera eta «jende askoren truke bere bizia erreskate moduan ematera» etorri zen (Mateo 20:28; Joan 14:6). a Jesusek erreskatea eman ahal izan zuen Adam bezala gizon perfektua izan zelako. Baina Adam ez bezala, Jesus obedientea izan zen heriotzara arte. Jesusek ez zuenez hiltzea merezi, Jehobak zeruan bizitzeko berpiztu zuen. Horrela, Adamek egin ezin izan zuena Jesusek egin zuen: gizaki obedienteei betirako bizitzeko aukera eman. Bibliak honela azaltzen du: «Zeren gizon baten desobedientziaren bidez asko bekatari izatera iritsi ziren bezala, pertsona baten obedientziaren bidez asko justuak izatera iritsiko dira» (Erromatarrei 5:19). Jesusen sakrifizioari esker, Jainkoak bere promesa beteko du: gizadia lurrean betirako bizitzea.

Jehobak Adamen desobedientziaren aurrean jokatu zuen modutik asko ikasi dezakegu. Ezerk ezin du eragotzi Jehobak hasi duena amaitzea. Berak esandakoa beti betetzen da (Isaias 55:11). Horretaz gain, Jehobak zenbat maite gaituen ikusten dugu: «Hara nola agertu den Jainkoaren gureganako maitasuna: Jainkoak bere Seme bakarra mundura bidali zuen, beronen bidez bizia izan dezagun. Hau da benetako maitasuna: ez guk Jainkoari izan diogun maitasuna, berak guri izan diguna baizik, hau da, gure bekatuen barkamen-oparitzat bere Semea bidaliz erakutsi digun maitasuna» (1 Joan 4:9, 10).

Jainkoa bere Semea guztiongatik emateko prest egon zen. Horrek «eskuzabaltasunez […] beste guztia ere» emango digula ziurtatzen digu (Erromatarrei 8:32). Baina, zeintzuk dira gauza horiek? Ikus dezagun hurrengo artikulua.

ZER EGIN DU JAINKOAK? Jehobak gizakiak lurrean betirako bizitzeko sortu zituen. Biblia eman zigun bera ezagutzeko. Jesu Kristoren bidez Jehobak erreskatea eman zuen bere helburua beteko zela ziurtatzeko.

a Erreskateari buruzko informazio gehiagorako, ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuko 27. ikasgaia. Liburu hori Jehobaren lekukoek argitaratu dute eta www.pr418.com webgunean eskuragarri dago.