Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Zer egingo du Jainkoak?

Zer egingo du Jainkoak?

Arazoak ditugunean, adiskide onek gu laguntzea espero dugu. Horregatik, batzuek Jainkoa lagun ona ez dela esaten dute, beraiengatik ez duela ezer egiten uste dutelako. Baina dagoeneko Jainkoak gauza asko egin ditu gure alde. Ez hori bakarrik, laster gure arazo guztiak konponduko ditu eta gure sufrimenduari amaiera emango dio. Zer egingo du Jainkoak?

GAIZTAKERIA KENDU

Jainkoak gaiztakeria kenduko du horren iturria suntsituz. Bibliak iturri hori zein den esaten digu: «Mundu osoa Gaiztoaren esku dago» (1 Joan 5:19). «Gaizto» hori Satanas Deabrua da, eta Jesusek «mundu honetako agintaria» deitu zion (Joan 12:31). Gizadiaren egoera larria Deabruaren eraginak sortzen du. Beraz, zer egingo du Jainkoak?

Laster, Jehobak bere Semea, Jesu Kristo, erabiliko du «heriotzaren nagusi den deabrua heriotzaren bitartez indargabetzeko» (Hebrearrei 2:14; 1 Joan 3:8). Izan ere, Bibliaren arabera, Deabruak badaki suntsitua izan aurretik «denbora gutxi» duela (Apokalipsia 12:12). Jainkoak gaiztoak diren gizakiak ere suntsituko ditu (37. Salmoa 9; Esaera Zaharrak 2:22).

LURRA PARADISU EGIN

Lurreko gaiztakeria guztia kendu ondoren, beharrezkoa dena egingo du bere helburua betetzeko, hau da, gizaki perfektuak lurreko paradisuan betirako bizitzea. Nolakoa izango da bizitza garai horretan?

Amaituko ez den bakea eta segurtasuna. «Otzanak [mantsoak] bada izango dira herentziaz lurraren jabeak; eta gozatuko dira pakearen ugaritasunean» (36. Salmoa 11, Ur [37:11, NWT]).

Elikagai osasuntsu ugari. «Izan bedi gari ugari lurraldean, mendi gainetan kulunkan» (72. Salmoa 16).

Etxe erosoak eta lan atsegina. «Etxeak egingo dituzte eta bertan biziko dira; mahastiak landatuko dituzte eta hauen fruitua jango dute. [...] Beraien lanaren emaitzaz izugarri gozatuko dute» (Isaias 65:21, 22NWT).

Nahi al duzu horrelako toki batean bizi? Laster mundua horrelakoa izango da.

GAIXOTASUNAK ETA HERIOTZA EZABATU

Gaur egun, guztiok gaixotu eta hiltzen gara, baina hori laster aldatuko da. Hemendik gutxira, Jainkoa Jesusen sakrifizioaz baliatuko da «berarengan fedea erakusten duena suntsitua izan ez dadin, baizik eta betirako bizia izan dezan» (Joan 3:16). Zein izango da horren emaitza?

Ez da gaixotasunik egongo. «Han bizi den inork ez du esango: “Gaixorik nago”. Lur honetan bizi den jendeari bere bekatuak barkatuko zaizkio» (Isaias 33:24NWT).

Heriotza desagertuko da. «Haien begietako malkoak xukatuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango» (Apokalipsia 21:4).

Jendea betirako biziko da. «Jainkoak ematen digun oparia betirako bizia da, Kristo Jesus gure Jaunaren bidez» (Erromatarrei 6:23).

Hildakoak berpiztuko dira. «Jainkoarengan esperantza daukat, […] berpizkunde bat egongo dela, bai justuena, baita injustuena ere» (Eginak 24:15). Jainkoak, Jesu Kristoren sakrifizioari esker, hildakoak berpiztuko ditu.

Nola lortuko du Jainkoak hori guztia betetzea?

GOBERNU PERFEKTU BAT EZARRI

Jainkoak gizakiarentzat eta lurrarentzat duen helburua zeruko gobernu baten bidez beteko du, eta Jesu Kristo izendatu du gobernu horren agintaria izateko (110. Salmoa 1, 2). Gobernu edo erreinu horixe da Jesusek bere jarraitzaileei otoitzean eskatzen irakatsi ziena: «Gure Aita zeruan zaudena […]. Etorri dadila zure Erreinua» (Mateo 6:9, 10).

Jainkoaren Erreinuak lurra gobernatu, eta min eta sufrimendu guztia kenduko du. Erreinu hau gizakiak izan dezakeen gobernurik hoberena da. Arrazoi horregatik, Jesusek «Erreinuko berri onak» predikatzeko ahal zuen guztia egin zuen, eta bere dizipuluei gauza bera egiteko esan zien (Mateo 4:23; 24:14).

Jehobak promes zoragarri horiek guztiak izugarri maite gaituelako egin ditu. Ez al zaitu horrek bera ezagutzera eta berarengana gehiago gerturatzera bultzatzen? Nola lagundu zaitzake Jainkoa ezagutzeak? Hurrengo artikuluan horixe aztertuko dugu.

ZER EGINGO DU JAINKOAK? Jainkoak gaixotasunak eta heriotza kenduko ditu, bere Erreinuari esker gizadi osoa batuta egongo da eta lurra paradisu egingo du.