Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Funtzionatzen duen gida morala

Funtzionatzen duen gida morala

Aztertu dezagun nola lagundu dien Bibliak milioika laguni bizitzako lau arlotan.

1. Ezkontza bizitza

Jendeak ikuspuntu desberdinak ditu ezkontza bizitzari buruz, baita ezkontza bizitza zoriontsua izateko beharrezkoa denari buruz ere.

BIBLIAK ESATEN DUENA: «Zuetariko bakoitzak maita beza emaztea bere burua bezala, eta emazteak izan biezaio begirune senarrari» (Efesoarrei 5:33).

ESANAHIA: Ezkontza Jainkoak sortu zuen, beraz, berak daki zer den beharrezkoa ezkontza bizitza zoriontsua izateko (Markos 10:6-9). Bikotea zoriontsu izateko, ezinbestekoa da ezkontide bakoitza bestearen beharretan zentratzea, norberaren beharretan bakarrik zentratzea baino. Nola erakusten dio senarrak emazteari maite duela? Ondo zaindu eta tratatuz. Eta nola erakusten dio emazteak errespetua senarrari? Bere hitz egiteko eta jokatzeko moduarekin.

BIBLIAREN GIDAK FUNTZIONATZEN DU: Vietnamekoak diren Quang eta Thi-k inoiz ez zutela ezkontza bizitza zoriontsurik izango pentsatzen zuten. Quang, askotan, ez zen oso atsegina emaztearekin. Berak dio: «Ez zitzaizkidan Thi-ren sentimenduak inporta eta, askotan, umiliatu egiten nuen». Thi-k dibortziatu egin nahi zuen. Berak dio: «Senarrarengan berriro konfiantza izatea eta bera errespetatzea ezinezkoa zela pentsatzen nuen».

Denborarekin, Quang eta Thi-k Bibliak irakasten duena ikasi zuten, baita Efesoarrei 5:33 euren ezkontza bizitzan aplikatzen ere. Quang-ek dio: «Bertset honek atsegina izatearen garrantzia ikusten lagundu zidan. Ez hori bakarrik, ikusi nuen oso garrantzitsua dela Thi maitatua sentitzea, baita materialki, fisikoki eta emozionalki zainduta sentitzea ere. Horrela jokatzen dudanean, bere maitasuna eta errespetua irabazten ditut». Thi-k, berriz, dio: «Efesoarrei 5:33 aplikatzean eta senarra errespetatzen dudanean, bere ondoan maitatua, babestua eta bakean sentitzen naiz».

Ezkontza bizitzari buruzko informazio gehiagorako, irakurri «Familia zoriontsuak izateko 12 aholku» izenburua duen 2018​ko Esnatu! aldizkariko 2. zenbakia jw.org webgunean.

2. Besteak tratatzeko modua

Askok besteak beraien arraza, nazionalitate, itxura, erlijio edo orientazio sexualarengatik gaizki tratatzen dituzte.

BIBLIAK ESATEN DUENA: «Errespetatu guztiak» (1 Pedro 2:17).

ESANAHIA: Bibliak ez ditu arrazismoa, homofobia edo xenofobia onartzen. Horren ordez, pertsona guztiei errespetuz tratatzera animatzen gaitu, beraien arraza, nazionalitatea edo maila soziala kontuan hartu gabe (Eginak 10:34). Nahiz eta besteek egiten edo sinesten dutenarekin ados ez egon, modu atseginean eta errespetuz tratatzen ditugu (Mateo 7:12).

BIBLIAREN GIDAK FUNTZIONATZEN DU: Txiki-txikitatik, Danieli jatorri asiatikoa duten pertsonak bere herrialdearentzat mehatxua zirela irakatsi zioten. Jatorri asiatikoa zuen edonor gorrotatzera iritsi zen. Are gehiago, askotan besteen aurrean iraintzen zituen. Danielek honakoa dio: «Nire herrialdea defendatzen ari nintzela pentsatzen nuen. Ez nuen uste nire pentsatzeko modua eta egiten nuena gaizki zegoenik».

Danielek, denborarekin, Bibliak irakasten duena ikasi zuen. Hurrengoa dio: «Nire pentsatzeko modua guztiz aldatu behar izan nuen. Jainkoaren ikuspuntua izan behar nuen: guztiok berdinak garela, nongoak garen axola gabe». Danielek gaur egun pertsona bat ezagutzen duenean nola sentitzen den azaltzen digu: «Askotan, nongoak diren ere ez naiz konturatzen. Orain, jatorri guztietako pertsonak maite ditut eta mundu osoko lagun minak ditut».

Informazio gehiagorako, irakurri «¿Tiene cura el prejuicio?» («Y a-t-il un remède contre les préjugés ?») izenburua duen 2020​eko ¡Despertad! aldizkariko 3. zenbakia jw.org webgunean.

3. Dirua

Pertsona askok aberatsak izan nahi dute zoriontsu izateko eta etorkizun hobea izateko.

BIBLIAK ESATEN DUENA: «Zuhurtzia babesa da, dirua babesa den bezala. Baina ezagueraren abantaila hau da: zuhurtziak bere jabea bizirik mantentzen du» (Eklesiastes [Kohelet] 7:12, NWT).

ESANAHIA: Egia da guztiok behar dugula dirua. Baina horrek ez digu zoriontasuna eta etorkizun on bat ziurtatzen (Esaera Zaharrak 18:11; 23:4, 5). Benetako zoriontasuna eta etorkizun segurua izateko gakoa honakoa da: Biblian aurkitzen dugun Jainkoaren jakinduria praktikan jartzea (1 Timoteori 6:17-19).

BIBLIAREN GIDAK FUNTZIONATZEN DU: Bayu a izeneko Indonesiako gizon bat aberastasunak pilatzean zentratuta zegoen. Berak dio: «Jende gehienak desiratzen duena nuen: bidaiatzeko eta luxuzko gauzak, kotxeak eta etxeak erosteko aukera». Baina diru horrek ez zuen betirako iraun. Bayuk jarraitzen du: «Engainatu egin ninduten eta, instant batean, hainbeste urtetan zehar nire lan gogorrari esker irabazitako diru guztia galdu nuen. Urteak pasa nituen aberats izaten saiatzen, baina, azkenean, hutsik, balio gabe eta lur jota sentitu nintzen».

Bayu Bibliak diruaren inguruan ematen dituen aholkuak aplikatzen hasi zen. Dagoeneko, ez da aberats izatean zentratzen. Horren ordez, bizimodu umila eramatea erabaki du. Berak dio: «Orain, benetako aberastasunak ditudala sentitzen dut, Jainkoarekin adiskidetasun estua dudalako. Gauero ondo egiten dut lo eta benetan zoriontsua naiz».

Bibliak diruaren inguruan duen ikuspuntuari buruz gehiago jakiteko, irakurri «¿Pueden los estudios y el dinero garantizarle un futuro mejor?» («L’instruction et l’argent garantissent-ils un bel avenir ?») izenburua duen 2021​eko La Atalaya aldizkariko 3. zenbakiko artikulua jw.org webgunean.

4. Sexua

Sexuaren inguruan, ondo eta gaizki dagoenari buruzko ikuspuntu desberdin asko daude.

BIBLIAK ESATEN DUENA: «Ez dezazuela fornikaziorik egin, jakin dezala zuetariko bakoitzak bere gorputza erabiltzen santutasunean eta onezkiro [modu onean]» (1 Tesalonikarrei 4:3, 4, Ur).

ESANAHIA: Bibliak gure desio sexualak adierazteko modua mugatzen du. «Fornikazio» edo «sexu moralgabekeria» terminoak honako ekintzak ditu barne: adulterioa, prostituzioa, ezkonduta ez daudenen arteko sexu harremanak, homosexualitatea eta gizaki eta animalien arteko sexu harremanak (1 Korintoarrei 6:9, 10). Sexua Jehobak ezkondutako gizon eta emakumeei bakarrik emandako opari bat da (Esaera Zaharrak 5:18, 19).

BIBLIAREN GIDAK FUNTZIONATZEN DU: Kylie izeneko Australiako emakume batek, honakoa dio: «Ezkongabea nintzenean, sexu harremanak banituen maitatua eta seguru sentituko nintzela pentsatzen nuen. Baina justu kontrakoa gertatu zen. Inseguru eta bihotz-hautsia sentitu nintzen».

Denborarekin, Kyliek Bibliak sexuari buruz irakasten duena ikasi eta bere bizitzan praktikan jarri zuen. Honakoa dio berak: «Jainkoak bere arauak gu babesteko jarri dituela ikusi nuen. Orain, seguru eta maitatua sentitzen naiz Jehobaren erara egiten ditudalako gauzak. Dudarik gabe, Bibliako gida praktikan jartzeak buruko min asko saihestu dizkit!».

Informazio gehiagorako, irakurri «Zer dio Bibliak ezkondu gabe elkarrekin bizitzeari buruz?» artikulua jw.org webgunean.

Gure Sortzaileak ondo eta gaizki dagoena desberdintzen laguntzen digu. Nahiz eta berak dioena jarraitzea batzuetan zaila izan, esfortzuak merezi du. Ziur egon gaitezke gida hori jarraitzen badugu, iraungo duen zoriontasuna izango dugula.

a Izena aldatua izan da.