Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Astrologia eta iragarpenak: etorkizuna ikusteko leihoak ote dira?

Astrologia eta iragarpenak: etorkizuna ikusteko leihoak ote dira?

ASTROLOGIA

Astrologia etorkizuna iragartzeko modua da. Astrologiaren arabera, izarrek, ilargiak eta planetek eragin handia dute lurrean bizi den jendearen bizitzan. Astrologoentzat oso garrantzitsua da norbait jaiotzen denean astroak non kokatuta dauden jakitea. Izan ere, astroen kokapenak pertsonaren izaera eta etorkizuna zehazten duela diote.

Astrologiaren jatorria antzinako Babilonian dagoen arren, gaur egun ere etorkizuna iragartzeko modu hau oso ohikoa da. 2012an Estatu Batuetan egindako inkesta baten arabera, inkestatuen hirutik batek astrologia «nolabait zientifikoa» dela uste zuen eta % 10ak «guztiz zientifikoa» dela. Baina hala al da? Ez. Ikusi dezagun zergatik.

  • Planetek eta izarrek gizakiongan eragin boteretsua dutela uste dute astrologoek. Baina astroek ez dute horrelako eraginik sortu dezakeen indarrik igortzen.

  • Iragarpenak askotan oso orokorrak dira eta, ondorioz, edozein pertsonarengan bete daitezke.

  • Gaur egungo kalkulu astrologikoak antzinako sinesmen batean daude oinarrituta: planetek lurraren inguruan egiten dutela bira. Baina planetek eguzkiaren inguruan egiten dute bira.

  • Astrologo desberdinek pertsona berarentzat egiten dituzten iragarpenek ez dute bat egiten.

  • Astrologiak 12 taldetan, edo zodiakoko zeinutan, sailkatzen ditu pertsonak jaiotze dataren arabera. Zodiakoko zeinu bakoitza eguzkia konstelazio horietatik pasatzen zen datarekin lotu zen. Lurrak espazioan duen kokapena mendeetan zehar aldatu egin denez, gaur egun eguzkia ez da konstelazio horietatik pasatzen data horietan.

Zodiakoko zeinuek pertsona baten izaerari buruzko informazioa ematen dutela esaten dute askok. Baina kontua da egun berean jaio diren pertsonek ez dutela izaera bera izaten. Jendea den bezala ikusi beharrean, astrologoek pertsona bati buruz duten iritzia suposizioetan oinarritzen dute. Ez al da hau aurreiritziak izateko modu bat?

ETORKIZUNA IRAGARTZEA

Antzinatik jendeak etorkizun iragarleengana jo izan du. Iragarle batzuek euren iragarpenak egiteko, animalien eta gizakien barne organoak, edo oilarrak aleak jaten dituen modua aztertzen zituzten. Beste batzuek tea edo kafeak katiluan uzten dituen hondarrak «irakurtzen» zituzten. Gaur egun, beste metodo batzuk erabiltzen dira, besteak beste, tarot kartak, kristalezko bolak edo dadoak. Baina fidagarriak al dira etorkizuna iragartzeko modu hauek? Ez. Ikusi dezagun zergatik.

Aztertu dezagun metodo hauen koherentzia falta. Iragarpenek batak bestearen kontrakoa esaten dute askotan, bai metodo desberdinak erabiltzean, baita metodo bera erabiltzean ere. Adibidez, norbaitek galdera bera bi iragarle desberdini egiten badie eta hauek karta berak «irakurtzen» badituzte, logikoena erantzun bera jasotzea izango litzateke. Baina, askotan, ez da horrela gertatzen.

Bestalde, etorkizun iragarleen metodoak edo helburuak zalantzan jarri dira. Batzuek kartak eta kristalezko bolak dekorazio hutsa besterik ez direla uste dute. Hauen arabera, etorkizun iragarleek pertsonen erreakzioak aztertzen dituzte euren iragarpenak egiteko. Adibidez, etorkizun iragarle trebeek, lehenik, galdera orokorrak egiten dituzte eta, ondoren, bezeroak esaten eta egiten duena arretaz aztertzen dute. Gero, informazio hori beraiek iragarri izan balute bezala aurkezten diote bezeroari. Baina, berez, aurretik konturatu gabe eman die informazio hori. Behin bezeroaren konfiantza lortuta, diru asko irabazten dute.

ZER DIO BIBLIAK?

Etorkizuna iragartzea eta astrologia gure etorkizuna aurrez ezarrita dagoen sinesmenean oinarrituta daude. Baina zuzena al da sinesmen hori? Bibliaren arabera, sinesten eta egiten duguna aukeratu dezakegu, eta hartzen ditugun erabakiek gure etorkizunean eragina dute (Josue 24:15).

Jainkoaren adoratzaileek astrologia eta etorkizuna iragartzea baztertzeko beste arrazoi bat ere badute. Jainkoak praktika horiek guztiak kondenatzen ditu. Bibliak honakoa dio: «Ez bedi izan zuen artean geroa igartzeko magiazko baliabide, sorginkeria nahiz aztikeriarik erabiliko duenik, ez liluratzailerik, ezta espirituei edo hildakoei deika dabilkeenik ere. Horrelakoak egiten dituen oro higuingarri zaio Jaunari a; hain zuzen, higuingarritasun horiengatik botatzen ditu Jaunak zuen Jainkoak herri horiek zuen aurretik» (Deuteronomioa 18:10-12).

a Biblia idatzia izan zen jatorrizko hizkuntzetan Jainkoaren izena Jehoba dela agertzen da.