Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Dagoeneko bete diren profeziak

Dagoeneko bete diren profeziak

Lehenago, Kresori buruzko kondaira aipatu dugu. Kondaira horretan Delfosko orakuluak Kreso engainatu zuen eta, horren ondorioz, Persiako erregearen aurka borroka galdu zuen. Baina Biblian Persiako erregearekin zerikusia duen profezia bat aurkitzen dugu eta hau zehatz-mehatz bete zen.

Isaias profeta hebrearrak Ziro erregea izenez aipatu zuen eta Babilonia hiri boteretsua nola konkistatuko zuen idatzi zuen. Profezia hau bete baino 200 urte lehenago eman zuen, Ziro erregea jaio baino askoz ere lehenago!

Isaias 44:24, 27, 28: «Neu naiz Jauna […]. Itsaso zabalari diotsot: “Lehor zaitez; neuk agortuko ditut zure korronteak”; eta Zirori: “Zu zara nire artzaina, nik nahi guztia burutuko duzu”. Jerusalemi diotsot: “Berriz eraikiko zaituzte”, eta tenpluari: “Oinarri berriak jarriko dizkizute”».

Herodoto historialari grekoaren arabera, Ziroren armadak Babilonia zeharkatzen zuen Eufrates ibaia desbideratu zuen. Ziroren estrategiari esker, bere soldaduak hirian sartu ahal izan ziren ibaia oinez zeharkatuz. Hiria konkistatu ondoren, Zirok Babilonian gatibu zeuden juduak askatu zituen. Gainera, 70 urte suntsitua zeramatzan Jerusalemera bueltatzeko eta hau berreraikitzeko baimena eman zien.

Isaias 45:1: «Honela diotso Jaunak Ziro erregeari, berak aukeratu eta sagaratuari: “Eskutik heldurik eusten dizut, nazioak zure menpean jarri eta erregeei soinetik armak kentzeko, zure aurrean hiri-ateak zabaltzeko, guzti-guztiak zabaldu ere”».

Konturatu gabe irekiak utzi ziren harresiko bi orriko ate erraldoietatik sartu ziren persiarrak. Babiloniarrek Zirok egin nahi zuena ezagutzen ez zutenez, ateak irekita utzi zituzten eta, ondorioz, hiria babesik gabe geratu zen.

Profezia harrigarri hau zehatz-mehatz bete diren Bibliako profezietako bat besterik ez da. a Gizakiek, askotan, jainko faltsuen izenean egiten dituzte euren iragarpenak. Baina Bibliako profeziak egiazko Jainkoarengandik datoz. Berak honakoa esan zuen bere buruari buruz: «Hasieratik iragarri dut etorkizuna, lehendanik oraindik gertatzekoa dena» (Isaias 46:10).

Jehobak, egiazko Jainkoak, bakarrik egin dezake honelako adierazpen bat. Aditu batzuen arabera, bere izenak «Berak izatea eragiten du» esan nahi du. Zer erakusten digu honek? Jehobak etorkizuna jakiteko eta bere nahia betetzeko boterea duela. Honek Jainkoak promestutako guztia bete dezakeela ziurtatzen digu.

GAUR EGUN BETETZEN ARI DIREN PROFEZIAK

Jakin nahiko al zenuke zer esaten duen Bibliak gaur egungo garaiari buruz? Duela 2.000 bat urte Bibliak «azken egunetan une latzak» izango zirela aurresan zuen. Zeren azken egunak? Biblia ez zen lurraren eta gizakiaren azkenari buruz ari, baizik eta gizakiak milaka urtez jasan dituen gatazken, zapalkuntzen eta sufrimenduen azkenari buruz. Azter ditzagun azken egunak identifikatzen lagunduko diguten profezietako batzuk.

2 Timoteori 3:1-5: «Azken egunetan […] gizakiak berekoi, diruzale, harro eta handiputz izango dira; biraolari, gurasoentzat errebelde, esker txarreko eta erlijioaren aurkako; bihotz-gogor, anker, gaizki-esale, lizun, basati eta onaren etsai; traidore, ausartegi eta itsu, Jainkoaren baino atseginen maitaleago. Itxuraz erlijiozale agertuko dira, baina ukatu egingo dute erlijioaren benetako indarra».

Ez al zaizu iruditzen geroz eta jende gehiago dela horrelakoa? Konturatu al zara harroak diren eta euren buruarengan eta diruan bakarrik pentsatzen duten pertsonaz inguratuta gaudela? Ez al du jendeak geroz eta gehiago exijitzen eta, aldi berean, ez al ditu arazo gehiago adostasun batera iristeko? Ziurrenik zu ere konturatu zara seme-alabek gurasoei desobeditzea ohikoa bihurtu dela eta jendeak plazerrak Jainkoa baino gehiago maite dituela. Gainera, egunetik egunera egoerak okerrera egiten du.

Mateo 24:6, 7: «Gerra-hots eta zurrumurruak entzungo dituzue. […] Izan ere, nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira».

Kalkulu batzuen arabera, 1914tik aurrera egon diren gerra eta gatazka armatuetan 100 milioi pertsona baino gehiago hil da. Jende kopuru hau herrialde askotako biztanleriaren kopurua baino handiagoa da. Imajina ezazu zenbat malko, min eta sufrimendu dagoen zifra beldurgarri honen atzean. Lortu al dute nazioek gerrekin amaitzea, euren akatsetatik ikasiz?

Mateo 24:7: «Goseteak […] izango dira».

Elikagaien Mundu Programak hurrengoa dio: «Munduak biztanleria guztia elikatzeko adina janari ekoizten du, baina 815 milioi lagun, bederatzitik bat, ohera joaten da ezer jan gabe. Are gehiago, hirutik batek desnutrizio motaren bat sufritzen du». Kalkulu baten arabera, urtero hiru milioi haur inguru hiltzen da gosez.

Lukas 21:11: «Lurrikara handiak izango dira».

Urtero, gizakiok nabaritzeko moduko 50.000 lurrikara inguru gertatzen dira. 100 inguruk kalte handiak sortzen dituzte eraikinetan eta ia urtero lurrikara handi bat gertatzen da. Kalkuluen arabera, 1975. eta 2000. urteen artean, lurrikaren ondorioz, 471.000 lagun hil ziren.

Mateo 24:14: «Mundu guztian hots egingo da Jainkoaren erregetzaren berri on hau, herri guztiek haren berri izan dezaten. Orduan etorriko da azkena».

Jehobaren lekukoak, gaur egun zortzi milioi baino gehiago direnak, Jainkoaren Erreinuaren berri onak 240 herrialde eta lurraldetan zehar predikatzen aritu dira lurreko ia txoko guztietan. Euren mezua jendez gainezka dauden hirietan entzuten da, baita urruneko herrixketan, oihanetan eta lurralde menditsuetan ere. Profezia honen arabera, Jainkoak nahikoa predikatu dela erabakitzen duenean «etorriko da azkena». Zer esan nahi du honek? Giza gobernuen agintaritza amaituko dela eta Jainkoaren Erreinua gobernatzen hasiko dela. Zer promesa beteko ditu Erreinu honek? Erantzuna jakin nahi baduzu, segi irakurtzen.

a Ikusi «Profezia baten lekuko isila» artikulua.