Zer egin behar duzu mundu berrian bizitzeko?
Aurreko artikuluetan ikusi dugun bezala, Jainkoak laster gizarte gaizto honekin eta bere arazoekin amaituko du. Zergatik egon gaitezke ziur honetaz? Jainkoaren Hitzak, Bibliak, honakoa promestu duelako:
«Mundua eta beronen grinak iragan egiten dira» (1 JOAN 2:17).
Gainera, ziur egon gaitezke biziraungo duten pertsonak egongo direla, Biblia aipu berak honela jarraitzen baitu:
«Jainkoaren nahia betetzen duenak, berriz, betiko irauten du».
Beraz, bizirauteko gakoa Jainkoaren nahia egitea da. Baina Jainkoaren nahia zein den jakiteko, lehenik bera ezagutu behar dugu.
BIZIRAUTEKO JAINKOA EZAGUTU BEHAR DUGU
Jesusek esan zuen: «Honetan azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, […] ezagutzean» (Joan 17:3). Munduaren azkenean bizirauteko eta betirako bizitzeko, Jainkoa ezagutu behar dugu. Horrek Jainkoa existitzen dela eta berari buruz datu batzuk jakitea baino gehiago esan nahi du; bere lagunak izan behar gara. Lagun batekin adiskidetasuna sendotu nahi badugu, berarekin denbora pasa behar dugu. Gauza bera egin behar dugu Jainkoarekin. Aztertu ditzagun Jainkoarekin adiskidetasuna garatzen eta mantentzen lagunduko diguten Bibliako egia garrantzitsu batzuk.
JAINKOAREN HITZA, BIBLIA, EGUNERO IRAKURRI
Bizitzeko egunero jan behar dugu. Baina, Jesusek esan zuen: «Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da» (Mateo 4:4).
Gaur egun, Jainkoak esaten duena Biblian aurkitzen dugu. Liburu sakratu hau aztertzen duzun heinean, Jainkoak iraganean egin zuena, gaur egun egiten ari dena eta etorkizunean egingo duena ikasiko duzu.
LAGUNTZA ESKATU JAINKOARI OTOITZEAN
Agian Jainkoa obeditu nahi duzu, baina zaila egiten zaizu gaizki dagoena egiteari uztea. Zer egin dezakezu, orduan? Jainkoa ezagutzeak benetan lagunduko zaitu.
Ikus dezagun zer gertatu zitzaion Asiako emakume bati. Berak bizimodu moralgabea zuen. Baina Biblia aztertzen hasi zenean, Jainkoak sexu moralgabekeriatik ihes egiteko agintzen duela ikasi zuen (1 Korintoarrei 6:18). Jainkoari otoitzean indarra eskatu zion eta bere ohitura txarrak baztertzea lortu zuen. Hala ere, tentazioekin borroka egiten jarraitu behar du. Berak dio: «Pentsamendu moralgabeak ditudanean, Jehobarekin bihotzez hitz egiten dut. Izan ere, badakit ezin dudala borroka neure kabuz irabazi. Otoitzaren botereak Jehobarengana gerturatu nau». Emakume honek egin zuen bezala, milioika pertsona Jainkoa ezagutzen ari dira. Euren bizitzan aldaketak egiteko eta bera pozteko moduan bizitzeko indarra ematen ari zaie Jainkoa (2 Korintoarrei 4:7).
Jainkoa gero eta gehiago ezagutzen baduzu, berak laguntzat hartuko zaitu (25. Salmoa 14; Galaziarrei 4:9). Orduan, munduaren suntsipenetik salbatuko zara eta Jainkoaren mundu berrian bizitzeko aukera izango duzu. Baina, nolakoa izango da mundu berri hori? Hurrengo artikuluan ikusiko dugu.
a Bibliak Jainkoaren izena Jehoba dela dio.