Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

49. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Berpizkundea: esperantza ziurra!

Berpizkundea: esperantza ziurra!

«Jainkoarengan badut itxaropena, [...] berpizkunde bat egongo dela» (EG 24:15NW ).

sjj 151. KANTA Jainkoak dei egingo du

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zer itxaropen zoragarri dugu Jehobaren zerbitzariok?

ITXAROPENA oso inportantea da. Batzuen esperantza ezkon-bizitza ona edukitzea, seme-alaba osasuntsuak izatea edo gaixotasun larri bat gainditzea da. Kristauok ere gauza bera espero dugu. Baina gure esperantza zabalagoa da. Betiko bizitzea eta hildako senide eta lagunak berriz ikustea espero dugu.

2 Paulo apostoluak esan zuen: «Jainkoarengan badut itxaropena, [...] zuzenen eta zuzenak izan ez zirenen berpizkunde bat egongo dela» (Eg 24:15NW ). Paulo ez zen izan berpizkundearen itxaropenaz hitz egin zuen lehena. Job patriarkak ere aipatu zuen. Ziur zegoen Jainkoa beraz gogoratuko zela eta berpiztu egingo zuela (Jb 14:7-10, 12-15).

3. Zergatik izan daiteke lagungarria guretzako Korintoarrei lehena gutuneko 15. kapitulua?

3 «Hildakoen piztuera» kristau irakaskuntzaren «lehen mailako doktrina» edo «oinarrizko» irakaspenen parte da (Heb 6:1, 2). Berpizkundeari buruzko Pauloren azalpena Korintoarrei lehena gutuneko 15. kapituluan dago. Zalantzarik gabe, idatzitakoak lehen mendeko kristauak indarberrituko zituen. Honek ere gu indarberritu eta aspalditik dugun itxaropena sendotu dezake.

4. Zerk ziurtatzen du gure senide eta lagunak berpiztuko direla?

4 Jesu Kristoren berpizkundeak hildako gure senide eta lagunak berpiztuak izateko itxaropena ziurtatzen du. Jesusen berpizkundea Paulok korintoarrei emandako berri onaren parte zen (1 Ko 15:1, 2). Izan ere, kristau batek berpizkunde honetan ez bazuen sinesten, bere fedea alferrikakoa izango zela esan zuen (1 Ko 15:17). Jesusen berpizkundean sinestea gure kristau itxaropenaren oinarria da.

5, 6. Zer esan nahi dute guretzat 1 Korintoarrei 15:3, 4⁠ko hitzek?

5 Pauloren azalpenaren hasieran hiru errealitate aipatu zituen: 1) «Kristo gure bekatuengatik hil zela», 2) «hobiratu egin zutela» eta 3) «hirugarren egunean piztu egin zela, Liburu Santuek esan bezala» (Irakurri 1 Korintoarrei 15:3, 4).

6 Zer esan nahi du guretzat Jesusen heriotzak, hilobiratzeak eta berpizkundeak? Isaias profetak Mesias «bizidunen lurretik kanpora atera» eta «gaiztoekin batera hilobiratu» egingo zutela aurresan zuen. Baina gauza gehiago gertatuko ziren. Mesiasek «guztien bekatuak bere gain» hartuko zituen. Jesusek erreskatea emanez bete zuen hau (Is 53:8, 9, 12; Mt 20:28; Erm 5:8). Beraz, Jesusen heriotza, hilobiratzea eta berpizkundea gure itxaropenaren oinarri sendoa da. Izan ere, bekatu eta heriotzatik askatzeko eta, gainera, hildako gure senide eta lagunekin berriz elkartzeko esperantza ematen digu.

LEKUKO ASKOREN TESTIGANTZA

7, 8. Zerk laguntzen die kristauei Jesus berpiztua izan zela sinesten?

7 Berpizkundea gertatuko dela sinesteko, lehenengo Jesus berpiztua izan zela sinetsi behar dugu. Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak Jesus berpiztu zuela?

8 Jende askok Jesus berpiztuta ikusi eta honi buruz hitz egin zuen (1 Ko 15:5-7). Paulok aipatu zuen lehenengo lekukoa Pedro apostolua izan zen. Jarraitzaile talde batek ere Pedrok Jesus berpiztuta ikusi zuela baieztatu zuen (Lk 24:33, 34). «Hamabi» apostoluek ere Jesus ikusi zuten berpiztua izan ondoren. Orduan, «bostehun eta gehiago senideri agertu zitzaien batera», agian Mateo 28:16-20 pasartean aipatzen den Galileako bilera pozgarrian. «Gero, Santiagori agertu zitzaion». Hau, seguruenik, Jesusen anaiordea zen eta lehenago ez zuen Jesus Mesias zenik sinesten (Jn 7:5). Baina Jesus berpiztua ikusteak konbentzitu egin zuen. Aipagarria da, Paulok gutun hau 55. urte inguruan idatzi zuenean, Jesusen berpizkundearen lekuko asko bizirik zeudela. Beraz, norbaitek zalantzak bazituen, lekuko fidagarri haiekin hitz egin zezakeen.

9. ⁠Eginak 9:3-5⁠ bertseten arabera, zer gertatu zitzaion Paulori Jesusen berpizkundea frogatuz?

9 Gero, Jesus Paulo berari agertu zitzaion (1 Ko 15:8). Paulo (edo Saulo) Damaskorantz zihoala, berpiztutako Jesusen ahotsa entzun eta zeruan ikusi zuen ikuskari baten bidez (Irakurri Eginak 9:3-5). Paulori gertatutakoa Jesusen berpizkundearen beste froga bat izan zen (Eg 26:12-15).

10. Paulok Jesus berpiztua izan zela argi ikusi zuenean, zer egin zuen?

10 Batzuentzat Pauloren testigantza bereziki interesgarria izango zen, garai batean kristauak pertsegitzen baitzituen. Jesus berpiztua izan zela argi ikusi zuenean, besteak hortaz konbentzitzen ere gogor saiatu zen. Jesus hil zela baina berriz bizirik zegoela zabaltzen zuen bitartean, jipoiak, kartzela eta itsasoan hondoratzeak jasan behar izan zituen (1 Ko 15:9-11; 2 Ko 11:23-27). Paulo ziur zegoen Jesus berpiztua izan zela. Horregatik, bere sinesmena defendatzeko hiltzeko prest zegoen. Kristau guzti hauen testigantzak Jesus berpiztua izan zela sinesten laguntzen digu, ezta? Eta ez al digu berpizkundean dugun fedea indartzen?

IKUSPUNTU OKERREN ZUZENKETA

11. Zergatik izan zitzaketen Korintoko kristau batzuek berpizkundeari buruzko ikuspuntu okerrak?

11 Korintoko kristau batzuek berpizkundeari buruzko ikuspuntu okerrak zituzten. «Batzuek hilak ez direla pizten» ere esaten zuten. Zergatik? (1 Ko 15:12). Beste greziar hiri bateko filosofoei, Atenasekoei, Jesus berpiztua izatearen ideia barregarria iruditzen zitzaien. Pentsaera honek, agian, Korintoko biztanleengan, baita kongregazioko batzuengan ere, eragina izango zuen (Eg 17:18, 31, 32). Beste batzuek, beharbada, berpizkundea literala ez zela pentsatzen zuten. Bekatariak «hilda» zeudela eta kristau bihurtzen zirenak «bizirik» zeudela uste zuten agian. Berpizkundean zergatik ez zuten sinesten axola gabe, beraien fedea alferrikakoa zen. Jainkoak Jesus berpiztu ez bazuen, ez zen erreskaterik eman eta ez zien bekaturik barkatu. Beraz, berpizkundea baztertzen zutenek ez zuten benetako itxaropenik (1 Ko 15:13-19; Heb 9:12, 14).

12. ⁠1 Pedro 3:18, 22⁠ kontuan izanda, zer desberdintasun dago Jesusen berpizkundearen eta aurretik gertatutakoen artean?

12 Ikusi dugun bezala, Paulok berak bazekien Kristo hildakoen artetik altxatua izan zela. Berpizkunde hau lehen gertatutakoak baino hobea izan zen. Zergatik? Aurretik lurrean berpiztutako jendea berriz ere hil egin zelako. Paulok Jesus «heriotzan lo hartu dutenen lehen fruitua» zela esan zuen. Zertan izan zen Jesus lehena? Alde batetik, izaki espirituala izateko berpiztua izaten eta, bestetik, zerura igo zen aurreneko gizakia izaten (1 Ko 15:20NW; Eg 26:23; irakurri 1 Pedro 3:18, 22NW *).

BIZIRA ITZULIKO DIRENAK

13. Pauloren arabera, zer desberdintasun dago Adam eta Jesusen artean?

13 Nola ekarri dezake gizon bakar baten heriotzak bizia milioika laguni? Paulok argi eta garbi erantzun zuen konparaketa baten bidez. Alde batetik, Adamek gizakiari ekarri ziona azaldu zuen eta, bestetik, Kristoren bidez posible izango dena. Adami dagokionez, Paulok honakoa idatzi zuen: «Heriotza gizon baten bidez etorri zen». Adamek bekatu egitean, heriotza ekarri zien bere buruari eta bere ondorengoei. Oraindik ere desobedientzia horren ondorio tamalgarriak sufritzen ditugu. Baina Jainkoak bere semea berpiztu zuenez, etorkizun zoragarria izan dezakegu! «Gizon baten bidez etorri zen hildakoen piztuera», hau da, Jesusen bidez. Eta Paulok honela jarraitzen du: «Adamekin duten batasunagatik gizaki guztiak hiltzen diren bezala, Kristorekin duten batasunagatik guztiak itzuliko dira bizira» (1 Ko 15:21, 22).

14. Berpiztua izango al da Adam? Azaldu.

14 Zer esan nahi zuen Paulok «Adamekin duten batasunagatik gizaki guztiak hiltzen» direla esan zuenean? Paulo Adamen ondorengoez ari zen. Hauek Adamengandik bekatua eta inperfekzioa jaso eta, ondorioz, hil egiten dira (Erm 5:12). Adam ez dago bizira itzuliko direnen artean. Gizon perfektua zenez eta Jainkoa nahita desobeditu zuenez, Jesu Kristoren erreskateak ez du berarengan eraginik. Beraz, «aker» gisa epaituak izango direnei gertatuko zaien bezala, Adam betiko suntsitua izan zen (Mt 25:31-33, 46; Heb 5:9).

Asko zeruan bizitzeko berpiztuak izan dira eta Jesus hauetariko lehena izan zen (Ikusi 15 eta 16 paragrafoak) *

15. Nortzuk daude bizira itzuliko diren guztien artean?

15 Paulok honakoa azpimarratu zuen: «Kristorekin duten batasunagatik guztiak itzuliko dira bizira» (1 Ko 15:22). Pauloren gutuna Korintoko kristau gantzutuei zuzendua zegoenez eta zeruan bizitzeko berpiztuak izango zirenez, gantzutuak bizira itzuliko diren «guzti» horien artean daude. Kristau haiek «Jesu Kristorekin batera santutuak izan» ziren, «santuak izateko deituak». Eta Paulok «hil [ziren] kristauak» ere aipatu zituen gantzutuei buruz hitz egitean (1 Ko 1:2NW; 15:18; 2 Ko 5:17). Bibliako beste gutun batean Paulok honakoa idatzi zuen: «[Jesusena] bezalako heriotzan hari itsatsiak izan bagara, hari itsatsiak izango gara harena bezalako piztueran ere» (Erm 6:3-5). Jesus espiritu gisa berpiztua izan eta zerura igo zen. Hori bera gertatuko zaie kristau gantzutu guztiei.

16. Jesusi lehen fruitua deituz, zer gehiago esan nahi zuen Paulok?

16 Paulok Kristori buruz honakoa esan zuen: «Hildakoen artetik altxatua izan da, heriotzan lo hartu dutenen lehen fruitua». Gogoan izan beste batzuk, Lazaro bezala, berriro lurrean bizitzeko berpiztuak izan zirela. Baina Jesus espiritu gisa eta betiko bizitzeko berpiztu zen lehena izan zen. Israeldarrek Jainkoari eskaintzen zizkioten uztako lehen fruituekin konparatu zitekeen. Gainera, Jesusi «lehen fruitua» deituz, Paulok beste batzuk ere zeruan bizitzeko berpiztuak izango zirela esan nahi zuen. Denborarekin, apostoluak eta espirituz gantzututako beste kristau batzuk Jesusen antzera izango ziren berpiztuak.

17. Noiz jasoko zuten gantzutuek saria?

17 Paulok korintoarrei idatzi zienean, oraindik hasi gabe zegoen kristau gantzutuen berpizkundea. Paulok etorkizunean gertatuko zela esan zuen: «Baina bakoitza dagokion ordenan: Kristo lehen fruitua, gero Kristori dagozkionak honen presentzian zehar» (1 Ko 15:23NW ). Hildako apostolu eta beste kristau gantzutuek Jesu Kristoren presentzia arte itxaron beharko zuten. Orduan, beraien zeruko saria jaso eta Jesusena bezalako piztuera izango zuten. Gaur egun, aurresandako Kristoren «presentzian» bizi gara.

ESPERANTZA ZIURRA DAUKAZU

18. a) Zergatik ondorioztatu dezakegu zeruko berpizkundearen ondoren beste bat gertatuko dela? b) 1 Korintoarrei 15:24-26 bertseten arabera, zer gertatuko da zeruan?

18 Baina zer gertatuko da Kristorekin zeruan bizitzeko itxaropena ez duten kristau leialekin? Beraiek ere berpizteko itxaropena dute. Bibliak dio Paulo eta zerura igotzen diren besteek «lehen piztuera honetan parte» hartzen dutela (Ap 20:6). Ez al du honek erakusten beste berpizkunde bat egongo dela gero? Hau Jobek etorkizunari buruz zuen esperantzarekin bat dator (Jb 14:15). «Kristori dagozkionak» Jesusekin zeruan egongo dira honek gobernu, aginte eta indar guztiak ezereztean. Azken etsaia, heriotza ere, kenduko du. Beraz, zeruan berpiztutako guzti hauek ez dira inoiz hilko. Baina zer gertatuko zaie besteei? (Irakurri 1 Korintoarrei 15:24-26).

19. Zer espero dezakete zeruan bizitzeko itxaropena ez dutenek?

19 Zer espero dezakete zeruan bizitzeko itxaropena ez dutenek? Pauloren hitzetatik ondorioztatzen dena: «Badut itxaropena, gizon hauek daukaten itxaropen bera, zuzenen eta zuzenak izan ez zirenen berpizkunde bat egongo dela» (Eg 24:15NW ). Argi dago, zuzena izan ez den norbait ezin da zeruan sartu. Hortaz, hitz hauek lurrean berpizkunde bat gertatuko dela adierazten dute.

Berpizkundean sinesten badugu, etorkizun zoriontsua espero dezakegu (Ikusi 20. paragrafoa) *

20. Zerk lagundu dizu berpizkundean duzun itxaropena sendotzen?

20 Ziur gaude «berpizkunde bat egongo dela»! Lurrean berpizten direnek betiko bizitzeko aukera izango dute. Promesa horretaz fidatu zaitezke. Hil diren senide eta lagunengan pentsatzean, esperantza honek kontsolatu zaitzake. Berpiztuak izan daitezke Jesu Kristo eta gantzutuak mila urteetan «errege» diren garaian (Ap 20:6). Garai hori hasi baino lehen hiltzen bazara, ziur egon berpiztua izango zarela. Itxaropen honek «ez du huts egiten» (Erm 5:5). Sendo mantentzen lagunduko dizu eta Jainkoaren zerbitzuan duzun poza handituko du. Baina 1 Korintoarrei 15. kapitulutik gauza gehiago ikasi ditzakegu, hurrengo artikuluak erakutsiko duen bezala.

sn 12. KANTA Promestutako betiko bizia

^ § 5 Korintoarrei lehena gutuneko 15. kapituluak berpizkundeaz hitz egiten du. Zergatik da hain garrantzitsua guretzat? Eta zergatik sinetsi dezakegu Jesus berpiztua izan zela? Artikulu honek galdera hauek erantzungo ditu, baita berpizkundeari buruzko beste galdera garrantzitsu batzuk ere.

^ § 12 1 Pedro 3:18, 22NW: «Kristo behin betiko hil baitzen bekatuengatik, zuzena zen bat zuzenak ez zirenengatik, zuek Jainkoarengana eramateko. Haragian hil zuten, baina espirituan jaso zuen bizia. [...] Hau Jainkoaren eskuinaldean dago zerura igo baitzen, eta aingeruak, aginteak eta indarrak bere menpe utzi ziren».

^ § 57 IRUDIEN AZALPENAK: Jesus zerura igo zen lehena izan zen (Eg 1:9). Berarekin elkartuko ziren jarraitzaile batzuk Tomas, Santiago, Lidia, Joan, Maria eta Paulo izan ziren.

^ § 59 IRUDIEN AZALPENAK: Elkarrekin urte asko zerbitzatu ondoren, anaia batek bere emazte maitea galdu du. Ziur dago berpiztu egingo dela eta Jehoba leialki zerbitzatzen jarraitzen du.