Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

33. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Berpizkundeak Jainkoaren maitasuna, jakinduria eta pazientzia erakusten du

Berpizkundeak Jainkoaren maitasuna, jakinduria eta pazientzia erakusten du

«Berpizkunde bat egongo [da]» (EG 24:15NW ).

sjj 151. KANTA Jainkoak dei egingo du

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zergatik sortu zuen Jehobak bizia?

GARAI batean Jehoba bakarrik zegoen. Baina ez zen bakarrik sentitzen. Jehobak ez zuen inor behar bere ondoan zoriontsu izateko. Hala ere, Jainkoak beste batzuek bizitzaz gozatzea ere nahi zuen. Maitasunak bultzatuta, sortzen hasi zen (Sal 36:10 [36:9, NW ]; 1 Jn 4:19).

2. Nola sentitu ziren Jesus eta aingeruak Jehobak gainontzeko gauzak sortu zituenean?

2 Lehenik, bere Semea, Jesus, sortu zuen. Gero, «beraren bidez sortu zituen Jainkoak zeru-lurretan diren gauza guztiak», hauen artean, milioika aingeru (Kol 1:16). Jesus oso zoriontsua zen bere Aitarekin lan egiteko aukera zuelako (Es 8:30). Eta aingeruek ere oso pozik egoteko arrazoia zuten. Ikuskizun ederra izango zuten Jehoba eta Jesus, bere Obra-maisua, zeru-lurrak sortzen ikustean. Nola erakutsi zuten beraien zoriontasuna? Lurra sortua izan zenean «poz-irrintzika» hasi ziren. Dudarik gabe, Jehoba goratzen jarraituko zuten sortzen zuen gauza bakoitza ikustean, batez ere, bere maisulana sortu zuenean, gizakia (Jb 38:7; Es 8:31). Sorkuntza bakoitzak Jehobaren maitasuna eta jakinduria erakutsi zuen (Sal 104:24; Erm 1:20).

3. Zer egiten du posible Jesusen erreskateak 1 Korintoarrei 15:21, 22⁠aren arabera?

3 Jehobak gizadia betiko bizitzea nahi zuen berak sortutako planeta zoragarrian. Baina, Adam eta Eba beraien Aita maitekorraren aurka matxinatu zirenean, bekatu eta heriotzak lurra ilunpetan utzi zuten (Erm 5:12). Nola erantzun zuen Jehobak? Berehala, gizadia erreskatatzeko zer egingo zuen adierazi zuen (Has 3:15). Jehobak bere Semea, Jesus, eskainiko zuen erreskate moduan Adam eta Ebaren seme-alabak bekatu eta heriotzatik askatu ahal izateko. Honi esker, bera zerbitzatzea aukeratzen zuen pertsona bakoitzari betiko bizia eman ahal izango zion (Jn 3:16; Erm 6:23; irakurri 1 Korintoarrei 15:21, 22).

4. Zer galdera aztertuko ditugu artikulu honetan?

4 Berpizkundearen promesari buruzko galdera asko izan ditzakegu. Adibidez, nola gertatuko ote da berpizkundea? Berpiztuko diren gure lagun eta senide maiteak ezagutzeko gai izango al gara? Nola beteko gaitu pozez berpizkundeak? Eta zer irakasten digu berpizkundeak Jehobaren maitasunari, jakinduriari eta pazientziari buruz? Azter ditzagun banan-banan.

NOLA GERTATUKO DA SEGURUENIK BERPIZKUNDEA?

5. Zergatik ez dugu espero pertsona guztiak aldi berean berpiztea?

5 Jehobak bere Semearen bidez milioika lagun berpiztuko ditu. Baina ez dugu espero denak aldi berean berpiztuko dituenik. Zergatik? Lurreko biztanleria bat-batean handitzeak izugarrizko nahasmena eragingo lukeelako. Baina Jehobak ez ditu gauzak inoiz antolakuntzarik gabe egiten. Berak badaki jendea bakean bizitzeko, gauzak ondo antolatuta egon behar direla (1 Ko 14:33). Jehobak lurra gizakiak bertan bizitzeko prestatu zuenean, jakinduriaz eta pazientziaz aritu zen Jesusekin elkarlanean. Era berean, Jesusek ezaugarri berberak erakutsiko ditu mila urteko erregetzan. Denbora horretan, berpiztuentzat lurra prestatuko du Harmagedonetik bizirik aterako direnekin elkarlanean.

Harmagedonetik bizirik ateratzen direnek Jainkoaren Erreinuari eta Jehobak eskatzen duenari buruz irakatsiko diete berpiztuei (Ikusi 6. paragrafoa) *

6. ⁠Eginak 24:15⁠aren arabera, nortzuk egongo dira Jehobak berpiztuko dituenen artean?

6 Harmagedonetik bizirik aterako direnek egin beharko duten gauzarik garrantzitsuena honako izango da: berpiztutakoei Jainkoaren Erreinuari eta Jehobaren argibide eta baldintzei buruz irakastea. Zergatik? Piztuko diren gehienak «zuzenak izan ez zirenen» artekoak izango direlako (Irakurri Eginak 24:15NW *). Aldaketa asko egin beharko dituzte Jesu Kristoren erreskateak dakartzan bedeinkapenak jasotzeko. Pentsa ezazu zenbateko lana izango den Jehoba ezagutzen ez duen milioika laguni irakastea. Irakasle bat izango al du berpiztuko den bakoitzak, gaur egungo biblia-ikastaroen antzera? Kongregazioetan banatuak izango ote dira? Beranduago berpiztuak izango direnei irakasteko trebakuntza jaso beharko al dute? Jakiteko itxaron egin beharko dugu. Hala ere, badakigu Jesu Kristoren mila urteko erregetzaren amaierarako lur osoa «Jaunaren ezagupenak beteko» duela (Isaias 11:9). Zer lan polita izango dugun mila urte horietan!

7. Zergatik ulertuko dituzte ondo Jehobaren herria osatzen dutenek berpiztuak?

7 Mila urte horietan zehar, lurrean Jehobaren herria osatzen dutenek ere aldaketak egiten jarraitu beharko dute Jainkoa pozteko. Beraz, berpiztuak ondo ulertuko dituztenez, aldaketak egiten lagunduko diete bekaturako joerari aurre egiteko eta Jehobaren arauen arabera bizitzeko (1 P 3:8). Berpiztuek, bestalde, Jehobaren zerbitzariak apalak direla eta Jehoba pozteko aldaketak egiten jarraitzen dutela ikusiko dute. Beraz, beraiekin batera Jehoba adoratu nahiko dute (Flp 2:12).

BERPIZTUAK EZAGUTZEKO GAI IZANGO AL GARA?

8. Zergatik espero dezakegu berpiztuak izango diren lagun eta senide maiteak ezagutzeko gai izatea?

8 Berpiztuei ongietorria emango dietenak beraien lagun eta senide maiteak ezagutzeko gai izatea espero dezakegu. Hainbat arrazoi dauzkagu hau esateko. Adibidez, dagoeneko gertatu diren berpizkundeetan oinarrituta, badirudi Jehobak berpiztuak hil baino lehentxeago zuten itxura, hizkera eta pentsaera berarekin sortuko dituela berriz. Gogoratu Jesusek hilik egotea lo egotearekin eta berpizkundea iratzartzearekin konparatu zituela (Mt 9:18, 24; Jn 11:11-13). Norbait iratzartzen denean, lo egitera joan aurreko itxura, hizkera eta oroitzapen berberak ditu. Pentsa dezagun Lazarori gertatutakoan. Lau egun zeramatzan hilda, beraz, gorputza usteltzen hasia izango zen. Hala ere, Jesusek berpiztu zuenean, bere arrebek segituan ezagutu zuten eta Lazarok, dudarik gabe, gogoratu egin zituen (Jn 11:38-44; 12:1, 2).

9. Zergatik ez dira berpiztuak gorputz eta adimen perfektuekin piztuko?

9 Paradisuan inork ez duela «gaixo nago» esango promesten du Jehobak (Is 33:24; Erm 6:7). Beraz, berpiztuek gorputz osasuntsuak izango dituzte. Hala ere, ez dira berehala perfektuak izango. Bestela, lagun eta senideek agian ez lituzkete ezagutuko. Badirudi gizadi osoa poliki-poliki perfektu bihurtuko dela Jesu Kristoren mila urteko erregetzan zehar. Mila urte horien amaieran Jesusek bere Aitari itzuliko dio Erreinua. Orduan, Erreinuak bere eginkizunak guztiz beteak izango ditu, horien artean gizadia perfektu bihurtzea (1 Ko 15:24-28; Ap 20:1-3).

NOLA BETEKO GAITU POZEZ BERPIZKUNDEAK?

10. Nola sentiaraziko zaitu berpizkundeak?

10 Imajinatu zer sentituko duzun zure lagun eta senideak berriro besarkatzean! Zer egingo duzu? Pozaren pozez negarrari eman? Barre algaraz oihu egin? Beteko al dituzu txoko guztiak Jehobaren aldeko gorespen kantekin? Bada ziurra den gauza bat: Jehoba eta Jesus bihotz-bihotzez maitatuko dituzu, gure Aita arduratsuak eta bere Seme maitekorrak berpizkundea posible egin dutelako.

11. ⁠Joan 5:28, 29⁠ko Jesusen hitzen arabera, zer gertatuko zaie Jehoba obeditzen dutenei?

11 Berpiztutakoek izaera zaharra erantzi eta Jainkoaren arau zuzenen arabera biziko dira. Imajinatu al dezakezu izango duten poza hori egiten duten heinean? Aldaketa hauek egiten dituztenak paradisuan betiko bizi ahal izango dira. Beste aldetik, Jehobak aldaketak egin nahi ez dituztenei ez die utziko paradisuko bakea hausten (Is 65:20; irakurri Joan 5:28, 29).

12. Nola bedeinkatuko ditu Jehobak lurrean egongo diren guztiak?

12 Erreinuaren agindupean, Jainkoaren herriak Esaera Zaharrak 10:22⁠ko hitzak egia direla ikusiko du: «Jaunaren bedeinkazioak aberasten du, eta ezer ez gure nekeak gehitzen». Jehobaren espirituaren laguntzarekin Jainkoaren zerbitzariak espiritualki aberatsak izango dira, hau da, gero eta Jesu Kristoren antz handiago izango dute eta poliki-poliki perfektu bihurtuko dira (Jn 13:15-17; Ef 4:23, 24). Egunetik egunera osasuntsuagoak eta pertsona hobeak izango dira. Zer-nolako bizitza zoriontsua izango dugun! (Jb 33:25). Baina, nola lagundu zaitzake orain berpizkundean hausnartzeak?

ESTIMATU JEHOBAREN MAITASUNA

13. Nola erakusten digu berpizkundeak Jehobak zenbateraino ezagutzen gaituen 139. Salmoa 1-4 bertseten arabera?

13 Lehen aztertu dugun moduan, Jehobak jendea oroitzapen eta izaera berberekin piztuko du. Pentsa ezazu zer esan nahi duen honek. Jehobak horrenbeste maite zaitu, badakiela zuk zer pentsatzen, sentitzen, esaten eta egiten duzun eta, gainera, hau dena gogoratzen duela. Beraz, zu berpiztu behar bazaitu, erraz emango dizkizu berriro zure jarrera, izaera eta oroitzapenak. Dabid Erregeak bazekien Jehobak gutako bakoitza oso ondo ezagutzen duela (Irakurri 139. Salmoa 1-4). Nola sentitzen gara hau jakitean?

14. Nola sentitzen gara Jehobak zein ondo ezagutzen gaituen pentsatzean?

14 Jehobak zein ondo ezagutzen gaituen pentsatzen dugunean, ez dugu kezkatu beharrik. Zergatik? Gogora ezazu Jehoba gutaz asko arduratzen dela. Gutako bakoitza da preziatua berarentzako. Guregan eragina izan duten bizipen guztiak oroitzen ditu. Ez al da lasaigarria? Ez dugu inoiz bakarrik gaudela sentitu behar. Gure bizitzako une bakoitzean, Jehoba gure alboan dago, gu laguntzeko aukeren bila (2 Kro 16:9).

ESTIMATU JEHOBAREN JAKINDURIA

15. Nola erakusten du berpizkundeak Jehoba jakintsua dela?

15 Heriotzari beldur izatea arma boteretsua da. Satanasen kontrolpean daudenek beldur hori erabiltzen dute. Zertarako? Jendea sinesmenak bertan behera uztera edo lagunak saltzera behartzeko. Baina mehatxu horrek ez du gugan eraginik. Etsaiek hiltzen bagaituzte ere, Jehobak berpiztu egingo gaitu (Ap 2:10). Ziur gaude egiten duten ezerk ez digula Jehobaren lagunak izatea eragotziko (Erm 8:35-39). Zer-nolako jakinduria erakutsi duen Jehobak berpizkundearen itxaropena ematean! Honi esker, nahiz eta Satanasen alde daudenek hiltzeko mehatxua egin, ez dugu beldurrik izango. Gainera, Jehobari leial izateko ausardia mugaezina ematen digu.

Erakusten al dute gure erabakiek Jehoba gure beharrez arduratuko denaren promesean konfiantza dugula? (Ikusi 16. paragrafoa) *

16. a) Zer galdetu behar diozu zeure buruari? b) Nola laguntzen dizute erantzunek Jehobarengan zenbaterainoko konfiantza duzun jakiten?

16 Jehobaren etsaiek heriotzarekin mehatxatzen bazaituzte, Jehobak berpiztuko zaituenaren konfiantza izango al duzu? Nola jakin dezakezu? Egin zeure buruari honako galderak: «Erakusten al dute egunero hartzen ditudan erabaki txikiek Jehobarengan konfiantza dudala? (Lk 16:10). Jehobak Erreinuari lehentasuna ematen badiogu gure beharrez arduratuko dela hitz eman digunez, erakusten al du nire bizimoduak promesa horretan konfiantza dudala? (Mt 6:31-33)». Galdera hauen erantzuna baiezkoa bada, Jehobarengan konfiantza duzula frogatzen duzu. Gainera, aurrerantzean izango dituzun zailtasunei aurre egiteko prest egongo zara (Es 3:5, 6).

ESTIMATU JEHOBAREN PAZIENTZIA

17. a) Nola erakusten du berpizkundeak Jehobak pazientzia duela? b) Nola erakutsi dezakegu Jehobaren pazientziari diogun estimua?

17 Jehobak erabakita du zein egunetan eta zein ordutan suntsituko duen mundu gaizto hau (Mt 24:36). Ez du pazientzia galduko, ezta behar baino lehenago esku hartuko ere. Hildakoak berpizteko irrikaz egon arren, pazientzia du (Jb 14:14, 15). Berpiztuko dituen unea iristeko zain dago (Jn 5:28). Jehobaren pazientzia eskertzeko arrazoi onak ditugu. Pentsa dezagun: Jehobak pazientzia duelako jende askok, gu barne, «bihozberritze[ko]» edo damutzeko denbora izan du (2 P 3:9). Jehobak ahal den jende gehiena betiko bizitzea nahi du. Beraz, erakutsi dezagun bere pazientzia estimatzen dugula. Nola? Jarrera ona dutenak bilatzen gogor saiatuz eta Jehoba maitatu eta zerbitzatu dezaten lagunduz (Eg 8:12). Orduan, guk bezalaxe, Jehobaren pazientziak dakartzan ondorio onak jasoko dituzte.

18. Zergatik erakutsi behar diegu besteei pazientzia?

18 Jehobak mila urteen amaiera arte pazientziaz itxarongo du perfektuak izan gaitezen. Bien bitartean, Jehoba gure bekatuak barkatzeko prest dago. Beraz, bere eredua jarraitu beharko genuke, besteen ezaugarri politetan arreta jarriz eta beraiei pazientzia erakutsiz. Ikus dezagun arreba bati gertatutakoa. Bere senarra antsietate krisi ugari jasaten hasi zen eta bileretara joateari utzi zion. Honakoa dio arrebak: «Oso mingarria izan zen niretzat. Familiak etorkizunerako zituen planak hankaz gora zeuden». Hala eta guztiz ere, emazte maitekor honek pazientziaz jokatu zuen senarrarekin. Jehobarengan ipini zuen konfiantza eta ez zuen amore eman. Jehobak bezala, arazoa alde batera utzi zuen eta senarraren ezaugarri politetan jarri zuen arreta. Berak dio: «Nire senarrak ezaugarri ederrak ditu eta sendatzen saiatzen ari da apurka-apurka». Ziurrenik gure senide eta kongregazioko anai-arreba asko egoera zailei aurre egiten saiatzen ari dira. Zein garrantzitsua den hauei pazientzia erakustea!

19. Gertatzen dena gertatzen dela, zer egin behar dugu?

19 Jesus eta aingeruak pozaren pozez zeuden lurra sortua izan zenean. Baina pentsa ezazu zer zoriontsu sentituko diren lurra Jehoba maitatu eta zerbitzatzen duten gizaki perfektuz beteta denean. Pentsa ezazu zer-nolako poza sentituko duten zeruan, Jesusekin errege izango direnek beraien lanaren ondorioz gizadia gozatzen ikustean (Ap 4:4, 9-11; 5:9, 10). Eta pentsa ezazu nolakoa izango den negar-malkoen ordez poz-malkoak egongo direnean bizitzea, gaixotasunak, nekea eta heriotza betiko desagertuak izango direnean (Ap 21:4). Bitartean, gertatzen dena gertatzen dela, imita ezazu gure Aita pazientzia, maitasuna eta jakinduria erakutsiz! Hala egiten baduzu, pozik egongo zara, zer arazori aurre egin behar diozun axola gabe (St 1:2-4). Ez al gaude eskertuta Jehobak «berpizkunde bat egongo dela» promestu digulako? (Eg 24:15NW ).

sjj 141. KANTA Bizia, mirari zoragarria

^ § 5 Jehoba pazientzi handiko Aita maitekor eta jakintsua da. Ezaugarri hauek gauzak sortu zituen moduan eta hilak berpizteko promesean ikusten ditugu. Artikulu honetan berpizkundeari buruz izan ditzakegun galdera batzuk erantzungo ditugu. Gainera, berpizkundeak Jehobaren maitasunari, jakinduriari eta pazientziari buruz irakasten diguna aztertuko dugu, baita guregan izan beharko lukeen eragina ere.

^ § 6 Eginak 24:15NW: «Eta Jainkoarengan badut itxaropena, gizon hauek daukaten itxaropen bera, zuzenen eta zuzenak izan ez zirenen berpizkunde bat egongo dela».

^ § 60 IRUDIEN AZALPENAK: Orain dela ehunka urte hildako indiar amerikar bat paradisuan berpizten da. Harmagedonetik bizirik atera zen anaia batek Jesusen erreskatearen ondorio onak lortzeko zer egin behar duen pozik erakusten dio berpiztuari.

^ § 62 IRUDIEN AZALPENAK: Anaia batek bere nagusiari asteko egun batzuetan ezingo duela lanean denbora gehiago geratu esaten dio. Arrats horiek Jehobaren gurtzarekin lotutako jarduerak egiteko dituela azaltzen dio. Hala ere, beste momentu batzuetan presazko lana dagoenean, lan gehiago egiteko prest dagoela esaten dio.