Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

34. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Denok dugu gure lekua Jehobaren kongregazioan!

Denok dugu gure lekua Jehobaren kongregazioan!

«Gorputzak, bat izan arren, atal asko ditu, baina atal guztiek, asko izan arren, gorputz bat osatzen dute. Gauza bera gertatzen da Kristorekin ere» (1 KO 12:12).

sn 53. KANTA Elkartuta zerbitzatzen

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer ohore dugu?

OHORE handia da guretzat Jehobaren kongregazioaren parte izatea! Gure anai-arrebekin kongregazioan Jehoba gurtzen dugunean, bake eta zoriontasun handia sentitzen dugu. Zein da zure lekua kongregazioan?

2. Zer adibide ipini zuen Paulok hainbat gutunetan?

2 Paulok hainbat gutunetan erabili zuen adibidea aztertzen badugu, kongregazioan dugun lekuari buruz asko ikasi dezakegu. Gutun inspiratu hauetan, Paulok kongregazioa giza gorputzarekin konparatu zuen eta kongregazioko pertsona bakoitza gorputzeko atalekin (Erm 12:4-8; 1 Ko 12:12-27; Ef 4:16).

3. Zer hiru ikasgai aztertuko ditugu artikulu honetan?

3 Artikulu honetan, Pauloren adibidetik atera ditzakegun hiru ikasgai aztertuko ditugu. Lehenik, gutako bakoitzak Jehobaren kongregazioan bere lekua * duela ikusiko dugu. Gero, kongregazioan gure lekua zein den jakitea zaila egiten bazaigu, zer egin dezakegun aztertuko dugu. Eta azkenik, kongregazioan Jehobak eman digun eginkizunean lanpetuta zergatik egon behar dugun ikasiko dugu.

GUTAKO BAKOITZAK DU KONGREGAZIOAN EGINKIZUN BAT

4. Zer irakasten digu Erromatarrei 12:4, 5⁠ak?

4 Pauloren adibidetik atera dezakegun lehen ikasgaia honakoa da: gutako bakoitzak leku garrantzitsu bat du Jehobaren familian. Paulok adibidea honela hasten du: «Gorputza bat den arren, atal asko ditu, eta ez dute atal guztiek eginkizun bera; berdin guk ere: asko garen arren, Kristorekin elkarturik gorputz bat egiten dugu eta guztiok bata bestearen atal gara» (Erm 12:4, 5). Zer esan nahi zuen Paulok? Kongregazioan denok eginkizun desberdinak ditugula, baina, era berean, gutako bakoitza dela baliotsua.

Eginkizun desberdinak ditugu kongregazioan, baina gutako bakoitza da baliotsua (Ikusi 5-12 paragrafoak) *

5. Zer eman dio Jehobak kongregazioari?

5 Kongregazioan leku bat dutenengan pentsatzean, agian aurrea ematen ari direnengan pentsatuko duzu segituan (1 Ts 5:12; Heb 13:17). Egia da Jehobak Jesu Kristoren bidez gizonak «dohain» moduan eman dizkiola bere kongregazioari (Ef 4:8). Hauen artean, Zuzendari-batzordeko kideak eta hauen laguntzaileak, sukurtsal-batzordeetako kideak, eskualde-arduradunak, biblia-eskoletako irakasleak, kongregazioko arduradunak eta laguntzaileak daude. Anaia hauek guztiak espiritu santuaz izendatuak izan dira Jehobaren ardi preziatuak zaintzeko eta bere kongregazioa indartzeko (1 P 5:2, 3).

6. Zertan saiatzen dira espiritu santuaz izendatutako anaiak 1 Tesalonikarrei 2:6-8 pasartearen arabera?

6 Anaiak espiritu santuaz izendatuak dira hainbat erantzukizun betetzeko. Gorputzeko hainbat atalek, esaterako oinek eta eskuek, gorputz osoaren onerako lan egiten dute. Era berean, anaia hauek kongregazio osoaren onerako gogor egiten dute lan. Ez dute besteen gorespenik bilatzen. Horren ordez, anai-arrebak indartzen saiatzen dira (Irakurri 1 Tesalonikarrei 2:6-8). Anaia hauek besteen interesak eurenak baino lehenago jartzen dituzte. Zenbat eskertzen diogun Jehobari honelako anaiak edukitzea!

7. Zer bedeinkapen dituzte denbora osoko zerbitzuan dauden askok?

7 Kongregazioko batzuk misiolari, aitzindari berezi edota aitzindari izateko izendatuak dira. Izan ere, mundu osoko anai-arreba askok predikatze-lanari eta ikasleak egiteari erabateko lehentasuna eman diote. Hau egitean, Jesu Kristoren jarraitzaile izaten lagundu diote askori. Denbora osoko zerbitzuan daudenek normalean ez dute diru edo ondasun askorik. Hala ere, Jehobak bedeinkapenez jositako bizitzarekin saritu ditu (Mk 10:29, 30). Anaia eta arreba kuttun hauek maite ditugu eta asko eskertzen dugu kongregazioaren parte izatea!

8. Zergatik dira berri-emaile guztiak Jehobarentzat preziatuak?

8 Izendatutako anaiek eta denbora osoko zerbitzuan daudenek bakarrik al dute lekua kongregazioan? Ez, noski! Berri-emaile bakoitza da garrantzitsua Jainkoarentzat eta kongregazioarentzat (Erm 10:15; 1 Ko 3:6-9). Izan ere, kongregazioaren helburu nagusienetakoa Jesu Kristo gure Jaunaren jarraitzaileak egitea da (Mt 28:19, 20; 1 Tm 2:4). Predikatzen duten guztiek, bai berri-emaile bataiatuek, baita bataiatu gabeek ere, lan honi lehentasuna ematen diote (Mt 24:14).

9. Zergatik estimatzen ditugu kongregazioko arrebak?

9 Jehobak arrebei leku duina ematen die kongregazioan. Leialki zerbitzatzen duten emazte, ama, alargun eta ezkongabeak asko estimatzen ditu. Bibliak askotan aipatzen ditu Jainkoa poztu zuten emakume paregabeak. Goraipatu egiten ditu jakinduria, fedea, gogo bizia, ausardia eta eskuzabaltasunean eredugarriak izan zirelako eta ekintza onak egin zituztelako (Lk 8:2, 3; Eg 16:14, 15; Erm 16:3, 6; Flp 4:3; Heb 11:11, 31, 35). Biziki eskertzen diogu Jehobari ezaugarri eder hauek dituzten emakumeak kongregazioan izateagatik!

10. Zergatik estimatzen ditugu adineko gure anai-arrebak?

10 Asko pozten gaitu kongregazioan adineko kristau ugari izateak. Kongregazio batzuetan bizitza osoan zehar Jehoba leial zerbitzatu duten adineko anai-arrebak daude. Adineko beste batzuek, aldiz, egia orain dela gutxi ezagutu dute. Baina, seguruenik, denek egin beharko diete aurre zahartzaroak dakartzan osasun arazoei. Arazo hauek kongregazioan eta predikatze-lanean egin dezaketena mugatu dezakete. Hala ere, anai-arreba hauek ahal duten guztia egiten dute predikatze-lanean eta beraien indar guztia besteak animatzeko eta trebatzeko erabiltzen dute. Gainera, beraien esperientzia oso lagungarria zaigu denoi. Benetan ederrak dira Jehobarentzat eta guretzat! (Es 16:31).

11, 12. Nola animatu zaituzte zure kongregazioko gazteek?

11 Pentsa ezazu ere gure gazteengan. Satanas Deabruaren kontrolpean dagoen munduan eta honen ideia maltzurren eraginpean ari dira hazten. Horregatik, erronka askori egin behar diote aurre (1 Jn 5:19). Hala ere, asko animatzen gaitu gazteak bileretan iruzkinak egiten, predikatze-lanean aritzen eta ausardiaz beraien sinesmenak defendatzen ikusteak. Gazteok, leku garrantzitsua duzue Jehobaren kongregazioan, bai horixe! (Sal 8:2, 3 [8:1, 2, NW ]).

12 Dena den, gure anai-arreba batzuei zaila egiten zaie kongregazioan baliotsuak direla sinestea. Zerk lagunduko digu gutako bakoitzari kongregazioan gure lekua dugula sentitzen? Ikus dezagun.

ZEIN DA ZURE LEKUA KONGREGAZIOAN?

13, 14. Zergatik sentitu dezakete batzuek kongregazioan baliotsuak ez direla?

13 Pauloren adibideko bigarren ikasgaiak gaur egun askok duten arazo batean pentsarazten digu: ez dute uste kongregazioan balio handirik dutenik. Paulok dio: «Oinak “Eskua ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena” esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko. Eta belarriak “Begia ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena” esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko» (1 Ko 12:15, 16). Zer irakatsi nahi zigun Paulok honekin?

14 Zeure burua kongregazioko beste anai-arrebekin konparatzen baduzu, agian ez zara zure balioa ikusteko gai izango. Kongregazioan batzuek irakasteko, gauzak antolatzeko edota besteak animatu eta kontsolatzeko gaitasun handia izan dezakete. Agian horrelako trebetasunik ez duzula sentitu dezakezu. Honek apala eta zure mugak ezagutzen dituzula erakusten du (Flp 2:3). Baina kontuz ibili. Zeure burua abilezia bikainak dituztenekin etengabe konparatzen baduzu, desanimatu egingo zara. Paulok esan bezala, kongregazioan lekurik ez duzula pentsatzera iritsi zaitezke. Nola gainditu ditzakezu horrelako sentimenduak?

15. Zer onartu behar dugu izan ditzakegun abileziei buruz 1 Korintoarrei 12:4-11 pasartearen arabera?

15 Pentsa ezazu honetan: Jehobak lehen mendeko kristauei espiritu santuaren mirarizko dohainak eman zizkien, baina ez zituzten denek dohain berdinak jaso (Irakurri 1 Korintoarrei 12:4-11). Jehobak dohain eta trebetasun desberdinak eman zizkien, baina kristau guztiak ziren baliotsuak. Gaur egun, ez dugu espiritu santuaren mirarizko dohainik. Baina printzipioak indarrean jarraitzen du: abilezia berberak ez izan arren, denok gara Jehobarentzat baliotsuak.

16. Pauloren zer aholku segi behar dugu?

16 Geure burua beste anai-arrebekin konparatzen ibili beharrean, Paulo apostoluaren aholkua segi behar dugu: «Azter beza nork bere jokaera eta, horrela, bereaz harrotu ahal izango da, baina besteekin konparatzen ibili gabe» (Ga 6:4).

17. Nola lagunduko digu Pauloren aholkua jarraitzeak?

17 Pauloren aholkua jarraituz gure jokaera aztertzen badugu, agian besteek ez dituzten dohain eta abileziak ditugula ikusiko dugu. Adibidez, arduradun bat agian ez da hizlari trebea, baina irakasle bikaina da ikasleak egiteko lanean. Edo agian ez du beste arduradunek antolatzeko duten gaitasun bera, baina aski ezaguna da arduradun atsegin eta goxoa izateagatik. Horregatik, berri-emaileak lasai joaten dira berarengana biblia-aholku bila. Edo, beharbada, anai-arrebak etxera gonbidatzeagatik da ezaguna (Heb 13:2, 16). Gure trebetasun eta abileziak argi ikusten ditugunean, kongregazioaren alde egin dezakegunagatik pozik sentitzeko arrazoia izango dugu. Horrela, beste trebetasun batzuk dituzten anai-arrebak ikustean, inbidia sentitzeko aukera gutxiago izango dugu.

18. Nola garatu ditzakegu gure trebetasunak?

18 Kongregazioan zer leku dugun axola gabe, denok gure zerbitzua hobetu eta trebetasunak garatu nahi beharko genuke. Hobetzen laguntzeko, Jehobak primerako trebakuntza ematen digu bere erakundearen bidez. Esaterako, aste barruko bileran, gure predikatze-lana hobetzeko argibideak jasotzen ditugu. Saiatzen ari al zara bilera honetan ikasten duzuna praktikan jartzen?

19. Nola lortu dezakezu Erreinuaren berri-emaileen eskolara joatea?

19 Erreinuaren berri-emaileen eskola ere trebakuntza ezin hobea da. Eskola honetara 23 eta 65 urte bitarteko denbora osoko zerbitzuan dauden anai-arrebak joan daitezke. Agian helburu hau inoiz ezingo duzula lortu pentsatuko duzu. Baina joaten uzten ez dizuten arrazoien zerrenda egin beharrean, egin ezazu joan nahi izateko arrazoien zerrenda. Orduan, behar dituzun baldintzak betetzeko plangintza egin. Jehobaren laguntzarekin eta gogor lan eginez, ezinezkoa zirudiena posible izango da.

ERABILI ZURE DOHAINAK KONGREGAZIOA INDARTZEKO

20. Zer ikasi dezakegu Erromatarrei 12:6-8 pasartetik?

20 Pauloren adibidetik atera dezakegun hirugarren ikasgaia Erromatarrei 12:6-8 pasartean aurkitzen dugu (Irakurri). Paulok kongregazioan daudenek dohain desberdinak dituztela erakusten du berriz. Baina oraingo honetan, ditugun dohainak kongregazioa indartzeko erabili behar ditugula azpimarratzen du.

21, 22. Zer irakasten digu Robert eta Felice-ri gertatutakoak?

21 Aztertu dezagun Robert deituko dugun anaia baten adibidea. Atzerrian zerbitzatu ondoren, bere herrialdeko Betelen zerbitzatzera bidali zuten. Nahiz eta anaiek ezer txarrik ez zuela egin esan, Robert-ek honakoa adierazi zuen: «Hilabeteak eman nituen lur jota nire eginkizunean huts egin nuela pentsatuz. Batzuetan Beteleko zerbitzua bertan behera utzi nahi izan nuen». Nola berreskuratu zuen poza? Beste arduradun batek honakoa gogorarazi zion: Jehobak iraganean izandako eginkizun bakoitzean trebatu egiten gaitu oraintxe bertan dugun eginkizunean erabilgarriagoak izateko. Robert-ek atzera begira egoteari utzi eta momentu horretan egin zezakeenari begiratu behar ziola onartu zuen.

22 Felice Episcopo anaiak antzeko erronka izan zuen. 1956⁠an emaztearekin batera Galaadeko Biblia-eskolatik pasa ondoren, eskualde-arduradun izan zen Bolivian. 1964⁠an semea izan zuten. Felice-k esan zuen: «Erronka handia izan genuen hainbeste maite genuen lana utzi behar izatean. Neure buruaz errukitzen urtebete inguru galdu nuela aitortu behar dut. Baina Jehobaren laguntzaz, jarrera aldatu eta guraso gisa nuen ardura berriari ekin nion». Sentitzen al zara Robert edo Felice bezala? Desanimatuta al zaude lehen zenituen ardurak ez dituzulako orain? Hala bada, zoriontsuagoa izango zara pentsaera aldatu eta Jehoba eta zure anai-arreben alde oraintxe bertan egin dezakezunean pentsatzen baduzu. Lanpetuta egon zure dohain eta abileziak besteei laguntzeko erabiliz. Horrela, kongregazioa indartzen duzun heinean, poztasun handia izango duzu.

23. Zertarako hartu behar dugu denbora eta zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

23 Jehobarentzat gutako bakoitza da baliotsua. Bere familiaren parte garela sentitu dezagun nahi du. Beraz, gure anai-arrebak indartzeko zer egin dezakegun pentsatzeko denbora hartu dezagun. Gero, gogor ekin lanari. Hau egiten badugu, zailagoa izango da kongregazioan lekurik ez dugula sentitzea! Baina zer ikuspuntu dugu kongregazioko anai-arrebei buruz? Nola erakutsi dezakegu estimatzen ditugula? Hurrengo artikuluan gai garrantzitsu hau aztertuko dugu.

sn 16. KANTA Jo Jaungoikoaren Erreinura

^ § 5 Denok sentitu nahi dugu Jehobarentzat baliotsuak garela. Baina batzuetan zaila egiten zaigu. Artikulu honek kongregazioan gutako bakoitzak leku baliotsu bat duela ikusten lagunduko digu.

^ § 3 ZER ESAN NAHI DU? Jehobaren kongregazioan dugun lekua aipatzen dugunean, kongregazioa indartzeko gutako bakoitzak dugun eginkizunaz ari gara. Eginkizun honek ez du zerikusirik gure arraza, diru, familia, kultura edo hezkuntzarekin.

^ § 62 IRUDIEN AZALPENAK: Hiru irudiek kongregazioko bilera bat hasi aurretik, bitartean eta ondoren gertatzen dena erakusten dute. 1. irudia: Arduradun batek bisitari bati ongietorri beroa ematen dio, anaia gazte batek soinu sistema prestatzen du eta arreba batek adineko arreba batekin hitz egiten du. 2. irudia: Bai gazteak, baita adinduak ere, Talaiaren ikasketan iruzkinak ematen saiatzen dira. 3. irudia: Bikote batek bilera-aretoa garbitzen laguntzen du. Amak bere alabatxoari diru-kaxan dohaintza botatzen laguntzen dio. Anaia gazte bat argitalpenez arduratzen ari da eta beste anaia batek adineko arreba animatzen du.