Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

35. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Errespetatu dezagun Jehobaren kongregazioan besteek duten lekua

Errespetatu dezagun Jehobaren kongregazioan besteek duten lekua

«Begiak ez diezaioke eskuari esan: “Ez dut zure beharrik”; ezta buruak ere oinei: “Ez dut zuen beharrik”» (1 KO 12:21).

sjj 124. KANTA Beti leial izan

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer eman dio Jehobak bere zerbitzari leial bakoitzari?

JEHOBAK, maitasun handia erakutsiz, bere zerbitzari leial bakoitzari kongregazioan lekua eman dio. Nahiz eta eginkizun desberdinak izan, denak gara baliotsuak eta bata bestearen beharra dugu. Paulo apostoluak ikasgai garrantzitsu hau ulertzen laguntzen digu. Nola?

2. Zergatik egin behar dugu Efesoarrei 4:16⁠ak esaten duena?

2 Artikulu honen aipu nagusiak dioen bezala, Paulok argi erakutsi zuen gutako inork ezin diola Jehobaren beste zerbitzari bati esan: «Ez dut zure beharrik» (1 Ko 12:21). Kongregazioan bakea nahi badugu, bata bestea balioetsi eta elkarlanean aritu behar dugu (Irakurri Efesoarrei 4:16). Batera lan egiten dugunean, denak maitatuak sentituko gara eta kongregazio indartsua izango dugu.

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Zer arlotan erakutsi behar diegu errespetua kongregazioko anai-arrebei? Artikulu honetan, arduradunek elkarri errespetua nola erakutsi behar dioten aztertuko dugu. Gero, ezkongabeak diren anai-arrebak balioesten ditugula nola azaldu dezakegun ikusiko dugu. Azkenik, gure hizkuntza ondo hitz egiten ez dutenak estimatzen ditugula nola adierazi dezakegun ikasiko dugu.

BATA BESTEA ERRESPETATU BEHAR DUTE ARDURADUNEK

4. ⁠Erromatarrei 12:10⁠eko Pauloren zer aholku jarraitu beharko lukete arduradunek?

4 Kongregazioko arduradun guztiak Jehobaren espiritu santuaz izendatuak dira. Hala ere, bakoitzak dohain eta trebetasun desberdinak ditu (1 Ko 12:17, 18). Batzuk izendatu berriak dira eta esperientzia gutxiago dute beste arduradun batzuen aldean. Beste batzuek ezin dute horrenbeste egin adin eta osasunarengatik. Baina, arduradun batek ez lioke inoiz beste bati esan beharko: «Ez dut zure beharrik». Horren ordez, arduradun bakoitzak Paulok erromatarrei idatzitako aholkua jarraitu beharko luke (Irakurri Erromatarrei 12:10, ES *).

Arduradunek elkarri arretaz entzunez bata bestea errespetatzen dutela erakusten dute (Ikusi 5 eta 6 paragrafoak)

5. Nola erakusten dute arduradunek bata bestea errespetatzen dutela eta zergatik da garrantzitsua hau egitea?

5 Arduradunek elkarri arretaz entzunez bata bestea errespetatzen dutela erakusten dute. Hau bereziki garrantzitsua da arduradunak gai inportanteak aztertzeko elkartzen direnean. Zergatik? Hara zer esan zuen aldizkari honek 1988⁠ko urriaren 1⁠eko alean: «Arduradunek honakoa aitortuko dute: Jesu Kristok, espiritu santuaren bidez, arduradunen taldeko edozein arduradun gida dezakeela erabaki garrantzitsu bat hartzeko edo egoera bati aurre egiteko beharrezkoa den biblia-printzipioa emateko (Eg 15:6-15). Espiritu santuak kongregazioko arduradun guztiei laguntzen die, ez bati bakarrik».

6. a) Nola aritu daitezke elkarlanean arduradunak? b) Nola laguntzen dio kongregazioari hori egiteak?

6 Beste arduradunak errespetatzen dituen arduraduna ez da saiatzen arduradunen bileretan beti lehenengo hitz egiten. Ez du elkarrizketa menderatzen eta ez du uste bere iritziak beti zuzenak direnik. Horren ordez, pentsatzen duena apaltasunez esan eta besteek esaten dutena adi entzuten du. Eta garrantzitsuago dena, beti dago prest Bibliako aholkuak aztertzeko eta morroi leial eta zentzudunak ematen dituen aholkuak jarraitzeko (Mt 24:45-47). Arduradunek gaiak aztertzen dituztenean, maitasuna eta errespetua erakutsi behar diote elkarri. Horrela, Jainkoaren espiritu santua beraiekin egongo da eta kongregazioa indartuko duten erabakiak hartzen gidatuko ditu (St 3:17, 18).

ANAI-ARREBA EZKONGABEEI ERRESPETUA ERAKUTSI

7. Zer iritzi zuen Jesusek ezkongabeei buruz?

7 Gaur egungo kongregazioetan bikote ezkonduak eta familiak daude. Baina, hauetaz gain, anai-arreba ezkongabe asko ere badaude. Zer iritzi izan behar genuke azken hauei buruz? Ikus dezagun Jesusek ezkongabeei buruz zuen ikuspuntua. Lurrean igaro zuen denboran, Jesus ezkongabe mantendu zen eta bere eginkizunean aritu zen buru-belarri. Jesusek inoiz ez zuen irakatsi ezkonduta edo ezkongabe egotea kristau izateko baldintza zenik. Hala ere, kristau batzuek ez ezkontzea aukeratuko zutela esan zuen (Mt 19:11, 12). Jesusek ezkongabeak errespetatu egin zituen. Ez zituen gutxietsi eta ez zuen pentsatu bizitzan zerbait falta zutenik.

8. Zer pentsatzera animatu zituen kristauak Paulok 1 Korintoarrei 7:7-9 pasartearen arabera?

8 Jesus bezala, Paulo apostolua ezkongabe mantendu zen bere zerbitzuan. Ez zuen inoiz irakatsi ezkontzea gaizki zegoenik. Bazekien hori kristau bakoitzaren erabakia zela. Hala ere, honakoa egitera animatu zituen kristauak: Jehoba ezkondu gabe zerbitzatu ahal izango zuten pentsatzera (Irakurri 1 Korintoarrei 7:7-9). Paulok ez zituen kristau ezkongabeak gutxietsi. Izan ere, Timoteo anaia ezkongabea aukeratu zuen Jehobaren zerbitzuan eginkizun garrantzitsuak egiteko (Flp 2:19-22). * Argi dago, beraz, ezkonduta edo ezkongabe egoteagatik anaia batek kongregazioko eginkizunetarako gaitasun gehiago edo gutxiago dituela pentsatzea gaizki dagoela (1 Ko 7:32-35, 38).

9. Zer esan dezakegu ezkonduta edo ezkondu gabe egoteaz?

9 Ez Jesusek, ezta Paulok ere, ez zuten irakatsi kristauek ezkondu edo ezkongabe izan behar zutenik. Zer esan dezakegu, orduan, ezkonduta edo ezkondu gabe egoteaz? Aldizkari honen 2012⁠ko urriaren 1⁠eko aleak oso ondo azaldu zuen: «Egia esan, biak [ezkonduta eta ezkongabe egotea] Jainkoaren dohainak direla esan dezakegu. [...] Jehobak ez du pentsatzen ezkongabeek lotsatuta edo triste sentitu behar dutenik ezkonduta ez egoteagatik». Hau kontuan izanda, anai-arreba ezkongabeek kongregazioan duten lekua errespetatu behar dugu.

Anai-arreba ezkongabeak errespetatzen baditugu, zer ez dugu egingo? (Ikusi 10. paragrafoa)

10. Anai-arreba ezkongabeak errespetatzen baditugu, zer ez dugu egingo?

10 Zer egin dezakegu anai-arreba ezkongabeen sentimendu eta egoerei errespetua erakusteko? Gogoratu dezagun kristau batzuek ezkongabe mantentzea erabaki dutela. Beste batzuei ezkontzea gustatuko litzaieke, baina ez dute pertsona egokia aurkitu. Eta beste batzuek, aldiz, heriotzan galdu dute ezkontidea. Edozein kasutan, egokia ote da kongregazioko anai-arrebek kristau ezkongabeei zergatik ez diren ezkondu galdetzea edo bikotekidea aurkitzeko laguntza eskaintzea? Noski, batzuek laguntza hori eskatuko dute agian. Baina laguntzarik eskatzen ez badute, nola sentiaraziko dituzte horrelako eskaintzek? (1 Ts 4:11; 1 Tm 5:13). Ikus dezagun zer esaten duten ezkongabe diren anai-arreba leial batzuek.

11, 12. Nola desanimatu genitzake ezkongabeak?

11 Bere eginkizunean oso trebea den eskualde-arduradun ezkongabe batek, ezkonduta ez egotea gauza askotan lagungarria dela sentitzen du. Baina asmo oneko anai-arrebek oraindik ezkonduta zergatik ez dagoen galdetzea desanimagarria izan daitekeela esaten du. Sukurtsal batean zerbitzatzen duen anaia ezkongabe batek esan zuen: «Batzuetan anai-arreba batzuek ezkongabeez errukitu behar dutela pentsatzen dute. Ezkonduta ez egotea dohaina izan beharrean, zama dela dirudi».

12 Betelen zerbitzatzen duen arreba ezkongabe batek esan zuen: «Anai-arreba batzuen iritziz ezkongabe guztiok bikote bila gabiltza. Beraien ustez, taldean elkartzen garen une bakoitza bikotea bilatzeko aukera dela pentsatzen dugu. Behin, Beteleko eginkizun bat burutzeko herrialdeko beste leku batera joan eta bilera zegoen gauean iritsi nintzen. Etxean hartu ninduen arrebak kongregazioan nire adineko bi anaia zeudela esan zidan. Niretzako bikote bila ez zebilela ziurtatu zidan. Baina, bilera-aretora sartu bezain laster, tiraka bi anaiengana eraman ninduen. Ez dago esan beharrik oso egoera deserosoa izan zela hirurontzat».

13. Noren ereduak animatzen du arreba ezkongabe bat?

13 Betelen zerbitzatzen duen beste arreba batek dio: «Urte askotan ezkongabeak izan diren aitzindariak ezagutzen ditut. Hauek helburu zehatzak dituzte eta besteei laguntzeko prest daude; orekatsuak eta zoriontsuak dira. Asko laguntzen dute kongregazioan. Ezkongabe izateari buruz jarrera ona dute. Ez dute pentsatzen ezkongabe izateagatik besteak baino hobeak direnik, ezta ezkontiderik edo haurrik ez dutelako zoriontsu izan ez daitezkeenik ere». Zoragarria da elkarri errespetua eta estimua diogun kongregazioan egotea. Badakigu anai-arrebek ez dutela guregatik errukia edo inbidia sentituko; ez gaituzte gutxietsiko, ezta goretsiko ere. Maite gaituztela dakigu, besterik gabe.

14. Nola erakutsi dezakegu ezkongabeak errespetatzen ditugula?

14 Gure anai-arreba ezkongabeek asko eskertuko digute beraien ezaugarri ederrengatik estimatzen baditugu, ezkondu edo ezkongabe diren kontuan hartu gabe. Errukia sentitu beharrean, beraien leialtasuna estimatu beharko genuke. Ondorioz, gure anai-arreba ezkongabeek ez dute inoiz «ez dut zure beharrik» esaten diegula sentituko (1 Ko 12:21). Horren ordez, kongregazioan duten lekua errespetatu eta estimatzen dugula jakingo dute.

ZURE HIZKUNTZA ONDO HITZ EGITEN EZ DUTENEI ERREPETUA ERAKUTSI

15. Zer aldaketa egin dituzte batzuek Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko?

15 Azken urte hauetan, berri-emaile askok hizkuntza berri bat ikasi dute Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko asmoarekin. Honetarako, aldaketak egin behar izan dituzte. Beraien ama-hizkuntzako kongregazioa utzi eta berri-emaile gehiagoren beharra dagoen beste hizkuntza bateko kongregaziora joan dira (Eg 16:9). Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko hartu duten erabakia da hau. Nahiz eta hizkuntza berri bat ongi hitz egiteko urteak behar izaten diren, kongregazioari modu askotan laguntzen diote. Euren ezaugarri eder eta esperientziak kongregazioa indartu eta egonkortzen du. Sakrifizio handiak egiten dituzten anai-arreba hauek asko estimatzen ditugu!

16. Zertan oinarritzen dira arduradunak anaia bat arduradun edo laguntzaile izateko gomendatzeko?

16 Nahiz eta anaia batek kongregazioko hizkuntza oraindik ondo ez hitz egin, arduradun taldeak ez luke erabaki behar arduradun edo laguntzaile izateko ezin daitekeenik gomendatu. Honen ordez, arduradunek kongregazioko hizkuntza nola hitz egiten duen kontuan hartu beharrean, Biblian arduradun eta laguntzaileentzat dauden baldintzetan oinarritu behar dute (1 Tm 3:1-10, 12, 13; Tt 1:5-9).

17. Zer erabaki behar dute gurasoek familia beste herrialde batera bizitzera joan bada?

17 Kristau familia batzuk beraien herrialdeko egoera zailetik ihesean edo lan bila joan dira beste herrialde batzuetara. Kasu hauetan, haurrek bertako hizkuntzan jasotzen dute hezkuntza. Agian, gurasoek ere lana aurkitzeko toki berriko hizkuntza ikasi beharko dute. Baina, inguruan familiaren ama-hizkuntzako kongregazio edo talde bat badago, zer egingo dute? Zein kongregaziotara joan behar luke familiak? Bertako hizkuntzako kongregaziora ala ama-hizkuntza erabiltzen duen kongregaziora?

18. ⁠Galaziarrei 6:5⁠aren arabera, nola erakutsi dezakegu familiaburuaren erabakia errespetatzen dugula?

18 Familiaburuak erabaki behar du familiak zein kongregaziotara joan behar duen. Familiarentzako onena dena erabaki behar du (Irakurri Galaziarrei 6:5). Familiaburuaren erabakia denez, errespetatu egin behar dugu. Erabakitzen duena axola gabe, onartu dezagun eta eman diezaiogun kongregazioan ongietorri beroa familiari maitasuna erakutsiz (Erm 15:7).

19. Zer aztertu beharko luke familiaburuak otoizpean?

19 Familia batzuek gurasoen ama-hizkuntzako kongregazioan zerbitzatzen dute, baina haurrek ez dute hizkuntza hori ondo hitz egiten. Kongregazio hori herrialdeko hizkuntza hitz egiten den toki batean badago, haurrentzako zaila izan daiteke bilerak ulertzea eta espiritualki aurrera egitea. Zergatik? Haurrek eskolan bertako hizkuntzan ikasten dutelako, ez gurasoen ama-hizkuntzan. Kasu hauetan, zer aztertu beharko luke familiaburuak otoizpean? Seme-alabak Jehoba eta bere herriarengana hurbiltzen laguntzeko familiak zer egin behar duen. Bi aukera daude: seme-alabei ama-hizkuntza ondo hitz egiten irakatsi edo seme-alabek ondo ulertzen duten hizkuntzako kongregaziora aldatu. Familiaburuak zein kongregazio aukeratzen duen axola gabe, kongregazio horrek familia errespetatzen eta maitatzen duela erakutsi behar du.

Nola erakutsi dezakegu hizkuntza berri bat ikasten ari direnak estimatzen ditugula?(Ikusi 20. paragrafoa)

20. Nola erakutsi dezakegu hizkuntza berri bat ikasten ari diren anai-arrebei diegun errespetua?

20 Aztertu ditugun arrazoi guztien ondorioz, kongregazio askotan hizkuntza berri bat ikasteko borrokan ari diren anai-arrebak daude. Pentsatzen dutena hizkuntza berrian adieraztea zaila izan daiteke beraientzat. Hala ere, hizkuntza hitz egiteko gaitasuna baino harago begiratzen badugu, Jehobari dioten maitasuna eta bera zerbitzatzeko duten desira ikusiko dugu. Ezaugarri eder hauek ikusten baditugu, gure anai-arrebak bihotzez estimatu eta errespetatuko ditugu. Ez dugu esango «ez dut zure beharrik» gure hizkuntza ondo hitz egiten ez dutelako soilik.

JEHOBARENTZAT OSO PREZIATUAK GARA

21, 22. Zer ohore paregabe eman digu Jehobak?

21 Jehobak ohore paregabea eman digu bere kongregazioan leku bat ematean. Nahiz gizon edo emakume, ezkondu edo ezkongabe, gazte edo heldu izan edota hizkuntza ongi edo nekez menderatu, guztiok gara Jehobarentzat eta besteentzat oso preziatuak (Erm 12:4, 5; Kol 3:10, 11).

22 Segi ditzagun giza gorputzari buruzko Pauloren adibidetik atera ditugun ikasgai zoragarriak. Horrela, Jehobaren kongregazioan gure anai-arreba bakoitzak eta guk geuk dugun lekua estimatzeko modu gehiago aurkituko ditugu.

sjj 90. KANTA Bata besteari adore eman

^ § 5 JEHOBAREN zerbitzariak jatorri askotakoak dira eta kongregazioan eginkizun desberdinak dituzte. Artikulu honek Jehobaren familiaren kide bakoitza errespetatzearen garrantzia ikusten lagunduko digu.

^ § 4 Erromatarrei 12:10, ES: «Maita ezazue elkar anaitasuneko amodio batez; aitzin [edo aurrea eraman] ezazue batak bertzea elkar ohoratzen».

^ § 8 Ezin dugu ziurtasun osoz esan Timoteo ez zenik sekula ezkondu.