Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

31. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Itxaroten ari al zara «zimendu sendoko hiria»?

Itxaroten ari al zara «zimendu sendoko hiria»?

«Zimendu sendoko hiria, arkitekto eta egile Jainkoa bera duen hiria, itxaron zue[n]» (HEB 11:10).

sjj 22. KANTA Etor bedi Jainkoaren Erreinua!

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer sakrifizio egin dituzte askok eta zergatik?

GAUR egungo milioika Jehobaren zerbitzarik sakrifizioak egin dituzte. Anai-arreba askok ez ezkontzea aukeratu dute. Bikote batzuek haurrak edukitzea atzeratu dute. Eta familia askok gutxiagorekin bizitzea erabaki dute. Denek arrazoi garrantzitsu batengatik hartu dituzte erabaki hauek: Jehoba bete-betean zerbitzatzea. Zoriontsu dira eta ziur daude Jehobak behar dituzten gauza guztiak emango dizkiela. Sentituko al dira inoiz desengainatuta? Ez! Zergatik dakigu hau? Iraganean ere Jehobak bere zerbitzariei behar zuten guztia eman zielako. Adibidez, Abraham, «sinesten duten [...] guztien aita», bedeinkatu zuen (Erm 4:11).

2. a) Hebrearrei 11:8-10, 16⁠aren arabera, zergatik egon zen Abraham Ur uzteko prest? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Ur hirian zuen bizimodu erosoa uzteko prest egon zen Abraham. Zergatik? «Zimendu sendoko hiria [...] itxaron zuelako» (Irakurri Hebrearrei 11:8-10, 16). Zer da «hiri» hori? Eraikia izatea itxaroten zuen bitartean, zer arazo izan zituen Abrahamek? Nola imitatu ditzakegu Abraham eta gure garaian bere eredua jarraitu dutenak?

ZER DA «ZIMENDU SENDOKO HIRIA»?

3. Zer da Abrahamek itxaron zuen hiria?

3 Abrahamek itxaroten zuen hiria Jainkoaren Erreinua da. Jesu Kristok eta 144.000 kristau gantzutuk osatzen dute Erreinu hori. Paulok «Jainko biziaren» hiria, hau da, «zeruko Jerusalem» deitu zion (Heb 12:22; Ap 5:8-10; 14:1). Jesusek Erreinu horri buruz otoitz egiten irakatsi zien bere jarraitzaileei. Erreinu hori etortzeko eskatu behar zuten, horrela Jainkoaren nahia zeruan betetzen den bezala lurrean ere bete dadin (Mt 6:10).

4. ⁠Hasiera 17:1, 2, 6⁠aren arabera, zenbat zekien Abrahamek Jainkoak promestutako Erreinuari buruz?

4 Ba al zekizkien Abrahamek Jainkoaren Erreinuaren antolaketaren xehetasunak? Ez. Mende askotan xehetasun horiek «asmo ezkutua» izan ziren (Ef 1:8-10; Kol 1:26, 27). Baina bazekien bere ondorengo batzuk errege bihurtuko zirela. Jehobak promes zehatz hori egin zion (Irakurri Hasiera 17:1, 2, 6). Abrahamek fede sendoa zuen Jainkoaren promesetan. Nahiz eta Erreinuaren Errege izango zen Mesias etorkizunean agertuko zen, ikusi izan balu bezala izan zen berarentzako. Horregatik, Jesusek bere garaiko juduei esan zien: «Zuen aita Abraham pozik zen nire eguna ikusiko zuen itxaropenez; ikusi zuen, eta poztu egin zen» (Jn 8:56). Argi dago, Abrahamek bazekien bere ondorengo batzuk Jehobak ezarriko zuen Erreinuaren parte izango zirela. Jehobak promestutakoa bete arte itxaroteko prest egon zen Abraham.

Nola erakutsi zuen Abrahamek Jehobaren promesetan zuen fedea? (Ikusi 5. paragrafoa)

5. Nola dakigu Abraham Jainkoak sortutako «hiria» itxaroten ari zela?

5 Nola dakigu Abraham Jainkoak sortutako hiria edo Erreinua itxaroten ari zela? Abraham ez zen bere garaiko inongo erreinuren hiritar bihurtu. Nomada izaten jarraitu zuen, bizileku finkorik gabe, eta ez zen inoiz giza erregeen alde jarri. Gainera, ez zen erreinu propiorik izaten saiatu. Horren ordez, Jehoba obeditzen eta Jainkoak bere promesa bete arte itxaroten jarraitu zuen. Hau eginez, Jehobarengan aparteko fedea erakutsi zuen. Aztertu ditzagun aurre egin behar izan zien arazo batzuk eta ikusi dezagun zer irakasten digun bere ereduak.

ZER ARAZORI EGIN ZIEN AURRE ABRAHAMEK?

6. Zer-nolako hiria zen Ur?

6 Abrahamek atzean utzi zuen hiria nahiko seguru eta erosoa zen. Izugarrizko harresiek eta ur sakoneko kanalak babesten zuten. Hiritarrak aberatsak eta eskoladunak ziren, idazmen eta aritmetikan adituak. Dirudienez, salerosketa gunea zen, bertan negozio-dokumentu ugari aurkitu baitira. Jendearen etxeak adreiluzkoak ziren eta paretak igeltsu eta karez estalita zeuden. Etxe batzuek 13 edo 14 gela zituzten harriz estalitako patioaren inguruan.

7. Zergatik behar izan zuen Abrahamek Jehobarengan konfiantza?

7 Abrahamek Jehobaren babesean konfiantza behar izan zuen. Zergatik? Abraham eta Sarak Ur-eko etxe seguru eta erosoa utzi eta Kanaango lurralde zabal eta babesgabean dendetan bizitzera joan zirelako. Harresi lodi eta ur kanal sakonak ez zituzten bera eta bere familia gehiago babestuko. Horren ordez, babesik gabe zeuden eta etsaiek erraz erasotzeko aukera zuten.

8. Zer gertatu zitzaion Abrahami behin?

8 Abrahamek Jainkoaren nahia bete zuen. Baina, behin, ez zuen nahiko janari izan bere familiarentzat. Jehobak Abraham bidali zuen lurraldean bertan, gosete handi batek jo zuen. Gosetea oso gogorra izan zenez, Abrahamek denbora baterako bere familiarekin Egiptora joatea erabaki zuen. Hala ere, Egipton zegoela, Faraoiak Abrahamen emaztea hartu eta berarekin eraman zuen. Azkenean, Jehobak Faraoia zigortu eta Sara Abrahami itzultzera behartu zuen. Pentsa zer-nolako larritasuna izango zuen Abrahamek bitartean (Has 12:10-19).

9. Zer arazo izan zituen Abrahamek bere familian?

9 Abrahamen familia-bizitza zaila izan zen. Sarak, bere emazte kuttunak, ezin zuen haurrik izan. Urtetan oso triste egon ziren arrazoi honengatik. Azkenean, Sarak Agar bere zerbitzaria eman zion Abrahami beraientzako haurrak izan zitzan. Baina Agar haurdun geratu eta Ismael sabelean zeramala, Sara mespretxatzen hasi zen. Egoera eutsiezina egin zenez, Sarak Agar etxetik bota zuen (Has 16:1-6).

10. Nola jarri zen probapean Abrahamek Jehobarengan zuen konfiantza?

10 Sara azkenean haurdun geratu zen eta Abrahami semea eman zion. Abrahamek Isaak deitu zion. Bere bi semeak maite zituen, bai Ismael, baita Isaak ere. Baina Ismaelek oso gaizki jokatzen zuen Isaakekin. Beraz, Abrahamek Ismael eta Agar kanpora bota behar izan zituen (Has 21:9-14). Urte batzuk geroago, Jehobak Isaak sakrifizio moduan eskaintzeko eskatu zion Abrahami (Has 22:1, 2; Heb 11:17-19). Bi kasuetan, Abrahamek Jehobarengan konfiantza ipini behar izan zuen, denborarekin bere semeei buruzko promesak beteko zirela sinetsiz.

11. Zergatik itxaron behar izan zuen pazientziaz Abrahamek Jehobarengan?

11 Denbora guzti honetan zehar, Abrahamek Jehobarengan pazientziaz itxaroten ikasi behar izan zuen. Berak eta familiak Ur utzi zutenean, 70 urte baino gehiago izango zituen ziurrenik (Has 11:31-12:4). Ehun urte inguru Kanaango lurraldean zehar bidaiatu zuen dendetan biziz. Abraham 175 urterekin hil zen (Has 25:7). Jehobak lurralde guzti hura bere ondorengoek jasoko zutela promestu zion, baina Abrahamek ez zuen promesa horren betetzea ikusi. Gainera, ez zen hiria, Jainkoaren Erreinua, agintzen ikusteko nahikoa bizi izan. Hala ere, Abraham «zahartzaro luze eta betearen ondoren» hil zen (Has 25:8). Nahiz eta arazo ugari jasan behar izan, fede sendoa mantendu zuen eta Jehobarengan itxaroteko prest egon zen. Zerk lagundu zion irauten? Bizitza osoan zehar Jehobaren babesa eta adiskidetasuna edukitzeak (Has 15:1; Is 41:8; St 2:22, 23).

Abraham eta Sararen antzera, nola erakusten dute Jehobaren zerbitzariek fedea eta pazientzia? (Ikusi 12. paragrafoa) *

12. Zer itxaroten ari gara eta zer aztertuko dugu?

12 Abraham bezala, gu ere zimendu sendoko hiria itxaroten ari gara. Baina ez gaude hiri hori eraikia izateko itxaroten. Jainkoaren Erreinua 1914⁠an ezarri zen eta dagoeneko zeruan aginte osoa eskuratu du (Ap 12:7-10). Hala ere, lurrean aginte osoa hartuko duen eguna itxaroten ari gara. Hori gertatu bitartean, Abraham eta Sarak aurre egin zieten antzeko egoerei egin behar diegu aurre. Gure garaiko Jehobaren zerbitzari askok Abraham eta Sararen fede eta pazientzia imitatu dute. Denboran zehar, aldizkari honetan hauetako batzuen bizipenak argitaratu dira. Aztertu ditzagun batzuk eta ikusi dezagun zer ikasi dezakegun.

ABRAHAMEN EREDUA IMITATU

Bill Walden sakrifizioak egiteko prest egon zen eta Jehobaren bedeinkapenak jaso zituen

13. Zer ikasten duzu Walden anaiaren bizipenetik?

13 Sakrifizioak egiteko prest egon. Jainkoaren Erreinua gure bizitzan lehen tokian ipini nahi badugu, Abraham bezalakoak izan behar dugu, Jainkoa pozteko sakrifizioak egiteko prest egonez (Mt 6:33; Mk 10:28-30). Hara Bill Walden izeneko anaiaren bizipena. * 1942⁠an Estatu Batuetako unibertsitate batean eraikuntzaren ingeniaritza amaitzekotan zen Jehobaren lekukoekin ikasten hasi zenean. Ikasketak bukatzen zituenerako Bill-en irakasleak lan bat aurkitu zion baina Bill-ek baztertu egin zuen. Ongi ordaindutako lana onartu ordez, Jainkoa bete-betean zerbitzatzeko erabakia hartu zuela azaldu zion. Handik gutxira soldadutzara deitu zuten. Errespetuz, ez zuela soldadutzarik egingo esan eta 10.000 dolarreko isuna eta bost urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Hiru urte ondoren askatu zuten. Gero, Galaadeko biblia-eskolara joateko gonbidapena jaso zuen eta Afrikan misiolaria izan zen. Orduan, Bill Evarekin ezkondu eta elkarrekin Afrikan zerbitzatu zuten. Sakrifizio handiak egin behar izan zituzten han zerbitzatzeko. Urte askoren buruan, Estatu Batuetara itzuli ziren Bill-en ama zaintzeko. Bere bizitza laburbilduz esan zuen: «Jehoba 70 urte baino gehiagoz zerbitzatzeko ohorea izan dut. Honetan pentsatzeak hunkitu egiten nau. Bizitza osoa Jehoba zerbitzatzeko erabili dut bere laguntzarekin. Askotan ematen dizkiot eskerrak horregatik». Egin al dezakezu zuk ere denbora osoko zerbitzua zure bizimodua?

Eleni eta Aristotelis Apostolidis-ek Jehobak indartu zituela sentitu zuten

14, 15. Zer ikasten duzu Apostolidis senar-emazteen bizipenetik?

14 Ez espero arazorik gabeko bizitza. Zer ikasi dugu Abrahamen eredutik? Bizitza osoa Jehoba zerbitzatzen ematen dutenek ere arazoak izango dituztela (St 1:2; 1 P 5:9). Hau gertatu zitzaion Aristotelis Apostolidis anaiari. * 1946⁠an bataiatu zen Grezian. 1952⁠an Eleni izeneko arrebari eman zion ezkon-hitza eta beraien helburua Jehoba bete-betean zerbitzatzea zen. Baina Eleni gaixotu eta garuneko tumore bat zuela esan zioten. Tumorea kendu zioten eta ezkondu egin ziren. Baina urte batzuk geroago tumorea berriz agertu zitzaion. Medikuek ebakuntza egin zioten berriro, baina ezker aldea ondo mugitu ezinik geratu zen eta hitz egiteko gaitasuna murriztu zitzaion. Nahiz eta gaixo egon eta garai hartako gobernuaren pertsekuzioa jasan, berri-emaile sutsua izaten jarraitu zuen.

15 Aristotelis anaiak 30 urtez zaindu zuen emaztea. Denbora honetan zehar arduraduna izan zen, biltzar-batzordeetan lan egin zuen eta biltzar-areto bat eraikitzen lagundu zuen. Orduan, 1987⁠an, Elenik burdinazko ate pisutsu batekin istripua izan zuen predikatzen ari zela. Hiru urtez koman egon ondoren, hil egin zen. Aristotelis anaiak bizipen hauek berarengan izan zuten eragina azaldu zuen: «Urteetan zehar, arazo ugari izan ditut, batzuk bat-batekoak eta espero ez nituenak. Irauteko eta aurrera egiteko beharra izan dut. Jehobak beti eman dit behar izan dudan indarra arazo hauek gainditzeko» (Sal 94:18, 19). Zenbat maite dituen Jehobak arazoak izan arren bere zerbitzuan ahal duten guztia egiten dutenak!

Audrey Hyde-k ikuspuntu positiboa izan zuen etorkizunean pentsatuz

16. Zer aholku eman zion Knorr anaiak bere emazteari?

16 Etorkizunean pentsatzen jarraitu. Abrahamek Jehobak etorkizunean emango zizkion bedeinkapenetan pentsatzen jarraitu zuen. Honek momentuko arazoak gainditzen lagundu zion. Audrey Hyde arreba ikuspuntu positibo hau mantentzen saiatu zen nahiz eta bere lehen senarra, Nathan H. Knorr, minbiziak jota hil eta bere bigarren senarra, Glenn Hyde, Alzheimerrarekin oso gaixo egon. * Knorr anaiak hil baino aste batzuk lehenago esandakoak lagundu zion. Honakoa dio: «Nathan-ek gogoratu zidan: “Hil ondoren, espero duguna dudarik gabe beteko da eta ez dugu inoiz gehiago minez sufrituko”. Gero eskatu zidan: “Begiratu aurrera, hor dago eta zure saria” [...]. Gainera esan zidan: “Lanpetuta egon, erabili bizitza besteen alde gauzak egiteko. Zoriontsu izaten lagunduko dizu”». Zein aholku lagungarria den besteen alde gauza onak egiten lanpetuta egotea eta «itxaropenean alai» bizitzea! (Erm 12:12).

17. a) Zergatik pentsatu behar dugu inoiz baino gehiago etorkizunean? b) Nola lagunduko digu etorkizuneko bedeinkapenez gozatzen Mikeas 7:7⁠ak dioena egiteak?

17 Gaur egun inoiz baino gehiago pentsatu behar dugu etorkizunean. Munduko gertakariek argi erakusten dute mundu honen azken egunen azken zatian bizi garela. Laster ez dugu zimendu sendoko hiriak lur osoan agintzeko gehiago itxaron beharko. Gozatuko ditugun bedeinkapenen artean maite ditugunen berpizkundea izango da. Garai horretan, Jehobak Abraham bere fede eta pazientziagatik sarituko du, bera eta bere familia lurrean berpiztuz. Emango al diezu ongietorria? Han egon zaitezke, Abraham imitatuz, honakoa egiten baduzu: Jainkoaren Erreinuaren alde sakrifizioak egiteko prest egon, arazoak izan arren fedeari eutsi eta Jehobarengan pazientziaz itxaroten ikasi (Irakurri Mikeas 7:7, EB *).

sn 28. KANTA Kantu berria

^ § 5 Jainkoaren promesak betetzeko itxaroten ari garen bitartean, pazientzia eta, batzuetan, fedea galdu dezakegu. Nola laguntzen digu Abrahamen ereduak Jehobaren promesen betetzea pazientziaz itxaroten? Eta zer eredu bikain jarri dute gure garaiko Jehobaren zerbitzari batzuek?

^ § 13 Walden anaiaren bizipena aldizkari honen 2013⁠ko abenduaren 1⁠eko 8-10 orrialdeetan aurkituko duzu.

^ § 14 Apostolidis anaiaren bizipena aldizkari honen 2002⁠ko otsailaren 1⁠eko 24-28 orrialdeetan aurkituko duzu.

^ § 16 Hyde arrebaren bizipena aldizkari honen 2004⁠ko uztailaren 1⁠eko 23-29 orrialdeetan aurkituko duzu.

^ § 17 Mikeas 7:7, EB: «Nik, barriz, Jaunagan dot ustea, nire salbatzaille dan Jaungoikoarengan dot itxaropena; nire Jaungoikoak entzun egingo nau».

^ § 57 IRUDIAREN AZALPENA. 5. orrialdea: Adineko bikote batek Jehoba leialki zerbitzatzen jarraitzen du nahiz eta arazoak izan. Fedea sendo mantentzen dute etorkizuneko Jehobaren promesetan pentsatuz.